Castellano | Euskara | Français | English
216/2009 FORU AGINDUA, abenduaren 24koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan rtzeko prozedura arautzen duena, 2010-2011 ikasturterako
(2010eko 16. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 5ean)
Atarikoa
Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen du. Horren arabera, beharrezkoa da urtero jarduketa egutegia ezartzea eta aipatutako foru dekretuak behar dituen prozedurari buruzko alderdiak garatzea.
Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuan aurreikusitako Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokian tokiko Eskolatze Batzordeak sortzen dituen apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuak ezartzen du aipatu dekretu horretan ezarritako lehentasunezko irizpideak gainbegiratu egin behar direla eta, hala behar denean, onarpen prozesuko oinarri arautzaileetan ezartzen diren irizpide osagarriak behar bezala ezartzen diren gainbegiratu behar dela.
Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, foru agindu honek ikasle horientzako ikaspostuak gorde beharra ezartzen du.
Ikasle bat ikastetxe publiko batean edo pribatu itundu batean matrikulatzean, ez da inoiz ere bereizkeriarik eginen jatorriagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edo gainerako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik. Horretaz gainera, matrikulazioak berarekin dakar ikastetxearen hezkuntza proiektua errespetatzea, ikasleei eta haien familiei indarra duten legeetan aitortzen zaizkien eskubideak ukatu gabe.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiko g) letran ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako ikasketak egin behar dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozeduraren oinarriak arautzea, 2010-2011 ikasturterako. Oinarri horiek foru agindu honetan zehazten dira.
Bigarrena
Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena
Foru agindu hau igortzea Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Euskararen Garapenerako Zerbitzura, Antolamenduaren eta Tituluen Atalera, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalera, Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalera, Orientazio Atalera, Hezkuntza Premia Berezien Atalera eta Irakasleen Prestakuntzako Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO, BATXILERGOKO ETA ERDI ETA GOI MAILAKO HEZIKETA ZIKLOETAKO IKASKETAK EGIN BEHAR DITUZTEN IKASLEAK IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA PRIBATU ITUNDUETAN RTZEKO PROZEDURA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK, 2010-2011 IKASTURTERAKO
1. oinarria. Prozedura.
Ikasleak onartzeko prozedura apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1., 2., 4. eta 5. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera eginen da. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak onetsi ziren.
2. oinarria. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan onartzeko irizpideak.
1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko baremazioa aipatu foru dekretuaren 6. artikulutik 15. artikulura bitarte ezarritakoaren arabera eginen da, bai eta Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokiko Eskolatze Batzordeak sortzen dituen apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren irizpide osagarrien arabera ere.
2. Irizpide osagarri horiek erabiliko dira irizpide nagusiak nahikoa izan ez direnean ikastetxean ikasleak onartzeko lehentasunak ezartzeko.
3. Betiere, legez familia ugariko kidea izanez gero, irizpide bat izanen da ikasleak onartzeko, horregatik puntu bat emanen baita.
4. Ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak gehienez ere puntu bat ematen ahalko du beste irizpide osagarri batzuengatik. Horretarako, ikastetxeko organo eskudunak arrazoiak azaldurik kontuan hartu beharko ditu gorabehera nabarmen batzuk, ikastetxeek ikasleak onartzeko prozesua hasi baino lehen argitaratu beharko dituen irizpide objektiboei jarraituz.
5. Ikastetxeek irizpide horiek Eskolatze Batzorde Nagusira igorri beharko dituzte, gainbegira ditzan, ikasleak Nafarroako hezkuntza sisteman egokiro, aukera berdintasunean eta indarra duen araudiari lotuz sartzen diren begiratzeko, inskripzioa egiteko epea hasi baino lehen.
6. Lehentasunezko irizpideak eta, hala bada, irizpide osagarriak erabiliz gero, berdinketarik bada, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren 2. eta 3. ataletan ezarririko irizpideei jarraituz hautsiko da.
7. Aipatu foru dekretuaren 15.2 artikuluko e) idatz-zatian aipatzen den zozketa jendaurrean egin beharko da.
3. oinarria. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Erdi Mailako Heziketa Zikloetan onartzeko irizpideak:
1. Zuzeneko sarreraren bidezko modalitate orokor arruntean erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko, betebehar hauetakoren bat bete beharko da:
-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua izatea.
-Teknikari laguntzailearen titulua izatea.
-Teknikari titulua izatea.
-Batxilergo bateratu balioaniztuneko bigarren maila gainditua izatea.
-Erdi Mailako Irakaskuntzaren Erreforma Esperimentaleko lehen zikloko 2. maila gainditua izatea.
-Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen ikasketetan 1963ko Planeko hirugarren maila edo esperimentaleko guztiendako ikasgaietako bigarrena gainditua izatea.
-Ondorio akademikoetarako aurreko horietakoren baten baliokide diren beste ikasketa batzuk gaindituak izatea.
Behar den titulazio akademikoa ez dutenak kasuan kasuko sarrera proba gainditu ondoren sartzen ahalko dira erdi mailako heziketa zikloetan.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan sartzeko, gaitasun artistikoaren proba ere gainditu beharko da, horri buruzko arauan xedatu bezala.
2. Zuzeneko sarreraren bidezko modalitate orokor arruntean erdi mailako heziketa zikloetan sartzea eskatzen duten ikasleendako lehentasun hauek izanen dira, hurrenkera honetantxe:
-Lehenengoa: Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua 2009-2010 ikasturtean lortzen dutenak, foru agindu honen 6. oinarriko 1. atalean aipatzen diren datetan.
-Bigarrena: Bigarren Hezkuntzako gradudun titulua aurreko ikasturteetan lortu dutenak.
-Hirugarrena: aurreko atalean aipatu diren ikasketen titulua dutenak.
-Laugarrena: berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.
Zuzenean sartzeko eskabideak gehiago badira eskaintzen diren ikaspostuak baino, aurreko taldeetako ikasleak onartuko dira, hurrenez hurren, ikaslearen ikasketa espedienteko batez besteko nota handiena kontuan hartuta, foru agindu honen 11. oinarriko atalen arabera kalkulatuta. Hala, batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak azken tokira pasatuko dira. Berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.
3. Proba baten bidez sartzea: ikastetxe bakoitzak lau ikaspostu gordeko ditu eskaintzen duen erdi mailako heziketa ziklo eta talde bakoitzeko.
Eskatzaileen kopurua eskaintzen diren ikaspostuena baino handiagoa bada, sarrera proban lortutako nota handienetik txikienera antolatuko dira. Proban lortutako kalifikazioaren zenbakizko balioa jakiterik ez badago ziurtagirian "gai" hutsa jaso delako, 5 puntuko balioa emanen da.
Berdinketarik izanez gero, lehentasun hurrenkera hau ezarriko da:
-Lehenengoa: egin nahi duten heziketa zikloarekin lotura duen ekoizpen sektore batean urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.
-Bigarrena: edozein ekoizpen sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.
-Hirugarrena: behar adinako lan esperientzia dutela frogatzen ez dutenak.
-Laugarrena: berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.
4. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu dutenak proba bidez sartuko dira, gainerako izangaien baldintza berberetan. Horretarako, unibertsitatean 25 urtetik gorakoak sartzeko proba gainditu izanaren frogagiria aurkeztu beharko dute.
4. oinarria. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Heziketa Zikloetan onartzeko irizpideak.
1. Zuzeneko sarreraren bidezko modalitate orokor arruntean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko, betebehar hauetakoren bat bete beharko da:
-Batxilergoko titulua izatea.
-Batxilergo Esperimentaleko edozein modalitatetako bigarren maila gainditua izatea.
-Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea edo Unibertsitate aurrekoa gainditua izatea.
-Goi mailako teknikari edo espezialista titulua edo ondorio akademikoetarako baliokidea dena izatea.
-1963ko ikasketa planeko edo plan esperimentaleko Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako gradudun titulua izatea.
-Unibertsitate bateko titulua edo baliokidea izatea.
Behar den titulu akademikoa ez dutenak kasuan kasuko sarrera proba gainditu ondoren sartzen ahalko dira goi mailako heziketa zikloetan.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan sartzeko, gaitasun artistikoaren proba ere gainditu beharko da, horri buruzko arauan xedatu bezala.
2. Zuzeneko sarreraren bidezko modalitate orokor arruntean goi mailako heziketa zikloetan sartzea eskatzen duten ikasleendako lehentasun hauek izanen dira, hurrenkera honetantxe:
-Lehenengoa: Batxilergoko titulua 2009-2010 ikasturtean lortzen dutenak, foru agindu honen 6. oinarriko 1. atalean aipatzen diren datetan.
-Bigarrena: Batxilergoko titulua aurreko urteetan lortu dutenak edo Batxilergo Esperimentaleko edozein modalitatetako bigarren maila edo Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea (UBI) gainditu dutela frogatzen dutenak, betiere goi mailako teknikari, teknikari espezialista edo unibertsitateko titulurik ez badute.
-Hirugarrena: Honako titulu hauek edo baliokideak dituztenak: goi mailako teknikaria, teknikari espezialista, unibertsitateko titulazioa.
Aurreinskripzioa egitean ikasleak bere ikasketa titulu guztiak adierazi beharko ditu; bestela, galdu egin lezake erdietsi duen ikaspostua.
Zuzeneko sarrera eskatzen duten ikasleen kopurua eskainitako ikaspostuena baino handiagoa baldin bada, hurrenez hurren onartuko dira lehenbiziko, bigarren eta hirugarren taldeetako ikasleak, honako irizpide hauei jarraikiz:
-Lehenengoa: Batxilergoko modalitateren bat egina izatea, edo, bestela, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturteko aukeretako bat, hain zuzen ere, foru agindu honen I eta II. eranskinetan heziketa ziklo bakoitzerako ezarritakoa.
-Bigarrena: ikaslearen ikasketa espedienteko batez besteko nota, foru agindu honen 11. oinarriko atalen arabera kalkulatua. Espedientearen balorazioa titulu bakoitzari lotutako modalitate eta irakasgaiei dagokie. Hala, batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak azken tokira pasatuko dira.
-Hirugarrena: I. eranskinean heziketa ziklo bakoitzerako aipatzen diren Batxilergoko irakasgaiak eginak izatea.
-Laugarrena: berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.
3. Proba baten bidez sartzea: ikastetxe bakoitzak sei ikaspostu gordeko ditu eskaintzen duen goi mailako heziketa ziklo eta talde bakoitzeko. Horietako lau gordeko dira Nafarroako Foru Komunitatean 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroko irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleentzat.
Eskatzaileen kopurua eskaintzen diren ikaspostuena baino handiagoa bada, sarrera proban lortutako nota handienetik txikienera antolatuko dira. Proban lortutako kalifikazioaren zenbakizko balioa jakiterik ez badago ziurtagirian "gai" hutsa jaso delako, 5 puntuko balioa emanen da.
Berdinketarik izanez gero, ondoko irizpideei jarraikiz hautsiko da:
-Lehenengoa: Lanbide Heziketako Goi Mailako Zikloetan sartzeko proba prestatzeko ikastaroan izandako batez besteko nota handienetik txikienera.
-Bigarrena: egin nahi duten heziketa zikloarekin lotura duen ekoizpen sektore batean urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.
-Hirugarrena: edozein ekoizpen sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.
-Laugarrena: berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.
4. 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu dutenak proba bidez sartuko dira, gainerako izangaien baldintza berberetan. Horretarako, unibertsitatean 25 urtetik gorakoak sartzeko proba gainditu izanaren frogagiria aurkeztu beharko dute.
25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagirian inolako aipamenik ez dagoenean zein lanbide arlotan sartzen ahal den zehazteko, ikastetxeak heziketa zikloetan sartzeko proben epaimahai koordinatzaileari eskatu beharko dio sarbidea zehazten duen dokumentua.
5. oinarria. DBHrako eta Batxilergorako epeak.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ikasleak onartzeko prozesuko epeak egutegi honen arabera ezarri dira:
1. Epe arrunta.
a) Aurreinskripzioa egiteko eskabideak aurkeztea: martxoaren 2tik martxoaren 9ra, biak barne.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: martxoaren 12a.
c) Erreklamazioak aurkeztea: martxoaren 12tik 16ra, biak barne.
d) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: martxoaren 17a.
e) DBHn eta Batxilergoan lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikaspostuak esleitzea: martxoaren 18tik 26ra.
f) DBHn eta Batxilergoan onarturiko ikasleen matrikulazioa: ekainaren 30etik uztailaren 20ra, biak barne.
2. Epe berezia.
a) Aurreinskripzioa egiteko eskabideak aurkeztea: irailaren 1ean eta 2an.
b) Onartuen behin-behineko zerrendak jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 3a.
c) Erreklamazioak aurkeztea: irailaren 3an eta 6an.
d) Onartuen behin betiko zerrendak jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 6a.
e) Matrikulazioa: irailaren 7an eta 8an.
f) DBHn eta Batxilergoan lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikaspostu hutsak esleitzea: irailaren 8tik 10era.
6. oinarria. Lanbide Heziketarako eta Arte Plastikoetarako eta Diseinurako epeak.
Epe hauek bai zuzeneko sarbidean bai proba bidezko sarbidean aplikatuko dira.
Lanbide Heziketan eta Arte Plastikoetan eta Diseinuan ikasleak onartzeko prozesuko epeak egutegi honen arabera ezarri dira:
1. Epe arrunta:
a) Aurreinskripzioa egiteko eskabideak aurkeztea: martxoaren 2tik martxoaren 9ra, biak barne.
b) Heziketa zikloetan inskribatu direnen behin-behineko zerrenda orokorra: martxoaren 12an.
c) Inskribatuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioak aurkeztea: martxoaren 12tik 16ra, biak barne.
d) Heziketa zikloetan inskribatu direnen behin betiko zerrenda orokorra: martxoaren 17an.
e) Heziketa zikloetan zuzeneko sarreraren bidez onartuen behin-behineko zerrenda: uztailaren 5ean argitaratuko da erdi mailarako eta uztailaren 21ean goi mailarako, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketa espedienteko batez besteko nota aurkeztu ondoren (aurkezteko azken eguna ekainaren 30a erdi mailarako eta uztailaren 15a goi mailarako).
"Onarpenaren zain" agertuko da, eta irailean parte hartzen ahalko dute titulua lortu arren dokumentazio hori aurkeztu ez duten ikasleek eta irakasgai gainditu gabeak irailerako utzi izanagatik titulua lortu ez dutenek.
f) Heziketa zikloetan probaren bidez sartzeko onartuen behin-behineko zerrenda: ekainaren 21ean argitaratuko da erdi mailarako eta ekainaren 30ean goi mailarako, ikasleek sarrera proba gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu ondoren (aurkezteko azken eguna: ekainaren 16a erdi mailarako eta ekainaren 28a goi mailarako). Dokumentazio hori aurkezten ez duten ikasleak "onarpenaren zain" agertuko dira, eta irailean parte hartuko dute, ziurtagiri hori aurkeztu ondoren.
g) Erreklamazioak aurkeztea:
-Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan zuzeneko sarreraren bidez onartuen behin-behineko zerrenda: erdi maila uztailaren 6tik 12ra eta goi maila uztailaren 21ean eta 22an.
-Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan probaren bidez onartuen behin-behineko zerrenda: erdi maila ekainaren 21ean eta 22an eta goi maila uztailaren 1ean eta 2an.
h) Behin betiko zerrendak argitaratzea:
-Heziketa zikloetan zuzeneko sarreraren bidez onartuen behin betiko zerrenda: erdi mailarako uztailaren 15ean eta goi mailarako uztailaren 23an.
-Heziketa zikloetan proba bidez onartuen behin betiko zerrenda: erdi mailarako ekainaren 23an eta goi mailarako uztailaren 5ean.
i) Heziketa zikloetan onartutako ikasleen matrikulazioa: uztailaren 16tik 30era, biak barne.
j) Ikaspostua lortzen ez duten heziketa zikloetako ikasleek eta onarpenaren zain daudenek irailean beren aukerak aldatzen ahalko dituzte, epe berezia izaten denean.
2. Epe berezia.
a) Aurreinskripzioa egiteko eskabideak aurkeztea:
-Goi mailako heziketa zikloak: irailaren 1ean eta 2an.
-Erdi mailako heziketa zikloak: irailaren 6an eta 7an.
Heziketa zikloetarako inskripzioa epe arruntean egin zutenek, baldin eta "onarpenaren zain" badaude eskatutako titulazioaren jabe ekainean ez izateagatik edo zikloetan sartzeko proba gainditu izanaren ziurtagiria ez aurkezteagatik, frogagiriak irailean aurkeztu beharko dituzte, aurreko lerroaldeetan aipatu datetan, eta aukera izanen dute epe arruntean egindako inskripzioan jarri zituzten aukerak aldatzeko.
b) Onartuen behin-behineko zerrendak jendaurrean jartzeko eguna:
-Goi mailako heziketa zikloak: irailaren 7a.
-Erdi mailako heziketa zikloak: irailaren 10a.
Heziketa zikloetan antolatuko dira ikasketa espedienteko nota eta, hala denean, heziketa zikloetan sartzeko probako nota kontuan hartuz, lehentasun hurrenkera honi jarraituz:
Lehenengoa: epe arruntean ikasposturik gabe onartuak.
Bigarrena: epe arruntean inskripzioa egin eta onarpenaren zain daudenak.
Hirugarrena: epe berezian inskribatutakoak.
c) Erreklamazioak aurkeztea:
-Goi mailako heziketa zikloak: irailaren 8a.
-Erdi mailako heziketa zikloak: irailaren 13a.
d) Onartuen behin betiko zerrendak jendaurrean jartzeko eguna:
-Goi mailako heziketa zikloak: irailaren 9a.
-Erdi mailako heziketa zikloak: irailaren 14a.
e) Matrikulazioa:
-Goi mailako heziketa zikloak: irailaren 9an eta 10ean.
-Erdi mailako heziketa zikloak: irailaren 14an eta 15ean.
3) Jendaurreko ekitaldia.
Epe arrunteko eta bereziko onarpen prozesuan hutsik gelditzen diren lanpostuak, sarbidea bat ala beste izan, multzokatu eta jendaurreko ekitaldi batean eskainiko dira, Hezkuntza Departamentuan: irailaren 14an goi mailarako eta irailaren 17an erdi mailarako.
Jendaurreko ekitaldi horretan ikaspostua lortzen dutenek bi eguneko epean egin beharko dute matrikula, ekitaldi hori egin eta biharamunetik aurrera.
7. oinarria. Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programetarako epeak.
Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programetan (oinarrizko modalitatea eta lanbide lantegiak) onartzeko, honako epe hauek izanen dira:
a) Aurreinskripzioa: ekainaren 14tik 25era, biak barne.
b) Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programetan onartuen behin-behineko zerrendak: ekainaren 30ean.
c) Erreklamazioak aurkeztea: ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean.
d) Ikaspostua izanik onartutako ikasleen behin betiko zerrendak: uztailaren 1ean.
e) Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programetan matrikulatzea: uztailaren 1etik 16ra, biak barne.
f) Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programetan (lanbide lantegien modalitatean) hutsik dauden ikaspostuak jendaurreko ekitaldian esleitzea: irailaren 6tik 10era.
8. oinarria. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroan onartzeko epeak.
Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroan onartzeko epeak hauek izanen dira:
1. Epe arrunta.
a) Aurreinskripzioa: martxoaren 2tik 9ra, biak barne.
b) Inskribatuen behin-behineko zerrenda: martxoaren 12an.
c) Erreklamazioak: martxoaren 12tik 16ra, biak barne.
d) Inskribatuen behin betiko zerrenda: martxoaren 17an.
e) Prestakuntza ikastarorako onartuen behin-behineko zerrenda: uztailaren 2an argitaratuko da, ikasleek batez besteko nota jasotzen duen ziurtagiri akademikoa aurkeztu ondoren (aurkezteko azken eguna: ekainaren 30a). Agiri hori aurkezten ez duten ikasleak "onarpenaren zain" agertuko dira, eta irailean parte hartuko dute, erdi mailako heziketa zikloa gainditu ondoren.
f) Erreklamazioak aurkeztea: uztailaren 2tik 5era.
g) Prestakuntza ikastarorako onartuen behin betiko zerrenda: uztailaren 15ean.
h) Matrikula: uztailaren 16tik 30era, biak barne.
i) Ikaspostua lortzen ez duten ikasleek eta onarpenaren zain daudenek irailean beren aukerak aldatzen ahalko dituzte, epe berezia izaten denean.
2) Epe berezia.
a) Aurreinskripzioa egiteko eskabideak aurkeztea: irailaren 6an eta 7an.
Prestakuntza ikastarorako inskripzioa epe arruntean egin zutenek, baldin eta "onarpenaren zain" agertzen badira ekainean teknikari titulua ez izateagatik gainditu gabeko moduluak dituztelako ekainean, titulua badutela frogatzen duten agiriak eta ikasketa espedienteko batez besteko nota aurkeztu beharko dituzte irailean, aurreko lerroaldean aipatu datetan, eta aukera izanen dute epe arruntean egindako inskripzioan jarri zituzten aukerak aldatzeko.
b) Onartuen behin-behineko zerrendak jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 10a.
Ikasketa espedienteko nota kontuan hartuz antolatuko dira, lehentasun hurrenkera honi jarraituz:
Lehenengoa: epe arruntean ikasposturik gabe onartuak.
Bigarrena: epe arruntean inskripzioa egin eta onarpenaren zain daudenak.
Hirugarrena: epe berezian inskribatutakoak.
c) Erreklamazioak aurkeztea: irailaren 13a.
d) Onartuen behin betiko zerrendak jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 14a.
e) Matrikulazioa: irailaren 14an eta 15ean.
3) Jendaurreko ekitaldia.
Epe arrunteko eta bereziko onarpen prozesuan hutsik gelditzen diren lanpostuak jendaurreko ekitaldi batean eskainiko dira, Hezkuntza Departamentuan, irailaren 20an.
Jendaurreko ekitaldi horretan ikaspostua lortzen dutenek bi eguneko epean egin beharko dute matrikula, ekitaldi hori egin eta biharamunetik aurrera.
9. oinarria. Eskabideak.
1. Eskabideak epe arruntean: Eskolatze Batzorde Nagusiak ikaspostuak esleituko dizkie ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikasposturik lortu ez duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei.
2. Eskabideak epe berezian DBHrako eta Batxilergorako: epe arruntean herrialdez edo bizilekuz aldatu direlako edo beste bidezko arrazoiren bategatik eskabidea egin ez duten ikasleek izanen dute eskabidea epe berezian aurkezteko aukera, betiere Eskolatze Batzorde Nagusiaren arabera. Eskolatze Batzorde Nagusiak, dauden ikaspostu hutsak kontuan hartuz, ikaspostuak esleituko dizkie ezarritako epeetan aurrenik eskatutako ikastetxean ikasposturik lortu ez duten ikasleei.
3. Hezkuntza maila bakoitzerako ezarri diren epeetan matrikula egiteko baldintza guztiak bete arren matrikula egiten ez duten ikasleek galdu eginen dute dagokien ikasposturako eskubidea.
4. Matrikula heziketa zikloetan edo prestakuntza ikastaroan egin duten ikasleak, arrazoirik azaldu gabe, 15 eguneko epean klaseetan hasten ez badira, ikastaroa hasten denetik, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.
5. Epe arruntetik eta berezitik kanpo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan ikaspostua eskatzen duten ikasleak: ikasturteak dirauen bitartean, ikastetxeek aurkezten diren eta ezarritako baldintza betetzen dituzten eskabideak hartuko dituzte, ikaspostu hutsik izan edo ez, eta ereduaren arabera behar bezala beteta Eskolatze Batzorde Nagusira igorriko. Eskolatzearen fase horretan, Batzordeak baimentzen ahalko ditu helbidea beste herri batera aldatzen dutenek edo/eta Nafarroako hezkuntza sisteman lehenbizikoz sartzen direnek (berandu sartzen direnek) ikasturte horretarako aurkeztutako eskabideak.
Eskolatze Batzorde Nagusiak baimendutako ikasleak gehienez ere astebeteko epean sartuko dira dagokien gelan. Ikastetxeak matrikulatu eginen du ikaslea eta hark, orduz geroz, bere jatorriko ikastetxea utzi beharko du. Ikaslea ezarritako epean ikastetxe berrian hasten ez bada, gordetako ikaspostua galduko du.
6. Tokiko Eskolatze Batzordea eratua duten herrietan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko epe arruntetik eta berezitik kanpo ikaspostua eskatzen duten ikasleak batzorde horietara joaten ahalko dira; bertan argibideak eta orientazioa eman eta eskolatzeko proposamen bat eginen zaie, haien lehentasunen eta ikastetxeetan dauden ikaspostu hutsen arabera. Tokiko Eskolatze Batzordeek ikaspostuaren esleipenaren berri emanen diote dagokion ikastetxeari. Ikastetxeek, era berean, Eskolatze Batzorde Nagusiari ikastetxean sartzen diren ikasle berriei buruzko informazioa emanen diete, matrikula egite aldera.
7. Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake bukatu ez den ikasturtean ikastetxez aldatzeko, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean.
8. Ikastetxeek eta departamentuko zerbitzuek beren eginkizunei buruzko txostenak emanen dizkiote Eskolatze Batzorde Nagusiari, eskatzen dizkienean.
10. oinarria. Onarpena.
Ikasle bat, epe arruntean, eskolatuta dagoen ikastetxean ez baizik eta beste batean onartzen badute, jatorrizko ikastetxeko ikaspostua galdu eginen du. Ikaspostu hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira. Ondorio horietarako, ulertuko da ikasle bat ikastetxe batean onartu dela, edozein ikastetxetan onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan ageri denean edo Eskolatze Batzorde Nagusiak matrikulatzeko epea baino lehen ikaspostu bat ematen dionean.
11. oinarria. Espedienteko batez besteko nota.
1. Ikasketa espedienteko batez besteko nota frogatzeko, ikaslearen historial akademikoa, Kalifikazio Liburua edo, besterik ezean, ikasketen ziurtagiri pertsonala aurkeztuko da.
2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batez besteko nota kalkulatzeko, DBHko laugarren mailara bitarte, hori barne, lorturiko kalifikazioen batez besteko aritmetikoa aterako da (beharrezkoa bada, oinarri honen 4. puntuan ageri den baliokidetasunen taula erabiliko da).
3. Batxilergoan, batez besteko nota Batxilergoko lehen mailako eta Batxilergoko bigarren mailako arlo bakoitzean lorturiko kalifikazioen batez besteko aritmetikoaren bidez kalkulatuko da. Abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 29.3 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio beti, titulu bakoitzari lotutako irakasgaiei eta modalitateei dagokienean.
4. Gainerako ikasketetan: Batxilergo Esperimentalean, BBB-UBIn, Lanbide Heziketan, unibertsitateko ikasketetan eta balio bereko ikasketetan, batez besteko nota kalkulatzeko, ikasketen ziurtagiri pertsonalean agertzen diren azken bi mailetako irakasgaietan izandako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa eginen da, honako baremoaren arabera ponderatuta:
-Oso gutxi: 2.
-Gutxiegi: 4.
-Nahikoa: 5,5.
-Ongi: 6,5.
-Oso ongi: 7,5.
-Bikain: 9.
-Ohorezko matrikula: 10.
5. Batxilergoan inskribatzeko epean, sarrerari begira lehentasuna zehazteko behar den etapako edo mailako kurtsoetako kalifikazioak aurkezten ez dituzten ikasleei ez zaie batez besteko nota zenbatuko.
12. oinarria. Lan esperientzia frogatzea.
3.3 eta 4.3 oinarrietan aipatzen den lan esperientzia agiri hauen bidez frogatuko da:
a) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren edo Lan Mutualitatearen ziurtagiria, non enpresa, lanbide kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazioaldia, edo, betiere, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazioaldia adieraziko baitira.
b) Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauekin: kontratuaren iraupena, egindako lana eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren kontura ari diren langileen kasuan, jarduera ekonomikoen gaineko zergan inskribaturik daudela frogatzen duen ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren frogagiriak.
13. oinarria. Lanbide profila.
1. Jakiteko ekoizpen sektore bat noiz den 3. eta 4. oinarrietan aipatzen direnen eite berekoa edo loturaduna, kontuan hartuko da LOGSEko heziketa zikloko curriculumean azaltzen den lanbide profila, "ekoizpen prozesuko kokagunea" delako puntuaren arabera, ekoizpen sistemaren erreferentzian aipatua, eta "lanbide eta lan ingurunea" atalean ageri dena, LOEren araberako curriculumen arabera.
2. Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan, 3. eta 4. oinarrietan aipatu sektore loturadunaren erreferentzia "lanbide profilaren azalpena" delako atalean dago, heziketa zikloko curriculumean.
14. oinarria. Matrikulazioa.
1. Ikasle berriek ikastetxe batean matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai epe arruntean eta berezian, bai ikasturtea hasita sartzen badira:
A) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
a) Ikaslearen aitaren, amaren edo tutorearen idazkia, non adieraziko baitute beren seme-alabek Espainiako Estatuarekin hitzarmena duten konfesioen Erlijio ikasketak hartzea nahi duten edo, bestela, Hezkuntza-arreta.
b) Ikaslearen aitaren, amaren edo tutorearen adierazpen espresua, ikastetxeak agindu bezalako modu formalean egina, zein hizkuntza hautatzen duten esateko, ikastetxeak hizkuntza bat baino gehiago emateko baimena baldin badu.
c) Familia Liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia eta, ikastetxeak erka ditzan, jatorrizko agiriak.
d) Txertaketa ziurtagiria edo zein txerto dosi hartu den edo zein osasun azterketa egin den adierazten duen beste agiri mediko bat.
e) Gizarte Segurantzako txartelaren fotokopia.
f) Egindako osasun azterketen txostenak, ikasleak minusbaliorik, eritasunik edo beste osasun arazorik baldin badu ikastetxeak jakin beharrekoa (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologikoak, oftalmologikoak eta abar).
g) Erroldaren ziurtagiria aurreinskripzioaren orriarekin batera aurkeztuko da ikastetxean, horretarako ezarritako epeetan.
B) Batxilergoa, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako zikloak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak.
a) Nortasun agiriaren fotokopia (NAN edo AIZ).
b) Ikasketa espedientea: ikaslearen historiala eta/edo honako hauen fotokopia konpultsatua: Oinarrizko Hezkuntzaren Eskolatze Liburuaren 25. eta 27. orrialdeena, Batxilergoko Kalifikazio Liburuaren 12. eta 13. orrialdeena edo Lanbide Heziketako Kalifikazio Liburuaren 7. edo 8. orrialdeena, dagokionaren arabera, edo, hala denean, ikasketa espedientearena.
2. Eskabidea eta matrikulazioa egiteko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira NANean edo AIZn agertzen direnekin.
15. oinarria. Dokumentazioa.
1. 3. eta 4. oinarrietan aipatu dokumentazioaz gain, ikastetxeek zilegi dute dokumentazio osagarria eskatzea.
2. Ikastetxearen iragarki oholean irakaskuntza bakoitzerako eskatu behar den dokumentazioa agertuko da.
16. oinarria. Beste ikasketa batzuk egiteko onarpena.
Berariazko araudiak agintzen duena hartuko da aintzat ikasleak honako ikasketa hauetan onartzeko: irakaskuntza arautu gabeak, Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programak, goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroa, Arte Ikasketak (Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak izan ezik), araubide orokorreko ikasketak eta Musika ikasketak edo araubide bereziko Dantza ikasketak ikastetxe integratuetan, edo Hizkuntza Eskola Ofizialetako ikasketak.
17. oinarria. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen onarpena.
1. Hezkuntza-sostenguko berariazko premiak dituzten ikasleak foru agindu honetan eta Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an eman 93/2008 Foru Aginduan xedaturikoarekin bat onartuko dira. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.
2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 75.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Lanbide Heziketako irakaskuntzako ikaspostuen %5 gordeko da ezgaitasuna duten ikasleentzat.
18. oinarria. DBHn eta Batxilergoan onartzeko lehentasuna.
Ikastetxeren batek behar beste ikaspostu ez duenean ikastetxean berean edo ikastetxe atxikietan sortutako eskaerari erantzuteko, DBHn eta Batxilergoan, eskatzaileen artean onarpen prozesua egin beharko da, eta bertako ikasleak lehenetsiko dira, beste ikastetxe batzuetako ikasleen aurretik.
19. oinarria. Ikaspostuak gordetzea.
1. Hezkuntzaren kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, ikastetxe publikoek zein itunduek 2 ikaspostu gordeko dituzte talde bakoitzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila guztietan, aurreinskripzio epea amaitu arte, egoera sozial eta ekonomiko ahulean dauden ikasleentzat.
2. Ikasleak onartzeko epe arruntean, egoera sozial eta kultural ahulean dauden familiek izanen dute aukera ikaspostu horiek eskatzeko, espainiarrak edo Europar Batasuneko herritarrak izan nahiz beste herrialde batzuetako etorkinak izan. Ikaspostu horiek lortu nahi dituzten eskatzaileek hala eman beharko dute aditzera inskripzioa egiteko inprimakian, eta harekin batera beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko txostena ere aurkeztu beharko dute.
3. Eskabideak dauden ikaspostu hutsak baino gehiago badira, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 6. artikulutik 15.era bitartekoetan finkatutako irizpideen araberako lehentasun hurrenkera ezarriko da.
20. oinarria. Eskolatze partekatua.
Eskolatze partekatuko matrikulazioa Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an eman 93/2008 Foru Aginduaren 32. artikuluan xedaturikoaren arabera eginen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.
21. oinarria. Hizkuntza ereduaren aldaketa.
1. Hizkuntza ereduz aldatzeko eskabideak aurkezteko epeak (apirilaren 30eko 233/1991 Foru Aginduan arautua dago aldaketa hori; ekainaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), irakaskuntza bakoitzean onarpen eskabideak aurkezteko jarri diren epe arrunt berberak izanen dira, foru agindu hau garatzeko arau osagarrietan eta jarraibideetan agintzen diren zehaztapenak eginik.
2. Irakaskuntza maila bat (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) osorik bukatu ondoren hizkuntza ereduz aldatzeko eskabideak ikaslearen oraingo ikastetxean aurkeztuko ditu eskatzaileak, eta ikastetxeko zuzendariak, aurkezteko epea amaiturik, eskabide zerrenda bidaliko du Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, eskabideen kopiarekin eta ikasle bakoitzak egin duen mailaren frogagiriarekin batera.
3. Foru agindu honetan aurreikusitako kasuetan, ikaslea ikastetxe batetik ordura arte izandako hizkuntza eredua ez duen beste herri batera aldatzeak, Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman ondoren, ikaslearen hizkuntza eredua aldatzea izanen du ondorio.
4. Ikastetxea aldatu gabe hizkuntza eredua aldatzeko eskabideei dagokienez, hutsik dauden ikaspostuen arabera onartuko dira, irakaskuntza maila bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko ratioaren arabera.
22. oinarria. Argitalpena.
Foru agindu hau, baita ekar ditzakeen jarraibide osagarriak ere, ikastetxe guztietako iragarki oholean jarriko dira jendaurrean, agindua argitaratzen den egunetik onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek jakin dezaten.