Castellano | Euskara | Français | English
54/2000 FORU AGINDUA, otsailaren 29koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, itunpeko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta erdi eta goi mailetako Heziketa Zikloetako unitateetako irakasle kopuruaren ratioak argitaratzen dituena
(2000ko 35. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 20an)
Atarikoa
Indarra duen legerian xedaturikoa betetzeko komeni da hezkuntza mailei esleituriko baliabideak sistematikoki egituratzea. Horrela, LOGSE izeneko 1/1990 Lege Organikoko hirugarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, hezkuntza administrazioek helburu hauek lortzeko behar diren baliabideak jarriko dituzte:
a) Derrigorrezko Hezkuntzako ikastetxe osatuei gutxienez ere irakasle laguntzaile bat atxikitzea, ikasteko arazoak dituzten ikasleei kasu egiteko, eta ikastetxe osatugabeetan behar horiez arduratzeko zerbitzuak sortzea.
b) Hezkuntza, psikopedagogia eta lanbide arloetako orientabiderako zerbitzu espezializatuak sortzea, Lege honetan arauturiko araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeei kasu egiteko.
Bestaldetik, 9/1995 Lege Organikoko (LOPEGCEko) zazpigarren xedapen gehigarriak xedatzen du:
"Itunpeko ikastetxeetan zuzendaritza eginkizunak ahalbide daitezen, ikastetxe publikoetako zuzendaritza karguetarako diru eta lanbide ordainak izanen dira, Lege honetako 25.4. artikuluan aurreikusten direnen antzekoak".
Horregatik, 1998ko otsailaren 5eko Erabakiaren bidez, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetarako, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eta Nafarroako irakaskuntza pribatuko sindikatuek eta enpresari erakundeek neurri batzuk hartu zituzten, LOGSE aplikatzen den bitartean, itundu edo diruz lagunduriko unitateak gutxitzean beren lanpostua gal zezaketen irakasleei beste lan bat aurkitzen laguntzeko, eta, horrekin batera, ikasleez behar bezala arduratzeko eta LOGSEk aurreikusi bezala, irakaskuntza hobetzeko. Hartu ziren neurri horien artean aipatzekoa da ikastetxeei atxikiriko irakasle osagarriak gehitzea, ikasteko arazoak dituzten ikasleei laguntzeko; kasu batzuetan, ordezko- lanak egiteko; zuzendari lanetan aritzen direnei ordainak emateko eta irakaskuntzako bestelako eginkizunetan aritzeko.
Helburu horiekin berekin, 1999ko ekainaren 16ko Erabakiaren bidez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Batxilergoko eta erdi eta goi mailetako Heziketa Zikloetako itunpeko unitateetako irakasle kopuruaren ratioak finkatu ziren.
1999 eta 2000ko ekitaldietako Nafarroako Aurrekontuei buruzko foru legeen bidez onartu dira ratio horiek guztiak.
Erabaki haien edukia ezagutarazteko eta 2000ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 18/1999 Foru Legeko 36. artikulua zehazteko, Departamentu honetako Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat luzatu du eta bertan proposatu irakasle/itunpeko unitate ratioen xede diren kontzeptuak sailka daitezela.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legeko 36.2 artikuluko c) eta d) idatz-zatiek ematen dizkidaten eskumenen arabera, agindu dut:
Lehena
Itunpeko ikastetxeetako unitateetako irakasle kopuruaren ratioak argitaratzea, 2000 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 18/1999 Foru Legean finkatu zirenak.
Bigarrena
Hona hemen aurreko idatz-zatian aipatzen diren ratioak:
A) Haur Hezkuntzako bigarren zikloan itunpeko unitate bakoitzeko irakasleen erlazioa (itunpeko ikastetxeetako irakasle/unitate ratioa) hauxe izanen da:
-Ikasleei zuzenean irakastea, 25 ordu astean: 1,00.
-Zuzendaritzako eginkizunetan laguntzea, LOPEGCEko zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera: 0,06.
-Hezkuntza, psikopedagogia eta lanbide arloetako orientabiderako zerbitzu espezializatuak, LOGSEko hirugarren xedapen gehigarriko 3e) idatz-zatiaren arabera: 0,04.
-Ikasteko arazoak dituzten ikasleei laguntzea eta "gastu aldakorretan" aipatzen ez diren ordezko-lanak egitea: 0,02.
Orotariko ratioa: 1,12.
B) Lehen Hezkuntzan itunpeko unitate bakoitzeko irakasleen erlazioa (itunpeko ikastetxeetako irakasle/unitate ratioa) hauxe izanen da:
-Irakaskuntza arauturako, 25 ordu astean: 1,00.
-Laguntza, LOGSEko hirugarren xedapen gehigarriko 3c) idatz-zatiaren arabera, eta "gastu aldakorretan" aipatzen ez diren ordezko-lanak: 0,13.
-Zuzendaritzako eginkizunetan laguntzea, LOPEGCEko zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera: 0,07.
-Hezkuntza, psikopedagogia eta lanbide arloetako orientabiderako zerbitzu espezializatuak, LOGSEko hirugarren xedapen gehigarriko 3e) idatz-zatiaren arabera: 0,04.
Orotariko ratioa: 1,24
C) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan itunpeko unitate bakoitzeko irakasleen erlazioa (itunpeko ikastetxeetako irakasle/unitate ratioa) hauxe izanen da:
-Irakaskuntza arauturako, 29 ordu astean eta tutoretza: 1,20.
-Laguntza, LOGSEko hirugarren xedapen gehigarriko 3c) idatz-zatiaren arabera, eta "gastu aldakorretan" aipatzen ez diren ordezko-lanak: 0,24.
-Zuzendaritzako eginkizunetan laguntzea, LOPEGCEko zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera: 0,08.
Orotariko ratioa: 1,52
D) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan itunpeko unitate bakoitzeko irakasleen erlazioa (itunpeko ikastetxeetako irakasle/unitate ratioa) hauxe izanen da:
-Irakaskuntza arauturako, 29 ordu astean eta tutoretza: 1,20.
-Laguntza, LOGSEko hirugarren xedapen gehigarriko 3c) idatz-zatiaren arabera, aniztasunaren tratamendua eta "gastu aldakorretan" aipatzen ez diren ordezko-lanak, 135/1997 Foru Dekretuko II. kapituluaren ondoriozko beharrak barne: 0,31.
-Zuzendaritzako eginkizunetan laguntzea, LOPEGCEko zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera: 0,08.
Orotariko ratioa: 1,59
E) Batxilergoan itunpeko unitate bakoitzeko irakasleen erlazioa (itunpeko ikastetxeetako irakasle/unitate ratioa) hauxe izanen da:
-Ikasleei zuzenean irakastea, 29 ordu eta tutoretzarako ordu bat astean: 1,20.
-Modalitateen eta ibilbideen aukera, eta "gastu aldakorretan" aipatzen ez diren ordezko-lanak: 0,24.
-Zuzendaritzako eginkizunetan laguntzea, LOPEGCEko zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera: 0,08.
Orotariko ratioa: 1,52
F) Erdi eta goi mailetako Heziketa Zikloetako itunpeko unitate bakoitzeko irakasleen ratioetan (itunpeko ikastetxeetako irakasle/unitate ratioetan), ikasleei zuzenean irakasteaz gain, irakaskuntza arautua, tutoretza eta famili arloen eta espezialitateen arabera behar diren bikoizketak barne, hau sartzen da:
a)Zuzendaritzako eginkizunetan laguntzea, LOPEGCEko zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera. Ez dira kontuan hartuko Lanpostuetako Prestakuntza baizik osatzen ez duten unitateak; bai, ordea, itunpeko ikastetxeetako Lanbide Hastapenerako programak: 0,08.
b) Lanpostuetako Prestakuntza egokia izan dadin, ziklo bakoitzeko (zikloko bigarren ikasturteari gaineratuko zaio): 0,24.
G) Itunpeko ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, erdi eta goi mailetako Heziketa Zikloetan eta Lanbide Hastapenerako programetan, hezkuntza, psikopedagogia eta lanbide arloetako orientabiderako zerbitzu espezializatuak esleituko zaizkie ikastetxeei, LOGSEko hirugarren xedapen gehigarriko 3e) idatz-zatiaren arabera, honelaxe: irakaskuntzatik kanpoko langile bat hezkuntza maila haietako 25 itunpeko unitateko.
Hirugarrena
Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Laugarrena
Foru Agindu hau igortzea Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketako Zerbitzura, Ikasketen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeen Nomina Bulegora, Hezkuntza Itunen Bulegora eta itunpeko ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzan.