(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

332/2011 Foru Agindua, apirilaren 13koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, irizpideak ezartzen dituena Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeei atxikitako irakaskuntzatik kanpoko langileen lanpostuen atxikipena ...

332/2011 FORU AGINDUA, APIRILAREN 13KOA, LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNEKO KONTSEILARIAK EMANA, IRIZPIDEAK EZARTZEN DITUENA HEZKUNTZA DEPARTAMENTUAREN MENPEKO IKASTETXEEI ATXIKITAKO IRAKASKUNTZATIK KANPOKO LANGILEEN LANPOSTUEN ATXIKIPENA ALDATZEKO ETA IBILTARITZA ESLEITZEKO, ZERBITZUAREN BEHARRENGATIK.

(2011ko 83. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 3an)

Atarikoa

Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiak azterlan zorrotza egin du aipatu departamentuari atxikitako ikastetxeetako irakaskuntzatik kanpoko langile kopuruari buruz eta, ikusi egin da, zenbait kasutan desegokia dela langileen kopurua ikastetxeko ikasle kopuruarekin eta haren kudeaketa bolumenarekin erkatuta. Horregatik, dauden giza baliabideak optimizatu eta ikastetxe bakoitzeko benetako beharrei arreta egokia bermatzearren, zenbait aldaketa egin behar dira; alde batetik, hurbil dauden ikastetxeei atxikitako lanpostu batzuei ibiltari izaera ezartzean dute eragina eta, bestetik, Hezkuntza Departamentuko aldi baterako langileek zein finkoek okupatutako lanpostuen atxikipena aldatu beharra dagoelako.

Azaldutakoarekin bat, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuak kontuan hartu beharreko irizpideak ezartzea irakaskuntzatik kanpoko langileen banaketari dagokionez, zerbitzuaren beharrak direla-eta ikastetxe batzuetan ibiltari dabiltzanen lanpostuak sortu edo aldatu behar badira eta ikastetxe bati atxikitako lanpostuak beste bati atxiki behar bazaizkio, bai aldi baterako langileekin bai finkoekin.

Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren (azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuak onetsia) 4. artikuluko 5. idatz-zatiak ezartzen duenez, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eremuan, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean eta organo eskudunak arrazoi bidezko ebazpen batean frogatu ondoren, funtzionarioak beste lanpostu batera aldatzen ahal dira, baldin eta hori lehen betetzen zutenaren izaera berakoa bada baina beste atxikipen eremu organiko, udal edo ikastetxe batean kokatua. Eta horien artean daude Hezkuntza Departamentuaren menpekoak.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari dagokio irizpide objektibo horiek ezartzea zerbitzuaren beharrak direla-eta bidezkoa den kasuetan aplikatzeko, lanpostuak betetzeko aipatu erregelamenduaren lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoari jarraituz.

Kontuan hartuta foru agindu honen edukiak eragina izan dezakeela Hezkuntza Departamentuko irakaskuntzatik kanpoko langileen lan baldintzetan, sindikatuekin negoziatu dira irizpideak Administrazio Erroko Mahai Sektorialean.

Horrenbestez, ikusirik Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak emandako txostena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honek irizpideak ezartzea du xede, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeei atxikitako irakaskuntzatik kanpoko langileei ibiltari lanpostuak esleitzeko eta atxikipena aldatzeko, zerbitzuaren beharrak direla-eta.

2. artikulua. Zenbait lanposturi ibiltari izaera esleitzea.

1. Bi ikastetxetako langile beharrak haietako bati atxikitako lanpostuari ibiltari izaera emanez betetzen ahal badira, honela jokatuko da:

a) Ukitutako ikastetxeetako batean lanpostu huts bakarra bada, lanpostu horrek ibiltari izaera hartuko du.

b) Ukitutako ikastetxeetan lanpostu huts bat baino gehiago badaude, kontraturik berriena duen langileak betetzen duen lanpostuak ibiltari izaera hartuko du.

c) Ukitutako ikastetxeetako lanpostu guztiak langile finkoek okupatzen badituzte, foru agindu honen 4. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatzetik ateratzen den lanpostuak izanen du ibiltari izaera.

2. Ibiltaritzak ez du herri aldaketarik ekarriko. Dena dela, Iruñearen kasuan, hiria eta udalerri hauek hartuko dira kontuan: Antsoain, Barañain, Beriain, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Uharte, Imarkoain, Mutiloa, Noain, Orkoien, Iruña, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

3. Oro har, ibiltaritzaren ondorioa izanen da ukitutako ikastetxeetan egun desberdinetan zerbitzua egin behar izatea, halako moduan non langileek ikastetxe bakar batean beteko baitute eguneko lanaldia.

4. Lanaldi partzialeko lanpostuei ezin zaie ibiltari izaera eman.

5. Lanpostu batek ibiltari izaera edukitzeagatik hartan ari den langileak ez du konpentsaziorik izanen.

3. artikulua. Aldi baterako betetako lanpostu hutsen atxikipen aldaketa.

1. Zerbitzuaren beharrengatik lanpostuen atxikipenean aldaketak egin behar badira, lehendabizi aldi baterako okupatutako lanpostu hutsen atxikipena aldatuko da.

2. Joan-etorrietarako abiaburua den ikastetxean lanpostuari dagozkion plaza huts bat baino gehiago badaude, ikastetxean kontraturik berriena duenak aldi baterako okupatzen duen plazaren atxikipena aldatuko da, eta hari kontratua aldatzea eskainiko zaio. Interesdunak ez baditu destinoko ikastetxean lanpostua betetzeko baldintzak betetzen, eta interesdunak aldaketari uko egiten dionean ere, kontratua deuseztatu eginen da beharrak desagertzeagatik, Nafarroako administrazio publikoetako administrazio araubideko langileen kontratazioa arautzen duen irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuaren 8.1.c) artikuluaren arabera, eta kontratazio zerrendan jarraituko du.

3. Salbuespen gisa, eta ikastetxeko zuzendariak hala frogatzen duten zerbitzuaren arrazoiak xeheki argudiatuz gero, Hezkuntza Departamentuak, espres, artikulu honetan adierazitakoez bestelako irizpide objektiboak erabiltzeko baimena eman ahalko du.

4. artikulua. Langile finkoek okupatutako lanpostuen atxikipen aldaketa.

1. Lanpostu bateko plaza hutsetan egiten ahal diren aldaketak eginik, eta ikastetxeetako langileen kopuruan disfuntzioek jarraitzen badute, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan irakaskuntzatik kanpoko langile finkoek okupatutako plazen atxikipena ikastetxe batetik bestera aldatzeko, baldin inork ez badu horretarako borondatea agertzen:

1. Denbora gutxien daramana ikastetxean langile finko gisa zerbitzuak ematen lanpostu horretan.

2. Administrazio publikoetan onartutako antzinatasun txikiena duena.

3. Zein den berrikien sartu dena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finko gisa lanpostu horretan.

2. Kasu horietan, zein udalerritako ikastetxeetan dauden beharrak une batean, haietako bati atxikiko zaizkio ukitutako langileek okupatzen dituzten plazak. Dena dela, Iruñearen kasuan, hiria eta udalerri hauek hartuko dira kontuan: Antsoain, Barañain, Beriain, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Uharte, Imarkoain, Mutiloa, Noain, Orkoien, Iruña, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

3. Betiere, atxikipena aldatu ondoren, ukitutako langileak plaza zuen ikastetxean lanpostu bat hutsik geldituz gero, interesdunak eskubidea izanen du lanpostu huts horri atxikitzeko; horretarako, espres eskatu beharko du, lanpostua lekualdatze lehiaketa bidezko deialdi batean sartu baino lehen.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa