(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ikastetxeak :
    • Pribatu itunduak :
      • 11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, Erdi Mailako Heziketa Zikloak eta Gizarte Garantiako Programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, Erdi Mailako Heziketa Zikloak eta Gizarte Garantiako Programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1998ko 85. NAOn argitaratua, uztailaren 17an. Aldaketak: 17/2012 Foru Legea, urriaren 19koa)

Zioen Azalpena

Hezkuntzarako eskubidearen funtsezko edukiaren zatitzat jo daiteke finantza-laguntza publikoa izateko eskubidea, derrigorrezko ez diren hezkuntza-mailetan. Izan ere, botere publikoek hezkuntza eta irakaskuntza finantzatzeko betebehar orokorra dute, Espainiako Konstituzioaren (EK) 9.2 artikulutik ateratzen denez.

Hezkuntzaren alorrean, EK-ko 27.1 artikuluak jasotzen du aipatu eskubidea. Artikulu hori, ordea, Konstituzioaren 10. artikuluak ezartzen duenarekin batera irakurri behar da, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta Espainiak izenpetu dituen gainerako nazioarteko itunak aipatzen baititu.

Ildo horretatik, UNESCOren 1960ko Konbentzioarekin, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideei buruzko Nazioarteko Itunarekin, eta, azken finean, 1948ko Adierazpen Unibertsalarekin bat EK-k aldarrikatu duen hezkuntzarako funtsezko eskubidea interpretatzen baldin bada, hurrengo eskubidea ere badago eskubide horren funtsezko edukiaren baitan: Estatuak arian-arian ahalbidetu egin behar diela derrigorrezko ez diren irakaskuntza-mailetara iristea gaitasun nahikoa duten haiei. Eskueran dituen baliabide publikoak erabiliko ditu horretarako, maila horietara iritsi eta bertan irauteko aukeran ezberdintasunik sor dezaketen ekonomia-gabeziak konpontzeko.

Era berean, 1950eko Europako Konbentzioaren 14. artikuluak hauxe xedatzen du: derrigorrezko ez diren hezkuntza-mailen finantzaketa publikoak berdintasun printzipioa errespetatu behar duela, bai aurreikuspenetan, bai laguntzak ematerakoan. EK-ko 14. artikulua eta 27.1 artikulua elkarrekin lotuz gero ere eska daiteke tratu berdin hori.

Egia da derrigorrezko ez diren hezkuntza-mailen finantzaketa publikoa ez dela hezkuntzarako eskubidearen funtsezko edukiaren baitakoa. Horren onarpena, hala ere, EK-ko I. tituluko hirugarren kapituluan jasotzen direnen gisako politika ekonomiko eta sozialaren gida oinarrien baliokidea- edo da.

27.9 artikulua da derrigorrezko ez den hezkuntzarako finantza-laguntza legez oinarritzeko bidea ematen duen konstituzio-xedapena, legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikastetxeentzako laguntza publikoei buruzko hura, alegia. Irakaskuntzarako askatasunaren funtsezko edukiaren baitakotzat har daiteke artikulu hori, legeak ezarritakoaren arabera, beti ere. Horrek ez du esan nahi aipatu xedapena edukirik gabe utzi behar denik, aitzitik, legegilearentzako agindua da, ikastetxe pribatuentzako laguntza-araubidea ezar dezan, Konstituzioaren mugen barruan.

Esan beharra dago ezerk ez duela eragozten laguntzak ikasleei zuzenean ematea, beken bidez, edo zeharka laguntzea, ikastetxeen bitartez. Konstituzioak berak aurreikusi du hori, edonola ere, aurrekontuan eskura daitekeenaren muga ezarri duen arren. Konstituzio Auzitegiak, ordea, hurrengo betebeharra jarri dio legegileari: "ezin da baieztapen erretorikotzat hartu, halako moldez non legegilearen esku geratuko den, erabat, laguntza hori emateko ala ez emateko aukera, izan ere, EK-ko 9. artikuluak dioen bezala, botere publikoak Konstituzioaren menpe daude eta horregatik, Konstituzioaren xedapenek -agindu gisa azaldu ala ez, oraingoan bezala- lotu egiten dituzte aipatu botereak."

Konstituzio Auzitegiak azaldu duen horretatik, badirudi atera daitekeela gastu publikoaren lehentasunen mailaketa bat, hezkuntzaren eremuari dagokiona. Lehentasun horiek zehaztuz, Konstituzioaren agindua bete behar da, lehenbizi, oinarrizko hezkuntzaren doakotasunaren baldintzak bermatu beharra dago, eta baldintza horiek osatzen dute legegileari ezarri zaion mugetako bat. Konstituzio Auzitegiak beste balore batzuk ere aipatu ditu, ordea. Besteak beste, 40.1 artikulua, eskualdeen eta norbanakoen errentaren banaketa egokiagoa.

Derrigorrezkoak ez diren mailetan ikasten dihardutenei zuzeneko finantzaketa ematea, LODEko 1.2 artikuluak eta LOGSEko 66. artikuluak xedatzen dutenetik atera da. Horiexek xedatu baitute goi mailako hezkuntza-mailetara iristeko eskubidea, "gaitasunen eta zaletasunen" arabera, eta eskubide horren erabilpenak ezin duela "ikaslearen gaitasun ekonomikoaren, gizarte-mailaren edo bizitokiaren ondoriozko bereizkerien menpe egon". Bekek, hortaz, gizarte- eta ekonomia-baldintza txarrak orekatzeko helburua izan behar dute.

Horri gagozkiolarik, badira zuzeneko laguntzak, edo beka pertsonalizatuak, derrigorrezko ez diren mailetan ikasi ahal izateko, horiek eskuratzeko baldintza akademiko eta ekonomikoak erregulatzen dituzten arauei jarraituz. Derrigorrezko ez diren hezkuntza mailen irakaskuntzaren doakotasuna ordaintzeko aurrekontu-kontsignazioak ere hor daude.

Uztailaren 2ko 12/1987 Legeak hauxe ezarri zuen: Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren lurraldean (Nafarroa bertan zegoen, artean) irakaskuntza doakoa izanen zela ikastetxe publikoetako batxilergo eta lanbide heziketaren mailetan. Hauxe ekarri zuen horrek, funtsean: doakotasunaren finantzaketa publikoaren ordez hezkuntzaren prestazio publikoa jartzea, doakotasun araubidean. Horrek zera esan nahi du: laguntza publikoa emateko jardueraren ordez zerbitzu publikoa emateko jarduera sartu dela, prestazioa emateko jarduera publikotzat ulertuta, pribatuarekiko lehian.

Botere publikoek alde batera uzten dutenean beharrezko laguntza ekonomikoa emateko ardura hezkuntzarako eskubidea dutenei, oinarrizkoaz bestelako ikasmailetan jarraitzeko gai direnean, eta, laguntza publikoen ordez, ikastetxe publiko eta doakoak jartzen dituztenean, hezkuntzarako eskubidearen funtsezko edukia urratzen ari dira. Izan ere, publikoaz bestelako irakaskuntzara iristea galarazten zaie baliabide ekonomikorik ez dutenei eta, horrez gain, ez da kontuan hartzen hezkuntzarako eskubidearen oinarrizko edukia, askatasun-eskubide denez, irakaskuntza-mota aukeratu ahal izatea baitarama berarekin.

Gainera, ikastetxe publikoetako batxilergoaren irakaskuntza doakoa izateak, eta, halaz guztiz ere, hezkuntzarako eskubidea dutenei laguntza emateko erabiltzen dena ikastetxe publikoetako erdi mailako irakaskuntzaren doakotasuna Estatuari kostatzen zaionaren laurdena baino amiñi bat gehiago izateak, ez du justifikaziorik. Are okerrago, laurden hori ez da bideratzen erdi mailako ikasketak ikastetxe pribatuetan burutzen dituzten ikasleengana; aitzitik, hezkuntza-maila guztietara zuzentzen da, oro har, aurrekontuetan.

Horrek guztiak hezkuntzarako eskubidea erabiltzeko berdintasuna kontsideratzea dakar, ahaztu gabe laguntza publikoaren ordez hezkuntzaren zerbitzu publiko eta doako deritzan hori jartzeak irakaskuntzaren askatasunaren berezko esparrua murriztea dakarrela. Ikastetxe publikoei eta pribatuei pareko tratua emateko printzipioaren aurkakoa ere bada hori.

Beste alde batetik, interesatuek ikastetxe-mota bat edo bestea aukeratzeak ezin dio eskubidea erabiltzeko baldintzen berdintasunari eragin. Horrek ez dio diferentziak ezartzeko ahalmena kentzen legegileari, ikasleei laguntza publikoak emateko garaian, hezkuntza-eskubidearen titularren gorabehera sozioekonomiko okerrei aurre egiteko xedez. Konstituzio Auzitegia ere hala mintzatu da, eta zilegitzat jo ditu diferentzia horiek, eta beraz, ez lirateke berdintasun-eskubidearen aurkakoak izanen.

Ikastetxe publikoa edo pribatua aukeratzeagatik, ikasleek baldintza ekonomiko jakin batzuk dituztela jotzea bereizkeria litzateke, argi eta garbi. Hezkuntza-mota aukeratzea ez dator, nahitaez, planteamendu ekonomiko hutsekin bat, bidegabekeriak sortuko liratekeelako, bestela: alde batetik, beraien ahalmen ekonomikoarengatik irakaskuntza ordaintzeko gai izanik, ikastetxe publikoren batera joan beharrik ez dutenen egoera; eta, bestetik, ikastetxe pribaturen bateko irakaskuntza ordaindu ahal izateko, beraien edo senideen ekonomia apalaren pentzutan neke handiak hartu behar dituztenen egoera.

Gizarte-ekimenaren aldeko hautua zigortzea Konstituzioaren aurkakoa dela esan daiteke, finantza-laguntza publikoa jasotzerakoan bereizkeria erabiltzen bada. Antzeko finantza- tratamendua behar dute irakaskuntza pribatuak eta irakaskuntza publikoak, funtsean. Bestelakoa, botere publikoek erabili behar duten tratu- berdintasunaren aurka joatea litzateke, argi eta garbi, aipatu hezkuntza-mailak, arian-arian, guztion esku jartzeko betebeharra gauzatzerakoan.

Horregatik guztiarengatik, berdintasuna urratzea, askatasuna urratzea ere bada. Botere publikotik nolabaiteko zigorra jartzen badiete beraien askatasuna edo funtsezko eskubideak norabide guztiz zilegian erabiltzen dituztenei, argi dago berdintasuna urratu ez ezik, askatasun edo funtsezko eskubide jakin bat erabiltzea oztopatu eta zaildu ere egiten dela, aldi berean: murriztu egiten da, hein batean edo bestean; Zuzenbideko Gizarte Estatuko botere publikoek EK-ko 9.2 artikuluaren arabera egin behar dutenaren guztiz kontrakoa.

1. artikulua

LOGSEk ezarri dituen derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza mailak, batxilergoa eta erdi mailako lanbide heziketa, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte- ekimeneko ikastetxetan ematen direnean, dagokien hezkuntza-itun berezien xede izanen dira, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuak ezarritako eran.

2. artikulua

Itundu daitezkeen ikastetxetzat joko dira Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokatuta dauden gizarte-ekimeneko ikastetxe guztiak, baldin eta LOGSEren araberako batxilergoko lehen maila, UBI, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasteko baimena badute.

3. artikulua

Aurreko artikuluan aipatzen diren ikastetxeek dagokien ituna izenpetuko dute Nafarroako Gobernuarekin. Itun hori 1998-99 ikasturtearen hasieratik sartuko da indarrean.

4. artikulua

LOGSEren araberako batxilergoko lehen maila irakasteko eskola unitate bakoitzeko modulu ekonomikoaren urteko zenbatekoa eta banaketa Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legeko hamalaugarren xedapen gehigarriaren bidez batxilergo bateratu balioanitzeko hirugarren mailarako ezarririkoa izanen da.

5. artikulua

Erdi Mailako hezkuntza zikloen eta gizarte garantiako programen finantzaketa Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legeko 35. artikuluko 2. idazatian xedaturikoaren arabera zehaztuko da.

Xedapen Gehigarri Bakarra

1. Ezin izanen dute egin foru lege honetako 1. artikuluan araututako itunik sexu bakar bateko ikasleak soilik onartzen dituzten ikastetxeek, edo sexuaren arabera bereizitako taldeetan irakasten dutenek, edo modu batera edo bestera baterako hezkuntzaren printzipioa aplikatzen ez dutenek.

2. Halaber, ezin izanen dute itunik egin Foru Komunitateko Administrazioarekin sexu bakar bateko ikasleak soilik onartzen dituzten haur, lehen edo derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxeek, edo sexuaren arabera bereizitako taldeetan irakasten dutenek, edo modu batera edo bestera baterako hezkuntzaren printzipioa aplikatzen ez dutenek.

3. Edonola ere, Nafarroako Gobernuak, modu arrazoituan, erabaki dezake aurreko idatz-zatiek hizpide dituzten itunak luzatzea, bermatzeko -hori izanen du ondorio bakarra- orain ikastetxeotan matrikulatuta dauden ikasleek bertan jarraitu ahal izanen dutela, ikasten ari diren derrigorrezko hezkuntza etapak amaitu arte.

4. Erabat deusezak izanen dira xedapen honetan ezarritakoaren aurka ematen diren egintza guztiak.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa