Castellano | Euskara | Français | English
51/2008 EBAZPENA, APIRILAREN 30EKOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEAK EMANA, LAGUNTZA JUDIZIALEKO KIDEGORAKO PRAKTIKALDI BAZTERGARRIA GARATZEN DUENA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE KONTSEILARIAREN APIRILAREN 25EKO 173/2008 FORU AGINDUAREN BIDEZ EZARRI ZEN LAGUNTZA JUDIZIALEKO KIDEGORAKO PRAKTIKALDI BAZTERGARRIA EGITEA.
(2008ko 63. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 21ean)
Atarikoa
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua, Nafarroako administrazio publikoen goi mailako erakunde tekniko den aldetik, bere ardurapean du, besteak beste, Nafarroaren sektore publikoa hobetzen duen edozein jarduera osagarri egitea, bere estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren arabera.
Foru agindu bidez Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarria egitea agindu zaio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari, hala jaso baitzen irailaren 15eko Jus/2975/2006 Aginduan, non Laguntza Judizialeko kidegoan sartzeko txanda irekiko probak deitu baitziren.
Aurrekoa ikusirik, beharrezkotzat jotzen da ebazpen bat lantzea alderdi teknikoak arautzeko, aipatutako deialdian emandako jarraibideekin bat. Horiek kontuan hartu beharko dira Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarria ematerakoan.
Horrenbestez, irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren Estatutuetako 15. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz, ebatzi dut:
1. Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarrirako arauak ezartzea. Ebazpen honen eranskinean erantsi dira.
2. Foru agindu hau Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko idazkaritza tekniko nagusiari, Justizia Zuzendaritza Nagusiari, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eta balorazio batzordeko kideei igortzea.
3. Ebazpen hau izangaiei jakinaraztea, baldin eta gainditu bazituzten, Nafarroan, irailaren 15eko Jus/2975/2006 Aginduaren bidez deitutako Laguntza Judizialeko kidegoan sartzeko txanda irekiko probak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
ERANSKINA. Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarriaren arauak
Lehenbizikoa. Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarriari eta araubide juridikoari buruzko ikastaroa ematea.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen du Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarria. Adierazi bezala, baztergarria izanen da, eta irailaren 15eko Jus/2975/2006 Aginduak (non Laguntza Judizialeko kidegoan sartzeko txanda irekiko probak deitu baitziren) eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenek arautuko dute.
Justizia Ministerioak izendatutako praktiketako funtzionarioek hartuko dute parte praktikaldian, Jus/2975/2006 Aginduan ezarritakoarekin bat, eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuko 25. artikuluaren arabera arautuko da. Errege dekretu horren bidez Justizia Administrazioko funtzionarioen sarrerari, haien lanpostuak betetzeko moduari eta haien lanbide igoerari buruzko Erregelamendua onetsi zen.
Bigarrena. Praktikaldi baztergarriaren ikasgaiak eta balorazioa.
Hasteko, funtzionarioek berariazko prestakuntza teorikoa jasoko dute, behar diren ezagupenak eta trebetasunak har ditzaten tresna eta aplikazio informatikoak eta Nafarroako Justizia Administrazioko bitarteko teknikoak erabiltzeko.
Prestakuntza horrek, nolanahi ere, gai hauek jasoko dituzte:
-Artxiboa.
-Lan osasuna.
-Bulego judiziala.
-Informatika eta ikus-entzunezko baliabideak.
-Jendeari kasu egitea.
Aldi teorikoa bukaturik, hari ateratako probetxua ebaluatuko da proba objektibo baten bidez. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari dagokio hori prestatzea eta nota jartzea.
Era berean, praktiketako funtzionarioek tutoretzapeko praktikak eginen dituzte organo judizialetan. Horietan ondoko hauek behintzat praktikatuko dira: jakinarazpenak, enbargoak, botatzeak eta epaiketa aretoak kudeatzea.
Proba praktikoa ebaluatzeko izangaiak prozesu-testu bat idatzi beharko du.
Laguntza Judizialeko kidegorako praktikaldi baztergarrian bertaratzea nahitaezkoa da, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Halakoetan behar bezala frogatu beharko da eta balorazio batzordeak onartu.
Praktikaldiko gehienezko kalifikazioa 50 puntu izanen da. Horietatik, informatika prestakuntzari ateratako probetxuaren ebaluazioari 15 dagozkio; gainerako prestakuntza kontzeptuei ateratako probetxuari 5; eta organo judizialetan egindako tutoretzapeko praktikaren ebaluazioari 30.
Praktikaldia gainditzeko gutxienez 25 puntu lortu behar dira.
Hirugarrena. Praktikaldi baztergarriaren balorazio batzordea.
Batzordeak kide hauek izanen ditu:
-Mahaiburua: Tomás Rodríguez Garraza.
-Ordezkoa: Estrella Lamadrid Morón.
-Mahaikidea: Javier Lacarra Albizu.
-Ordezkoa: Alexia Mauleón Goñi.
-Mahaikide idazkaria: Juan Alfonso Pérez Ruiz.
-Ordezkoa: Lorena Pegenaute Grajal.
Praktikaldi baztergarria egin baino lehen eratu beharko da batzordea.
Batzordea ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.
Balorazio batzordeko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean baldin badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu arau hauen interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak eta praktikaldi baztergarrian izan daitezkeenak.
Balorazio batzordeak ikastaro baztergarrian izangaiei emandako kalifikazioek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua lotetsiko du.
Batzordeak aholkulari adituen laguntza izan dezake gai batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza batzordeari.
Langileak hartzeko epaimahaietan parte hartzeagatik Nafarroako Foru Administrazioak funtzionarioentzat ezarritako ordainsariak kobratuko dituzte batzordeko kideek, hala behar badu.
Laugarrena. Ikastaro baztergarriaren iraupena.
Praktikaldiak hilabete iraunen du.
Prestakuntza teorikoa maiatzaren 19an hasiko da. 08:30etik 14:30era izanen da, Nafarroako Gobernuaren Justizia Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan (Iratxeko monasterioa kalea 22, Iruña), eta 40 orduko iraupena izanen du.
Prestakuntza teorikoaren ondoren prestakuntza praktikoaren aldia hasiko da. Hiru aste iraunen du, aurretik zehaztutako Foru Komunitateko organo judizialetan. Epaitegietako ohiko lanaldiaren barneko ordutegia izanen du.
Bosgarrena. Tutoreak.
Foru Komunitateko organo judizialetan egiten den praktikaldian beharrezkoa izanen da Justizia Administrazioaren zerbitzuan Nafarroan ari diren funtzionarioek laguntzea eta tutoretza lana egitea. Laguntzaile eta tutore diren horiek, prestakuntza aldia bukatutakoan, baimendutako izangaien gaitasunari eta ateratako probetxuari buruzko kalifikazioa eman beharko dute.
Laguntzaile eta tutore diren horiek 300,51 euroko ordainsaria jasoko dute denera.