Castellano | Euskara | Français | English
(1998ko 65. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 1ean)
Atarikoa
Apirilaren 18ko 157/1991 Foru Dekretuaren bidez Operazioak Koordinatzeko Zentroa arautu zen, Foru Komunitateko Administrazioaren organo guztiak elkarrekin eta Foru Komunitatea beste administrazio publiko eta erakunde pribatu batzuekin koordinatzeko organo gisa, Nafarroako Foru Komunitateko larrialdi zerbitzuen eta herri babesaren eremuan.
Azken urteotako jardunak erakutsi duenez, Operazioak Koordinatzeko Zentroak egokiro lan egin ahal izan dezan eguneratu egin behar dira goian aipaturiko Foru Dekretuaren bidez ezarri zitzaizkien eginkizunak eta zentroko langileentzat berariazko funtzionamendu erregimena ezarri behar da, eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan gerta litezkeen larrialdietan zentroak eraginkorrago jardutea ziurtatuko duena.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak maiatzaren 4ko bileran hartu duen erabakiarekin bat etorriz, ondokoa, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Erregimen juridikoa.
Operazioak Koordinatzeko Zentroa Lehendakaritza eta Barne Departamentuko Herri Babeserako Zerbitzuaren menpe arituko da. Foru Dekretu honek eta aplikatu ahal zaizkion gainerako xedapenek eraenduko dute.
2. artikulua. Eginkizunak.
1. Operazioak Koordinatzeko Zentroaren xede orokorrak hauek dira: larrialdietan, pertsonen bizia edota ondasunak arriskuan daudela, herritarrek laguntza edo babes zerbitzuak eskatzeko egiten dituzten deiak jasotzea, zerbitzuok abioan jartzea eta, behar izanez gero, horiek koordinatzeko laguntza teknikoa eta materiala ematea.
2. Aurreko atalean aipatu diren xedeak bete daitezen Operazioak Koordinatzeko Zentroak eginkizun hauek bete behar ditu:
a) Herritarrek laguntza eskatzeko egiten dituzten deiak jasotzea, laguntza eskaerak baloratzea, sailkatzea eta bakoitzari dagokion lehentasuna ematea.
b) Gertaera edo istripua zein motatakoa den eta zein neurri jarri behar diren zehaztea, laguntza emateko baliabide egokiak mobilizatzea, aurretiaz ezarritako protokolo edo mobilizazio-prozedurei jarraituz edo bestela kasuan kasuko jarraibideen arabera jokatuz, eta zerbitzuen arduradunak edo eskumena duten agintariak jakinaren gainean jartzea, horrela egin behar dela ezarrita dagoen kasuetan.
c) Operazioan esku hartzen duten zerbitzuen eta erabiltzen diren baliabideen informazioa jasotzea operazioak dirauen artean eta, beti ere, hura bukatutakoan.
d) Operazioan ari diren zerbitzuen edo baliabideen arduradunei informazioa, laguntza teknikoa eta laguntza materiala eskuratzea eta haien koordinazioa eta eraginkortasuna ahalbideratzea.
e) Egiten diren zerbitzuak aztertu eta ebaluatzea eta berariaz eskatzen zaizkion formularioak bete eta txostenak idaztea.
f) Deiak jasotzeko zentroa izatea, hau da, larriuneetan 112 telefonora deitzen dutenei jaramon egiteko zerbitzua betetzen duen zentroa izatea.
g) Talde-arrisku larria dagoen egoeretan, ezbehar publikoetan edo aparteko hondamendietan operazioak koordinatzen dituen zentroa izatea, herri babeserako kasuan kasuko planean zehazten den eran.
h) Bere zerbitzugintzaren berezitasunak edo bere instalazioen ahalbide teknologikoak kontuan izanik ezartzen dizkioten beste eginkizun guztiak betetzea.
3. Aurreko atalean azaldu diren eginkizunak bete ahal izateko, Operazioak Koordinatzeko Zentroak beti eguneraturik izanen du baliabide mobilizagarrien katalogoa, haren komunikazio sistema gai izango da laguntza eskaerak jaso eta baliabide mobilizagarri guztiei igortzeko, eta haren jardun-protokoloan jarduteko prozedura guztiak bilduko dira.
4. Operazioak Koordinatzeko Zentroa jarraian aipatuko diren erakundeen ohiko komunikazio-zentrala izanen da.
a) Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoa.
b) Foruzaingoa.
c) Osasun Larrialdiak Koordinatzeko sistema, Presazko Osasun Laguntzarako Planean aipatzen dena; Larrialdietako Osasun Garraioa, larrialdietan Odol Bankuaz arduratzea eta organoak eman eta transplantatzeko sarea laguntzea barne direla.
3. artikulua. Baliabide mobilizagarriez.
Operazioak Koordinatzeko Zentroak, ezarri zaizkion eginkizunetan ari dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edozein baliabide alertan edota lanean jarri ahal izanen du, beharrezkoa irizten badio, eta bai gainerako administrazio publikoenak eta erakunde edo entitate publiko zein pribatuenak diren baliabideak ere. Hala egitekotan, antolamendu juridikoan, bere xede eta eskumenak arautzen dituzten arauetan, herri babesaren plangintzan eta berariaz sinaturiko hitzarmenetan dauden xedapenak bete behar ditu.
4. artikulua. Jardueraz.
1. Zentroko jardueraren zuzendaritza eta ohiko kontrola Herri Babeserako Zerbitzuko zuzendariari dagozkio.
2. Operazioak Koordinatzeko Zentroaren gain eskumena duten departamentuek ezarriko dituzte hura kudeatzeko gidalerroak, 5. artikuluan arautzen den Batzordeak aurretiaz adostasuna emanda; halaber, Foru Komunitateko Administrazioak beste administrazio publiko batzuekin edo erakunde publiko nahiz pribatuekin egiten dituen lankidetza-akordioetako xedapenak beteko dira zentroaren kudeaketan.
3. Zentroaren gaineko eskumena duen departamentuak ezarriko ditu eskuhartze-zerbitzuen jardun prozedurak, goian aipaturiko Batzordeak aurretiaz adostasuna emanda.
4. Jardun protokoloetan aurreikusi gabeko egoeretan, 6.3. artikuluan aipatzen diren zerbitzuen arduradunei dagokie egoeren balorazioa, sailkapena eta lehenespena egitea, baita giza baliabideak eta baliabide materialak abioan jartzeko jarraibideak ematea ere.
5. artikulua. Larrialdietako Laguntzarako Departamentuarteko Batzordea.
1. Larrialdietako Laguntzarako Departamentuarteko Batzordea koordinazio organo gisa arituko da Foru Komunitateko Administrazioaren barnean.
2. Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Departamentuak elkarrekin koordinatzeko gidalerroak ezartzea larrialdietako laguntzaren eta herri babesaren arloan, eta zehatzago zeregin hauek betetzea:
-Ezbehar motak aztertu eta definitzea.
-Jarduteko prozeduren azterketa eta informazioa.
-Zerbitzu guztien jarduteko prozeduren arteko bateragarritasuna ebaluatzea.
-Prozedurak erabiliz lortzen diren emaitzak baloratzea eta behar izanez gero prozedurok zuzentzea.
b) Larrialdietako laguntza eta herri babesa ukitzen dituzten xedapen orokor eta plan guztiak prestatzen parte hartzea.
3. Larrialdietako Laguntzarako Departamentuarteko Batzordea honela osatuko da:
-Batzordeburua: Barne zuzendari nagusia.
-Batzordekideak: Barne, Osasun, Garraio eta Komunikazio, Herrilan, Ingurugiro eta Industri zuzendaritza nagusien ordezkari bana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ordezkari bat eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren ordezkari bat.
Barne Zuzendaritza Nagusiko funtzionario bat arituko da idazkari, hizpidearekin eta hautespiderik gabe.
4. Zuzendari nagusiek eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko dituzte batzordekideak.
5. Batzordeburuak bere ekimenez edo batzordekideen herenak proposaturik eginen ditu Batzordearen bileretarako deiak. Deialdian aztergaien zerrenda eta bilera egiteko eguna, ordua eta lekua azalduko dira.
6. Batzordea baliozkotasunez eratuko da gutxienez batzordekideen bi herenak bilduz gero, lehenengo deialdian, eta erdiak gehi bat, bigarren deialdian.
7. Batzordeak hartzen dituen erabakiak bilerara etorritako batzordekideen gehiengo osoak onartu behar ditu aldez aurretik.
II. KAPITULUA. Langileez
Lehen atala. Funtzionamendu erregimena
6. artikulua. Lanpostuak.
1. Operazioak Koordinatzeko Zentroko langileak lanpostu hauetakoren batean arituko dira:
a) Gelaburua, C maila.
b) Koordinazioko operadore laguntzailea, D maila.
2. Herri Babeserako Zerbitzuko langileez gainera Administrazioaren beste zerbitzu batzuetako langileak ere Operazioak Koordinatzeko Zentroan aritu ahal izango dira, zentroari behin-behinean edo zerbitzu-eginkizunetan atxikita. Langileok Herri Babeserako Zerbitzuaren menpeko funtzionalak eta jatorrizko zerbitzuaren menpeko organikoak izango dira.
3. Halaber, Operazioak Koordinatzeko Zentroak koordinatzen dituen zerbitzuetako arduradunak zentroko bulegoetan kokatu ahal izanen dira. Beren jatorrizko entitateekin edo unitate organikoekin menpekotasun organiko eta funtzionala izanen dute eta Herri Babeserako Zerbitzuak ezarritako barne-erregimeneko arauei men egin beharko diete.
7. artikulua. Txandak.
1. Zentroak eguneko 24 orduetan iraungo du jardunean, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan.
2. Enplegatuetatik inork ez du jarraian bi txanda egin beharrik izango.
8. artikulua. Betebeharrak.
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuan ari diren langileen Estatutuan ezarrita dagoenaren kalterik gabe, Operazioak Koordinatzeko Zentroan zerbitzua egiten duten langile guztiek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Araudi hau eta zentroari ezarri ahal zaizkion gainerako arauak ezagutzea.
b) Ezartzen dieten lanaldia, goardia lokalizatuak eta laneratzeko gertu egon beharreko aldiak betetzea.
c) Zerbitzua bertan behera ez uztea aurretiaz ordeztuak izan ezik edo mailaz hurbilen duten nagusiak berariaz baimena eman ezik.
d) Ordeztera datozkienei unean uneko arazoen berri zehatza ematea.
e) Etengabe trebatzea ekipoak eta sistemak erabiltzen eta zerbitzuen funtzionamendua bideratzen jakiteko. Ildo horretan, besteak beste, Zentroko langileak erreziklatzeko eta nola jokatu erakusteko aldizka antolatzen diren ikastaroetan parte hartu behar dute.
f) Lanaldian alkoholik ez sorgorgarririk ez hartzea eta erretzeko baimena dagoen lekuetan baizik ez erretzea.
g) Zentroak darabilen informazioa isilpean edukitzea. Lanean jakiten diren datuak eta informazioak kanpoan ez zabaltzea.
h) Lan egiteko programaturik dituzten txanda edo goardietatik kanpoko orduetan mobilizatuak izateko eta zerbitzua egiteko prest egotea, inguruabar bereziengatik hala egiteko eskatzen dietenean.
Bigarren atala. Gelaburuak
9. artikulua. Eginkizunak.
Gelaburuek eginkizun hauek dituzte:
a) Operadoreen lana gainbegiratzea eta lanean azaltzen zaizkien arazoak edo zalantzak ebaztea.
b) Larrialdietako eskuhartzeen koordinazioa eragitea.
c) Larrialdiaren ondorengo informazioa prestatzea.
d) Komunikabideei ematen zaien informazioa prestatzen laguntzea.
e) Jardun eta mobilizazio protokoloak idazten laguntzea.
f) Zentroan bete beharreko araudia betetzen dela ziurtatzea.
g) Datu bilketan eta baliabideen katalogoen eta larrialdietarako direktorioen prestaketan laguntzea.
h) Larrialdiak kudeatzeko behar den informazioa etengabe eguneratzea.
i) Zentroan lan egutegiak eta txandak betetzen direla ziurtatzea.
j) Operadoreen etengabeko prestakuntzan parte hartzea.
k) Aurrekoei loturik ezartzen dizkieten antzeko eginkizun guztiak betetzea.
10. artikulua. Goardia lokalizatuak.
1. Gelaburuek goardia lokalizatuak egin beharko dituzte, horrela ezartzen den kasuetan, pertsona-bilagailuaren edo antzeko sistemaren baten bidez deitzen dituztenean. Goardia lokalizatua Zentroan egin behar badute, deia jaso eta beranduenik handik hogei minutura bertaratu behar dute.
2. Gelaburuek goardia lokalizatuak egin eta horregatik konpentsazioa hartzea bateraezina da aparteko orduetan, gauez edo jaiegunean lan egiteagatik konpentsazioa hartzearekin. Gelaburuek goardietan egiten dituzten zerbitzuak ez dira lanaldiko zerbitzutzat hartuko urteko lanaldiko orduak zenbatzerakoan.
11. artikulua. Gelaburu lanpostuen hornidura.
1. Gelaburu lanpostuak betetzeko lehendabizi barne sustapen murriztua eginen da Koordinazioko Operadore Laguntzaile lanpostuan langile finko gisa gutxienez bi urte iraun izana kreditatzen dutenen artean. Barne sustapena lehiaketa-oposizioaren bidez eginen da, eta honen barruan, beti ere, bete beharreko eginkizunen arloko berariazko prestakuntza ikastaroa gainditu beharko da. Prozedura horretan lanposturen bat hutsik geratuz gero arauzko prozeduren arabera beteko da.
2. Gelaburu lanpostuan langile finko gisa 4 urte egindakoan, interesatuak, lekuz aldatzeko lehiaketetan parte hartuz, administrazio-ofizial lanpostuetarako lehiatu ahal izanen dira, edo kasuan kasuko lehiaketako betekizunen arabera eskura dituzten C mailako bestelako lanpostuetarako.
12. artikulua. Prestakuntza ikastaroa.
Gelaburuen prestakuntza ikastaroan gai teoriko eta praktiko hauek bilduko dira gutxienez: langilegoaren kudeaketa, krisialdien kudeaketa eta kudeaketarako sistema informatikoaren erabilera.
13. artikulua. Ordainsariak.
Gelaburu lanpostuetako langileek C mailari dagozkion ordainsariak eta lanpostuagatiko %20ko osagarria jasoko dituzte.
Hirugarren atala. Koordinazioko Operadore Laguntzaileak
14. artikulua. Eginkizunak.
Koordinazioko Operadore Laguntzaileek eginkizun hauek dituzte:
a) Zentroan deiak hartzea.
b) Baliabideak esleitzea, jarduteko protokoloen arabera edo Gelaburuak eta zerbitzu koordinatuen arduradunek ematen dizkieten jarraibideen arabera.
c) Esleitutako baliabideak lanean jartzea, larrialdiaren jarraipena egitea eta jartzen diren neurri guztien berri idaztea.
d) Operazio guztien informazioa ematea esku hartzen duten zerbitzuei.
e) Gelaburuak adierazten dizkion kalitate-kontrolerako deiak eta bestelakoak egitea.
f) Gelaburuak adierazten dizkion datuak informazio sisteman sartzea.
g) Baliabideen katalogoa eta larrialdietarako direktorioa erkatu, osatu eta hobetzeko deiak egitea.
h) Aurrekoen lagungarriak edo antzekoak diren edo aurrekoekin erlazioa duten lanak egitea, Gelaburuak agintzen dionean edo Zerbitzuaren xedeak eraginkortasunez bete ahal izateko beharrezkoa denean.
15. artikulua. Gertutasuna.
1. Koordinazioko Operadore Laguntzaileak pertsona-bilagailuaz edo antzeko beste sistemaren baten bidez deitu ahal izanen dituzte, berariaz ezarriko diren bitarteetan, langileen bajak, bidezko arrazoiengatik laneratzen ez diren langileen hutsuneak edo bestelako premiak betetzera. Bitarte horietan Zentrora deitzen badituzte beranduenik hogeita hamar minuturen buruan bertaratu beharko dute.
2. Aurreko idazatian azaldu dugun gertutasun egoeran egiten duten ordu bakoitza ohiko txandako hamabost minutuko lanaldiaren baliokidetzat hartuko da urteko lanaldiko orduak zenbatzerakoan.
16. artikulua. Koordinazioko Operadore Laguntzaile lanpostuen hornidura.
1. Koordinazioko Operadore Laguntzaile lanpostuak lekuz aldatzeko lehiaketaren edo lehiaketa-oposizioaren bidez beteko dira. Horietan, beti ere, bete beharreko eginkizunen arloko berariazko prestakuntza ikastaroa gainditu beharko da.
2. Koordinazioko Operadore Laguntzaile lanpostuan langile finko gisa 4 urte egindakoan, interesatuak, lekuz aldatzeko lehiaketetan parte hartuz, administrari laguntzaile lanpostuetarako edo kasuan kasuko lehiaketako betekizunen arabera eskura dituzten D mailako lanpostuetarako lehiatu ahal izanen dira.
17. artikulua. Prestakuntza ikastaroa.
Koordinazioko Operadore Laguntzaileen prestakuntza ikastaroan gai teoriko eta praktiko hauek bilduko dira gutxienez: Herri Babeserako Zerbitzuak koordinatzen dituen zerbitzuen ezagutza, irrati-telekomunikabideak, baliabideen koordinazioa eta kudeaketa, erabiltzaileari telefonoz laguntzea, kudeaketarako sistema informatikoaren erabilera eta Nafarroako geografia.
18. artikulua. Ordainsariak.
Koordinazioko Operadore Laguntzaile lanpostuetako langileek D mailari dagozkion ordainsariak eta lanpostuagatiko %20ko osagarria jasoko dituzte.
Lehen Xedapen Gehigarria. Foru Dekretu honen 10. artikuluan xedatzen denaren ondoreetarako, gelaburuei goardia lokalizatuak 628 pezeta/orduko emanez konpentsatuko zaizkie 1998. urtean.
Diru konpentsazio hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileentzat ezartzen diren soldata gehikuntzen araberako proportzioan eguneratuko da.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Operazioak Koordinatzeko Zentroari atxikitako langileek urtean 35 igande edo jaiegunetan baino gehiagotan lan egiten badute, diru konpentsazioa %50 gehituko zaie lan egiten duten 36. jaiegunetik aurrera.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Foru Dekretu honen 11.2 eta 16.2. artikuluetan aipatzen den eran lekuz aldatzeko lehiaketetan parte harturik, gehienez ere Operazioak Koordinatzeko Zentroari atxikitako enplegatuen herena irten ahal izango da zentrotik aldi berean.
Lehen Xedapen Iragankorra
Foru Dekretu hau indarrean jartzen denean funtzionalki Herri Babeserako Zerbitzuari eta organikoki Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoari atxikita egonik Gelaburu eginkizunetan diharduten funtzionarioek Partzuergoko beren lanpostuei dagozkien ordainsariak jasotzen segituko dute.
Bigarren Xedapen Iragankorra
Foru Dekretu hau indarrean jartzen denean Koordinazioko Operadore Laguntzaile eginkizunetan jardun eta funtzionalki Herri Babeserako Zerbitzuari eta organikoki Foruzaingo Zerbitzuari edo Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoari atxikita dauden funtzionarioek Zerbitzuko edo Partzuergoko beren lanpostuei dagozkien ordainsariak jasotzen segituko dute.
Hirugarren Xedapen Iragankorra
Foru Dekretu hau indarrean jartzen denean Koordinazioko Operadore Laguntzaile edo Gelaburu eginkizunetan jardun eta funtzionalki Herri Babeserako Zerbitzuari eta organikoki Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoari atxikita dauden funtzionarioek Foru Dekretu honen 11. artikuluan Gelaburu lanpostuen hornidurari buruz aipatzen diren deialdietan parte hartu ahal izanen dute.
Azken Xedapenetan Lehena
Baimena ematen zaio Lehendakaritza eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau burutu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Indargabeturik dago apirilaren 18ko 157/1991 Foru Dekretua, eta bai Foru Dekretu honetan ezarritakoarekin bat ez datozen maila bereko eta beheragoko arauak ere.
Azken Xedapenetan Hirugarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunetik hasita izanen du indarra.