(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

8/1998 Foru Legea, ekainaren 1ekoa, Iruñerriko bidaiari- garraio erregularrari buruzkoa

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1998ko 67. NAOn argitaratua, ekainaren 5ean; akats zuzenketa, 1998-07-17ko NAOn. Aldaketak: 21/2006 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa; 11/2014 Foru Legea, ekainaren 18koa)

Atarikoa

Gaur egun, Iruñak eta inguruko udalerriek hainbat gune konpartitzen dituzte, baita interes eta arazo franko ere; bidaiarien garraio erregularra, esate baterako.

Garraiorako eskubidea, hau da kalitate eta prezio egokian hiritarren mugikortasuna bermatzea, aginte publikoen betebeharra da, eta arazo horri taxuzko irtenbidea ematen saiatu beharra dute.

Dena den, garraio arloko eskumenen banaketa dela eta, dagokigun eskualdeko bidaiari-garraio publiko batzuk hiri barrukoak dira eta beste batzuk hiriartekoak. Lehenbizikoak kudeatzeko eskumena kasuan kasuko udalei dagokie eta bigarrenak kudeatzekoa Foru Komunitateko Administrazioari.

Nafarroako Foru Komunitateko hiriko garraioaren arautegia ezarri delarik, orain udalerrietako mugetatik kanporako bidaiarien garraio kolektiboa antolatzeko araubide berariazkoa finkatu behar da eta, horrekin batera, kasuan kasuko eskumenak, antolamendu administratiboa, egungo egoeratik araubide berriak ekarri duenerako igarobidea eta planteatzen diren edo arautu behar diren gainerako alderdiak zehaztu; hemen aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Errepideko Hiriko Garraioa arautzen duen aipatu Foru Legean, hiriko garraiorako araubide orokorrari dagokionean, ezarritakoa aplikatuko da.

Beste autonomi erkidego batzuetan izandako esperientziak eta arazoa konpontzeko aukerabideak kontuan hartu badira ere, Foru Lege honetan, zerbitzuaren prestazioaren beharrak ikusita, egokitzat hartu dugun bidea garatu da, eskumena duten administrazio publikoek egun bere gain hartu dezaketena baita. Hori horrela, zerbitzuaren kudeaketa Iruñerriko Mankomunitatearen esku uzteko aukera eskaini da, beste zerbitzu publiko batzuetan gaur arte erakutsi duen gaitasuna kontuan hartuz.

Kudeaketa hori, hortaz, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasuna duen toki entitate bati esleitu zaio. Udalen autonomia, nolanahi ere, aski bermatuta geldituko da, udalek mankomunitatean duten partaidetzaren bitartez.

Halaber, biziguneen jarraipen etengabea ikusita, eta Foru Lege honetako garraio zerbitzuaren kudeaketa bateratua egin ahal izateko araubide berariazko hau ezartzea eskatzen duten gainerako inguruabarrak kontuan harturik, bertan mugatzen den eskualdeko garraioa hirikotzat hartu da, horrela gaindituko baita hiriarteko eta hiriko garraioaren arteko eskumenen mugapena.

Foru Lege hau eman da Nafarroatik atera gabe egiten den garraioaren arloan Foru Komunitateak duen erabateko eskumenaz baliaturik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko 12/1982 Lege Organikoaren 49.1.f. artikuluaren indarrez.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru Lege honen xedea da 3. artikuluan zehazten den eremutik atera gabe egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularra, finkoa nola aldi baterakoa, arautzea.

2. artikulua. Garraioaren izaera.

Foru Lege honetan arautzen den garraioa hiriko garraiotzat hartu da.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru lege honek arautzen duen hiriko garraioaren aplikazio eremua honako udalerri hauek osatuko dute:

–Antsoain.

–Aranguren; hain zuzen ere, Mutiloako bizigunea.

–Barañain.

–Beriain.

–Berriobeiti; hain zuzen ere, Aitzoaingo, Artikako, Berriobeitiko eta Berriogoitiko kontzejuen eremua.

–Berriozar.

–Burlata.

–Zizur; hain zuzen ere, Zizur Txikiko Kontzejuaren eremua.

–Eguesibar; hain zuzen ere, Gorraizko eta Sarrigurengo biziguneak eta Olazko Kontzejua.

–Esteribar; hain zuzen ere, Ollokiko bizigunea.

–Ezkabarte; hain zuzen ere, Arreko eta Orikaingo kontzejuak.

–Galar; hain zuzen ere, Cordovillako Kontzejua.

–Uharte.

–Noain (Elortzibar); hain zuzen ere, Noaingo bizigunea.

–Orkoien.

–Iruña.

–Atarrabia.

–Zizur Nagusia.

2. Arestiko idazatian mugatu den hasiera bateko eremua Nafarroako Gobernuak eman beharreko foru dekretu bidez aldatu ahalko da, zerbitzuaren entitate kudeatzaileak eta toki entitate interesatuak proposaturik.

II. KAPITULUA. Entitate titularra

4. artikulua. Eskumenen araubidea.

1. Foru Lege honek arautzen duen hiriko garraio publikoaren zerbitzua ematen duen entitateak honetantxe adierazitakoari jarraikiz egin beharko du. Foru Lege honek esleitzen dizkion eskurantzak kudeatzeko erabateko gaitasuna eta nortasun juridiko propioa izanen ditu eta haren kudeaketan 3. artikuluan adierazitako eremuko udalek parte hartu beharko dute.

2. Iruñerriko Mankomunitateari dagokio foru lege honen xede den garraio publikoko zerbitzuaren titulartasuna eta berari esleitzen zaio zerbitzu hori kudeatu eta antolatzeko eskumena, aplikatu beharreko legediari jarraituz.

Udalerriek Iruñerriko hiriko garraio publikoaren zerbitzua emateko izanen duten integrazio epea 9 urtekoa izanen da, gutxienez

.

3. (kenduta)

4. (kenduta)

5. (kenduta)

5. artikulua. (kenduta)

6. artikulua. Zerbitzua emateko modua.

Indarrean dagoen legedian aurreikusitako prozeduretako edozeinen bitartez eman ahalko da zerbitzua.

II. BIS KAPITULUA. Zerbitzua planifikatzea eta hirigintza-planeamenduan integratzea.

6. bis artikulua. Zerbitzua planifikatzea.

1. Foru lege honen xede den zerbitzua Iruñerriko Hiriko Garraioaren Plana izeneko tresnaren bidez planifikatu eta antolatuko da. Urte anitzeko plana izanen da eta Iruñerriko Mankomunitateak onetsiko du.

Onetsi aurretik, Iruñerriko Mankomunitateak plan hori Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari helaraziko die, azter dezaten eta ekarpenak egin ditzaten, hilabeteko epean gehienez ere.

2. Iruñerriko Hiriko Garraioaren Planean zehaztuko dira foru lege honen xede den zerbitzuaren ematea arautuko duten ildo nagusiak, bai eta programazio eta plangintzako oinarrizko printzipioak ere; eta, gutxienez, honako gai zehatz hauek ukituko ditu:

a) Helburu eta irizpide orokorrak.

b) Zerbitzuen plangintza.

c) Inbertsioen programazioa.

d) Plana betetzearen ebaluazio ekonomiko eta finantzarioa.

e) Tarifen markoa.

f) Planaren helburuak lortze aldera zerbitzuaren titular den entitateari Foru Komunitateko Administrazioak eta foru lege honen aplikazio eremuko udalek egin behar dizkioten ekarpenak.

3. Garraio planak honako gidalerro hauek jarraituko ditu:

a) Kalitatezko garraio zerbitzu publikoa ematea, eraginkortasun eta efizientzia egokiekin.

b) Garraio publikoaren erabilera sustatzea, hura hirigintza-planeamenduko tresnetan integratuz.

c) Zerbitzuaren abiadura komertziala hobetzea, antzeko metropolialdeetan lortu diren emaitza onenen pareko balioak lortzeraino.

d) Erabiltzaileei kobratzetik heldutako zuzeneko diru-sarrerak nahiz zerbitzuari lotutako bestelakoak.

Eskualdeko hiri garraioa erabiltzeagatik erabiltzaileek ordaindu beharko duten txartel-prezioa erabakitzerakoan, zerbitzu publikoa izateari emanen zaio lehentasuna, eta ez zerbitzuaren autofinantzaketari.

Zerbitzuaren zuzeneko finantzaketa ahalik eta handiena izan dadin bilatzean, finantzaketa hori zerbitzuaren erabilera masiboan oinarritzea bilatu beharko da, eta ez ordea txartelaren pixkanakako garestitzean, edozein dela ere txartelaren modalitatea.

Garraio publikoaren eskuragarritasuna eta indartzea bermatuta egon daitezen garraio pribatuaren aldean, erabiltzaileen txartelen bidezko zuzeneko zerbitzu-finantzaketa ez da inoiz ere zerbitzu-kostuaren ehuneko 50 baino handiagoa izanen.

Zerbitzuari lotutako diru-sarreratzat hartuko dira finantzaketarako baliabideak eskuratzeko bidea ematen dutenak, hala nola publizitatea, babesletza edo bestelakoak. Diru-sarbide horiek ezin izanen dute inoiz oztopatu edo arriskuan jarri zerbitzu-emate egokia.

Foru lege honetan 2014rako ezarritako ekarpena erreferentzia hartuta, etorkizuneko zerbitzu-ekitaldi ekonomikoak ixtean, idatz-zati honetatik heldutako diru-sarrerek ezarri den ehunekoa gainditzen badute, ezin izanen dira inola ere igo indarreko tarifak, ezta KPIra egokitzeko ere.

e) Ekarpenak eta transferentziak, bai zerbitzuari atxikitako udalek eginak, bai zerbitzua ematen duen entitateak zuzenean eginak.

Zerbitzuari atxikita dauden udalek eta zerbitzua kudeatzen duen entitateak eginen dituzten ekarpen ekonomikoak kalkulatzeko, zerbitzuaren ustiapen-defizitari begiratuko zaio: ekarpen horiek defizit horren ehuneko 35ekoak izanen dira, behin idatz-zati honetako d) letratik heldutako diru-sarrerak kenduta.

Ekarpena zuzenean eginen du entitate zerbitzu-emaileak, baldin eta baliabiderik badu eta kasuan kasuko bere organoek hala erabakitzen badute, edo zerbitzuari atxikitako udalek eginen dute, zeinek bere biztanle-kopuruaren proportzioan.

f) Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik heldutako transferentziak, helburu horretara lotuak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, urtero, behar den diru-kopurua ezarriko dute, izaera finalistaz, behin idatz-zati honetako d) letran jasotako ekarpenak kenduta kalkulatutako zerbitzuaren ustiapen-defizitaren ehuneko 65 estaltzeko.

g) Foru lege honen aplikazio eremuko udalerriei dagokien zatia bakoitzaren biztanle kopuruaren arabera banatzea udalerri horien artean. Gutxieneko zenbateko edo kuota finko bat ezarri ahalko da, zerbitzuaren gutxieneko eskaintza-maila ematean izandako kostua kontuan hartuko duena. Bestalde, ekarpen hori modulatu ahal izanen da, zerbitzuaren abiadura komertziala hobetzeko eta garraio publikoa hirigintza-antolamenduan egoki integratzeko udal horiek hartzen dituzten neurrien arabera.

6. ter artikulua. Hirigintza-planeamenduan integratzea.

1. Lurralde- eta hirigintza-antolamendurako tresnek Garraio Planean ezarritako helburu eta irizpide funtzionalak jasoko dituzte eta espazioan zehaztuko dituzte.

2. Garraio Planean aztertu eginen dira lurralde antolamenduko tresnek garraio publikorako ezarritako ibilbideak edo lehentasunezko trazaduren sarea, eta egokitzat jotzen diren aldaketak proposatuko dira zerbitzuaren etorkizuneko plangintzari begira.

3. Hirugarren artikuluan zehaztutako eremuko udalek sustapen lana egin beharko dute beren hiri-planeamendua lagungarria izan dadin garraio publiko eraginkorra, efizientea eta herritarrentzat eskuragarria sustatzeko. Halatan, zerbitzua behar bezala emateko behar den leku-erreserba eginen dute. Urbanizazio proiektuen bitartez planeamendua betetzerakoan elementu eta diseinu egokiak ezarri beharko dira, garraio publikoko zerbitzua hobetuko dutenak, bereziki haren abiadura komertziala. Horretarako garraio publikoa lehenesten duten neurriak ezarriko dira, hala nola:

a) Autobus-erreietarako erreserbak.

b) Eskatu ahalako semaforo-lehentasuna emateko sistemak.

c) Zirkulazio-erreian bertan gelditu ahal izatea; hots, baztergunerik gabe.

d) Galtzadan abiadura motelarazteko sistemak ezartzea, beren diseinuagatik garraio publikoaren ohiko abiadura murrizten ez dutenak.

4. Iruñerriko Mankomunitateak lurralde eta hiri antolamenduko tresnen eta urbanizazio proiektuen gaineko irizpenak eman beharko ditu, haiek garraio publikoan duten eraginaren aldetik: zerbitzua emateko egiturazko beharrak eta behar operatiboak, haien finantzaketa eta bideragarritasun ekonomikoa, sare osoan duten eragina, eta garraio zerbitzuari eragiten dion beste edozein inguruabar.

5. Eskualdeko hiri garraio publikoaren zerbitzuaren hobetzea nabarmena izan dadin kalitateari, kudeaketari eta kostuen murrizketari dagokienez, hori lortzea helburu izanen duten jardunbideei ekinen zaie, hala hirigintzaren arloan, nola bestelakoetan: trazadurak, ibilbideak, zerbitzuaren abiadura, errei propioak, geltokiak eta abar. Horretarako, garraio publikoari emanen zaio lehentasuna, ibilgailu pribatuaren aldean.

Horretarako, foru lege hau onetsi eta urtebeteko epean, udalez gaindiko plan sektorial bat prestatuko da, behar horiei aurre egiteko eta jarduketak gauzatzeko jardunbide guztiak bilduko dituena. Udalez gaindiko plan sektorial hori adostu eginen da zerbitzua kudeatzen duen toki entitatearekin.

Behin udalez gaindiko plan sektoriala onetsita, hurrengo bi ekitaldietan exekutatuko da, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako jasoko diren kontu-sailen kargura.

III. KAPITULUA. Zerbitzuaren finantzazioa

7. artikulua. Baliabideak.

1. Foru Lege honetan zehazten den hiri barruko garraio publikoaren finantzazioak, besteak beste, honako dirusarrera hauek izan ahalko ditu:

a) Zerbitzua ustiatzearen ondoriozko dirusarrerak.

b) Foru Komunitateko Administraziotik, Estatuko Administraziotik zein Europako Batasuneko erakundeetatik jasotako dirusarrerak, nolanahikoak direla.

c) Lege honen aplikazio eremuaren barruko udalerrietatik jasotzen diren dirusarrerak.

d) Legearen aldetik, bidezko diren gainerakoak.

8. artikulua. Finantzaziorako ekarpenak.

1. Nafarroako Gobernuak eta Foru Lege honen aplikazio-eremuan sarturiko Udalerriek, Hiriko Garraioaren Planari jarraituz finkatzen diren ekarpenei aurre egin ahal izateko, behar adinako zenbatekoak aurreikusten dituzten kontusailak sartuko dituzte euren aurrekontuetan.

Udalerriek baimena eman ahal izanen diote Mankomunitateari Nafarroako Gobernuari hauxe eska diezaion: Foru Lege honetan araututako zerbitzua finantzatu ahal izateko Udalerriek Mankomunitateari eman behar dizkioten kopuruak ordain ditzan, Nafarroako Ogasun Publikoaren Zergetan Parte Hartzeko Fondoaren kargura.

2. Garraio Plana ez baldin bada aldatzen edo gaurkotzen, eta kasu horretarako aurreikuspen berezirik ez baldin badu, automatikoki beste ekitaldi ekonomiko baterako luzatuko da, Nafarroako kontsumorako prezioen indizeari dagokion gehikuntzarekin. Iruñerriko Mankomunitateak planaren eguneratzearen ondoriozko aurrekontu-beharrak ebaluatuko ditu; ebaluatze hori planean jasotako oinarriak erabiliz eginen da, eta indarrean diren kontratu eta konpromisoak aplikatuz, ekitaldi berriari buruzko aurreikuspenen mugapean. Luzapenetik heldutako ekarpenak aski ez badira horrela kalkulatutako aurrekontu-beharrak orokorki orekatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ekarpenak eta foru lege honen aplikazio-eremuko udalen ekarpenek orekatu egin beharko dituzte aipatutako aurrekontu-beharrak; horretarako, proportzio berean doituko dira luzatzen den planeko azken ekitaldirako ezarritako aurrekontu beharrak.

Lehen Xedapen Gehigarria. Sistema horren bideragarritasuna eremu txikiago batean.

Foru lege honen aplikazio eremuko udalerriren batek Mankomunitatetik ateratzea erabakitzen badu, Iruñerriko Hiriko Garraioaren Plana aldatzeko izapideak egin beharko dira, eta aldaketa horretan erabakiko da ea foru lege honetan araututako hiri garraio publikoaren kudeaketa-sistema bideragarria ote den gelditzen den eremurako.

Iruñerriko Mankomunitateak erabakiko balu gelditzen den eremuan sistema hori ez dela bideragarria, urtebeteko epean beste kudeaketa-modu bat sustatzeko eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.

Nafarroako Gobernuak erabakiko balu sistema hori gelditzen den lurraldean ez dela bideragarria, urtebeteko epean beste kudeaketa-modu bat sustatu beharko luke.

Bigarren Xedapen Gehigarria. (kenduta)

Hirugarren Xedapen Gehigarria. (kenduta)

Lehen Xedapen Iragankorra. (kenduta)

Bigarren Xedapen Iragankorra. (kenduta)

Azken Xedapenetan Lehena. Ordezko arauak.

Foru Lege honetan arautzen den bidaiari-garraio erregularrari dagokionez, bertan xedatuta ez dagoen orotan Errepideko Hiri barruko Garraio Publikoa arautzen duen Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Arauak emateko gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio Foru Lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa