(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ikasleak :
    • Ikastetxeetako onarpen arauak :
      • 46/1991 Foru Dekretua, urtarrilaren 31koa, Irakaskuntza Ertainen Erreformaren bigarren zikloko irakasgai esperimentalak gainditzen dituzten ikasleek Unibertsitatera sartzeko pasa behar dituzten gaitasun-frogak egiteko prozedura arautzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

46/1991 Foru Dekretua, urtarrilaren 31koa, Irakaskuntza Ertainen Erreformaren bigarren zikloko irakasgai esperimentalak gainditzen dituzten ikasleek Unibertsitatera sartzeko pasa behar dituzten gaitasun-frogak egiteko prozedura arautzen duena

 

(1991ko 24. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 25ean)

Atarikoa

Hezkuntza eta Zientzia Ministraritzak 1988.eko maiatzaren 16an emandako Aginduak arautu zuen Irakaskuntza Ertainen Erreformaren bigarren zikloko irakasgai esperimentalak gainditzen dituzten ikasleek Unibertsitatera sartzeko egin behar dituzten gaitasun-frogen eredua.

Abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuaren bitartez unibertsitateaz besteko irakaskuntzen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatekora transferitu direnez geroztik, beharrezko da 1988.eko maiatzaren 16ko Ministraritzaren Aginduak aipatzen dituen gaitasun-frogetarako arauak ematea, baita adieraztea ere zein Unibertsitateri dagokion ikasleendako froga horiek antolatu, egin eta burutzea.

Horrenbestez, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak ml ila bederatziehun eta laurogeitamaikako urtarrilaren hogeitamaikan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua

Irakaskuntza Ertainen Erreformaren bigarren zikloa egin duten ikasleek Unibertsitateko Fakultate, Goi Mailako Eskola Tekniko eta Eskoletan sartzeko egin behar dituzten gaitasun-frogak Foru Dekretu honetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2. artikulua

Bigarren mailako irakaskuntza esperimentalaren bigarren zikloa gainditzen duten ikasleek egiten ahal dituzte gaitasun-frogak.

3. artikulua

Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokio frogak antolatu, egin eta burutzea.

4. artikulua

Gaitasun-frogek ariketa hauek izanen dituzte:

Lehenbiziko ariketa: Bigarren zikloko guziendako irakasgaiei buruzkoa. Ariketa honen helburua ikaslearen prestakuntza orokorra baloratzea izanen da. Ariketa hau prestatua dago hezkuntzaren oinarrizko gaitasunak aztertzeko, besteak beste, kontzeptuen ulermena, hizkuntzaren erabilera, eta itzuli, erlazionatu, aztertu eta laburtzeko gaitasuna.

Ariketa honek bi bloke izanen ditu:

Lehenbiziko blokea: Gehienez ere ehun lerroko testu bati buruzko azterketa eta iruzkina. Aipatu azterketan ondoko aspektuok eskatuko dira: testuari izenburua jartzea, edukinaren laburpen eta eskema egitea, testuari buruzko iruzkin kritikoa egitea eta testuari loturik gaztelerari buruzko galdera batzuei erantzutea. Lehenbiziko bloke honek ordu eta erdi iraunen du gehienez ere.

Plan esperimentalaren bigarren zikloan "Euskal Hizkuntza eta Literatura" irakasgaia izan duten ikasleek beste iruzkin bat egin beharko dute euskaraz. Iruzkin honek gaztelerazkoak dituen aspektu berberak izanen ditu. Ikasle hauek hiru ordu izanen dituzte gehienez ere lehenbiziko bloke hau egiteko.

Bigarren blokea: Lehenbiziko fasea: Ikasitako hizkuntza atzerritarreko testu bati buruzko gai batzuei erantzun behar zaie. Testuan hizkuntza arrunta eta ez espezializatua azalduko da eta 250 hitz inguru izanen ditu. Galdera bati erantzutean ez da zilegi izanen testuan dagoena berriz esatea edo egindako galdera bera jartzea. Gaiak eta galderak idatziz eta testuaren hizkuntzan erantzunen dira. Ikasleak ordu bat izanen du, eta ez du ez hiztegirik ez inolako laguntzarik eramaten ahalko.

Bigarren fasea: Guziendako gainerako irakasgaietan bi aukera proposatuko zaizkio ikasleari, horietatik bat har dezan. Gehienez ere ordu bat iraunen du ikasgai bakoitzeko frogak.

Bigarren ariketa: Ikasleak egindako Batxilergo motako irakasgai espezifikoei eta aukerako irakasgaiei buruz. Ariketa honen bitartez ikaslearen prestakuntza espezifikoa baloratuko da.

Batxilergo mota bakoitzean bi irakasgai-multzo eginen dira. Multzo bakoitzean irakasgai espezifiko bat egonen da, nahitaezkoa ikaslearendako, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak hautatzen dituen espezifikoak eta aukerakoak. Azkeneko hauetatik ikasleak bi hautatu beharko ditu.

Ariketa honek lau ordu iraunen du. Administrazio eta Kudeaketako Batxilergoan eta Batxilergo Tekniko Industrialean lau ordu t'erdi iraunen du eta Arte Plastiko eta Diseinuko Batxilergoan bost ordu.

Frogen ezaugarriak ikasketa plan esperimentalaren gaien edukin eta metodoei egokituko zaizkie. Nafarroako Unibertsitate Publikoak aldez aurretik finkatuko du zenbat denbora ematen zaion irakasgai bakoitzari.

5. artikulua

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuak ezarriko du ariketa bakoitzaren gai-multzoa.

6. artikulua

Kalifikazioa honelaxe eginen da:

Frogaren irakasgai bakoitzak 0tik 10era bitarteko puntuazioa izanen du.

Ariketei eta ariketa bakoitzaren zatiei ondoko puntuazio hauek emanen zaizkie:

Lehendabiziko ariketa (% 50a).

-Lehenbiziko blokea: % 20a.

-Bigarren blokea: % 30a.

Testuaren iruzkinari dagokion % 20a erdi bana eginen da euskara eta gazteleraren artean, bi irakasgai hauek batera egiten direnean.

Bigarren ariketa (% 50a).

-Nahitaezko irakasgaia: % 20a.

-Aukerako irakasgaiak: % 30a.

Administrazio eta Kudeaketako Batxilergoan, bigarren ariketako nahitaezko irakasgai bakoitzak % 30a balioko du, eta % 10a aukerako bakoitzak.

Ezin izanen da inolaz ere "gai"tzat hartu Kalifikazio orokorrean lau puntu erdiesten ez duen ikaslerik.

Unibertsitatean sartzeko frogen behin betiko puntuazioa honelaxe kalkulatuko da: Alde batetik, bi ariketen bataz besteko kalifikazioak batu eta horien bataz bestekoa atera. Bestetik, esperimentalaren bigarren zikloan ikasleak ateratako kalifikazioen bataz bestekoa bestetik. Azkenik bi puntuazio horien bataz bestekoa eginen da. Unibertsitatera sartzeko frogak gainditzeko, bost puntu lortu behar dira gutxienez.

7. artikulua

Gaitasun-froga hauek ekainean eta irailean baizik ez dira eginen. Ikasle bakoitzak lau deialdi erabiltzen ahal ditu gehienez ere.

8. artikulua

Nafarroako Unibertsitate Publikoak plan esperimentaletako ikasleendako gaitasun-frogak eratuko ditu, honako honi jarraikiz:

Epaimahaiburua Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 33.1 artikuluak aipatzen dituen Kidegoetako Irakasleen artetik aterako da. Pertsona aditu bat egonen da Unibertsitateak aukeratzen duen jakintza arlo bakoitzeko. Aditu horiek, kopuru berean, aterako dira Irakaskuntza Ertaineko plan esperimentala ematen ari diren Irakasleen artetik edo esperientziaren jarraipena egiten ari direnen artetik, eta ikaslea egon den ikastetxeko Irakasle bat. Epaimahaiak eginen ditu, halaber, Errektoreak azterketen kalifikazioaz eskatzen dituen txostenak, eta Errektoreak ebazpenak hartuko ditu, berak egoki juzkatzen dituen aholkulariek lagundurik.

9. artikulua

Epaimahaiburu bakoitzak finkatuko du, frogen ezaugarriek sortutako baldintzen arabera, epaimahaia zein tokitan arituko den lanean.

10. artikulua

Froga hauek behin gainditutakoan, ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikora sartzen ahal dira, edo Estatuko beste edozeinetan, izaera orokorrez Ikastetxe Unibertsitarioetara sartzea erregulatzen duten arauei jarraikiz.

11. artikulua

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektorea Buru delarik, Koordinazio Batzorde bat eratuko da, Unibertsitateko Irakasle Numerariek eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuan Erreformaren diseinu eta koordinazioaz arduratzen diren Aholkulari Teknikoek osatua. Batzorde honek bere gain hartuko du Foru Dekretu honetan jarritako betebeharren araberako froga-ereduak egitea, baita froga horiek koordinatzea ere.

Xedapen Iragankor Bakarra

Euskarazko testuaren iruzkina eginen da baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Fakultate, Goi Mailako Eskola Tekniko eta Unibertsitate Eskoletan sartzeko gaitasun-frogen artean "Euskal Hizkuntza eta Literatura" irakasgaia sartzea arautzen duen Errege Dekretua onesten bada.

Azken Xedapenetako Lehendabizikoa

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza, Kultura eta Kirol Kontseilariari Arautegi hau aplikatu eta aurrera eramateko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa