Castellano | Euskara | Français | English
21/1999 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, fondo publikoen kargura diharduten irakaskuntza ez-unibertsitarioetako ikastetxeetan ikasleak sartzeko, ikastetxeen irizpide osagarriak onesteko prozedura garatzen duena
(1999ko 22. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 19an)
Atarikoa
Fondo publikoen kargura diharduten ikastetxeetan ikasleak sartzea arautzen duen otsailaren 28ko 56/1994 Foru Dekretuaren 15. artikuluak ezartzen du, ikastetxeetan sartzeko eskaeren baremoa aplikatzeko orduan, ikastetxe bakoitzeko organo eskudunak, gehienez ere, hiru puntu eman ahalko dituela berak hautatzen dituen irizpide osagarriengatik.
Dekretu horrek adierazten du, irizpide horiek aplikatu aurretik, Eskolatze Batzordearen onespen idatzia beharko dutela eta, onetsi ondoren, interesatuei jakinarazi beharko zaizkiela.
Horregatik bidezkoa da prozedurazko tramite bat ezartzea, ikasmaila guztietarako irizpideak adierazi eta onesteko modua ezartzeko eta, ahal den neurrian, administrazio prozesua arintzeko.
Horiek horrela, agindu dut:
1. Ikastetxe bakoitzak, ikasleak hautatzeko otsailaren 28ko 56/1994 Foru Dekretuaren 15. artikuluan araututako prozesuaren barrenean, erabiliko dituen irizpide osagarriak Agindu honetan xedatutakoari jarraikiz onetsi beharko dira.
2. Ikasturte bakoitzean, azaroan, ikastetxeek, kasuan kasuko organo eskudunaren bidez, hurrengo ikasturteko eskolatze prozesuetan aplikatuko diren irizpide osagarriak aurkeztuko dizkiote Eskolatze Batzordeari, horrek onets ditzan. Guztira, hiru puntu eman ahalko dituzte irizpide horiengatik, irizpide osagarri bakoitzeko puntu bat, gehienez.
Ezarri den epe horretan irizpide osagarriak aurkezten ez badira, ezin izanen dira erabili kasuan kasuko ikasturteko onarpen prozesuetan.
3. Abenduaren barrenean, Eskolatze Batzordeak irizpide horiek onetsi beharko ditu, ontzat hartzen baditu, eta ikastetxeei horren berri emanen die, ondoren interesatuei jakinarazi diezazkieten.
Xedapen Iragankor Bakarra
1999/2000 ikasturteari dagokionez, ikastetxeek irizpide osagarriak aurkezteko epea Foru Agindu hau argitaratzen den egunean hasiko da eta 1999ko martxoaren 16an amaituko. Eskolatze Batzordeak martxoa amaitu baino lehen ebatzi beharko du.
Azken Xedapenetako Lehena
Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari baimena ematen zaio Foru Agindu honetan xedatutakoa interpretatu eta aplikatzeko behar diren ebazpen eta jarraibideak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.