Castellano | Euskara | Français | English
(2000ko 61. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 19an)
Atarikoa
Udal, Kontzeju eta Mankomunitateen jardunaren barruan, gero eta ohikoagoa da kasuan kasuko udalerriko gazteen trafiko istripuei aurrea hartzeko kanpainak antolatzea, haientzako gaueko autobus zerbitzuak paratuz, aipatu gazteak beste udalerri edo herrietara "eraman eta ekartzeko". Horrela, ordu horietan auto partikularrak erabil ditzaten galarazten da.
Zerbitzu horiei "joan eta etorri" izena eman ohi zaie. Ulertzekoa da Udalek, Kontzejuek edo Mankomunitateek antolatzea, izan ere, entitate horiek dira bertako gazteen dibertsioetarako joera eta ohiturak hobekien ezagutzen dituztenak.
Bestalde, zerbitzu guztien izena berdina izan arren, "Joan eta etorri" alegia, ezaugarriei dagokienez (egutegia eta maiztasuna batez ere) ez datoz bat, kolektibo edo herri bakoitzaren beharren arabera antolatzen baitira.
Horrez gainera, gogoan izan dezagun autobusetako bidaiari garraio zerbitzuak ezartzeko beharrezkoa dela berariazko legeria zabal eta joria kontuan hartzea, garraioari buruzkoa, hain zuzen.
Hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek ezartzeko beharrak eta bakoitzaren ezaugarriak garraio arloan indarra duen legeriari egokitzea, entitate antolatzaileen kudeaketa errazteko eta, batez ere, zerbitzu horiek ezartzeko informazioa emateko eta antolabiderik egokiena zein den adierazteko, indarra duten legeekin bat etorriz beti ere.
Horregatik guztiagatik, garraio arloko eskumenak erabiliz, egoki da jarraibide batzuk onestea, Udalek aukeran dituzten bideak adierazteko eta Udal interesatuek segitu beharreko prozedura zehazteko, bakoitzak ezarri nahi duen zerbitzuaren ezaugarrien arabera.
Horrenbestez, Garraio Zerbitzuaren txostena ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 11/1983 Legearen bidez Departamentu honek dituen ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Nafarroako Foru Komunitatean "Joan eta etorri" bidaiari garraio zerbitzua ezartzeko jarraibideak onestea, Foru Agindu honetako eranskinaren arabera.
Bigarrena
Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Hirugarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA "Joan eta etorri" bidaiarien garraio zerbitzua Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko jarraibideak
ERANSKINA
Tokian tokiko gazteen trafiko istripuei aurrea hartzeko asmoz, autobus bidezko garraio kolektiboko zerbitzuak ezarri eta antolatzeko interesa duten toki entitateek (udalak, kontzejuak, mankomunitateak) ondoko garraio modu bat aukeratu ahalko dute, eman beharreko zerbitzuaren arabera:
1.-"Joan eta etorri" zerbitzu erregularrak areagotzea
Zerbitzua antolatu nahi duen biziguneetara doan hiriarteko bidaiari-garraio erregularra baldin badago, kontratatzaileak zerbitzu horiek areagotzeko eskatu ahalko dio enpresa kontzesio-hartzaileari.
-Zerbitzuaren ezaugarriak:
-Erabiltzaileak: zerbitzua erabiltzaile guztientzat da, beraz, bidaiari guztiei irekita dago, garraio arloko arautegiarekin bat etorriz.
-Tarifa: kontratatzaileak eskatuz gero, Nafarroako Gobernuaren baimena izanik, tarifa berezi bat kobratzea erabaki ahalko da, zerbitzuaren kostu osoa bete ala ez, beti ere kontratatzaileak zerbitzuaren balizko defizita bere gain hartzen badu.
-Prozedura: kontratatzaileak (toki entitateak, hau da, udalak, kontzejuak, mankomunitateak) kontzesio-hartzailearengana jo beharko du egin gogo duen zerbitzua planteatzera eta ibilbidea, ordutegia, egutegia, egin beharreko zerbitzu-kopurua eta kobratu gogo duen tarifa adieraziko dizkio.
Enpresak eskaera horri erantzun beharko dio, zerbitzua aurrera eramateko langile eta baliabiderik ba ote duen eta, esleitu zaion kontzesioaren kostuen arabera, zerbitzuaren kostua zenbatekoa den adieraziz. Gainera, tarifa egokia zein den proposatuko dio, hala nola zerbitzuaren kostua finantzatzeko behar den gutxieneko bermea. Erantzun hori Garraio Zerbitzura ere igorriko da, kontzesioaren baldintzetara egokitzen ote den azter dezan.
Akordio batera iritsita, enpresak zerbitzua areagotzeko erabakiaren berri emanen dio Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta tarifa bereziak onesteko baimena eskatuko du.
2.-"Joan eta etorri" zerbitzu bereziak
Zerbitzu erregular berdin-berdinik ez bada edo zerbitzua areagotzeko akordiorik lortzen ez bada, toki entitateek (udalak, kontzejuak, mankomunitateak) "Joan eta etorri" zerbitzu berezia antolatu ahalko dute, ondotik azaltzen diren bi prozeduretatik bati jarraikiz, antolatu behar duten bidaia kopuruaren arabera.
2.1.-Hilabetean ibilbide bereko 4 bidaia edo gehiago antolatzen badira, "Joan eta etorri" erabilera mugatuko garraiorako baimena lortu beharko dute.
-Zerbitzuaren ezaugarriak:
-Erabiltzaileak: zerbitzua antolatzen du(t)en herri(eta)ko gazteen kolektibo homogeneoa.
-Tarifa: banaka kobratzen bada, entitate kontratatzaileak erabakitzen duena.
-Prozedura:
-Toki entitateak, indarra duen legeriaren arabera segitu beharreko prozedurari jarraikiz, zerbitzua kontratatuko du bidaiarien garraio publikorako indarreko baimena duen bidaiarien garraio enpresa batekin. Kontratazio espedienteari hasiera emateko, kontratatzaileak abenduaren 9ko 350/1998 Foru Dekretuaren 5. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoari jarraikiz jardun beharko du (1998ko abenduaren 25eko 154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala), trafiko ahuleko linea erregularren lehentasunezko eskubiderik badago ere.
-Zerbitzua adjudikatu ondoren, enpresa adjudikazio hartzaileak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari garraio berezia egiteko baimena eskatuko dio eta, banakako kobraketa egin nahi izanez gero, horretarako baimena.
2.2.-Hilabetean ibilbide bereko 4 bidaia baino gutxiago antolatzen badira eta banaka kobratu behar baldin bada, "Joan eta etorri" zerbitzua banaka kobratzeko baimena lortu beharko da.
-Zerbitzuaren ezaugarriak:
-Erabiltzaileak: zerbitzua antolatzen du(t)en herri(eta)ko gazteen kolektibo homogeneoa.
-Tarifa: banaka kobratzen bada, entitate kontratatzaileak erabakitzen duena.
-Prozedura:
-Toki entitateak, indarra duen legeriaren arabera segitu beharreko prozedurari jarraikiz, zerbitzua kontratatuko du bidaiarien garraio publikorako indarreko baimena duen bidaiarien garraio enpresa batekin.
-Enpresa adjudikazio-hartzaileak banaka kobratzeko baimena eskatuko dio Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari.