Castellano | Euskara | Français | English
(2014ko 6. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 10ean)
Atarikoa
Martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsita dagoen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduneko 16. artikuluak trafiko agintaritzari esleitzen dio trafikoa arautuko duten neurri bereziak hartzeko ahalmena, segurtasun arrazoiak edo zirkulazioaren arintasunari dagozkionak daudenean. Besteak beste, azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onetsita dagoen Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluek zehazten dituzte neurri horietako batzuk, eta haiek hartzeko prozedura arautzen dute.
Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Nafarroako Gobernuak hartuko ditu aipatutako neurriak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 51. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
Trafikoa arautuko duten neurri bereziak ezartzea du xede ebazpen honek, zenbait ibilgailutarako edo ibilgailu multzo baterako, zirkulazioaren segurtasunak eta arintasunak eragina jasan dezaketen egunetarako. Zenbait faktore kontuan hartuta hautatu dira egun horiek, hala nola, Nafarroako Foru Komunitateko eta ondoko beste lurralde batzuetako jaiegunen egutegia, asteburuak, urtaroetako opor egunen hasiera edo bukaera aldiak, zubi-egunak edo beste gertakari batzuk.
Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen uztailaren 25eko 69/2012 Foru Dekretuari loturik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak onartzen dizkidan eskumenak baliatuz,
1. Zirkulazio murrizketa hauek ezarri dira Nafarroako Foru Komunitatean 2014. urterako:
a) Kirol probak, txirrindularien ibilaldiak eta bestelako ekitaldiak.
Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zirkulazioko Araudi Orokorraren 55. artikuluan eta II. eranskinean xedatutakoari jarraituz, ez da kirol proba bakar bat ere, ezta beste edozein lehiaketa ere, baimenduko, eta ez da haren aldeko txostenik eginen galtzada edo bazterbideak okupatuz gero, edo zirkulazioan edo bide segurtasunean eraginik izan badezake; bereziki, bidearen aparteko erabilera dakartenak eta trafikoa zaindu eta kontrolatzeko polizia indar eskudunen babesa behar dutenak Nafarroako Foru Komunitateko herri arteko bide publikoetan, ebazpen honen I. eranskinean aipatzen diren egun eta orduetan, non ez diren, beren ezaugarriak direla eta, salbuespen gisa baimentzen.
Salbuespen gisa, nazioartekoak eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) edo nazioz gaindiko antzeko beste erakunde batek antolatzen dituztenak baimentzen ahalko dira; orobat, inguruabar hauek betetzen dituztenak baimentzen ahalko dira: irteera/itzulera operazioengatik 2tik gorako ibilgailu intentsitateko bideetan eraginik ez izatea eta agente nahikoa izatea proban laguntzeko.
b) Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.
b.1) Salgai arriskutsuen errepide garraioari (ADR) buruzko Europako Erabakiaren arabera arriskua seinalatzeko arauzko panel laranjak eraman behar dituzten ibilgailuek debekatuta dute Nafarroako Foru Komunitateko bide publiko guztietan zirkulatzea, zirkulazioaren norabide guztietan, ondoren aipatzen diren egun eta orduetan:
–Igande eta jaiegunetan, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan (ikus VI. eranskina), 08:00etatik 24:00ak arte.
Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten 7.500 kg-tik gorako BGMa duten ibilgailuei, atal honetan ezarritako murriztapenez gain, ebazpen honen hirugarren murriztapenean jasoak aplikatuko zaizkie; hura salgaiak oro har garraiatzen dituzten 7.500 kg-tik gorako BGMa duten ibilgailuei buruzkoa da.
b.2) Aurreko puntuan ezarritako debekuetatik salbu daude ebazpen honen III. eranskinean aipatzen diren gaiak bertan zehaztutako baldintzetan garraiatzen dituzten ibilgailuak.
Karga, kopuru mugatua edo garraio mota direla-eta salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetako baten arabera egiten denean ere, ez dira aplikatuko aurreko puntuan ezarritako debekuak.
b.3) Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak. Espainiako lurraldean salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko eragiketak arautzen dituen maiatzaren 5eko 551/2006 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren eta Salgai arriskutsuen errepide garraioari (ADR) buruzko Europako Erabakiaren arabera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek ondoren aipatzen diren ibilbildeak egin beharko dituzte joan-etorrietan:
A) Salgaiak banatzeko joan-etorriak: helburua azken hartzaileei edo kontsumitzaileei salgai arriskutsua banatzea duten joan-etorrietan ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide segurtasunari zein trafikoaren arintasunari dagokienez, ahalik eta distantzia txikiena eginez ohiko errepidetan barna, salgaia entregatzeko tokiraino.
Aitzakiarik gabe erabiliko dira ingurabideak, saihesbideak edo herrietatik kanpoko errondak, halakorik izanez gero, eta bat baino gehiago izatera, herritik urrutien dagoena erabiliko da; zamalanetako eragiketak egiteko bakarrik sartzen ahalko dira herrigunean; betiere, entrega gunetik hurbilen dagoen sarbidetik, ezinbesteko arrazoi justifikatuak daudenean izan ezik.
B) Beste mota bateko joan-etorriak: joan-etorrien abiaburua eta helmuga ebazpen honen V. eranskinean datorren RIMParen barrenean (Salgai arriskutsuetarako ibilbide sarea) badaude, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek nahitaez erabili beharko dituzte haien ibilbidean.
Joan-etorrien abiaburua edo helmuga, edo biak, RIMPetik kanpo badaude, sare horretatik hurbilen dagoen sarrerara jotzeko aukera ematen duten ohiko errepideetan barrena eginen dira joan-etorriak, galtzada bakarreko bideetan barnako ibilbidea ahalik eta laburrena izan dadin. Arrazoi beragatik, salgaiaren helmugatik hurbilen den irteera hartuko da RIMP uzteko.
RIMPetik kanpo dauden ibilbidearen zatietan bide-segurtasunari eta trafikoaren arintasunari buruz egokiena den bidea erabiliko da, eta aitzakiarik gabe erabili beharko dira ingurabideak, saihesbideak edo herrietatik kanpoko errondak, halakorik izanez gero, eta bat baino gehiago izatera, herritik urrutien dagoena erabiliko da; zamalanetako eragiketak egiteko bakarrik sartzen ahalko dira herrigunean; betiere, entrega gunetik hurbilen dagoen sarbidetik, ezinbesteko arrazoi justifikatuak daudenean izan ezik.
Hemen aipatutakoez bestelako bideen barna igarotzeko, baimen berezia beharko da, ebazpen honen hirugarren atalean xedatutakoaren arabera emanen dena.
Zilegi da RIMPa uztea joan-etorrien abiaburua edo helmuga gidariaren ohiko bizilekua denean, eguneko edo asteko atsedena hartzeko edo ibilgailua konpontzeko edo mantentze-lanak egiteko; betiere, ADRn zehaztutako aparkatze baldintzak bete beharko dira. Kasu horietan, nora doan gidaria, handik hurbilen den irteera hartuko da RIMPa uzteko.
b.4) Aurreko puntuan xedatutakoa ez da aplikatuko baldin eta karga, kopuru mugatua edo garraio mota direla-eta ADRn jasotako salbuespenetako baten arabera egiten bada salgai arriskutsuen garraioa.
c) Salgaiak garraiatzeko 7.500 kg-tik gorako BGMa duten ibilgailuak.
c.1) Baimendutako gehieneko masa (BGM) 7.500 kg-tik gorakoa duten ibilgailuentzat debekatuta dago Nafarroako Foru Komunitateko bide publikoetan zirkulatzea II. eranskinean aipatzen diren egun eta orduetan.
c.2) Salbuespenak. Ebazpen honen IV. eranskinean aipatzen diren gaiak garraiatzen dituzten ibilgailuen zirkulazioari ez zaio aurreko debekua aplikatuko.
d) Ezaugarri teknikoengatik edo daramaten kargagatik zirkulazio baimen osagarria behar duten ibilgailuak, eta baimen osagarria behar ez duten ibilgailu bereziak.
d.1) Ezaugarri teknikoengatik edo daramaten kargagatik, legez ezarritako gehieneko masa edo neurriak (abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onetsitako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikulua) gainditzen dituzten ibilgailuei debekatzen zaie bide publikoetan barna zirkulatzea egun eta ordu hauetan:
–Larunbatetan, 13:00etatik 24:00ak arte, eta igandeetan, 00:00tik 24:00ak arte, eta
–Jaiegunetan, Foru Komunitatearen lurralde guztian, 00:00tik 24:00ak arte, eta jaiegun horien bezperetan, 13:00etatik 24:00ak arte.
d.2) Obra, zerbitzu edo nekazaritzako makinen ibilgailu bereziei ebazpen honen II. eranskinean jasotako murriztapenak aplikatuko zaizkie, baimen osagarria izan edo ez.
d.3) Hala ere, murriztapen hauek ez zaizkie aplikatuko IV. eranskinean aipatzen diren gaiak garraiatzen edo eginkizunak betetzen dituzten ibilgailuei.
e) Murriztapen osagarriak.
e.1) Ezustekoetan edo aparteko egoeretan, beharrezkotzat jotzen denean zirkulazioa arinagoa edo seguruagoa izatea, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, trafikoaren zaintzaren eta diziplinaren ardura duten agintaritzako agenteek erabakiko dituzte murriztapenak, neurri egokien bidez.
e.2) Fenomeno meteorologiko gogorrak gertatzen direnean, 3.500 kg-tik gorako BGMa duten kamioiek, autobusek, autobus artikulatuek eta ibilgailu multzoek nahitaez zirkulatuko dute bidearen eskuineko erreitik, eta ezin izanen dute abiadura txikiagoan zirkulatzen duten beste ibilgailurik aurreratu edo gainditu elur edo izotz kasuetan, aurreko lerroaldean aipatu 37. eta 39. artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz.
2. Aldi baterako baimen bereziak ematen ahalko dira, edo bidaia bakar baterakoak, ebazpen honek murrizten dituen bide eta aldietan zirkulatzeko, behar bezala justifikatutako ezinbesteko zerbitzuak egiteko beharrezkotzat jotzen denean, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Baimen berezi horietan ibilgailuaren matrikula eta ezaugarri bereziak, garraiatzen den salgaia, zer bide erabiliko diren eta garraioaren baldintzak jasoko dira.
3. Nafarroako Gobernuko administrazio unitate eskudunari dagokio ebazpen honen lehen eta bigarren ataletan aurreikusitako baimen bereziak emateari buruzko ahalmenak erabiltzea.
4. Ebazpen honetako erregulazio neurriak betetzen ez badira, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikuludunean aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira. Trafikoko zaintzaren eta diziplinaren ardura duten agintaritzako agenteek ibilgailua nahitaez gelditzeko neurri osagarria hartzen ahalko dute haren zirkulazioak arriskua edo nahasmendu larriak eragiten dituenean errepideko trafikoan eta, beharrezkoa izanez gero, eraman eta gordailuan utziko dute debekua bukatu edo berriz ibiltzea baimendu arte, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikuludunari jarraituz.
5. Nafarroako Gobernuko administrazio unitate eskudunak ebazpen honetan ezarritako murriztapen aldietan zirkulatzeko baimena ematen ahalko die lehen puntuko hirugarren murriztapeneko ibilgailuei. Neurri hori salbuespenekoa izanen da zirkulazioaren baldintzen arabera eta, horrenbestez, jarraibide egokiak emanen zaizkio Nafarroako Foruzaingoari eta Guardia Zibilaren Trafiko Sailari.
6. Ebazpen honek eta bere edukiak eraginkortasun osoa izanen dute 2014ko urtarrilaren 1eko 00:00tik aurrera 2014ko abenduaren 31ko 23:59ra arte. Dena dela, trafikoa erregulatzeko 2015eko neurri bereziak ezarriko dituen ebazpenak indarra hartu arte luzatuko dira, I. eta II. eranskinetako data jakin batzuetako murriztapenak salbu.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
8. Administrazio publikoak ez diren espedienteko interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
I. ERANSKINA. Kirol probak, txirrindularien ibilaldiak eta bestelako ekitaldiak
1. Proba egiteko bide motaren araberako murriztapenak.
Non ez den baimen espresik, ez da kirol probarik baimenduko, ezta haren aldeko txostenik eginen ere, haren ibilbidea Nafarroako Errepide Sareko autobide edo autobietan barna denean; salbuespen espres hori ibilbide alternatiboak ez izateari lotua dago.
2. Proba egiteko dataren araberako murriztapenak.
2.1. Hauteskundeak, erreferendumak, plebiszituak edo bestelako herri kontsultak egiten diren egunetan, 00:00tik 24:00ak arte.
2.2. Hurrengo egunetan, 00:00tik 24:00ak arte.
–Xabierraldiak: martxoaren 8an, 9an, 14an eta 15ean.
–Abenduko zubi foralean, azaroaren 29tik abenduaren 8a arte.
II. ERANSKINA. Salgaiak oro har eta salgai arriskutsuak
7.500 kg-tik gorako BGMa duten ibilgailuek hurrengo murriztapenei egokituz zirkulatuko dute Nafarroako Foru Komunitateko bide publikoetan barna.
Data jakin batzuetako murriztapenak.
Frantziako eta Euskal Autonomia Erkidegoko murriztapenei jarraipena emateko, 7.500 kg-tiko gorako BGMa duten ibilgailuek debekatuta dute ondoren aipatzen diren bide, egun eta orduetan zirkulatzea:
a) Aldi orokorretako murriztapenak, atal honetan aurreikusten direnak, hurrengo bideetan bakarrik aplikatuko dira:
BIDEA |
IZENA |
ABIABURUKO K.P. |
BUKAERAKO K.P. |
NORABIDEA |
A-15 |
Leitzarango autobia |
134,5. K.P. (Pagozelaiko gasolindegia) |
Gipuzkoako muga |
Gipuzkoa |
A-1/N-1 |
1. Nazionala |
391. K.P. (Arabako muga) |
405,450. K.P. (Gipuzkoako muga) |
Araba / Gipuzkoa |
N-121A |
Irungo errepidea |
65,5. K.P. (Berako gasolindegia) |
Gipuzkoako muga |
Gipuzkoa |
N-121B |
Frantziako errepidea (Dantxarinea) |
45. K.P. (Arraiozko biribilgunea) |
Frantziako muga |
Frantzia |
b) Bide horietan, hurrengo egun eta orduetan aplikatuko dira murriztapen hauek:
–Frantziako murriztapenei jarraipena emateko, bezperako 22:00etatik jaieguneko 22:00ak arte, hurrengo egunetan:
–Urtarrilaren 1ean, asteazkena, Urteberri eguna (jaieguna Nafarroan ere).
–Apirilaren 20an, Pazko-igandea (jaieguna Nafarroan ere).
–Apirilaren 21ean, Pazko-bigarrena (jaieguna Nafarroan ere).
–Maiatzaren 1ean, osteguna eta Langilearen eguna (jaieguna Nafarroan ere).
–Maiatzaren 8an, osteguna eta Garaipenaren eguna.
–Maiatzaren 29an, osteguna eta Igokunde eguna.
–Ekainaren 8an, Mendekosteko igandea.
–Ekainaren 9an, Mendekosteko astelehena.
–Uztailaren 14an, astelehena eta Festa Nazionala.
–Abuztuaren 15ean, ostirala eta Jasokunde eguna (jaieguna Nafarroan ere).
–Azaroaren 1ean, larunbata eta Santu Guztien eguna (jaieguna Nafarroan ere).
–Azaroaren 11n, asteartea eta Menia eguna.
–Abenduaren 25ean, osteguna eta Eguberri eguna (jaieguna Nafarroan ere).
III. ERANSKINA. Salgai arriskutsuak
1.–Beti, salbuespenik eskatu beharrik gabe:
SALGAIAK |
GARRAIATZEKO BALDINTZAK |
–Etxean erabiltzeko gas likidotuak, ontziratuta edo soltean, banaketa guneetara garraiatzeko edo kontsumitzaileei banatzeko |
–ADRan aurreikusitakoak |
–Gasolindegiak hornitzeko gaiak |
–ADRan aurreikusitakoak |
–Norberaren kontsumoko zentroetarako erregaiak, errepideko garraioko ibilgailuak hornitzekoak |
–ADRan aurreikusitakoak |
–Tren garraioa hornitzeko erregaiak |
–ADRan aurreikusitakoak |
–Portu eta aireportuetarako erregaiak, itsasontziak eta aireontziak hornitzekoak |
–ADRan aurreikusitakoak. |
–Berokuntzako gasolioak, etxean erabiltzekoak |
–ADRan aurreikusitakoak |
–Osasun zentroek funtzionatzeko behar diren gasak, baita etxeetan osasun laguntza emateko partikularrei garraiatzen zaizkien gasak ere; bi kasuetan frogatu beharko da duten destinoa |
–ADRan aurreikusitakoak |
2.–Salbuespena eskatu eta justifikatuta.
SALGAIAK |
GARRAIATZEKO BALDINTZAK |
–Industria zentroek etengabe funtzionatzeko ezinbestekoak diren produktuak. |
–ADRan aurreikusitakoak eta baimenean ezartzen direnak |
–1. atalean jaso gabeko osasun zentroak abiaburu edo helmuga dituzten produktuak. |
–ADRan aurreikusitakoak eta baimenean ezartzen direnak |
–Salgai arriskutsuen garraioa itsas-portu eta aireportuetatik edo haietara, debekuaren xedeko egunetan nahitaez zirkulatu behar dutenean. |
–ADRan aurreikusitakoak eta baimenean ezartzen direnak |
–Pirotekniako materiala |
–Baimenean ezartzen direnak |
–Aparteko beste inguruabar batzuk direla-eta ezinbestean garraiatu behar diren beste gai batzuk |
–Baimenean ezartzen direnak |
IV. ERANSKINA. Salgaiak, oro har
Beti, salbuespenik eskatu beharrik gabe:
Animalia bizien garraioa.
Salgai galkorrak.
Kargako ibilgailuak, feria, erakusketa eta ikuskizunak, eta kirol, kultura, hezkuntza edo politika arloko ekitaldiak instalatzeko.
Prentsaren garraio esklusiboa.
Postaren eta telegrafoen garraioa.
Ikus-entzunezko komunikabideen unitate mugikorren garraioa.
Garraiatzen diren produktuak herriz herri saltzeko eraikitako ibilgailuak.
Larrialdiei arreta emateko ibilgailuak.
Hutseko ibilgailuak, aipatu garraioekin zerikusia dutenak.
Matxuratutako ibilgailuei edo istripukoei gertalekuan bertan laguntzen dieten garabi ibilgailuak edo haiek uzten ahal diren tokirik hurbilenera eramaten dituztenak, hutsik itzultzeko.
Premia biziko zerbitzuetarako (linea elektrikoa, gasa, ura, telefonia, komunikazioetarako zuntz optikoa) oinarrizko instalazioak konpontzeko behar den materiala garraiatzen duten ibilgailuak, edo sostengukoak.
Neguan errepideak erabilgarri izan daitezen, urgarriak garraiatzen dituzten ibilgailuak.
Beren indarrez dabiltzan zerbitzuetako makinak eta jasotze garabiak gertalekuan berehala agertu behar duten premiazko kasuetan, zerbitzuak zirkulazio baimen osagarria behar duenean; abisu ematera behartuta daude, baimen horien baldintzetan jaso bezala.
V. ERANSKINA. Salgai arriskutsuetarako ibilbide sarea (RIMP)
Salgai arriskutsuen garraioa, oro har:
BIDEA |
IBILBIDEA |
N-I/A-1 |
391. K.P. (Nafarroa) / 405,5. K.P. (Nafarroa, Etxegarate) |
AP-15 |
0 K.P. (AP-68ko lotunea / 112. K.P. (A-15aren eta A-10aren arteko lotunea, Irurtzunen) |
A-15 |
112. K.P. (A-15aren eta A-10aren arteko lotunea Irurtzunen) / 139,8. K.P. (Gipuzkoako muga) |
A-10 |
0 K.P. (A-15aren eta A-10aren arteko lotunea Irurtzunen) / 29. K.P. (A-1aren lotunea Altsasun) |
A-21 |
0 K.P. (AP-15aren lotunea Noainen) / Zaragozako probintziako muga |
A-12 |
3. K.P. (A-15aren lotunea Zizurren) / 76. K.P. (NA-134aren lotunea Vianan) |
Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, 2013ko apirilaren 10ekoa.
Salgai arriskutsuetarako ibilbide sarea (RIMP)
VI. ERANSKINA. Nafarroako jaiegunen zerrenda 2014rako
341/2013 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2014ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.
–Urtarrilaren 1a, asteazkena eta Urteberri eguna.
–Urtarrilaren 6a, astelehena eta Errege eguna.
–Martxoaren 19a, asteazkena eta San Jose eguna.
–Apirilaren 17a, Ostegun Santua.
–Apirilaren 18a, Ostiral Santua.
–Apirilaren 21a, Pazko-bigarrena.
–Maiatzaren 1a, osteguna eta Langileen Eguna.
–Abuztuaren 15a, ostirala eta Andre Mariaren Jasokundea.
–Azaroaren 1a, larunbata eta Santu Guztien eguna.
–Abenduaren 3a, asteazkena eta San Frantzisko Xabierkoaren eguna.
–Abenduaren 6a, larunbata eta Konstituzioaren eguna.
–Abenduaren 8a, astelehena eta Maria Sortzez Garbiaren eguna.
–Abenduaren 25a, osteguna eta Eguberri eguna.