Ezagutzaren kudeaketa

NOU-Onkologia Erradioterapikoa

Ezagutzaren kudeaketa

NOUko Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzuan, pazienteei ahalik eta tratamendurik onena eskaintzeko konpromisoa dugu, eta, horretarako, ziur gaude ikerketa funtsezko tresna dela.

Diziplinen arteko elkarreraginak –hala nola Onkologia, Fisika Medikoa, Datuen Ingeniaritza eta Biologia Molekularra– eta azken urteetako aurrerapen teknologikoek ikerketa-ildo erabat berritzaileak garatzea ahalbidetzen dute. Gure zentroan abangoardiako teknologiak sartzeak bide ematen digu etengabe ikertzeko bokazioa duen unitate funtzional integratu gisa garatzeko.

Proiektu propioak garatzen ditugu, eta 20 saiakuntza kliniko baino gehiagotan parte hartzen ari gara, NOUko beste zerbitzu batzuekin batera (Onkologia Medikoa, Hematologia, Aurpegi-masailetako Kirurgia, Otorrinolaringologia, Neurokirurgia, etab.), pazienteak modu aktiboan bilduz eta paziente horien tratamenduan eta jarraipenean parte hartuz. Zentro laguntzaile gisa parte hartzen ari gara Estatuko eta nazioarteko 30 saiakuntza klinikotan (SEOR, GICOR, European Organization for the Research and Treatment of Cancer (EORTC), CCTG, besteak beste). Nabarmentzekoa da 2018an EORTCek Espainiarako «National Coordinator» izendatu zuela gure zentroa.

Saiakuntza kliniko horiek patologia onkologikoak lantzen dituzte, hala nola prostatako, bularreko, biriketako, garuneko, buruko eta lepoko minbizia, digestio aparatuko tumoreak, tumore pediatrikoak, ginekologikoak edo gaixotasun oligometastasikoa. Gure taldearen azken lorpenetako bat 2022an izan zen, Visus doktoreak Onkologia Erradioterapikoaren arloko nazioarteko prestigio handieneko sarietako bat jaso zuenean: brakiterapiako ekarpenik berritzaileenari ematen zaion Elekta Brachytherapy Award saria, prostatako minbiziari buruzko lan bat egiteagatik.

2022an, NOUk lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Varian-ekin, Adaptive Intelligence Consortium-en parte hartzeko; erreferentziazko zentroetako profesionalen komunitate global bat da, eta haien helburua da denbora errealean egiten den egokitze-erradioterapia garatzea, adimen artifizialaren (AA) azken aurrerapenak medikuntzaren arloan txertatzen dituzten sistemen bidez. Hitzarmen horrek aukera eman digu nazioarteko hainbat saiakuntza klinikotan parte hartzeko. Gainera, industria farmazeutikoak sustatutako proiektuetan parte hartzen dugu; horietako batzuek master amaierako lanak egiteko balio izan dute, baita doktorego-tesiak garatzeko ere.

Azken urteotan, lankidetza-ildoak ezarri ditugu NavarraBiomed-ekin eta IdiSNAko beste talde batzuekin (CIMA eta CUN), eta aliantzak NUPeko Datuen Zientzia taldearekin.

 

IRAKASKUNTZA

NOUko Onkologia Erradioterapikoko irakaskuntza-planaren helburua da etorkizuneko espezialistek espezialitatearen berezko gaitasunak garatzeko beharrezkoak diren ezagutza- eta trebetasun-mailak lortzea, eta espezialitateko Prestakuntza Ofizialeko Programan azaldutako helburuak betetzea (2006ko 245. Estatuko Aldizkari Ofiziala, III. eranskina, SCO/3142/2006 Agindua, irailaren 20koa).

Prestakuntza amaitzean, espezialista berriak gai izan behar du azterketa kliniko egoki bat objektibotasunez eta zorroztasunez egiteko, eta erradioterapia aholkatzeko, planifikatzeko eta administratzeko, haren modalitate guztietan eta egoera bakoitzerako teknika egokiena baliatuz. Jakin behar du egoki informatzen zer espero den tratamenduarekin eta zer ondorio izan ditzakeen. Gai izan behar du tratamenduaren erantzuna ebaluatzeko, jarraipena egiteko, pazienteei laguntza emateko, zainketa aringarriak ematen parte hartzeko eta paziente terminalei laguntza eta sostengu klinikoa emateko.

Kontuan hartuta kirurgiaren, hormonoterapiaren, immunoterapiaren eta biologia molekularraren arloetan izan diren aurrerapenak, bai eta lanbidearen ikuspegi humanistiko eta soziala ere, prestakuntza-prozesuan hainbat alderdi sartu dira, hala nola diziplinartekotasuna, lankidetza edo etengabeko prestakuntza, beharrezkoak baitira espezialitate horretan jarduteko. Prestakuntza-planak garrantzi handia ematen dio gaixoekin, senideekin eta lankideekin harreman egokiak izateari eta lanbidearen printzipio etikoak ezagutu eta aplikatzeari, bai laguntza ematean, bai irakaskuntzan, bai ikerketan. 

Haratago joanez, NOUko Onkologia Erradioterapikoaren Zerbitzuak apustu irmoa egin du ikerketaren eta berrikuntzaren alde; erreferentziazko zentroa da brakiterapiako eta erradiokirurgiako tratamendu sofistikatuetan; nazioarteko programetan, brakiterapiako erreferentziazko prestakuntza-zentroa da; eta aitzindaria da teknika aurreratu jakin batzuetan, hala nola egokitze-erradioterapian. Horregatik, prestakuntza-planaren helburua da egoiliarrek espezialitateko teknikarik abangoardistenak erabiltzen ikastea. Gainera, protonterapia-tratamenduei buruzko prestakuntza bultzatzen du, Estatuko zein nazioarteko erreferentziazko beste zentro batzuetan egonaldiak eskainiz, eta, halaber, espezialitate horretako ikerketak sustatzeko, mediku egoiliarrek prestakuntza-denbora espezifiko bat dute ikerketa klinikoan eta oinarrizko ikerketan aritzeko.

Irakaskuntza-planaren azken helburua da prestakuntza jasotzen ari den medikuak erabateko autonomia lortzea arlo profesionalean, teknologikoan, zientifikoan eta giza arloan, betiere espezialitatearen barruko estandar altuenak betez.