Castellano | Euskara | Français | English
(Jatorrizko testua 2004ko 39. NAOn argitaratua, martxoaren 31n. Aldaketak: 26/2006 Foru Agindua, otsailaren 17koa)
Atarikoa
Abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Aginduaren bidez aukera eman zitzaion Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari euskarazko, frantsesezko, ingelesezko eta alemanezko jakintza-maila neurtzeko berariazko probak antolatzeko (azken hirurak Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak betetzeko prozeduren barruan. Foru agindu hori otsailaren 9ko 22/2001 Foru Aginduaren bidez aldatu zen.
Denbora pasa ahala, ikusi da komeni dela hizkuntza haien jakintza-maila neurtzeko aukera Nafarroa Administrazio Publikoetako langile guztiei zabaltzea eta balorazio hori gauzatu ahal izateko aurreko arautegiaren kontu batzuk osatu eta garatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluko 2. idatz-zatiak ematen didan arauzko ahalmena erabiliz, agindu dut:
1. artikulua
Euskarazko, frantsesezko, ingelesezko eta alemanezko jakintza-maila Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko probetan neurtzearren, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Aginduan xedaturikoaren arabera antolatzen dituen berariazko probetan foru agindu hau izanen da arau. Foru agindu hura otsailaren 9ko 22/2001 Foru Aginduaren bidez aldatu zen.
2. artikulua
Lanpostuak betetzeko prozeduretan aurreko artikuluetan aipatzen diren hizkuntzak dakizkitela frogatu nahi duten Nafarroako Administrazio Publikoetako langileek, titulu edo agiri ofizialik eduki ezik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutura jo eta, ezarririko ereduaren arabera, jakintza-maila neurtu dakiela eskatzen ahalko dute kasuan kasuko deialdian ezarririko epean.
3. artikulua
1. Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuak zuzendurik, horrek izendatuko dituen pertsonek, ebaluatzeko egokitzat jotzen den titulu ofiziala daukatenek, antolatuko dituzte probak.
2. Balorazioak berariazko proba batzuk antolatuz eginen dira.
3. Berariazko probak, oro har, urtean bi aldiz eginen dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen baten bidez antolaturik. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta, hala bada, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko iragarki oholetan eta haren webgunean ere bai. Ebazpenean balorazio probetako kontuak zehaztuko dira: eskabideak aurkezteko epea, azterketa idatzia, idazlana, ahozko azterketa, probaren nondik norakoak ...
4. Balorazioak doakoak izanen dira, foru agindu honetako 6. artikuluan ezarririko kasuan izan ezik.
4. artikulua
1. Lanpostuak betetzeko kontuetarako bakarrik, hizkuntza bakoitzak bost maila izanen ditu, errazenetik zailenera.
2. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren balorazioa 0tik 5era bitartekoa izanen da, ebaluatuak zenbat maila gainditzen dituen eta horrela.
5. artikulua
1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren balorazioa interesatuari igorriko zaio, lanpostuak betetzeko parte hartzen dueneko prozeduretan agerrarazteko.
2. Balorazioak lau urterako balioko du.
3. Betiere, lanpostuak betetzeko prozeduretan epaimahaiek merezimenduak baloratzerakoan, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emaniko agiri batek edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulu batek lehentasuna izanen du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanikoa baino handiagoa denean.
6. artikulua
6. artikulua. Eskatzailea eman zaion balorazioarekin ados ez badago, froga berrikusteko eskatzen ahalko du, eta horren ondotik ere ados ez badago, proba hori Institutuak izendatu eta hasierako balorazioa eman zuten ebaluatzaileek ez beste batzuek osaturiko epaimahai batek ebaluatzea.
7. artikulua
Hizkuntzen jakintza-maila foru agindu honen arabera neurtzeak ofizialki balioko du bakarrik lanpostuak betetzeko. Beraz ezin erabiliko da prozedura horietatik aparte.
Lehen Xedapen Gehigarria
Foru agindu honetan aipatzen diren berariazko probak Nafarroako Administrazio Publikoetako edozein langilek egiten ahalko ditu. Hala ere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak egiten duen balorazioa bakarrik lanpostu batzuk betetzeko prozeduretan hartuko da kontuan, alegia, merezimendu baremoek edo berariazko arautegiak hala ezartzen dutenean.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Foru agindu hau betearazteko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak sozietate publikoei mandatuak egiten ahalko dizkie edo zuzenbide publiko edo pribatuko entitateekin kontratuak izenpetu eta hizkuntzak irakasten edo baloratzen diharduten pertsona fisiko eta juridikoei laguntza teknikoa eskatzen ahalko die.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Indarrik gabe gelditu dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Hala ere, hizkuntzen jakintza-maila neurtzeko lehenbiziko probak 2004ko maiatzetik aurrera eginen dira.