Cartera de servicios

NOU-Mikrobiologia

Zerbitzuen zorroa

Mikrobiologiako zerbitzuen zorroa NOU

JARDUERAREN ANTOLAKETA

  • MIKROBIOLOGIAKO LAGINAK HARTZEKO EREMUA

    Laginak hartzeko eremua L pabiloiko 3. solairuan dago. Honako hauetako laginak hartzen dira:

    • Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan ospitaleraturiko pazienteak
    • Beste ospitale batzuetako pazienteak, hala nola Tuterako Reina Sofia ospitalekoak eta Lizarrako García Orcoyen ospitalekoak
    • Nafarroako osasun-etxeetako pazienteak
    • Egoitzetako pazienteak
    • Itundutako ospitaleetako pazienteak
    • Harrerako leihatilan laginak ematen dituzten pazienteak.

    Laginak entregatzeko leihatilak ordutegi hau du:

    • astelehenetik igandera, jaiegunak barne, 08:00etatik 21:00etara.

    Eremu honetan zenbait lagin mota jasotzen dira: gernua, gorozkiak, odola, seruma, exudatuak, biopsiak eta abar. Ondoren, etiketatu eta erregistratzen dira, ereiten dira, eta laginak Mikrobiologia Zerbitzuko arloetara banatzen dira.

    Laginak jasotzeaz gain, gizonezko pazienteak ere etortzen dira laginak hartzeko eremura, aurretik hitzordua hartuta, medikuek sexu-transmisiozko infekzioen kontsultan artatu ditzaten.

  • BAKTERIOLOGIA ARLOA

    Bakteriologia arloak zenbait atal ditu. Atal guztietan, prozedura bera erabiltzen da: infekzioa eragin duen mikroorganismoa identifikatzea eta antibiotikoekiko duen sentsibilitatea aztertzea, medikuari laguntzeko erabakitzen zein antibiotiko agindu. Atal bakoitzak lagin desberdinak aztertzen ditu.

    1. Hemokultiboak

    Odolean mikroorganismorik dagoen aztertzen da. Bakteriemia esaten zaio horri. Infekziorik larrienetakoa da, eta lehentasun klinikorik handiena duena.

    Gainera, zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) ospitaleratutako pazienteen bakterio multirresistenteak aztertzen dira, jaioberri eramaileen azterketa egiten da, baita, gernuaren bidezko teknika azkar baten bidez, mikroorganismo hauek eragindako pneumonien azterketa: Streptococcus pneumoniae eta Legionella pneumophila.

    2. Likidoak eta exudatuak

    Likido esteril guztiak aztertzen dira, hala nola likido zefalorrakideoa, likido aszitikoa, giltzadura-likidoa eta likido perikardiokoa, haietan infekziorik baden aztertzeko, zenbait gaixotasun eragin baitezakete: meningitisa, abdomen barneko infekzioak, giltzaduretako infekzioak edo perikarditisa.

    Halaber, era guztietako zauri eta abzesuetako exudatuak aztertzen dira, infekzioaren etiologia ezagutzeko.Gainera, gorputzean inplantaturiko biomaterialak aztertzen dira, hala nola protesiak, osteosintesiko materiala edo balbulak, infektaturik ez daudela egiaztatzeko.

    3. Arnas aparatua eta mikobakterioak

    Pneumoniak aztertzen dira, komunitarioak nahiz ospitale barnekoak. Gainera, goi-arnasbideetako infekzioak aztertzen dira, hala nola faringitisa eta antzeko beste infekzio batzuk (infekzio otikoak, konjuntiboak eta ahoko kandidiasia edo mugeta).

    Bestalde, arlo independente batean, lagin mota guztietako mikobakterioak aztertzen dira, Mycobacterium tuberculosis taldekoak nahiz mikobakterio atipiko deiturikoak.

    Azkenik, behe-arnasbideetako lagin inbaditzaileak ere aztertzen dira, hala nola likido pleuralak, bronkio eta albeoloetako likidoak eta biriketako biopsiak. Lagin horiek espezialistek hartzen dituzte ospitalean.

    4. Koprokultiboak eta parasitoak

    Urdail-hesteetako infekzioak adierazpen kliniko ugari ditu, hala nola gorakoa, beherakoa eta abdomeneko mina, eta, batez ere, kutsatutako elikagaiak edo ura irensteagatik edo pertsonen arteko kontaktuagatik gertatzen da.

    Honako hauek eragiten dute urdail-hesteetako infekzioa, besteak beste: bakterioek (Campylobacter spp., Salmonella spp., Shigella spp...), birusek (norobirusa, sapobirusa, errotabirusa…) eta parasitoek (Giardia lamblia, Cryptosporidium spp…).

    Gaur egun, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Mikrobiologia Klinikoaren Zerbitzuan biologia molekularreko teknikak erabiltzen dira urdail-hesteetako infekzioaren diagnostiko mikrobiologikoa egiteko. Teknika horien bidez, hainbat enteropatogeno detektatzen dira aldi berean, sentsibilitatea handitzen da eta diagnostikoa azkarragoa da.

    Atal honetan, halaber, malariaren diagnostiko mikrobiologikoa egiten da, baita Helicobacter pylori bakterioaren infekzioarena ere.

    5. Urokultiboak

    Gernubideetako infekzioa infekziorik ohikoenetakoa da. Tradizionalki, infekzio konplikatua eta ez-konplikatua bereizten dira. Gernubideetako infekzio ez-konplikatuen barnean daude pertsona osasuntsuen zistitisa eta pielonefritisa, eta batez ere emakume gazteek izaten dute.

    Urokultiboa da gernubideetako infekzioak diagnostikatzeko funtsezko tresna. Gaur egun, kasu guztietan gomendatzen da, salbu eta emakumeen zistitis ez-konplikatuetan. Urokultiboak, gernubideetako infekzioak diagnostikatzeko tresna izateaz gain, informazio baliagarria ematen du etiologiaren eta antibiotikoekiko sentsibilitatearen mapak egiteko. Zerbitzu honetan, gernuaren azterketa mikrobiologikoak barnean hartzen du leukozitorik baden detektatzea fluxu-zitometriaren bidez. Horrek informazio zehatza eta baliagarria ematen du urokultiboaren emaitza behar bezala interpretatzeko.

    6. Genitaletako infekzioak eta sexu-transmisiozkoak

    Sexu-transmisiozko gaixotasunak (STG) osasun publikoko arazo nabarmena dira, maiztasunagatik nahiz dituzten konplikazio eta ondorioengatik, larriak izan baitaitezke goiz diagnostikatu eta tratatu ezean. Gaur egun, gero eta maiztasun handiagoa dute Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) argitalpenetan agerian gelditzen den bezala.

    STGek uretritisa eragiten dute gizonezkoetan, eta zerbizitisa emakumeetan. Gainera, infekzio asintomatikoak ere egon daitezke. Halaber, faringean eta/edo ondestean ere detektatu daitezke, sexu-praktiken arabera. Infekzio horiek kultibo bidez nahiz biologia molekularreko proba espezifikoen bidez (PCRa) diagnostikatzen dira.

    STGen kontsulta bat dugu gizonendako, eta hara jotzen duten pazienteei arreta integrala ematen zaie: laginak hartzen zaizkie, diagnostikoa egiten da, eta tratamendua eta aholkuak ematen dira.

    Streptococcus agalactiae bakterioak infekzio larriak eragiten ditu jaioberrietan. Kimioprofilaxia komeni den erabakitzeko, baginako eta ondesteko kultibo bat egiten zaie emakume haurdunei, haurdunaldiko 35. astetik 37.era bitartean, SGBk kolonizaturiko emakumeak detektatzeko.

    7. Mikologia

    Unitate honetan, batez ere, larruazaleko mikosien diagnostiko mikrobiologikoa egiten da. Infekzio horiek, gehienbat, onddo harikaren talde heterogeneo batek eragiten ditu, dermatofito izenekoak (ehun keratinizatuak inbaditzeko gai dira, hala nola larruazala, ilea edo azazkalak), eta infekzio horiei dermatofitosia edo ezkabia esaten zaie.

    8. Esterilizazioaren kontrola

    Askotariko laginak aztertzen dira, bermatzeko gune kritiko batzuetan ez dagoela onddo eta bakteriorik, hala nola ebakuntza-geletako airean eta hemodialisi-guneetan erabilitako urean, gure ospitalean nahiz Tuterako Reina Sofia ospitalean. Halaber, beste lagin biologiko batzuk aztertzen dira, pazienteei eman baino lehen (kornea-transplanteak, kolirio autologoak, ehun-emateak eta abar), esterilitatea bermatu behar baita.

  • SEROLOGIA ARLOA

    Serum-laginak aztertzen dira, eta determinazio ugari egiten dira. Arlo askoz automatizatuagoa da, eta proba gehienak kimioluminiszentzia-ekipoen bidez egiten dira.

     

    Serologia oso erabilgarria da infekzioa eragin duen mikroorganismoa kultibatzeko zaila edo ezinezkoa den birus edo bakterio bat denean. Mikroorganismo bakoitzaren antigeno espezifikoak ote dauden detektatzen da horrela, edo gure immunitate-sistemak antigorputzik sortu ote duen mikroorganismo jakin baten aurrean.

     

    Serologia funtsezkoa da giza immunoeskasiaren birusaren (GIB) diagnostikoan eta B edo C hepatitisaren birusen diagnostikoan. Infekzio horiek garrantzi kliniko handia dute. Serologiaren bidez, halaber, bektoreen bidez transmititutako gaixotasunen diagnostikoa egiten da, birusena (dengea, zika eta chikungunya) nahiz bakterioena (adibidez, Lyme-ren gaixotasuna, Borrelia burgdorferi espezieak eragindakoa, kaparren ziztadaren bidez transmititzen dena).

     

    Serologian asko erabiltzen da zeharkako immunofluoreszentziaren teknika. Haren bidez detektatzen ahal dira Coxiella burnetii espezieak (Q sukarra) eta Bartonella generoko espezieek eragindako infekzioak

  • BIOLOGIA MOLEKULARRA

    Askotariko infekzioak diagnostikatzeko arloa: arnasbideetako infekzioak, sortzetikoak, sepsiak, infekzio neurologikoak, STGak eta abar. Betiere ikuspuntu klinikoa erabiltzen da, mikrobiologiako gainerako arloekin batera. PCR bidezko diagnostiko molekularraz gain, azken urteetan sekuentziazioa (adibidez, PCR panbakterianoak edo panfungikoak) eta sekuentziazio masiboa (NGSa) ere erabiltzen hasi gara, eta, horrela, aukera asko zabaldu dira, diagnostikoari eta epidemiologiari dagokienez, genotipoak eta aldaerak molekularki karakterizatzen ahal baitira, horrek osasun publiko orokorrean dituen ondorioekin.

  • SEKUENTZIAZIO ARLOA

    Unitate honetan bigarren eta hirugarren belaunaldiko sekuentziadoreak daude (Illumina eta Oxford Nanopore, hurrenez hurren), eta Zerbitzuko gainerako arloei laguntza ematen die, esperimentu genomikoak eta emaitzen bioanalisia egiten baititu. Besteak beste, ospitale barneko infekzioak eta erresistentzia antimikrobianoak karakterizatu eta zaintzeko azterketa genomikoak egiten ditu, eta SARS-CoV-2 birusaren deriba genomikoa aztertzen du.

  • ANTIBIOGRAMEN ARLOA

    Arlo honetan, antibiotikoekiko sentsibilitatea aztertzen da disko-difusioaren, difusio kuantitatioboaren eta mikrodiluzioaren bidez. Antimikrobianoen kontrako erresistentzia-mekanismoak karakterizatzen dira, fenotipoari eta genotipoari dagokienez.  Gainera, antibiotiko bat baino gehiago konbinatzearen sinergiak aztertzen dira. Antibiotikoekiko sentsibilitatearen bilakaerari buruzko informazioa ematen dugu aldian behin, mikroorganismoen eta ospitaleratze-unitateen araberakoa, eta modu aktiboan parte hartzen dugu antimikrobianoen erabilera optimizatzeko laguntza-programetan. Helburu dugu, halaber, antimikrobianoekiko erresistentziak kontrolatzea, eta, horretarako Nafarroako Foru Komunitateko erresistentzien txostenak egiten ditugu, erresistentzien jarraipena egiteko estatuko eta nazioarteko sareetan parte hartzen dugu, eta tipifikazio molekularra egiten dugu zaintza epidemiologikorako eta agerraldiak kontrolatzeko.

  • STGen KONTSULTA GIZONENTZAT

    Kontsulta honetara bideratuko dira sexu-transmisiozko mikroorganismoek eragindako infekzio baten zantzuak eta sintomak dituzten gizonak, baita haien kontaktuak ere, beharrezkoa bada. Gure medikuek kontsultan artatuko dituzte, behar diren laginak hartuko dizkiete diagnostikoa egiteko, eta infekziorako egokiak diren sendagaiak aginduko dizkiete. Gainera, jarraipena eginen diete, aurrez aurreko kontsulten bidez edo telefono bidez.

  • ANTIBIOTIKOEKIKO ERRESISTENTZIEN AURREKO PLAN NAZIONALA

    2014an onetsi zen Antibiotikoekiko Erresistentzien aurreko Plan Nazionala (PRAN). Plan estrategiko horren helburua da antibiotikoekiko erresistentziak hautatzeko eta barreiatzeko arriskua gutxitzea.

    PRANaren ekintza-ildoen barnean, Mikrobiologia Zerbitzuak garrantzi berezia du zainketari, kontrolari eta prebentzioari dagokienez; izan ere, bakterioen erresistentziak zaintzen ditu, antibiotikoekiko sentsibilitatearen eta erresistentzia-adierazleen mapak egiten ditu, antimikrobianoen erabilera optimizatzeko laguntza-programetako ekipoak ezartzen eta zabaltzen ditu, eta diagnostiko azkarreko probak erabiltzen ditu.

    PRANaren bidez, erreferentziazko laborategien sare bat (LabRA sarea) sortzea sustatu zen, eta, gure autonomia-erkidegoan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Mikrobiologia Zerbitzua da sare horren parte. Halaber, antimikrobianoen erabilera optimizatzeko laguntza-programetako ziurtapen-arauak argitaratzen dira, eta Mikrobiologia Zerbitzuaren mende daude horietako neurri asko.

    Nabarmendu behar da, Nafarroan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Mikrobiologia Zerbitzuari dagokiola koordinatzaile zientifiko-teknikoaren figura.

  • KALITATEAREN KUDEAKETA

    Gure laborategia konprometituta dago laborategi klinikoak egiaztatzeko irizpide orokorrekin (UNE-EN ISO 15189:2023 araua), eta gure teknika batzuk egiaztatzeko prozesuan gaude, besteak beste:

    • PCR kuantitatiboak: GIBa, B hepatitisa, C hepatitisa, zitomegalobirusa, Epstein-Barr birusa eta BK birusa.

    • PCR kualitatiboak: SARS-CoV-2.

    • Endotoxinak detektatzea eta aerobioak zenbatzea likidoetan eta hemodialisiko uretan.