Castellano | Euskara | Français | English
(2006ko 121. NAOn argitaratutako testua, urriaren 9an)
Atarikoa
Ekainaren 19ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoa sortu zen. Bertan bildu ziren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko baliabideak, bai eta, 2006ko irailaren 1eko ondorioekin, Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoari atxikitako baliabideak ere.
Partzuergo horretan bazen Uretako Erreskate Talde bat. Haren eginkizunak Nafarroako Larrialdietako Agentziak bereganatu dituenez, talde hori agentzian sortu beharra dago.
Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Estatutuek, beren 31. artikuluko 2. atalean, honako hau xedatzen dute: alor funtzionalek talde operatiboak izaten ahalko dituzte, bai eta erreskate taldeak eta talde bereziak ere, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru agindu bidez sortuak. Agindu horietan taldeen tamainari eta berezitasunei buruzko irizpideak agertuko dira eta taldeen buru nortzuk arituko diren aipatuko da.
Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzailearen proposamena ikusirik, eta Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Estatutuek, ekainaren 19ko 38/2006 Foru Dekretuak onetsi baitzituen, 31. artikuluan, eman dizkidaten eskurantzak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Uretako Erreskate Taldea (UET) sortzea, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Aurreneurri, Su-itzaltze eta Salbamendurako Zuzendaritzaren Kanpainen, Erreskate Taldeen eta Talde Berezien Alorrari atxikia, 2006ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin. Tamainari eta berezitasunei buruzko irizpide hauei jarraikiko zaie:
a) Kide kopurua: gutxienez 14 kide.
b) Espezializazioa:
-Pertsonen, animalien eta ondasunen uretako eta ur azpiko erreskate eta salbamendua.
-Lehor-barneko urak direla-eta, ingurumena babesteko esku-hartzeak.
-Esku-hartze operatiboa uhar eta uholdeetan.
-Entitate eta elkarteei laguntza teknikoa eta aholkularitza ematea ur ingurunearekin lotutako gaiei buruz (lehor-barneko urak).
-Beste zerbitzu batzuekin lankidetzan aritzea eta laguntza teknikoa ematea, haien jarduerarekin lotutako gaietan.
-Jardueraren gaineko prestakuntzan, kanpokoan zein barnekoan, parte hartzea.
-Aurrea hartzeko jarduerak egitea (simulazioak, bizi-arrisku handiko egoeren kontrako jarduerak, azpiegitura publikoen ikerketa, etab.).
-Jarduerarako behar diren berezko materialen eta ekipoen erabilera eta mantentze-lana.
-Ezartzen den praktika eta mugimenduen programa berariazkoa betetzea.
-Gizartearen bilakaera, inguruabarrak edo taldearen beraren garapena dela-eta egozten ahal zaizkion beste eginkizun guztiak.
Bigarrena
Talde honen buru Nafarroako Larrialdietako Agentziako Aurreneurri, Su-itzaltze eta Salbamendurako Zuzendaritzari atxikitako suhiltzaile sarjentu bat arituko da. Eginkizun hauek izanen ditu:
-Erreskate taldeko kide guztien jarduketa ikuskatu eta koordinatzea, talde horren esku-hartzeen zuzeneko arduraduna baita.
-Erreskate taldearen jarduerak eta esku-hartzeak planifikatu, antolatu eta zuzentzea eta, halaber, buruei haien berri ematea.
-Egokitzat jotzen denean, UETeko kideei deitzea, ezarritako protokoloen arabera, eta kasuan kasu segitu beharreko prozedura operatiboak zehaztea. UETaren jarduera operatiboak Nafarroako Larrialdietako Agentziaren gainerako unitate operatiboen lanean eragiten duen kasuetan, unitateburuak koordinatuko dira, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren erantzun operatiborako gaitasuna murriztuko ez dela ziurtatzeari begira.
-UETaren ekintza guztiak antolatu, planifikatu eta haien segimendua egitea, taldekideak ahalik eta hobekien lan eginen dutela bermatzeko.
-UETak egindako zerbitzu eta praktiken gaineko esku-hartzeari buruzko parteak ongi egin eta trasmititzen direla bermatzea. Horretarako, datuak ongi hartu, parteak oso-osorik prestatu eta Aurreneurri, Su-itzaltze eta Salbamendurako Zuzendaritzari berehala jakinaraziko zaizkio, ezartzen den moduari jarraikiz.
-Urtero memoria bat prestatzea, non egindako esku-hartzeak eta gainerako jarduerak bilduko baitira.
-Inbentarioa eguneratzea eta UETaren materiala eta ekipoa kontrolatzea, horren gainean sortzen diren beharrak jakinaraziz.
-UETaren funtzionamenduan eragina duten inguruabar guztien berri ematea goragokoei.
-UETaren funtzionamendu egokirako behar diren aginduak ematea.
-Oro har, agintzen zaien beste edozein eginkizun, betiere, beren espezialitatearekin lotua.
Hirugarrena
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.