Castellano | Euskara | Français | English
(2014ko 102. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 27an)
Zioen Azalpena
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 35.3 artikuluak, maiatzaren 10eko 150/1999 Foru Dekretuaren araberako testuan, ezartzen du funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, beste administrazio publiko batean zerbitzu ematen egoteagatik izangaien borondatezko eszedentzia deklaratzen den kasuan, probak gainditzen dituztenen zerrendan hurrengoak diren izangaiek beteko dituztela lanpostu hutsak. Erregelamenduaren aldaketa horren bidez borondatezko eszedentzia kasuak bete dira, une horretan Langileen Estatutuan jasotako erregulazioaren arabera, zeina beste administrazio publiko batean zerbitzu ematen zeuden izangaientzat bakarrik baitzen.
Nafarroako 2010erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legeak, hogeita bigarren xedapen gehigarrian aldatzen du Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 26.1.a) artikulua; izan ere, aukera ematen dio administrazio berean beste lanpostu bat lortzen duen funtzionarioari borondatezko eszedentzia eska dezan lanpostu berrian, aurrekoarekin jarraitzeko; aukera hori ordura arte administrazio desberdinak baziren bakarrik erabil zitekeen.
Borondatezko eszedentziaren kasuak zabaltzearekin lanpostuak betetzeko beste jokabide bat sortu da deialdietan, eszedentzia eskatzen duen funtzionarioaren jatorrizko administrazioaren arabera, eta ez dago horretarako arrazoirik. Bestetik, ez da deialdien helburua lortzen, alegia, deialdiko lanpostu guztiak betetzea hautaprobak gainditu dituzten izangaiak izanik.
Bi inguruabar horiek beharrezkoa egin dute aldaketa Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan, probak gainditzen dituzten izangaiek funtzionario bihurtzeko modua izan dezaten ateratzen duten puntuazioaren ordenaren arabera, puntuazio hobeagoko beste izangai batzuek, behin funtzionario bihurtuta eta lanpostuan batere aritu gabe eta beraiek eskatuta, borondatezko eszedentzia deklaratzen denean lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik aurrerako ondorioekin, eta hori indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan eta edozein dela ere haien jatorrizko administrazioa.
Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2014ko maiatzaren 14ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduko aldaketa.
Aldatu egiten da Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 35. artikuluko 3. atala, eta honela erredaktatuta utzi da:
“3. Indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan, funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe eta beraiek eskatuta, jabetza hartzen duten egunetik aurrerako ondorioekin izangaien borondatezko eszedentzia deklaratzen den kasuan, dagozkien lanpostu hutsak aipatu 32.3 artikuluan xedatutakoaren arabera beteko dira.”
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.