Castellano | Euskara | Français | English
434/2008 EBAZPENA, urriaren 29koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, jarraibideak ematen dituena hko programa honen antolamendua eta funtzimendua arautzeko: Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei laguntzeko programa, hezkuntzako laguntzaren premia berariazkoa duten ikasleak direla-eta, hezkuntza sistemara berandu sartu izanagatik eta/edo egoera sozial eta kultural ahulean izateagatik
(2008ko 146. NAOn argitaratutako testua, Abenduaren 1ean)
Atarikoa
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, atarikoan, ezartzen du aniztasunari arreta eskaintzearen printzipioak oinarrizko hezkuntza guztia gidatu behar duela. Horrela, ikasleei beren ezaugarriei eta beharrei egokitutako hezkuntza emanen zaie.
Lehen Hezkuntzan ikasleen aniztasunari arreta jarriko zaio ikaskuntzako zailtasunei aurrea hartzeko, eta zailtasunak aurkitu bezain laster ekin beharko zaio, ikaskuntza sendotzeko mekanismoei hasiera emateko.
Halaber, xedatzen du hezkuntza administrazioek beharrezko bitartekoak eta baliabideak jarriko dituztela hezkuntzako laguntzaren premia berariazkoa duten ikasleak hezkuntzako etapa guztietan sartu ahal izateko. Horretarako, prozedurak eta baliabideak ezarriko dira ikasleen hezkuntzako laguntzaren premia berariazkoa goiz aurkitzeko, eta familien parte-hartzea kontuan hartuko da ikasle horien eskolatzeari eta hezkuntzako prozesuei eragiten dieten erabakietan.
II. tituluko I. kapituluak, hezkuntzako laguntzaren premia berariazkoa duten ikasleei dagokienez, 79. artikuluan ezartzen du hezkuntza administrazioek hizkuntzan gabezia larriak edo oinarrizko gaitasunetan nahiz ezagupenetan gabezia larriak dituzten ikasleentzat programa berariazkoak garatzen ahalko dituztela, dagokien ikasmailan integratzen laguntzeko. Ikasleak ohiko taldeetan eskolatuko dira, beren mailarekin eta ikaskuntza-bilakaerarekin bat, eta aipatutako programak aldi berean gauzatuko dira.
Martxoaren 19ko 24/2007 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duenak, 14. artikuluan xedatzen du bateragarri izan behar dutela ikasle guztien hezkuntza garapenak eta bakoitzaren premiei kasu egiteak, bereziki hezkuntzako laguntzaren premia berariazkoak dituztenen kasuan, curriculumean eta antolamenduan behar diren neurriak hartuz.
Hezkuntza Kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duenak, V. kapituluko 28. eta 29. artikuluetan ezartzen du hezkuntzako laguntza programa izanen dela lehen hezkuntzan, hezkuntza sistemara berandu sartzen diren eta/edo egoera soziokultural ahulean dauden ikasleei kasu egiteko.
Foru Komunitateko ikastetxeek, Aniztasunari Erantzuteko Planaren barnean, neurriak ezarri behar dituzte ikasleen hezkuntza premiei erantzun egokia emateko.
Ondorio horretarako, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak aldeko txostena aurkeztu du, jarraibideak onets daitezen Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei laguntzeko programaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:
1. Jarraibideak onestea honako programa honen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei laguntzeko programa, hezkuntzako laguntza berariazkoa behar duten ikasleak direla-eta, hezkuntza sistemara berandu sartu izanagatik eta/edo egoera sozial eta kultural ahulean izateagatik. Jarraibideak eranskinean jaso dira.
2. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari, Langileriaren Kudeaketarako Atalari eta Kultura-aniztasunaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
ERANSKINA
1.-Programaren helburua.
Programaren helburua da Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloan, laguntzaren premia berariazkoa duten ikasleek (hezkuntza sistemara berandu sartu izanagatik eta/edo egoera soziokultural ahula izateagatik) hezkuntzako arreta jaso dezatela.
Honako hau izanen da laguntza: harrera-herrialdeko eta irakaskuntzako hizkuntza ez dakiten jatorri atzerritarreko ikasleei hizkuntza horixe irakastea, eta arlo instrumentaletan curriculum-atzerapen nabarmena dutenei arreta eskaintzea.
2.-Helburu orokorrak.
Ikasle horiei eskaintzen zaien arretaren helburuak hauek dira:
a) Etapa, ziklo eta maila bakoitzeko curriculumaren oinarrizko gaitasunak bereganatzea.
b) Ikasleen ikaskuntza bultzatzea eta agudoago ikasten laguntzea -"hezkuntzako konpentsazioa" kontzeptu murriztailea gaindituz-, erraztasunak ematen dituzten estrategien eta prozeduren bidez, esaterako elkarlaneko ikaskuntzaren bidez eta hezkuntza komunitate guztiak hezkuntzako prozesuan parte hartzearen bidez.
c) Ikastetxean dauden talde sozialen ezaugarri kulturalak ezagutu eta errespetatzea, eta aniztasunak elkar aberasten gaituela onartzea, gizarte askotariko batean gaudenez.
d) Errespetuzko jokaerak garatuz eta inor baztertzen ez duen hizkuntzaren bidez -arbuiozko jarrerak saihestuz- kultura arteko gaitasunak eta balioak bereganatzea.
3.-Programaz balia daitezkeen ikasleak.
Programa honen xede dira Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eskolaturik dauden eta harrera-herrialdeko eta irakaskuntzako hizkuntza ezagutzen ez duten ikasleak eta bi ikasmailetan edo gehiagotan curriculum-atzerapen nabarmena dutenak.
4.-Ikasleak hautatzeko irizpideak.
Programan parte hartzeko lehentasuna izanen dute harrera-herrialdeko eta irakaskuntzako hizkuntza oso gutxi dakitenek eta curriculum-atzerapen handiena dutenek.
Salbuespenez, Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasle batek ez baditu irakurmena eta idazmena bereganatu ziklo horretako lehenbiziko ikasmaila bukatutakoan, proposatzen ahalko da programaren barnean eta bere ikasgelako taldearen barnean arreta eskaintzea, arazoei aurrea hartzeko eta ikasgelan integratzeko. Oso egoera bakanetan aterako da bere gelatik. Kasu horietan, kanpoko arreta hori ikasturtea bukatzearekin batera amaituko da.
Haur Hezkuntzan egoera oso ahula duten ikasleei ere, salbuespenez, arreta berezia eskaintzen ahalko zaie. Horrelakoetan, ikasleak beti beren ikasgelako taldean geldituko dira.
Ikasleak hiru ikasturtez gelaz kanpoko laguntza jaso badu eta hala ere atzerapenak badirau, ikasgelan berean hartuko dira beste neurri batzuk horri heltzeko.
5.-Ikasleak programan sartzeko jarraitu behar den prozedura.
Hasierako eta etengabeko ebaluazioa taldean eginen dute honako hauek: Programari atxikitako irakasleek, irakasle-tutoreak, orientatzaileak eta ikasleari arreta eskaintzen dioten irakasle taldeko kideek. Ebaluazioaren laburpena espedientean zehaztu eta gordeko da, familiari eman ondoren.
Hezkuntzarako Laguntza Unitateak zehaztuko ditu arreta mota, ordutegia eta taldeko kideak.
Ikasleak hezkuntzako laguntzarako beste baliabide batzuk behar dituenean, pedagogia terapeutikoko irakasleak aritzen ahalko dira elkarlanean programa gauzatzen duten irakasleekin.
6.-Ikasleen egonaldia programan.
Hezkuntzarako Laguntza Unitateak, irakasle-tutorearekin batean, erabakiko du ikasleek zenbat denboraz jasoko duten laguntza.
Eskolaz kanpoko laguntza ez da izanen astean sei ordu baino gehiagokoa, ezta hiru ikasturte baino gehiagokoa, bestela ikasgelako taldean integratzea zailduko bailitzateke.
7.-Ikasle ratioa.
Programako irakasleak ikasgelako taldetik kanpo laguntzen duenean, talde berean bi eta sei ikasle bitarte izanen dira, baina aldaketak izan daitezke, egoera eta baldintza pertsonalen arabera.
Oro har, ikastetxe batean irakasle berberak ikasgelako taldetik kanpo laguntza jasotzen duten 17 ikasle izanen ditu gehienez.
Ikastetxe batean ematen ari den programan ikaslerik ez badago ikasturtean zehar, programako irakasleak Kultura-Aniztasunaren Atalaren eta zuzendaritza taldearen esanetara geldituko dira, eta horiek proposa dezakete hala behar duten ikasleentzako indartze eta laguntza lanak bete ditzatela. Kultura-aniztasunaren Atalak horren berri emanen dio ikastetxeko ikuskatzaileari.
8.-Programako irakasleak, funtzioak eta orduen banaketa.
Irakasle horiek irakasle-tutorearekin elkarlanean emanen dute laguntza, eta honako funtzio hauek beteko dituzte:
-Hezkuntzako esku-hartzea planifikatzea eta programatzea, ikasgelako programazioa erreferentziatzat hartuta.
-Harrera-herrialdeko eta irakaskuntzako hizkuntza irakastea hizkuntza hori ez dakiten jatorri atzerritarreko ikasleei, ikuspegi komunikatiboarekin eta curriculuma aintzat hartuta.
-Arlo instrumentaletako (bereziki Hizkuntza eta Matematika) edukiak garatzea curriculum-atzerapen nabarmena duten ikasleentzat, eta, horretarako, ikusmolde orohartzaileak eta diziplinartekoak sustatzea.
-Irakaskuntza prozesuaren eta ikasle bakoitzak duen ikaskuntza prozesuaren koordinazioa eta ebaluazioa, irakasle-tutorearekin batera.
-Ikasleen integrazioa sustatzea, hala eskola barnean nola kanpoan. Horretarako, elkarlana izanen da beste entitate batzuekin, hau da, jarduerak programatzen dituzten eta ikasleak eta beren familiak beren inguru sozialean integratzea errazten duten beste entitate batzuekin (Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, osasun arlokoak eta beste).
-Memoria bat prestatzea eta horretan hurrengo ikasturtean izanen diren ikasleen aurreikuspena egitea.
Lehen Hezkuntzako irakasleentzat oro har ezartzen diren irakastorduak izanen dituzte programa hau gauzatzen duten irakasleek.
Kultura-aniztasunaren Atalak aholkularitza eta prestakuntza berariazkoa emanen dizkie irakasle horiei.
9.-Programaren antolamendurako, funtzionamendurako eta esku-hartzerako irizpideak.
A) Ikastetxeetako Hezkuntzarako Laguntza Unitateak koordinatuko ditu programan laguntza jasotzen duten ikasleen antolamendua, ebaluazioa eta programako esku-hartzea. Hala badagokio, Koordinazio Pedagogikoaren Batzordeak onetsiko ditu Hezkuntzarako Laguntza Unitateak prestatutako proposamenak.
B) Hezkuntzarako Laguntza Unitateak irakasle horien jarduera planifikatuko du, orientatzailearen koordinaziopean, kontuan harturik ikasleekin diharduten profesionalen lana elkartu eta bateratu behar dela, jarduketei zentzua eta koherentzia emateko eta ikasleak hezkuntzan txertatu daitezela sustatzeko.
Orobat, Hezkuntzarako Laguntza Unitateak irakasleei aholkatuko die zer ikuspegi metodologiko eta antolamenduzko hartu ikasle horiek hezkuntzan txertatzeko eta ohiko ikasgelako jardueretan eta ikaskuntzan erabat parte hartzeko.
C) Zuzendaritza taldeak du ikasle horientzako antolamendu eta curriculum neurriak hartzearen erantzukizun nagusia, eta irakasle guztien lan koordinatua eta bateratua bermatu beharko du.
D) Programa garatzen duten irakasleak arduratuko dira harrera-herrialdeko eta irakaskuntzako hizkuntzaren irakaskuntzaren planifikazioaz, hizkuntza ez dakiten jatorri atzerritarreko ikasleentzat, baita curriculum-atzerapena duten ikasleentzako laguntza planifikatzeaz ere.
E) Tutorearen ardura izanen da curriculumaren egokitzapena, hauekin elkarlanean: programako irakasleak, orientatzailea eta ikaslearen ikaskuntza prozesuan eragiten duen taldea.
F) Hizkuntza eta Matematika arloetan emanen da batez ere laguntza, baina ez horietan bakarrik; dena dela, kontuan hartzekoa da Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagueran ere eman daitekeela eta eman behar dela hizkuntza arloko laguntza, baita hezkuntzako beste edozein eremutan ere.
11.-Programa ezartzeko ikastetxeak zein irizpiderekin aukeratuko diren.
Kontuan harturik zenbat ikaslek duten hezkuntzako laguntzaren premia berariazkoa, hezkuntza sisteman berandu sartu izanagatik eta/edo egoera soziokultural ahula izateagatik, Hezkuntza Departamentuak erabakiko du Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zein ikastetxetan ezarriko den programa.
Hezkuntza Departamentuak, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuaren bidez, programako orduen kopurua handitu edo murriztu dezake ikastetxe batean, irizpide objektiboetan oinarrituta, ikastetxean laguntza jasotzen duen ikasleen arabera.
Halaber, programak ikastetxe, herri edo eskualde jakin batean jarraitzea edo beste batera eramatea erabakitzen ahalko du, ikasturte bakoitzeko ikasleen premiak aztertu eta gero.