Castellano | Euskara | Français | English
(1998ko 32. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 16an)
Atarikoa
Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eta Nafarroako irakaskuntza pribatuko sindikatuen eta enpresaburu erakundeek, mila bederatziehun eta laurogeita hamahiruko uztailaren batean harturiko Itunaren bidez, neurri batzuk hartu zituzten, 1/1990 Legea (LOGSE) aplikatzeko prozesuan, itundu edo diruz lagunduriko banakoen kopurua gutxitzearen ondorioz beren lanpostua gal lezaketen irakasleak beste toki batean kokatzea erraztearren, eta, horrekin batera, ikasleei arreta gehiago egiteko eta 1/1990 Lege Organikoaren aurreikuspenen arabera irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko balio izatearren. Helburu berarekin eta, antzeko neurriak kontuan hartuz, 1995eko otsailaren 7ko eta 1996ko ekainaren 17ko Itunak izenpetu ziren. Aldez aurretik itunik izenpetu gabe, antzeko sistema, egitez, 1997/98 ikasturtean aplikatu zen.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) nonahi ezarria dagoenez, ez da beharrezkoa aipaturiko Itunak aplikatzean esleituriko baliabideak sistematikoki egituratzea indarra duen legerian xedaturikoa garatuz eta betearaziz. Horrela, LOGSEko hirugarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, hezkuntza administrazioek helburu hauek lortzeko behar diren baliabideak jarriko dituzte:
a) Derrigorrezko ikastetxe osatuei gutxienez ere irakasle laguntzaile bat atxikitzea, ikasteko arazoak dituzten ikasleei kasu egiteko, eta ikastetxe osatugabeetan behar horiek asetzeko zerbitzuak sortzea.
b) Hezkuntza, psikopedagogi eta lanbide orientabiderako zerbitzu espezializatuak sortzea, Lege honetan arauturiko araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeei kasu egiteko.
Bestaldetik, 9/1995 Lege Organikoko (LOPEGCEko) zazpigarren xedapen gehigarriak xedatzen du itunpeko ikastetxeetan zuzendaritza eginkizunak ahalbide daitezen, ikastetxe publikoetako zuzendaritza karguetarako aurreikusirikoen antzeko kalteordainak eta guzti.
Arestian aipaturiko legezko xedapenetan aurreikusiriko baliabideen esleipenak nahitaez eta batera ikasleen lanpostuen iraunkortasunari erantzun behar dio. Izan ere, irakasleei dagokie, azken buruan, gure Komunitateko ikasleei, oso ezberdinei direnei, jakintza, jarrerak eta balioak irakasteko eginbehar eta erantzukizuna. Lanpostuen iraunkortasun horretarakoxe egokitu ziren lehen lortu eta aipaturiko Itunak. Eta horixe da 1998rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 65/97 Legeko 12. artikuluko bosgarren idazatian datzan izpiritua.
Azkenean, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 65/1997 Legeko laugarren atalak eskumena ematen die hezkuntza administrazioei, eta 21/97 Foru Legeko 35. artikuluak espreski Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, itunaren xede den maila bakoitzean indarra duen ikasketa plana irakasteko behar diren irkaslea/banako itundua harremanak ezartzeko, lege horiek irakasleen lanaldiari buruz eta lansarien gehitzeei buruz xedatzen dituzten baldintzak kontuan hartuz.
Adieraziriko xede eta helburuen barruan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eta irakaskuntza pribatuko sindikatu eta enpresaburu erakundeek mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren bostean Itun bat lortu dute, aplikatzeko egutegia barne dagoela.
Horren ondorioz, Departamentu honetako Inbertsio Zerbitzuak proposatu du itunduriko neurrietariko lehena har dadila, hots, DBHko laugarren mailako banako itundu bakoitzeko irakasle kopuruaren ratioa aldatzea.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legeko 36. artikuluko c) idazatiak ematen dizkidan eskumenen arabera, xedatu dut:
Lehena
Itunpeko ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako banakoetako irakasle kopuruaren ratioa (irakaslea/ itunpeko ikastetxeetako banakoa) 1998ko martxoaren 1etik aurrera 1,49 irakasle banako bakoitzeko izanen dela xedatzea.
Ratio horretan irakaskuntza arautua eta tutoretza, LOGSEko hirugarren xedapen gehigarriko 3 c) puntuaren arabera, euskarria, aniztasunari kasu egiteko eta itunaren modulu ekonomikoko "gastu aldakorrak" izeneko idazatian agertzen ez diren ordezpenak garatzeko behar diren irakasleak sartzen dira. Hori dena, BHIko laugarren mailari dagokionez. 135/1997 Foru Dekretuko II. kapitulua garatzearen ondoriozko beharrak hein batean ere sartzen dira.
Ikastetxe bakoitzetik behar diren irakasleak ordainketa delegatuan sartzeko, ikastetxeek Departamentu honetako Giza Baliabideen Zerbitzuak ematen dituen jarraibide eta epeak bete beharko dituzte.
Bigarrena
Ikastetxeek jadanik ordainketa delegatuak kontratupeko langilerik badute, langile horiek lehentasuna izanen dute 1. idazatian ezarririko ratioa betetzeko.
Ikastetxeek ratio hori betetzeko beste irakaslerik kontratu behar badute, aldi baterako kontratuko da, 1998ko abuztuaren 31 arte, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eta 1998ko otsailaren 5eko Ituna izenpetu zuten sindikatu eta enpresaburu erakundeek ituntzen dituzten baldintzetan, 1998/99 ikasturterako itunpeko banakoak aldatu edo kentzearen edo ratioak aldatzearen ondorioz soberan izan litezkeen langile finkoak beste toki batean kokatzea erraztearren.
Hirugarrena
Irakasleen ratio berri hau ezartzeak eragiten duen gastua, gutxi gora behera 45.285.209 pezeta eginen duena, 1998rako gastu aurrekontuko 41110-4811-4223 kontusailaren, hots, 12890-6 lerroaren bizkar finantzatuko da.
Laugarrena
Foru Agindu honen aurka errekurtso arrunta paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuan, argitarau eta biharamunetik hilabeteko epearen barruan.
Bosgarrena
Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea.
Seigarrena
Foru Agindu hau Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontuhartzaile delegatuarengana, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Inbertsio Zerbitzura, Itun eta Dirulaguntza Bulegora, Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeen Nomina Bulegora eta DBHko itunpeko ikastetxeetara igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.