0 eta 3 urte bitarteko adingabeak dituzten familiendako laguntza ekonomikoak

Hiru urtetik beherako seme-alabak dituzten familiendako hilean 100 euroko laguntzak

Oinarrizko informazioa

  • 3 urtetik beherako seme-alabak dituzten familiak.

Laguntza eskatzen duten familia guztiek halabeharrez bete beharko dituzte deialdi honen Oinarri Arautzaileen hirugarren oinarrian adierazitako baldintzak.

Laguntzaren onuradunak izanen dira hura eskatzen duen pertsona eta haren familia-unitatea, baldin eta eskaeraren egunean eta laguntza ematen den aldi osoan honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a. Hiru urtetik beherako seme-alabak izatea. Horretarako, kontuan hartuko dira deialdi honetan eskaerak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen jaiotako haurrak.

b. Gutxienez sei hilabete lehenagotik Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea. Bizilekuaren baldintza egiaztatzeko, Nafarroako edozein udalerritako erroldatze-agiria, eskaera aurkeztu baino sei hilabete lehenagokoa gutxienez, aurkeztuko da.

Laguntzaren ondorioetarako kontuan hartzen den familiako kideren batek gutxieneko epe hori betetzen ez badu, egiaztatu beharko du azken hamar urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bost urtez jarraian bizi izan dela eta erroldatuta egon dela.

c. Laguntza jasotzeko eskubidea ematen duten seme-alabekin benetan bizitzea. Nolanahi ere, ulertuko da ikasketak, lana, tratamendu medikoa, errehabilitazioa edo antzeko arrazoiak direla-eta aldi baterako banantzeak ez duela elkarbizitza eteten.

d. Familia-unitatea osatzen duen inork ez jasotzea errenta bermaturik, bizitzeko gutxieneko errentarik edo antzeko laguntzarik.

e. Atzerritarren kasuan, indarrean dagoen bizileku-baimena izan beharko dute.

f. Familia-unitateak 2022an lortutako errentak, salbuetsiak barne, 45.000 eurotik gorakoak ez izatea, diru-sarrerak pertsona bakar batenak direnean, edo 70.000 eurotik gorakoak, familia-unitatearen diru-sarrerak pertsona batenak baino gehiagorenak direnean.

Zaintza partekatuaren kasuan, salbuespen gisa, ez dira kontuan hartuko familia-unitatearen errentak, baizik eta bi gurasoen errenten batura, salbuetsiak barne; batura hori ez da izanen 70.000 eurotik gorakoa.

Errenta-muga hori %10 handituko da laguntza horretarako kontuan hartzen den eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duen familia-unitateko pertsona bakoitzeko.

g. Eskatzailea eta haren familia-unitateko kide bat ere ez egotea behartuta 2022ko ondarearen gaineko zerga aurkeztera.

h. Familia-unitatea osatzen duten pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluko onuradun izateko debekurik ez izatea.

Tutoretzapean, adopzioa helburu duen zaintza eskuordetzean edo familia-harrera iraunkorrean dauden adingabeak familiako seme-alaba gisa zenbatuko dira; horrelakoetan, laguntzaren ordainketa kalkulatzeko, hura deklaratzen duen ebazpen judizialaren edo administratiboaren data hartuko da erreferentziatzat, baldintzak betetzen baditu, betiere.


 
Eskaera egin aurretik bananduta edo dibortziatuta egonez gero, honako arau hauek bete beharko dira:

  • Laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen haurraren zaintza eta jagoletza esklusiboaren kasuan, hori duen pertsonak bakarrik eskatu eta kobratzen ahalko du laguntza.
  • Zaintza eta jagoletza partekatuaren kasuetan, berariaz adostu beharko da bi gurasoetako zeinek eskatuko duen laguntza, eta kontu-zenbaki komun bat aurkeztu beharko da laguntza ordaintzeko. Adostasunik ez badago, laguntza %50 murriztuta emanen zaio eskatzaileari, deialdi honetako seigarren oinarriko 9. puntua betetzen badu.

 

Laguntzaren zenbatekoa:

  • Laguntzaren zenbatekoa hilean 100 eurokoa izanen da hiru urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko, gehienez ere 12 hilabetez.
  • Laguntzak hilabete osoetan ordainduko dira; lehen ordainketa haurra jaio eta hurrengo hilabeteko lehen egunean hasiko da, eta azken ordainketa hiru urte bete eta hurrengo hilabetean eginen da.
  • Deialdi hau urtekoa da; beraz, azken ordainketa 2023ko abenduaren 31koa izanen da.

 
Laguntza amaitzea:

  • Deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzeari uzten zaionean.
  • Adingabeak babesteko erakunde publikoak familia-unitateko edozein adingaberen zaintza bere gain hartzen duenean, behin-behinean bada ere.
  • Eskatzaileak genero-indarkeriagatiko kondena-epaia duenean; horrek ez du eragotziko biktimak laguntza eskatu ahal izatea.
  • Bizilekua Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo aldatzeagatik.
  • Eskatzaileari guraso-erantzukizuna edo guraso-ahala kentzeagatik.
  • Eskatzaileak, laguntza eskaera aurkeztu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea duen semearen edo alabaren zaintza eta jagoletza izateari uzten dionean. Kasu horietan, zaintza duen gurasoak berriro eskatzen ahalko du laguntza. Ezin izanen da inola ere dagokion zenbatekoa baino handiagoa izan.

Aurkeztu beharreko agiriak (ikus zerrenda):

  • Eskaera, behar bezala beteta eta eskatzen duen pertsonak sinatuta, edo bere ordezkariak, ezkontideak edo bikotekide egonkorrak, hala badagokio.
  • Familia-unitatea osatzen duten pertsonen nortasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia.
  • Erregistro Zibilaren ziurtagiria, laguntza eragin duen haurraren amatasun- edo aitatasun-harremana egiaztatzen duena: familia-liburuaren edo baliokide baten kopia, laguntzak jasotzeko eskubidea ematen duten seme-alabak jasota dituena.
  • Eguneratutako errolda-ziurtagiria (gehienez ere 3 hilabeteko antzinatasuna duena), eskatzailearena eta familia-unitatearena. Ziurtagirian antzinatasuna eta bizikidetza egon beharko dira jasota.
  • Eskatzaileen 2022ko errenta-aitorpena, bai eta beste pertsona batzuena ere, haien errenta kontuan hartu behar bada laguntza hauen ondorioetarako. Administrazioak egiaztapena egiteko baimenik ematen ez badu edo hura kontsultatzea ezinezkoa bada, dagokion errenta-aitorpena aurkeztu beharko da. Agiri hori hemen duzu.
  • Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.
  • Hala badagokio, indarrean dagoen bizileku-baimena.
  • Adopzioaren, tutoretzaren, adopzioaren aurreko bizikidetzaren eta familia-harrera iraunkorraren kasuetan, administrazio-ebazpena eta, hala badagokio, jakinarazpenaren data egiaztatzen duen ziurtagiria, hura emateko eskumena duen agintaritza eskudunak emana.
  • Zaintza partekatuaren kasuetan, hori egiaztatzen duen epaia eta bi aldeen arteko akordioa, laguntza bi gurasoetako zeinek eskatuko duen adierazita.
  • Erantzukizunpeko adierazpena, familia-unitatea osatzen duten 18 urtetik gorako seme-alabek diru-sarrerarik ez dutela adierazteko.
  • Zaintza esklusiboko kasuetan, ebazpen judiziala, eskatzaileak laguntza jasotzeko eskubidea duen adingabearen zaintza eta jagoletza bakarra duela jasotzen duena.

183/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez 0 eta 3 urte bitarteko haurrak dituzten familiendako laguntza ekonomikoak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onetsi eta horretarako gastua baimentzen baita.

Harremanetan jartzeko

Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza
Familiaren Atala
Abejeras kalea 1
31007 Iruña
Telefonoa: 848 42 69 00
Helbide elektronikoa: familia@navarra.es

Oharra: orrialde honen edukia informazio hutsa da; baldintzak dagokion araudian argitaratutakoak dira.

access_time