Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 117. NAOn argitaratutako testua, irailaren 25ean)
Atarikoa
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legea aplikatzearen ondorioz eta Lege horrek hezkuntza sisteman sortzen dituen egitura aldaketak medio, aldaketa garrantzitsuak gertatu dira ikastetxeen eraketa eta osaketa juridikoan. Horrek guztiak beharrezko egiten du ezarpenaren aldi berean denboraldi bat uztea, fondo publikoei esker ari diren ikastetxe batzuetan baimendu ahal izateko beren osaketa juridikoan sartuta ez dauden aldi baterako beste unitate batzuk, eta horiekin hezkuntza aldaketen garai guztietan izan ohi diren desegokitzapenak konpondu ahal izateko.
Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskarazko eskolatze prozesuaz arduratu ahal izateko, eskaintza publikorik ez dagoen barrutietan edo behar hainbatekoa ez denetan, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak, L.O.G.S.E.a ezartzeko denboraldian, aparteko izaeraz eta aldi baterako baimendu ahalko du aipatu barrutietan ikasketak D hizkuntz ereduan emango dituzten ikastetxeak ireki eta abian jartzea, eta gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak emateko baimena duten era horretako ikastetxeek itunen araubideari heldu ahalko diote lerro bakar batekin, hots, kurtso bakoitzeko unitate batekin.
Horrenbestez, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua aintzat harturik, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko irailaren hamaseian egindako bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legea aplikatzeko denboraldian, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak aldi baterako baimendu ahalko du ikastetxe itundu eta/edo diruz lagundu bakoitzean, hezkuntza plangintzak sortutako beharren arabera beharrezkotzat jotzen diren unitateen funtzionamendua, eta aipatu Legean aurreikusitako ikasketak emateko behar horiek irauten duten artean. Unitate horiek baimentzeko prozedura uztailaren 6ko 251/1992 Foru Dekretuak orokorki ezarritako bera izango da.
2. artikulua
1.-Era berean, aurreko artikuluak aipatzen duen denboraldi berean, Nafarroako eremu mistoan eta ez-euskaldunean, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuak baimendu ahalko du, aparteko izaeraz eta aldi baterako, momentuz baldintza guztiak betetzen ez dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeak ireki eta abian jartzea, baldin eta ikastetxe horiek Nafarroako Foru Komunitateko aipatu hizkuntz eremuetako eskola barrutietan badaude eta barruti horietan D hizkuntz ereduan (maiatzaren 19ko 159/1988 Foru Dekretuko 6. artikulua) behar hainbat eskaintza publikorik ez badago, eta ikastetxe horietan Haur, Lehen eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak eman behar badira D ereduan. Baimen hori lortzeko, ikastetxeek idatzizko konpromizua sinatu beharko dute, Foru Dekretu honen 1. artikuluan aipaturiko denboraldia bukatu baino lehen behin betiko baimena lortzeko prest egongo direla adieraziz.
2.-Eremu mistoan eta ez-euskaldunean derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak D ereduan emateko baimena duten ikastetxeak, dagokion barrutian eskaintza publikorik ez dagoelako edo behar hainbatekoa ez delako, salbuetsi egin ahalko dira ekainaren 26ko 156/1995 Foru Dekretuko artikulu bakarrean xedaturikoa betetzetik. Dekretu horretan titulartasun pribatuko ikastetxeekin egiten diren hezkuntza itunei buruzko arauak ematen dira. Horren ondorioz, itunen araubideari heldu ahalko diote, nahiz eta lerro bakar bat izan, ikasturte bakoitzeko unitate baterako.
Azken Xedapenetako Lehenengoa
Ahalmena eman zaio Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.