(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Tributuen arloko kudeaketa eta prozedurak :
      • 153/2001 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, Tributuei buruzko Foru Lege orokorraren xedapenak garatzen dituena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

153/2001 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, Tributuei buruzko Foru Lege orokorraren xedapenak garatzen dituena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2001eko 73. NAOn argitaratua, ekainaren 15ean; akats zuzenketak, 2001-07-25eko NAO, 2001-12-24ko NAO. Aldaketak: 1/2003 Foru Dekretua, urtarrilaren 13koa; 80/2011 Foru Dekretua, uztailaren 18koa).

Atarikoa

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra funtsezko araua da Zerga administrazioaren eta tributudun edo tributupekoen arteko harremanen esparrua zehazteko. Tributupekoen eskubide eta bermeen artean, garrantzi berezia dute Administrazioak zehapenak jartzeko duen eskumenari loturikoek.

Hori helburu, eta zerga arloan segurtasun juridikoa sendotzearren, aipatu Foru Legeak ezarri zuen, zerga arloko zehapenak jartzeko, espediente berezi bat ireki beharra zegoela, subjektu arau-hauslearen zerga egoera egiaztatu eta ikertzeko irekitzen den espedientetik bereizita. Bestalde, tributupekoak errekurtsoa edo erreklamazioa aurkeztuz gero, zerga arloko zehapenen betearazpena geldiarazi behar dela ezarri zuen, harik eta administrazio bidean irmo bilakatu arte, inolako bermerik aurkeztu behar izan gabe gainera.

Printzipio horiek eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean bildu diren beste printzipio orokorrago batzuk aplikatuko badira, alegazioak aurkezteko eskubidea edo prozeduretan entzunaldia emateko tramitea, esate baterako, beharrezkoa da Legearen erregelamenduzko garapena egitea.

Bestalde, zerga arloko zehapen prozedura arautu aurretik, Foru Dekretu honetan, zehapenak ezartzeko mailaketa bat egiteko irizpideen erregelamenduzko garapena egin da, zehapenak automatikoki aplikatu ez daitezen, izan ere, administrazio organoei behar diren baliabideak eskaintzen zaizkie zehapena jaso dezakeen jokabidearen larria neurtzeko, kasuan-kasuan.

Foru Dekretu honek 38 artikulu ditu, sei kapitulutan bilduak, xedapen gehigarri bat eta bi azken xedapen.

Lehenengo Kapituluak arauaren aplikazio eremua finkatzen du eta zenbait xedapen orokor garatzen ditu.

Foru legeetan ezarritako zerga arloko zehapenen ordezko aplikazioa eginen da haietan zehapenak ezartzeko prozedura berezirik aurreikusten ez denean.

Garatzen diren xedapen orokorrak lau gairen ingurukoak dira:

-Zerga arloko arau-hausteetan erantzukizuna kentzea, zerga eginkizun eta betebeharrak betetzeko behar bezalako ardura jarri denean.

-Zehapenik ez jartzea jarduketen hasieraren jakinarazpena egin baino lehen zerga egoera erregularizatzen dutenei.

-Zerga administrazioak egin diren arau-hausteak Ogasun Publikoaren aurkako delitu izan daitezkeela uste duen kasuetan segitu beharreko prozedura.

-Subjektu arau-hausleak, hil ondoren, zehapenik ez transmititzea.

II. Kapituluan Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean berez tipifikaturiko arau-hauste arin bakoitzari dagozkion zehapenak arautzen dira, hala nola bakoitzari aplikatu beharreko mailaketa irizpideak.

Lehenik, 6. artikuluan, arau-hauste arinen, arau-hauste larrien eta mailaketa irizpideen arteko mugak ezartzen dira. Printzipio nagusia hauxe da: zerga eginkizun edo betebeharrak ez betetzea arau-hauste arina da, non ez den arau-hauste larria edo arau-hauste larri bati dagokion zehapena zehazteko mailaketa irizpide gisa erabiltzen.

7. artikuluan aitorpenak aurkeztu beharra ezartzen duen araua urratzearen ondoriozko zehapenak arautzen dira.

Arau-hauste horri 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isuna dagokio. Arau-hauste hori generikoa edo hondarrekoa izan daiteke, 8. artikulutik 12.era bitartekoetan zehazten diren arau-hausteen aldean. Hortaz, jokabide bat 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz edo 8.etik 12.era bitarteko artikuluetan ezarritakoari jarraikiz zehatu daitekeenean, lehenik, azken horretan adierazitakoaren arabera zehatuko da.

Horrelako arau-hausteak mailakatzeko, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatea, eginkizun hori nork bere kasa ez betetzea edo eginkizun horretan atzeratzea, hala nola eginkizun hori ez betetzeak zerga kudeaketaren eraginkortasunerako duen garrantzia.

8. artikuluak zerga ondorioetarako datuak, txostenak edo aurrekariak eman beharra ezartzen duen araua hausteari dagozkion zehapenak arautzen ditu.

Eginkizun hori ez betetzeagatik 1.000 pezetatik 200.000 pezeta bitarteko isuna jarriko da, eman ez den, faltsutu edo osorik adierazi ez den datu bakoitzeko. Horren ondorioetarako, eginkizun hori bete ez dela ondorioztatuko da Administrazioak eskatu eta epez kanpo aurkezten denean ere.

Mailaketarako irizpideak aitorpenak aurkeztu beharra urratzeagatik 7. artikuluan finkatu zehapenetarako aipatu diren berberak dira.

9. artikuluak kontabilitate edo erregistro lanen inguruko betebeharrei buruzko arau-hausteetarako zehapenak ditu aztergai.

Horietarako aurreikusten diren zehapenak 25.000 pezetatik 1.000.000 pezeta bitartekoak dira.

Aintzat hartzen diren mailaketa irizpideak honako hauek dira: zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatea eta bete gabe utzi den eginkizunak zerga kudeaketaren eraginkortasunerako duen garrantzia. Gainera, kontabilitatea edo liburu edo erregistro fiskalak eramateko eginkizunean atzeratzeagatiko arau-haustea ere atzerapen horren arabera mailakatuko da.

10. artikuluan enpresa edo lanbide jardueren gaineko datuak, erroldak egiteko garrantzitsuak direnak, eman beharra urratzeagatik ezar daitezkeen isunak arautzen dira.

Eginkizun hori ez betetzeagatik 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isuna jar daiteke.

Hemen ere, zehapenak mailakatzeko, zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatea, nork bere kasa ez betetzea, eginkizun horretan atzeratzea eta eman gabe utzi diren datuen garrantzia hartuko dira kontuan.

11. artikuluan faktura egin eta emateko beharkizuna eta erasandako zerga kuotak adierazteko eginkizuna ez betetzeari edo eginkizun hori oker betetzeari dagozkion zehapenak arautzen dira.

Aurreikusitako zehapena 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isuna da, arau-hausteek ekarri dituzten eragiketa guztien kontraprestazioen zenbatekoaren araberako muga bat jarrita betiere. Arauaren urraketa bakarra izan dela ulertuko da, baldin eta ez-betetze orokorra izan bada edo Administrazioak jakiterik ez badu zenbat eragiketak ekarri duten arau-hauste arin bat. Horrelakoetan, 25.000 pezetatik hasi eta aldi horretan egindako eragiketen bolumenaren % 5era bitarteko isuna ezarriko zaio.

Arau-hausteak mailakatzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatea, iruzurbidea erabiltzea eta, zerga kudeaketaren eraginkortasunari begira, bete gabe utzi den eginkizunak duen garrantzia.

12. artikuluak identifikazio fiskaleko zenbakia erabili eta jakinarazteko beharra ez betetzetik datozen arau-hausteak ditu aztergai.

Orohar, 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isunak aurreikusi dira. Arau partikular batzuk ere ezartzen dira, eginkizun hori modu orokorrean urratzen den kasuetarako eta ez-betetze orokor hori enpresa edo lanbide jarduera baten aribidean gertatzen denerako.

Kreditu entitateetarako, zehapen berariazkoak aurreikusten dira, kontu edo eragiketa bakoitza identifikatu beharra, eramailearendako txekeak igorpendu edo ordaintzen direnean IFZ jartzearen beharra eta IFZ aurkezten ez duten titularren eragiketen inguruko aitorpenak aurkeztu beharra urratzen diren kasuetarako.

Kontuan hartzen diren mailaketa irizpideak zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatea eta bete gabe utzi den eginkizunak zerga kudeaketaren eraginkortasunerako duen garrantzia izanen dira.

13. artikuluan zerga administrazioaren jarduketari aurre egin, aitzakiak jarri edo uko egiteagatik jar daitezkeen isunak arautzen dira.

Foru Dekretu honen 6. artikuluan adierazi den irizpidea oinarri, arlo honetako arau-haustea arintzat hartuko da hutsegite hori arau-hauste larrien zehapenak mailakatzeko irizpide ez denean, arau honen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera.

13. artikuluan, gainera, horrelako arau-hausteen inguruabarrak zehazten dira, izan ere, bertan ongi bereizten dira ikuskapen edo dirubilketa arduradunen errekerimenduei tributupekoen muzin egitearen ondoriozko arau-hausteak eta gainerako kasuak, kudeaketa fasekoak, ikuskapen fasekoak edo dirubilketa fasekoak izan.

Lehenengo kasuan isuna 50.000 pezetatik 1.000.000 pezeta bitartekoa izanen da eta bigarrenean 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitartekoa.

Arau-haustea mailakatzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatea, arau-hauste horrek zerga kudeaketaren eraginkortasunerako duen garrantzia eta zenbat errekerimenduri egin zaion muzin.

Azkenik, eduki bereko hainbat errekerimendu jarrairi muzin eginda ere, arau-hauste bakartzat hartuko dela ezartzen da.

14. artikuluan zerga arloko arau-hauste arinak mailakatzeko aplikatu daitezkeen irizpideak arautzen dira.

Foru Dekretuan, hala ere, ez dago zehaztua kasuan-kasuan zenbateko igoera aplikatu behar zaion zehapenari, izan ere, Tributuei buruzko Foru Legean arautu diren zehapenak askotarikoak dira eta han agertzen diren tarteak ere zabalak.

Arauan, beraz, arau-hauste mota bakoitza mailakatzeko aplikatu daitezkeen irizpideak zehazten dira eta horietako bakoitza noiz gertatu den ondorioztatzeko baldintzak, besterik ez, zehapenaren zenbateko zehatza kasuan-kasuan aztertzeko bidea ematen baita, Foru Legean goitik eta behetik ezarritako zenbatekoen arabera eta mailakatzeko aplikagarri diren irizpideen arabera. Helburua mailaketa irizpideen aplikazio subjektiboa bultzatzea da, jarri beharreko isuna organo zehatzaileak erabaki dezan, kasuan kasuko inguruabarrak ikusita.

Mailaketa irizpideak gutxieneko diru-zehapenaren gainean aplikatuko dira, bata bestearen atzetik.

Zerga arloko arau-hausteetan berregilea dela deklaratzeko, hauxe eskatuko da: espedientearen xede den arau-haustea egin aurreko bost urteetan, arau-hauslea administrazio ebazpen irmoaren bidez zehatua izatea, zerga betebehar eta eginkizunak urratzeagatiko arau-hauste arin bategatik.

Iruzurbiderik erabili ote den zehaztearen ondorioetarako, faktura, egiaztagiri edo bestelako agiri faltsu edo faltsutuak iruzurbidetzat hartuko dira. Kontabilitatean irregulartasun nabarmenak izatea, honen ondorioetarako, ez da iruzurbidetzat hartuko, irregulartasun horiek izatea, berez, arau-hauste arin tipo bat delako.

Formazko eginkizunak, kontabilitate edo erregistro arlokoak edo Zerga administrazioari lagundu eta informazioa ematekoak ez betetzeak zerga kudeaketan duen eragina kalkulatzearen ondorioetarako, formazko eginkizun eta betebeharrak eta Administrazioarentzat garrantzitsuak diren datuak bereizten dira. Batzuk nahiz besteak zerrenda itxietan ematen dira.

III. Kapituluak, "Zerga arloko arau-hauste larriengatik diru zehapenak jartzea" izenekoak, bi atal ditu, non hurrenez hurren mailakatzeko irizpideak eta egoera erregularizatzeko proposamenarekiko adostasuna agertzeko bidea biltzen diren.

1. atalak 15.etik 19.era bitarteko artikuluak hartzen ditu.

15. artikuluan aplikatu daitezkeen mailaketa irizpideak zerrendatzen dira. Arau-hausteen kasuan gertatu bezala, hauek ere gutxieneko diru-zehapenaren gainean aplikatzen dira, bata bestearen atzetik.

Artikulu honetan, orobat, isunetan ezar daitezkeen kopururik altuenak finkatzen dira:

-Orohar, % 150, zerga kuotaren eta, kasua bada, Tributuei buruzko Foru Legean ezarritako errekarguen gainean, bildu gabe utzitako kopuruen gainean edo modu desegokian lortutako onuren edo itzulketen gainean.

-Etorkizuneko aitorpenen zerga oinarrian konpentsatu edo kentzeko diren kopuru, gastu edo kontusail negatiboak zehaztearen ondoriozko arau-hausteetan edo gardentasun fiskalaren araubidea duten entitateek egindako arau-hausteetan, arau-haustea sortu duten kontzeptu guztien % 150.

16. artikuluan zehapenaren mailaketa egiten da, zerga arloko arau-hausteetan berregilea den ala ez kontuan hartuz.

Arau-hauste arinetan bezala, irizpide hori aplikatuko da arau-hauslea espedientearen xede den arau-haustea egin aurreko bost urteetan zehatua izan baldin bada.

Egiaztapen edo ikertze lan beraren ondoriozko arau-hauste larri guztiak aurrekari bakartzat hartuko dira. Ofiziozko behin-behineko likidazioetatik datozen arau-hauste larriak ez dira aurrekaritzat hartuko, baldin eta zerga-mota eta zergaldi berari baldin badagozkio.

Isuna % 10 igoko da tributu mota berari dagokion zehapen bakoitzagatik eta % 5 beste tributu bati baldin badagokio; gutxieneko igoera % 10ekoa izanen da eta gehienekoa % 50ekoa.

17. artikuluan zerga administrazioaren ikertze lanei aurre egin, oztopoak jarri edo uko egitearen irizpidearen nondik-norakoak arautzen dira.

Ikertze lanari aurre egite, uko egite edo trabak jartze hori eta zerga administrazioaren jarduketaren aurkako jokabidea bereizteko, zeina Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean arau-hauste arintzat hartu baita, artikulu honetan propio adierazten da errekerimendu horiek erresistentzia, uko edo trabak erakusten dituen subjektuaren zerga egoera erregularizatzeko egiaztapen eta ikerketa lanen barruan egin behar direla eta lan horien ondorioz agerian gelditu behar dela arau-hauste larriak egin direla.

Ezarri beharreko isuna % 10 eta 50en artean igoko da, zehazten diren irizpide batzuen arabera. Igoera ehuneko hori zehazten da, eta tarte txiki bat uzten da zehatu beharreko arau-haustearen beraren inguruabarren arabera aplikatzeko.

18. artikuluan zehapena nola mailakatu azaltzen da, arau-haustean iruzurbideak erabiltzen direnean eta arau-haustea bitarteko pertsona baten bidez egiten denean.

Zehapenari aplikatu beharreko ehunekoak zehazteko, inguruabar horiek banaka aztertuko dira.

Kontabilitatean irregulartasun nabarmenak agertzea eta faktura, egiaztagiri edo beste agiri edo euskarri faltsu edo faltsutuak erabiltzea iruzurbidetzat hartuko da.

Kontabilitatea oker eramatea noiz den irregulartasun nabarmena zehazten da, izan ere, inguruabar hori gertatu dela ondorioztatuko da, baldin eta irregulartasun hori arau-hauste larri bat egiteko bide izan bada. Horren ondorioz, jokabide hori ezin daiteke arau-hauste arintzat sailkatu. Horrela, jokamoldeen kalifikazioa arau-hauste larriak eta arinak mailakatzeko irizpide gisa mugarritzen da.

Kasu horretan zehapenaren igoera % 20 eta 45 artekoa izanen da.

Faktura, ordainagiri edo beste dokumentu edo euskarri faltsu edo faltsutuak erabiltzearen kasua garatzen da. Horrelakoetan, zehapena % 25 eta 40 bitarte igoko da.

Bitarteko pertsonen kontzeptua ere zehazten da. Zehapena % 35 eta 50 bitarte igoko da.

19. artikuluan, tributu zorra zehazteko behar diren datuak Administrazioari zenbateraino ezkutatu zaizkion, horren arabera mailakatzen dira zehapenak.

Administrazioak beste hirugarren batzuen aitorpenen bitartez edo subjektu arau-hausleak berak beste zerga kontzeptu batzuen aitorpenen bitartez datuak ezagutzerik izanda ere, datu-ezkutatze hori gertatu dela ondorioztatuko da.

Ezartzen da, halaber, jokabide bat arau-hauste larritzat hartuz gero, ezin izanen dela jokabide hori egindako arau-hauste larriaren larrigarritzat hartu. Horrelakorik ezinen da ulertu kontabilitate liburuak edo liburu edo erregistro fiskalak oker eramateagatik iruzurbideak erabili izanaren irizpidea aplikatzea bidezkoa denean eta aurkeztutako aitorpenak gorabehera nabarmenik ez duen kontabilitatea leial islatzen duenean. Bestela, jokabide zigorgarri bakar batek, hots, kontabilitatea oker eramateak, zehapena mailakatzeko bi irizpide ezberdin erabiltzea ekarriko luke.

Zehapenaren ehunekoa 10 eta 25 puntu bitartean gehituko da, subjektu urratzaileak ezkutatu dituen datuek tributu zorra zenbat murrizten duten kontuan hartuz.

III. Kapituluko 2. atalean, zeinak artikulu bakarra baitu, hots, 20.a, subjektu arau-hausleak, egiten zaion proposamenaren aurrean, erakusten duen adostasunaren ondorioak arautzen dira.

Adostasuna dagoela ondorioztatzeko, erregularizazio proposamenarekin eta zehapen proposamenarekin ados egon beharko du eta, horren ondorioz, zerga arloko arau-hauste larriagatik jarri beharreko diru zehapenaren kopurua % 40 murriztuko da.

Murrizketa hori aplikatuko da zehapenari mailakatze irizpide guztiak aplikatu ondoren ateratzen den kopuruaren gainean, lehen aipatutako gehieneko kopurua, hots % 150, hartuta. Hortaz, adostasunarengatiko murrizketaren aplikazioa, beti, efektiboa izanen da.

Gerta liteke proposamenen zati bakar batekiko adostasuna erakustea. Horrelako kasuetan, erregularizazio proposamenaren zein zatirekin dagoen ados, murrizketa zati horretantxe bakarrik aplikatuko da.

Kudeaketako zehapen prozeduran ez da beharrezkoa izanen likidazio eta zehapen proposamenekiko adostasuna propio adieraztea, berez ondorioztatuko baita, salbu eta errekurtso edo erreklamazioa aurkezten bada.

IV. Kapituluak "Diruzkoak ez diren zehapenak jartzea" izena du, eta bi atal.

Lehenbizikoan, 21. artikulua, diruzkoak ez diren zehapenak definitu eta bereizten dira. Gainera, zerga batzuetan onura edo pizgarriak izateko eskubidea galtzea ekarriko duen zehapenak zein zergatan duen eragina adierazten da.

2. atalean horrelako zehapenak mailakatzeko erabiliko diren irizpideak arautzen dira. Arau-hauste arinen zehapenak eta arau-hauste larrien zehapenak bereizten dira.

Arau-hauste arinetan, laguntzeko eginkizuna ez betetzeak zerga kudeaketaren eraginkortasunerako duen garrantziaren irizpideari begiratzen zaio eta arau-hauste larrietan, aldiz, ondoko hauei: zerga administrazioaren ikertze-lanari aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea, zehapena egiteko iruzurbideak erabiltzea edo bitarteko pertsonen bidez jokatzea eta eragindako kalte ekonomikoa.

Kalte ekonomikoa kalkulatzeko, 23. artikuluak aipatzen du bildu gabe gelditu den kopuruari edo oker lortutako itzulketetan jasotako diru-kopuruari begiratuko zaiela.

V. Kapituluak zehapenak jartzeko prozedura arautzen du. Bi atal ditu: lehenean, 24. artikulutik 26.era, zehapenak jartzeko eskumena duten organoak zeintzuk diren aipatzen da, eta bigarrenean, prozeduraren nondik-norakoak zehazten dira.

Organo eskudunei dagokienez, honako hauek bereizten dira:

-Arau-hauste arinen zehapenak, Ekonomi eta Ogasun kontseilaria.

-Arau-hauste larrien zehapenak, likidaziorako administrazio egintzak eman behar dituzten organoak.

-Diruzkoak ez diren zehapenetan, Nafarroako Gobernua da Estatuko Administrazioaren organo eskuduna.

Lehenbiziko bi kasuetan eskuordetza egiteko aukerabidea propio adierazten da.

Zehapen prozeduraren garapenari dagokionez, hona ezaugarri nagusiak:

-Zehapen espedientea subjektu arau-hauslearen zerga egoera egiaztatu eta ikertzeko irekitzen den espedientetik bereizita eginen da, beste espediente independiente batean.

-Espedientea ebazteko, gehienez ere, sei hilabeteko epea izanen da, zehapen espedientea hasi dela interesatuari jakinarazten zaionetik.

-Espedientea izapidatzen duen funtzionario eskudunak edo kasuan kasuko administrazio unitateko titularrak irekiko du ofizioz.

-Espedientearen hasieraren berri interesatuei emanen zaie.

-Egiaztatu eta ikertzeko espedienteko datuak kontuan hartuz gero, datu horiek zehapen espedientean bildu beharko dira modu formalean.

-Adminstrazioari dagokio arau-hauslearen errua zehazteko inguruabarrak frogatzea.

-Espedientea izapidatzen duen funtzionarioak ebazpen proposamena eginen du. Proposamena interesatuei jakinaraziko zaie eta alegazio epe bat irekiko da.

-Instruktoreak organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, agiri eta alegazioekin batera.

-Organo eskudunak ebazpen arrazoitua emanen du eta interesatuei jakinaraziko die.

-Zehapena jartzeko egintzaren aurka errekurtsoa jartzen ahalko da. Tributu kuotaren aurka ere errekurtsoa jartzen bada, bi errekurtsoak batuko dira.

Zehapen espedientea hasten denean, organo eskudunak zehapen proposamena egiteko behar den guztia baldin badu, prozedura laburtua erabiliko da.

Kasu horretan, honako izapide hau erabiliko litzateke:

-Proposamena espedienteari hasiera emateko erabakiari erantsiko zaio.

-Proposamena interesatuei jakinaraziko zaie eta alegazioak aurkezteko hamabost eguneko epea finkatuko da.

-Tributu Ikuskapenak izapidatzen dituen prozeduretan, haren Erregelamenduan xedatutakoari segituko zaio.

-Kudeaketa faseko prozeduretan isileko ebazpena emateko bidea ixten da, bai alegazioak aurkezten ez direnean, bai, halaber, horrelakoak aurkezteari propio uko egiten zaionean.

36. artikuluan diruzkoak ez diren zehapenen prozeduraren ezaugarri bereziak biltzen dira.

VI. Kapituluan, 37 eta 38. artikuluetan, zehapenen betearazpena eteteko bidea arautzen da.

Zehapenen betearazpena automatikoki eten eginen da errekurtsoa edo erreklamazioa aurkeztearekin batera, bermerik jarri behar izan gabe, zehapenak administrazio bidean irmo bilakatu arte.

Eteten diren zehapenek berandutza korrituak sortuko dituzte.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea amaitu arte ez da premiamendu bidea erabiliko.

Errekurtsoa jarriz gero, eta horrekin batera betearazpena etetea eskatu eta bermea eskaintzen bada, premiamendu prozedura etenda utziko da, epaileek zer erabaki ere.

Kudeaketako likidazio prozedura arautzeko xedapen gehigarri bat erantsi da. Bi likidazio bide ezartzen dira: bata, proposamenean berean zehapena jartzea aurreikusia dagoen likidazioetarako, eta bestea zehapenik izanen ez duten likidazioetarako.

Azken xedapenak arauaren indarra hartzea finkatzen du.

Dekretuak indarra hartu aurretik egindako arau-hausteak ez dira kontuan hartuko zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatearen ondoriozko mailakatze irizpidea zehazteko ondorioetarako.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak ekainaren hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 69. artikuluan zehazturiko zerga zehapenak jartzeko orduan, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 71. artikuluan eta Foru Dekretu honetan finkatzen diren prozedura arauak eta mailakatze irizpideak aplikatuko dira.

Foru Dekretu honetan ezarritakoa aplikatuko da, orobat, foru legeetan aurreikusten diren bestelako tributu arloko zehapenak jartzean, berariazko araurik batere ez dagoenean edo horietako batzuk besterik ez dagoenean.

2. artikulua. Erantzukizunetik salbuestea.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 66.4.d) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako:

-Aitorpen oso eta egiazkotzat hartuko da subjektu pasiboaren zerga zorra zehazteko beharrezkoak diren datu guztiak erakusten dituena.

3. artikulua. Borondatezko erregularizazioak zehapen esparruan dakartzan ondorioak.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 52.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, zerga arloko arau-hausteak direla-eta ez zaio zehapenik jarriko Zerga Administrazioak erregularizatu beharreko zorrak zehazteko jarduketak hasi direla jakinarazi baino lehen zerga egoera erregularizatzen duenari. Borondatezko erregularizazio hori egiaztapen lanak bukatu ondoren ere egiten ahalko da, baita hasitako jarduketen eremuaren barnean ez dauden zerga zorraren elementuei dagokienez ere.

Baldin eta subjektu pasiboak, atxikitzaileak edo konturako sarrerak egitera behartua dagoenak lehen aipatutako jakinarazpena jaso ondoren diru-sarrerarik egiten badu, sarrera horiek egiten den likidazioaren konturakoak izanen dira, eta ez dute eragotziko zehapenik jartzea, likidaziotik ateratzen den zerga zorraren eta jakinarazpenaren aurretik sartutako zenbatekoen arteko diferentziaren kontura.

4. artikulua. Administrazio prozedura eta Ogasun Publikoaren aurkako delituak.

1.-Zerga Administrazioaren iritziz, tributupekoaren jokabidea Kode Penalean araututako Ogasun Publikoaren aurkako delitutzat har badaiteke, interesatuari jakinarazi ondoren, erruaren zehaztapena jurisdikzio eskudunari eskatuko dio, eta ez du arau-hauste horiei lotutako administrazio jardunbidearekin jarraituko agintari judizialak epai irmoa eman, jarduketak largetsi edo artxibatu edo Ministerio Fiskalak espedientea itzultzen ez duen bitartean.

Jarduketa horiek eginen dira, bai delitua izan daitekeelako susmoa kuota zehazteko egiten den egiaztapen edo ikertze prozeduran agertzen denean, bai zehapen prozeduran agertzen denean.

2.-Hori helburu, kasuan-kasuan eskumena duten zerbitzuko zuzendariek jarduketa eta eginbide guztiak Ekonomi eta Ogasun kontseilariari bidaliko dizkiote, funtzionario eskudunak gertatutakoari buruz egin beharreko txostenarekin batera; bertan azalduko dira Ogasun Publikoaren aurkako delitua ustez izan daitezkeen elementuak.

Ekonomi eta Ogasun kontseilariak jurisdikzio eskudunari bidaliko dizkio jarduketak edo, bestela, jarduketa administratiboa jarraitzea erabakiko du horretarako arrazoiak emanez.

3.-Kobratu ez diren kuoten likidazioak diktatu ondotik, zehapen prozeduran agerian gelditzen bada jokabide hori Ogasun Publikoaren aurkako delitua izan daitekeela, likidazio haiek baliozkoak izanen dira, gero berriz berraztertu badaitezke ere, epaileek ematen duten epaiaren ondorioz bidezkoa baldin bada. Horrek guztiak ez du galaraziko, hala ere, zuzenbidearen arabera likidazio horiek etetea erabakitzea, espedientea jurisdikzio eskumenari igortzen zaionean.

4.-Espedientea jurisdizkio eskudunera bidaltzeak berarekin ekarriko du likidazio administratiboak egiteko eta zerga zehapenak jartzeko iraungipen epeak etetea.

Orobat, hori gertatzen bada, egiaztapen eta ikertze prozeduraren edo zehapen prozeduraren epea ere eteteko arrazoi aski dagoela ondorioztatuko da.

5.-Agintari judizialak deliturik ez dagoela baderitzo, Zerga Administrazioak espedientearekin jarraituko du, administrazio jarduketen epea amaitu arte. Beraz, likidazioak eginen ditu eta bidezkoak diren zehapen espedienteak tramitatuko, epaileek frogatutzat jotzen dituzten gertaeretan oinarrituz.

6.-Baldin eta agintari judizialaren iritziz Kode Penalaren 310. artikuluan tipifikaturiko Ogasun Publikoaren aurkako delitua badago, Zerga Administrazioak, epaia irmoa denetik aurrera eta horretan jasotakoaren arabera, likidazioak eginen ditu, epaileek frogatutzat jotzen dituzten gertaeretan oinarrituz. Dena den, epaia eragin duen jokabidearengatik ez du zehapen administratiborik jarriko.

Hala behar denean, berandutza interesak likidatuko dira borondatezko ordainketaren epea amaitzen den egunetik likidazioak egin arte iragan den denbora dela-eta.

5. artikulua. "Mortis causa" oinordetzetan zerga zehapenak iraungitzea.

Zerga zehapenak ez dira oinordeko edo legatudunengana pasatuko subjektu arau-hausleak hiltzen direnean. Subjektu arau-hauslea hil aurretik likidatu eta jakinarazi diren zehapenen ordainketa eten eginen da, eta zorra iraungitzat hartuko da heriotzaren berri izaten denean.

II. KAPITULUA. Zerga arloko arau-hauste arinengatik diru zehapenak jartzea

6. artikulua. Arau-hauste arinak, arau-hauste larriak eta mailaketa irizpideak.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 67.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, arau-hauste arina izanen da edozein pertsonari, subjektu pasiboa izan edo ez, tributuen kudeaketa dela-eta eskatutako zerga eginkizun edo betebeharrak ez betetzea, baldin eta arau-hauste larria ez bada eta zehapena mailakatzeko elementua ez bada.

7. artikulua. Zehapena jartzea aitorpena aurkeztu beharra urratzeagatik.

1.-Aitorpenak aurkezten ez badira edo aitorpen faltsu, osagabe edo okerrak aurkezten badira 1.000 eta 150.000 pezeta bitarteko isuna jarriko da, egindako arau-hauste bakoitzeko, betiere Foru Dekretu honetako 8. artikulutik 12.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera arau-hauste hori zigorgarria ez bada.

2.-Portaera hori arau-hauste arin moduan zigortuko da bakarrik arau-hauste larria ez denean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak 68. artikuluaren b) letran xedatutakoaren arabera, eta arau-hauste larri bat mailakatzeko irizpidea ez denean, aipatu Foru Legeko 71.1.d) artikuluan jasotakoaren arabera, arau-hauste larri hori egiteko derrigorrezko bitartekoa izateagatik.

3.-Aurreko 1 atalean jasotako zehapenak Foru Dekretu honek 14. artikuluaren a), c) eta d) letretan araututako inguruabarrak kontuan hartuz mailakatuko dira.

8. artikulua. Zehapenak jartzea Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 103. eta 104. artikuluetan jasota dauden zerga arloko datu, txosten edo aurrekari garrantzitsuak emateko betebeharrak urratzeagatik.

1.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 103. eta 104. artikuluetan jasotako zerga arloko datu, txosten edo aurrekari garrantzitsuak oro har edo banan bana eskatzen direnean emateko eginkizunak ez betetzea 1.000 eta 200.000 pezeta bitarteko isunez zigortuko da ezkutatu, faltsutu edo osatu gabe utzi den eta aitorpenetan ageri beharko litzatekeen edo errekerimenduei erantzunez eman beharko litzatekeen datu bakoitzeko. Zehapenaren zenbateko osoa ez da handiagoa izanen subjektu arau-hausleak urraketa gertatu aurreko urte naturalean egin dituen eragiketa bolumenaren 100eko 3 baino. Gehieneko muga hori 5.000.000 pezetakoa izanen da aurreko urte naturaletan eragiketarik egin ez denean, jarduera aurreko urte naturalean hasi denean edo, bestela, produkzio zikloa gorabehera handikoa izan denean. Subjektu arau-hausleari eskatutako datuak bere jarduera enpresarial edo profesional bati buruzkoak ez badira, berriz, zigorraren zenbateko osoa ez da 300.000 pezetatik gorakoa izanen.

Horretarako, aipatu eginkizunak bete ez direla ulertuko da Administrazioak errekerimendua egin eta epez kanpo bete direnean.

Baldin eta, subjektu arau-hausleak aurre egitearen edo eginkizun kontabilitatezkoak eta formalak ez betetzearen ondorioz, Zerga Administrazioak eskatutako informazioa eta horren datu kopurua ezagutu ezin badu, hasieran egin den arau-hauste arinari jarriko zaion isuna ez da handiagoa izanen arau-haustea gertatu den urte naturalean subjektu arau-hausleak egindako eragiketa bolumenaren 100eko 5 baino, eta betiere 150.000 pezetatik gorakoa. Gehieneko muga 8.000.000 pezetakoa izanen da aurreko urte naturaletan eragiketarik egin ez denean, jarduera aurreko urte naturalean hasi denean edo, bestela, produkzio zikloa gorabehera handikoa izan denean. Subjektu arau-hausleari eskatutako datuak bere jarduera enpresarial edo profesional bati buruzkoak ez badira, berriz, zigorraren zenbateko osoa ez da 500.000 pezetatik gorakoa izanen.

2.-Aurreko atalean jasotako zehapenak Foru Dekretu honek 14.1 artikuluaren a), c) eta d) letretan adierazitako inguruabarrak kontuan hartuz mailakatuko dira.

9. artikulua. Zehapenak jartzea kontabilitate eta erregistroari buruzko eginkizunak urratzeagatik.

1.-Ondoko arau-hausteetako bakoitzari 25.000 eta 1.000.000 pezeta bitarteko zehapena jarriko zaio:

a) Kontabilitatean eta zerga arauek exijitutako erregistroetan eragiketa bat edo batzuk oker egitea edo jaso gabe uztea.

b) Kontuak beren izaeraren arabera dagokien esanahiaz bestelakoa den eta zerga egoeraren egiaztapena eragozten duen esanahiaz erabiltzea.

c) Derrigorrezko liburu eta erregistroetan agertzen diren datuak oker transkribatzea zerga aitorpenetan.

d) Kontabilitatea edo zerga xedapenetan jasotako liburuak eta erregistroak eramateko obligazioa ez betetzea.

e) Kontabilitatea edo zerga xedapenetan jasotako liburu edo erregistroak eramateko lanetan lau hilabete baino gehiago atzeratzea.

f) Enpresaren benetako egoera ezagutzea eragozten duten eta jarduera eta ekitaldi ekonomiko berari buruzkoak diren kontabilitate desberdinak eramatea.

g) Zerga administrazioak eskatuta, kontabilitateko froga eta agiriak ez aurkeztea edo erakutsi nahi ez izatea.

2.-Aurreko atalean jasotako zehapenak Foru Dekretu honek 14.1 artikuluaren a) eta d) letretan aipatutako inguruabarrak kontuan hartuz mailakatuko dira. Aurreko ataleko e) letran jasotako zehapena, gainera, eginkizunak betetzeko izan den atzerapenaren arabera mailakatuko da, 14.1.c) artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

Hori helburu, kontuan hartuko da jaso gabe utzi, faltsutu edo oker jarri diren eta dagokienaz bestelako esanahiaz kontuetan jarri diren edo zerga aitorpenetan oker jaso diren zorduntze, ordainketa eta idazpenen kopurua eta, baita ere, horien zenbatekoa beharko lukeena baino handiagoa edo txikiagoa ote den. Aurreko ataleko d), e) eta f) letretan jasotako arau-hausteak direnean, berriz, subjektu urratzailearen eragiketa bolumenari begiratuko zaio, bai arau-hausteak gertatu diren ekitaldian, bolumena zehaztu badaiteke, bai aurreko ekitaldian, ezin badaiteke zehaztu edo inguruabar hori zehapena mailakatzeko garrantzizkoa bada.

10. artikulua. Zehapenak jartzea enpresa eta lanbide jardueren inguruko datuak, zentsuari begira garrantzizkoak direnak, emateko obligazioa ez betetzeagatik.

1.-Eginkizun hori ez betetzeak 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isuna ekarriko du, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 72. artikuluaren 4. atalean ezarritakoari jarraikiz.

2.-Aurreko atalean jaso diren arau-hauste arinen zehapenak Foru Dekretu honek 14.1 artikuluaren a), c) eta d) letretan araututako inguruabarrak kontuan hartuz mailakatuko dira.

11. artikulua. Zehapenak jartzea faktura egin eta emateko eta zerga kuoten jasanarazpena kontsignatzeko obligazioa urratzeagatik.

1.-Enpresaburu edo profesionalek faktura, egiaztagiria edo balio bereko agiria egin eta emateko obligazioa ez betetzea edo oker betetzea eta, kasua bada, zerga kuoten jasanarazpena kontsignatzeko beharra ez betetzea, 1.000 eta 150.000 pezeta bitarteko isunez zigortuko da arau-hauste bakoitzeko, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 72. artikuluko 5. atalean xedatutakoari jarraikiz. Isunen zenbatekoa, guztira, ez da handiagoa izanen arau-hausteak sortu dituzten eragiketa guztien kontraprestazioen 100eko 5 baino.

2.-Subjektu arau-hausleak aurreko atalean aipatutako zerga kudeaketan laguntzeko obligazioak sarritan bete ez dituenean edo zerga administrazioak subjektuaren bitartez kasu bakoitzean arau-hauste arin bat sortu duten eragiketa, faktura edo antzeko agirien kopurua ezagutu ezin duenean, arau-hauste arin bakar baten erantzule izanen da eta ondoko isuna jarriko zaio: 25.000 pezeta eta ikertutako aldian egindako eragiketen bolumenaren 100eko 5 bitartean.

3.-Aurreko ataletan jarritako zehapenak 14.1 artikuluaren a), b) eta d) letretan jasotako inguruabarrak kontuan hartuz mailakatuko dira.

12. artikulua. Zehapenak jartzea identifikazio fiskaleko zenbakia erabili eta jakinarazteko obligazioa ez betetzeagatik.

1.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 72. artikuluko 6. atalean xedatutakoari jarraikiz, zerga harremanetan identifikazio fiskaleko zenbakia erregelamenduz jasotakoari jarraikiz erabiltzen edo ematen ez dutenei 1.000 eta 150.000 pezeta bitarteko isuna jarriko zaie egindako arau-hauste arin bakoitzeko.

2.-Subjektu arau-hausleak laguntzeko obligazio hori sarritan bete ez duenean, arau-hauste arin bakar baten erantzuletzat hartuko da, eta 25.000 eta 500.000 pezeta bitarteko isuna jarriko zaio. Baldin eta ez betetzea jarduera enpresarial edo profesionalean gertatzen bada, ikertzen den aldian egindako eragiketen bolumenaren 100eko 5ekoa izanen da zehapena.

3.-Kreditu entitateek kontu edo eragiketa bakoitza behar bezala identifikatzeko berariaz dagozkien obligazioak betetzen ez dituztenean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 72. artikuluko 6. atalaren bigarren lerroaldean eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren eraketa eta erabilera arautzen dituen uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretuko 14. artikuluan ezarritakoarekin bat, behar ez bezala ordaindu edo kargatutako zenbatekoen 100eko 5eko isuna ezarriko zaie, 150.000 pezetako gutxienekoarekin. Edo, bestela, eragiketa edo gordailua deuseztatu behar izan balu, isuna 150.000 eta 1.000.000 pezeta bitartekoa izanen da.

4.-Kreditu entitateek eramailearentzako txekeak igortzean edo ordaintzean identifikazio fiskaleko zenbakia agertzeko berariaz dituzten obligazioak ez betetzeagatik, efektuaren balio fazialaren 100eko 5eko isuna jarriko zaie, 150.000 pezetako gutxienekoarekin.

5.-Foru Dekretu honek 8. artikuluan jasotako zigorra jarriko da, baldin eta, titularrak identifikazio fiskaleko zenbakia eman ez duelarik, kreditu entitateek haren kontu eta eragiketei buruz aurkeztu beharreko aitorpen edo jakinarazpenak erakusten ez badituzte eta, halaber, datuak oker eman edo ezkutatzen badituzte.

6.-Aurreko ataletan jarritako zehapenak Foru Dekretu honek 14.1 artikuluan jasotako inguruabarrak kontuan hartuz mailakatuko dira.

13. artikulua. Zehapenak jartzea Zerga Administrazioaren lanari aurre egin, aitzakiak jarri edo uko egiteagatik.

1.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 72. artikuluko 7. atalean ezarritako arau-haustea egin dela ulertuko da tributupekoek Zerga Administrazioko ikuskatzailetza edo dirubilketako organoek agiriak, liburuak, fitxategiak, fakturak, kontabilitate nagusi nahiz osagarriko frogagiriak edo idazpenak, programak, sistema eragileak eta kontrolekoak, eta aurkeztu edo eman beharreko datuen jatorri den edozein aurrekari edo informazio aztertzeko nahiz aitorpenak edo zerrendak egiaztatu edo konpultsatzeko egiten dieten errekerimenduei kasurik egiten ez dietenean. Arau-hauste hori 50.000 eta 1.000.000 pezeta bitarteko isunez zigortuko da, betiere Foru Dekretu honen 17. artikuluaren arabera zerga arloko arau-hauste larri bat egiteagatik jarri beharreko zehapena mailakatzeko kontuan hartzen ez bada.

2.-Zerga Administrazioak kudeaketa fasean egiten dituen jarduketei edo ikuskapen edo dirubilketa faseetan egiten dituen beste lan batzuei (aurreko ataletan jaso ez direnak) aurre egitea, aitzakia jartzea edo uko egitea arau-hauste arin orokor gisa zehatuko da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak 67.1.f) eta 72.1 artikuluetan jasotakoaren arabera, 1.000 eta 150.000 pezeta bitartean.

Horretarako, Zerga Administrazioaren lanari aurre egin, aitzakiak jarri edo uko egiten zaiola ulertuko da tributupekoak, behar bezala jakinarazi eta ohartarazita, Administrazioaren errekerimenduei kasu egiten ez dienean edo Administrazioko organoen lana bere eginkizunak betetzeari dagokionez atzeratu, oztopatu edo eragozten duenean, eta, zehazki, ondoko jokabide hauek gertatzen direnean:

a) Ez agertzea indarrean dagoen araudiari jarraikiz adierazten zaion tokian edo epean, ezinbesteko arrazoiengatik izan ezik.

b) Zerga Administrazioko organoak finka edo lokaletan sartzeari edo egoteari uko egitea, eskaera indarra duten legeekin bat egiten baldin bada.

c) Zerga Administrazioko organoei koakzioak egitea, salbu eta koakzio horiek delitu edo hutsegitetzat hartzen direnean.

3.-Aurreko ataletan jasotako zehapenak Foru Dekretu honetako 14.1 artikuluaren a) eta d) letretan araututako inguruabarrak kontuan hartuz mailakatuko dira.

4.-Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, kasu egin ez zaien eta errepikatu diren eduki bereko errekerimenduei ez erantzutea arau-hauste arin bakarra izanen da.

14. artikulua. Mailaketa irizpideak.

1.-Zerga arloko arau-hauste arinagatik jartzen diren diru zehapenak ondorengo letretan jasotako inguruabarrak kontuan hartuz mailakatuko dira kasuan-kasuan:

a) Zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatea.

Halakotzat hartuko da subjektu arau-hauslea izaera bereko eginkizun edo betebeharretan arau-hauste arina egiteagatik zigortu dutenean, administrazio ebazpen irmoaren indarrez, espedientearen xedeko arau-haustea egin aurreko bost urteetan. Horretarako, izaera bereko betebehar edo eginkizuntzat hartuko dira Foru Dekretu honetako 7.etik 19.era bitarteko artikulu bakoitzean araututakoak.

Inguruabar hori gertatzen denean, aurreikusitako gutxieneko isuna igoko da, arau-hauste arin bakoitzerako ezarritako gehieneko zehapenaren % 25, gutxienez, obligazio berberari dagokion arau-hauste arinaren ondorioz zehapen irmoa baldin badago; zehapen irmoa izaera bereko baino beste mota bateko zerga arloko arau-hausteengatik jarri baldin bada, igoera % 15ekoa izanen da.

Zehapena datuak ezkutatu, faltsutu edo osorik ez emateagatik jarri baldin bada, horretarako aurreikusitako gutxieneko zehapena igoko da, hots, ezkutatu, faltsutu edo osorik eman ez den datu bakoitzeko aurreikusitako gehieneko zehapenaren % 2, gutxienez.

b) Arau-haustea egitean iruzurbideak edo bitarteko pertsona bat erabiltzea.

Ondorio horietarako, faktura, egiaztagiri edo bestelako agiri edo euskarri faltsuak edo faltsutuak izanen dira iruzurbideak.

Hori gertatuz gero, aurreikusitako gutxieneko zehapena kasuan kasuko arau-haustearentzat aurreikusitako gehieneko zehapenaren % 25 igoko da, gutxienez.

c) Eginkizun edo betebehar formalak edo laguntza ematekoak bere kabuz ez betetzea edo betetzean atzeratzea.

Inguruabar hori gertatuz gero, aurreikusitako gutxieneko zehapena, gutxienez, gehieneko zehapenaren % 5 igoko da, atzerapena hiru hilabetetik beherakoa baldin bada; % 10, atzerapena hiru hilabetetik sei hilabetera bitartekoa izan baldin bada, eta % 15, atzerapena sei hilabetetik gorakoa baldin bada.

Zehapena, ezkutatu, faltsutu edo eman gabe utzitako datu bakoitzeko jartzen baldin bada, horretarako aurreikusitako gutxieneko zehapenaren gainean honako igoera aplikatuko da gutxienez: ezkutatu, faltsutu edo eman gabe utzitako datu bakoitzerako aurreikusitako gehieneko zehapenaren % 0,5, % 1 edo % 1,5, atzerapena hiru hilabetetik beherakoa, hiru hilabetetik sei hilabete bitartekoa, edo sei hilabetetik gorakoa izan, hurrenez hurren.

d) Subjektuak eman ez dituen datuek, txostenek edo aurrekariek zerga kudeaketarako duten garrantzia, eta, oro har, formazko eginkizunak, kontabilitate edo erregistro lanen ingurukoak eta Zerga Administrazioari lagundu edo informazioa ematekoak ez betetzeak norainoko garrantzia izan duen.

Horren ondorioetarako, hona hemen zerga kudeaketaren eraginkortasunerako garrantzitsuak diren formazko eginkizun edo betebeharrak:

1) Atxikipen eta konturako sarreren urteko laburpenak aurkeztea.

2) Hirugarren pertsonekin egindako eragiketei buruzko urteko aitorpena.

3) Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 67. artikuluan Europako Batasunaren barruko eragiketen laburpenari buruz adierazitako aitorpena aurkeztea.

4) Abenduaren 14ko 352/1998 Foru Dekretuko 4, 5 eta 6. artikuluetan aipatutako pentsio plan eta fondoetan eta horien sistema alternatiboetan partaide direnak identifikatzeko aitorpena aurkeztea.

5) Kontu korronte, aurrezki eta epekako gordailu, mailegu zein kreditu kontu nahiz gainerako eragiketa aktibo eta pasiboei buruzko informazioa ematea. Halaber, kontu iragankorretan islatzen diren eragiketei buruz edo entitate, banku, aurrezki kutxa eta kreditu kooperatiben nahiz banku edo kreditu trafikoan aritzen diren pertsona fisiko eta juridiko guztien kargura txekeak edo beste ordainketa agindu batzuk egitean gauzatzen diren eragiketei buruz informazioa ematea.

6) Abenduaren 14ko 352/1998 Foru Dekretuko 1. artikuluak eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko bigarren xedapen gehigarriaren 3. zenbakian jasotako informazioa ematea.

7) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia erabiltzea, haren erabilera arautzen duen uztailaren 31ko 182/1990 Foru Dekretuko 11 eta 14. artikuluetan adierazten diren eragiketetan.

8) Zerga Administrazioari zerga helbidea eta horren aldaketak jakinaraztea.

9) Zerga bereziei lotutako produktuen eragiketei buruzko aitorpenak aurkeztea.

10) Aseguruetako Sarien gaineko Zergari dagokion urteko aitorpen-laburpena egitea.

11) Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion urteko aitorpen-laburpena egitea, Zerga horri buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 109.1.6 artikuluan aipatua.

Zerga kudeaketarako garrantzizkotzat hartzen da, orobat, faktura, egiaztagiri eta balio bereko agirietan honako datu hauek agertzea:

1. Fakturaren zenbakia eta, hala dagokionean, seriea.

2. Faktura egin duenaren identifikazio fiskaleko zenbakia.

3. Kontraprestazioaren zenbateko osoa eta, hala badagokio, zerga kuota jasanarazia.

Irizpide hori aplikatzeko orduan, arestian aipatu eginkizun eta betebeharrak noraino bete diren zehazteko, kontuan hartuko da beharkizun horiek dituen subjektu behartuaren eragiketen bolumena eta ezkutatu, faltsutu edo eman gabe utzitako datu, zorduntze edo ordainketak zenbat diren eta nolakoak, hala nola ez-betetze horrek beste zergadun batzuen zerga egoeran izan dezakeen eragina.

2.-Mailaketa irizpideak aldi berean aplikatu daitezke.

Aplikatu beharreko zehapena zehazteko, gutxieneko isunari aurreko ataletan xedatutakoaren ondorioz dagokion kopurua gehituko zaio, baina hortik ateratzen den zenbatekoak ezin izanen du gainditu legez ezarritako gehieneko diru-muga.

III. KAPITULUA. Zerga arloko arau-hauste larriengatik diru zehapenak jartzea

I. atala. Arau-hauste larrien zehapenak mailakatzeko irizpideak

15. artikulua. Arau-hauste larrien diru zehapenak mailakatzeko irizpideak.

1.-Arau-hauste larrien diru zehapenak, kasuan-kasuan, honako irizpide hauen arabera mailakatuko dira:

a) Zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatea.

b) Zerga Administrazioaren ikertze lanari aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea.

c) Urraketa egitean iruzurrez edo bitarteko pertsona baten bidez jokatzea.

d) Zerga Administrazioari zorra zehazteko behar dituen datuak ezkutatzea, aitorpenak ez aurkeztuz edo aitorpenak osatu edo zehaztu gabe aurkeztuz, zorra murriztu nahian.

2.-Mailaketa irizpide desberdinak aldi berean erabil daitezke. Zehapena zehazteko, gutxieneko diru isunaren zenbatekoa gehituko da Foru Dekretu honek 16.etik 19.era bitarteko artikuluetan xedatutakoaren arabera bidezkoak diren ehunekoak aplikatuz.

Mailaketa irizpide bakoitza gutxieneko diru zehapenaren gainean aplikatuko da.

3.-Azkenean ateratzen den isunaren zenbatekoa inola ere ez da handiagoa izanen Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 69. artikuluko 1. atalean aipatutako zenbatekoaren 100eko 150 baino, edo, kasua bada, Foru Lege hartako 77. artikuluan aipatutako muga baino handiagoa.

16. artikulua. Zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatea.

1.-Foru Dekretu honetako 15.1.a) artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, zerga arloko arau-hausteetan berregitea izan dela ondorioztatuko da espedientearen xede den arau-haustea egin aurreko bost urteetan, administrazio ebazpen irmo baten bidez, subjektu arau-hausle hori zehatua izan baldin bada zerga arloko arau-hauste larri bat egiteagatik.

2.-Hori gertatuz gero, zehapenaren ehunekoa 10 puntutan igoko da tributu berari dagokion arau-hauste larriengatiko zehapen irmo bakoitzeko, eta 5 puntutan beste tributu batzuetako arau-hauste larriengatiko zehapen irmo bakoitzeko, betiere zehapen horiek aurreko atalean zehazturiko baldintzetan ezarri baldin bazaizkio subjektu arau-hausleari.

3.-Zehapenari aplikatu beharreko igoera, nolanahi ere, ez da % 10etik beherakoa izanen, ez eta % 50etik gorakoa ere. Aurreko atalean ezarritakoaren ondorioz, 5 puntuko igoera aplikatu beharra dagoenean, ez da inolako igoerarik aplikatuko.

4.-Artikulu honen ondorioetarako bakar-bakarrik, egiaztatze edo ikertze lan beretik eratortzen diren arau-hauste larri guztiak aurrekari bakar moduan konputatuko dira. Halakotzat hartuko dira jarduketak hasteko edo horiek zabaltzeko (hurrenez hurren Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 26. eta 34. artikuluetan adieraziak) jakinarazpenean oinarritutako jarduketen ondorioz ageri diren arau-hauste larriak.

Halaber, aurrekari bakar moduan konputatuko dira tributu beragatik eta zergaldi edo likidazioaldi berean egindako behin-behineko edo behin betiko likidazio guztien ondoriozko arau-hauste larri guztiak.

Tributu eta zergaldi berari dagozkion jarduketak egiten direnean, tributu eta zergaldi edo likidazioaldi horri buruz ofizioz egindako behin-behineko likidazioen ondoriozko arau-hauste larriak izatea ez da aurrrekaritzat hartuko.

17. artikulua. Zerga Administrazioaren ikertze lanari aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea.

1.-Foru Dekretu honen 15.1.b) artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Zerga Administrazioaren ikertze lanari aurre egin, uko egin edo oztopoak jarri zaizkiola ulertuko da, behar bezala jakinarazi eta ohartarazita ere, Administrazioak tributupekoen zerga egoera erregularizatzeko eta arau-hauste larriak azaleratzeko egiaztatze eta ikertze lanetan egindako errekerimenduei tributupekoek kasurik egiten ez dietenean.

2.-Horrelakoa gertatzen denean, zehapenaren ehunekoa 10 eta 50 puntu bitartean gehituko da, ondorego irizpideei jarraikiz:

a) Subjektu pasiboak, behin eta berriz, jardunbidean zehar eskatzen zaizkion datuak, txostenak, egiaztagiriak eta aurrekariak emateari uko egin eta, horren ondorioz, Zerga Administrazioak eskatutako informazioa ezagutzerik ez duenean, zehapenaren ehunekoa 30 eta 40 puntu bitartean gehituko da.

b) Subjektu pasiboa jardunbidera joateko eskatu eta agertzen ez denean, gutxienez hiru aldiz, zehapenaren ehunekoa 20 eta 30 puntu bitartean gehituko da.

Behin eta berriz ez agertzearen ondorioz, erregularizazioa, tributupekoa bertan izan gabe, egin behar denean, zigorraren ehunekoa 40 eta 50 puntu bitartean gehituko da.

c) Aurre egin, uko egin edo oztopoak jartzeko modua bestelakoa denean, zigorraren ehunekoa 10 eta 30 puntu bitartean gehituko da.

18. artikulua. Arau-haustea egitean iruzurrez edo bitarteko pertsona baten bidez jokatzea.

1.-Foru Dekretu honetako 15.1.c) artikuluan aurreikusitako mailaketa irizpidea aplikatu behar dela ondorioztatuko da arau-haustea egitean iruzurrez edo bitarteko pertsona baten bidez jokatu denean.

Ondorio horretarako, iruzurbidetzat hartzen da kontabilitatean irregulartasun nabarmenak agertzea eta faktura, egiaztagiri edo bestelako agiri edo euskarri faltsu edo faltsutuak erabiltzea.

2.-Ondoko kasu hauek gertatzen direnean ulertuko da kontabilitatean irregulartasun nabarmenak ageri direla:

a) Kontabilitatea edo zerga xedapenek ezarritako liburu edo erregistroak eramateko obligazioa batere ez betetzea.

b) Enpresaren benetako egoera zein den jakitea eragozten duten kontabilitate bat baino gehiago eramatea jarduera eta ekitaldi ekonomiko berean.

c) Kontabilitatea edo zerga xedapenek ezarritako liburu edo erregistroak behar ez bezala eramatea, idazpenak edo erregistroak oker eginez edo jaso gabe utziz nahiz dagokienaz bestelako esanahia duten kontuak erabiliz. Horrelakoa gertatzen dela ulertu ahal izateko, jaso gabe utzi diren, oker jarri diren edo dagokienaz bestelako esanahia duten kontuetan erregistratu diren zorduntze, ordainketa edo idazpenen zenbatekoa, goitik edo behetik, arau-haustea egin den zergaldi osoan liburuan edo erregistroan egindako zorduntze edo ordainketa guztien 100eko 15 izanen da gutxienez.

Arestian aipatutako baldintzak gertatu direla ulertuko da arau-hauste larria egiteko tresna izan direnean.

Isunari aplikatu beharreko igoera zenbatekoa den zehaztearen ondorioetarako, a) letran adierazitako inguruabarra gertatuz gero, igoera ehuneko 25 eta 35 bitartekoa izanen da; b) letran adierazitako inguruabarra gertatuz gero, ehuneko 35 eta 45 bitartekoa, eta c) letrakoa gertatuz gero, ehuneko 20 eta 25 bitartekoa.

3.-Lehenengo atalean adierazitakoaren ondorioetarako, faktura, egiaztagiri edo bestelako agiri edo euskarri faltsuak edo faltsutuak erabili direla ulertuko da inoiz ere oso-osorik edo zati batean egin ez diren eta arau-hauste larria egiteko tresna izan diren eragiketak erakusten dituztenean. Horrelakoa ez dela gertatu ulertuko da agiri edo euskarri faltsu edo faltsutuen eragina subjektu arau-hausleari aurkitu zaion zerga zorraren aldean 100eko 10 baino txikiagoa denean.

Hori gertatzen bada, isunari % 25 eta 40 puntu bitarteko igoera aplikatuko zaio.

4.-Lehenengo atalean adierazitako ondorioetarako, bitarteko pertsona fisikoak, juridikoak edo entitateak erabili direla ulertuko da subjektu arau-hausleak, bere nortasuna ezkutatu nahian, ondasun edo eskubideen titularitatea izatea, ondare etekinak edo gehikuntzak lortzea edo zerga alorrean eragina duten eta zerga obligazioa sortzen duten eragiketak egitea hirugarren baten izenean jarri dituenean, hark baimenduta edo ez. Hain zuzen ere, obligazio horiek guztiak ez betetzeak hemen zehatzen den arau-haustea ekarriko du berarekin.

Hori gertatzen bada, isunari % 35 eta 50 puntu bitarteko igoera aplikatuko zaio.

5.-Aurreko 2, 3 eta 4. ataletan jasotako gorabeherak banan-banan aztertuko dira. Hala gertatzen denean, gorabehera bakoitzari dagokion zigorraren ehunekoaren gehikuntza banan-banan bereizita zehaztuko da.

Mailaketa irizpide hau erabiltzeak berekin dakarren zehapenaren ehunekoaren gehikuntza aurreko atalean aipatutako gehikuntzen batura eginez kalkulatuko da.

Horrela zehaztutako gehikuntzen batura 75 puntu baino handiagoa denean, hala ere, gehikuntzaren ehunekoari kopuru horren muga jarriko zaio.

19. artikulua. Administrazioari zerga zorra zehazteko behar dituen datuak ezkutatzea.

1.-Foru Dekretu honetako 15.1. artikuluko d) letran aipatutako inguruabarra gertatu dela ulertuko da aitorpenak ez aurkeztuz edo aitorpen osagabeak edo okerrak aurkeztuz Zerga Administrazioari zerga zorra zehazteko behar dituen datuak ezkutatzen zaizkionean eta ezkutatzeak berarekin zorraren murriztapena dakarrenean.

Hala eta guztiz ere, aurrekoak ez du kentzen Zerga Administrazioak hirugarrenek egiten dituzten aitorpenen bidez edo, zehapenaren xede ez diren zerga kontzeptuei buruz, subjektu arau-hausleak berak egiten dituen beste aitorpen batzuen bidez datu horiek ezagutzea, ez eta ezkutatu diren datuak kontabilizatuta agertzea edo ez agertzea ere.

Horrelakorik ez da ondorioztatuko subjektu arau-hausleak zerga zorra zehazteko behar diren datu guztiak aitorpenean jaso dituenean eta zorraren murriztapena subjektu arau-hausleak zerga araudia oker erabiltzeagatik eratorri denean.

2.-Horrelakorik ezinen da ulertu subjektu arau-hauslearen portaera Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak 68. artikuluaren b) letran tipifikaturiko arau-hauste larria denean. Modu berean, horrelakorik ez da ondorioztatuko Foru Dekretu honek 18.2.c) artikuluan jasotako inguruabarra aplikatu daitekeenean eta, horrenbestez, aurkeztutako aitorpenak irregulartasun nabarmenik ez duen kontabilitatea leial islatzen duenean.

3.-Arau-hauste larria egitean horrelakoa gertatzen denean, zehapenaren ehunekoa 10 eta 25 puntu bitartean gehituko da. Subjektu arau-hausleak ezkutatu dituen datuek zerga zorra zenbat murrizten duten kontuan hartuz kalkulatuko da gehikuntza hori, ondorengo irizpideei jarraikiz:

a) Zerga zorra 100eko 10 edo gutxiago murrizten bada, zehapenaren ehunekoa ez da gehituko.

b) Zerga zorra 100eko 10, 20, 50 edo 75 baino gehiago murrizten bada, zehapenaren ehunekoa 10, 15, 20 edo 25 puntu gehituko da hurrenez hurren.

2. atala. Erregularizazio proposamenarekin ados agertzea

20. artikulua. Erregularizazio proposamenarekin ados agertzea.

1.-Subjektu arau-hauslea edo, hala dagokionean, erantzulea bere zerga egoerari buruz egiten zaion erregularizazio proposamenarekin, bai eta zigor proposamenarekin ere, ados dagoenean, horretarako jarri den epean eta, nolanahi ere, likidazio egintza eman baino lehen, zerga arloko arau-hauste larriagatik jarri beharreko diruzko zehapena, Foru Dekretu honek 15. artikuluan jasotakoaren arabera kalkulatua, 100eko 40 murriztuko da. Murriztapen hori gutxieneko zehapenari aplikatuko zaio, kasua bada.

Subjektu arau-hauslea erregularizazio proposamenaren zati batekin bakarrik ados baldin badago, eta, horrenbestez, zati horri dagokion zehapen proposamenarekin, % 40ko murriztapena isunaren zati horri baino ez zaio aplikatuko.

Atal honetan zehazturikoaren ondorioetarako, subjektu arau-hauslea proposamenekin ados dagoela ulertuko da, alegazioak aurkeztu eta likidazio egintzan alegazio horiek oso-osorik onartzen baldin badira.

Egindako erregularizazioa biltzen duen administrazio egintzaren aurka edo ezarritako zehapenaren aurka errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteak berekin ekarriko du atal honetan adierazitakoaren arabera egindako murrizketaren dirua eskatzea.

2.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 113. artikuluan adierazitako behin-behineko likidazioetarako prozedura bideetan azaltzen diren zerga arloko arau-hauste larrien kasuan, aurreko atalean aipatu murrizketa egiteko, ez da eskatuko subjektu pasibo arau-hausleak edo, kasua bada, arduradunak erregularizazio eta zehapen proposamenekin ados dagoela adieraztea.

Murrizketa aplikatzeko, egindako erregularizazioa eta zehapena biltzen dituzten administrazio egintzekiko adostasuna adierazi beharko da. Adostasuna dagoela ulertuko da ezarritako epean egintza horien aurka errekurtso edo erreklamaziorik aurkezten ez bada.

Errekurtso edo erreklamazioa aurkeztuz gero, dela egindako erregularizazioa duen administrazio egintzaren aurka, dela zehapena jartzeko egintzaren aurka, dela bien aurka, zehapena jartzeko egintza murrizketa aplikatu gabe diktatu zela ondorioztatuko da. Hortaz, bai proposamenean, bai zehapen prozeduraren ebazpenean, hori aipatu beharko da.

IV. KAPITULUA. Diruzkoak ez diren zehapenak jartzea

1. atala. Diruzkoak ez diren zehapenak

21. artikulua. Diruzkoak ez diren zehapenak.

1.-Diruzkoak ez diren zehapenak honelakoak izan daitezke:

a) Subentzio edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga onura edo pizgarriak izateko eskubidea galtzea, bost urtez gehienez.

b) Foru Komunitateko Administrazioarekin edo beste entitate publiko batzuekin kontratuak egitea debekatzea, bost urtez gehienez ere.

c) Enplegua edo kargu publikoa etetea, gehienez urte batera arte.

Arestiko a) eta b) letretan aurreikusitako zehapenak Tributuei buruzko Foru Legeko 73. eta 76.3 artikuluetan adierazitako kasuetan aplikatuko dira eta c) letran aurreikusitakoak, aldiz, lege bereko 75. artikuluan adierazitako kasuetan. 73. artikuluan adierazitako kasuan, letra horietan zehazturiko epea ez da, inondik inora, bost urtetik gorakoa izanen.

2.-Zerga onura edo pizgarriak izateko eskubidea galtzea ezar daiteke, besteak beste, honako zerga hauetan:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan: Sozietateen gaineko Zergatik datozen inbertsioengatik egiten diren kenkariak eta amortizazio askatasuna.

b) Sozietateen gaineko Zergan: amortizazio askatasuna eta inbertsioengatik egiten diren kenkariak.

c) Oro har, tributuetan ezartzen diren beste salbuespen edo hobari batzuk, hala nola lege berezietan adierazten direnak.

3.-Zerga onura edo pizgarriak izateko eskubidea galtzeak ez ditu honako arlo hauek ukituko:

a) Ondasunak edo zerbitzuak erosten dituztenei derrigorrez jasanarazi beharreko zeharkako zergetan aurreikusitako onura-pizgarriak.

b) Gardentasun fiskala.

2. sekzioa. Isunen mailaketa

22. artikulua. Mailakatzeko irizpideak.

Arau-hauste arinengatik jartzen diren zehapen ez diruzkoak mailakatzeko, Foru Dekretu honetako 14.1.d) artikuluan ezarritako irizpideak erabiliko dira. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 73. eta 75. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako, egindako arau-haustea zerga kudeaketaren eraginkortasunerako garrantzizkoa dela ulertuko da arau-hauste horren ondorioz Zerga Administrazioa tributupeko askoren datu, txosten edo aurrekaririk gabe gelditzen bada eta horiek zerga kontuetarako garrantzizkoak badira.

Arau-hauste larrien ondoriozko zehapen ez diruzkoak eragindako kalte ekonomikoaren arabera mailakatuko dira eta Foru Dekretu honen 17. eta 18. artikuluetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

23. artikulua. Kalte ekonomikoak.

1.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 76. artikuluaren 3. atalean xedatutakoaren ondorioetarako, kalte ekonomikoa kalkulatzeko, bildu ez den kopurua edo bidegabeko itzulketetan lortutako kopurua hartuko da kontuan.

Kalte ekonomikoa itzulketetan bidegabeki lortutako dirutik eta sartu ez diren kopuruetatik, bietatik, baldin badator, hura kalkulatzeko, bidegabeki lortutako itzulketaren eta sartu gabe utzitako kopuruaren batuketa eginen da.

2.-Aurreko atalean aipatu artikuluan adierazten den ehunekoa finkatzeko, atal horretan adierazitako kalte ekonomikoaren eta sartu gabe utzitako diru-kopuruaren arteko erlazioa hartuko da aintzat. Dirusarrerarik egin beharra ez dagoen kasuetan, ehunekoa finkatzeko, kalte horren eta indarra duten arauei jarraikiz bidezko liratekeen itzulketen arteko erlazioari begiratuko zaio.

Horren ondorioetarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta Sozietateen gaineko Zergan zergaldi horretako kuota kontuan hartuko da, kontuan sartutako dirusarrerengatik dagokion murriztapena egin baino lehen.

Aldizkako tributuetan eta aldizka aitortu beharreko tributuetan, hala kalte ekonomikoaren zenbatekoa, nola sartu behar ziren dirusarreren eta bidezko liratekeen itzulketena kasuan kasuko zergaldikoak edo likidazioaldikoak izanen dira, eta hori hamabi hilabetetik beherakoa baldin bada, urte naturalekoak.

V. KAPITULUA. Zerga arloko zehapenak ezartzeko prozedura

1. atala. Zehapenak jartzeko organo eskudunak

24. artikulua. Diru-zehapenak ezartzeko eskumena duten organoak.

Diru-isunean oinarritutako zehapenak erabaki eta ezartzeko organo eskudunak izanen dira tributu likidazioko administrazio-egintzak ematen dituztenak edo, hala badagokio, zehapen prozedura hasi duenaren goragoko organo hurrena.

Zehapen-prozedura hasi edo kitatzeko organo eskudunak dira antolamendu arauetan, zergak aplikatzeko prozedura arauetan, zehapen prozeduraren arauetan edo kasuan kasuko zerga arautzekoetan horrela ezarrita daudenak.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuaz bestelako departamentuek edo horien mendeko beste entitate batzuek kudeatzen dituzten zergen edo zerga eginkizunen kasuetan, horrelako zehapenak ezartzeko eskumena kasuan kasuko organoaren titularrak izanen du.

25. artikulua.

26. artikulua. Diruzkoak ez diren zehapenak jartzeko organo eskudunak.

Horrelako zehapenak erabaki eta jartzeko eskumena duen organoa Nafarroako Gobernua da, salbu eta ondoko lerroaldean aipatzen den kasuan.

Arau-haustearen ondorioz, lanbide ofizialetan aritzeko gabetze-aldi bat ezartzerik baldin badago, Estatuko Administrazioko organo eskudunari gertatutakoaren berri emanen zaio.

2. atala. Zehapen prozeduraren nondik-norakoak

27. artikulua. Prozedura bereizia.

Zerga arloko zehapenak ezartzeko espediente berezi eta independiente bat irekiko da, subjektu arau-hauslearen zerga egoera egiaztatu eta ikertzeko irekitakotik bereizia. Instrukzioaldian interesatuari entzunaldia eman beharko zaio.

28. artikulua. Hasiera.

1.-Prozedura ofizioz hasiko du eskumena duen funtzionarioak edo espedientea tramitatzen duen administrazio unitateko titularrak, nork bere kabuz nahiz goiko batek aginduta edo beste organo batzuek arrazoibidez eskatuta.

2.-Zehapen prozeduraren hasieraren berri interesatuei eman beharko zaie, honako hauek adierazita:

a) Ustezko erantzulearen pertsona edo entitatea nor den.

b) Prozedura hasteko arrazoi izan diren gertaerak, horiek izan dezaketen kalifikazioa, legozkiekeen zehapenak eta horien kuantifikazioa.

b) Espedientea ebazteko eskumena duen organoa.

d) Alegazioak aurkezteko eta prozeduran entzunaldia izateko eskubidea dagoela aipatu beharko da, eta horretarako unea eta epeak.

3.-Zehapen prozeduran subjektu arau-hauslearen edo arduradunaren zerga egoera egiaztatu eta ikertzeko jarduketetan irekitako espedientetik lortutako datu, froga edo inguruabarrak aintzat hartzen badira, entzunaldia baino lehen sartu beharko dira zehapen espedientean.

4.-Entzunaldia baino lehen, interesatuek egoki iruditzen zaizkien alegazioak egin ditzakete eta bidezko agiri, egiaztagiri eta frogak ekarri.

29. artikulua. Ordezkaritza.

Zehapen prozeduran norbaiten ordezkari gisa aritzeko, horretarako kreditazioa beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduko 23. artikuluan ezarritako moduan.

30. artikulua. Instrukzioa.

1.-Zerga Administrazioari dagokio zerga arloko arau-hausteetan arau-hauslea erruduna dela ondorioztatzeko frogak aurkeztea.

Hori helburu, prozedura izapidatzen duen funtzionarioak zehagarri den erantzukizunik ba ote den jakiteko behar adina jarduketa eginen ditu ofizioz, eta ebazpena emateko behar diren froga, aitorpen eta txostenak erantsiko zaizkio espedienteari.

2.-Jarduketak amaitu ondoren, prozedura izapidean jarri duen funtzionarioak ebazpen proposamena eginen du. Horretan gertaerak eta horien kalifikazioa finkatuko dira horretarako arrazoiak emanez, arau-haustea zehaztuko da edo, bestela, arau-hauste edo erantzukizunik ez dagoela adieraziko. Halaber, pertsona edo entitate erantzulea zehaztuko da, eta zigorra proposatu eta mailaketa irizpideak adieraziko dira. Azkenik, Tributuei buruzko Foru Legeko 71.3 artikuluan aipatzen den murrizketa lortzeko aukera espresuki adierazi beharko da.

31. artikulua. Izapidearen egoera eta arduradunen identifikazioa.

Zehapen prozedura bitartean noiznahi, interesatuak ahalmena izanen du prozedura zein izapide-fasetan dagoen jakiteko, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 80. eta 81. artikuluetan ezarri bezala, hala nola prozeduraren izapidearen ardura duten zerga administrazioko agintari eta langileak nortzuk diren ezagutzeko.

32. artikulua. Interesatuei entzunaldia ematea.

1.-Ebazpen proposamena zehapen prozedurako interesatuei jakinaraziko zaie. Bertan adieraziko da espedientea ikusgai jarriko dela eta hamabost eguneko epea dutela egoki iruditzen zaiena alegatzeko eta bidezko agiri, egiaztagiri eta frogak aurkezteko.

2.-Alegazioak aurkezteko epea amaituta eta horiek aztertu ondoren, instruktoreak ebazpen proposamena igorriko dio espedientea ebazteko eskumena duen organoari, espedientean bildu diren agiri eta alegazioekin batera.

33. artikulua. Izapide laburtua.

1.-Zehapen espedientea irekitzeko unean, organo eskudunak zehapen proposamena emateko elementu guztiak baldin baditu, proposamen hori espedientea irekitzeko erabakiari atxikiko zaio eta interesatuei jakinaraziko zaie, horren berri izan dezaten. Adieraziko zaie, orobat, espedientea ikusgai jarriko dela eta hamabost eguneko epea dutela egoki iruditzen zaiena alegatzeko eta bidezko agiri, egiaztagiri eta frogak aurkezteko.

2.-Kudeaketa bulegoek izapidatzen dituzten prozeduretan, hamabost egun horietan alegaziorik aurkezten ez bada, edo alegazioak aurkezteari propio uko egiten bazaio, ebazpena diktatu dela ondorioztatuko da, proposamenaren alderdi guzti-guztiak mantenduta, eta horrela ohartaraziko zaie interesatuei proposamenaren jakinarazpenean.

Horren ondorioetarako, ebazpen proposamena ebazpena emateko eskumena duen organoak sinatu beharko du eta bertan adierazi beharko dira erabili daitezkeen inpugnazio bideak, horretarako epeak eta organoak, hala nola zehapena ordaintzeko tokia, epea eta modua.

3.-Tributu Ikuskapenak izapidaturiko prozeduretan Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduko 63.8 artikuluan ezarritakoari begiratuko zaio.

34. artikulua. Ebazpena.

1.-Prozedura izapidatu duen funtzionarioaren proposamena eta espedientean bildu diren agiri, proba eta alegazioak ikusirik, organo eskudunak ebazpen arrazoitua emanen du.

2.-Zehapen prozeduraren ebazpenean honako hauek adieraziko dira: gertaerak, egindako frogen balorazioa, arau-hausteen zehaztapena eta pertsona edo entitate erantzuleak, hala nola ezartzen den zehapena, hori mailakatzeko irizpideak eta murriztapena, Foru Dekretu honetako 20. artikuluan ezarritakoaren arabera bidezkoa baldin bada. Kontrara, arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoela adieraziko da.

Ebazpenean ezin izanen da onartu espedientean ez dagoen gertaerarik, hain zuzen, prozedura bidean zehazturikoak eta, kreditatu ondoren, prozedurari erantsiak.

Ebazpen hori interesatuei jakinaraziko zaie. Bertan, honako hauek bilduko dira: erabil daitezkeen inpugnazio bideak, horretarako epeak eta organoak eta ezarritako zehapena ordaintzeko tokia, epea eta modua.

3.-Zehapena ezartzeko egintzaren aurka errekurtsoa edo erreklamazioa jar daiteke, baina interesatuak zerga kuotaren aurkako erreklamazioa ere jartzen badu, bi errekurtso edo erreklamazioak bakar batean bilduko dira. Horren ondorioetarako, ez da bide izanen zehapena ezartzeko egintzaren aurka jartzen den errekurtso edo erreklamazioa kuota, korritu eta errekarguen likidazioaren aurka jarritakoaz bestelakoa izatea.

35. artikulua. Ebazteko epeak.

Prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, zehapen espedientearen hasiera interesatuari jakinarazten zaion egunetik aurrera. Interesatuari egotzi behar zaizkion arrazoiengatik edo, Foru Dekretu honetako 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, prozedura eten delako izapidea luzatzen baldin bada, epe hura eten eginen da. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, prozedura iraungitzat hartuko da eta jarduketak artxibatuko dira, ofizioz edo interesatuak eskatuta, deusetan galarazi gabe prozedurari berriz ere hasiera ematea, Zerga Administrazioak zehapena jartzeko duen ahalmenak preskribitu ez badu.

36. artikulua. Diruzkoak ez diren zehapenak.

1.-Isunak ez diren beste zehapen batzuk jartzeko, espediente bereizi bat irekiko da, zerga arloko arau-hauste arin edo larriengatik jartzen diren diru-zehapenak ezartzeko izapidatzen den espedientetik aparte.

2.-Kasua bada, espedientea hasiko da horren jatorri den administrazio espedientearen ebazpena administrazio bidean irmo bilakatu eta gero.

3.-Horrelako prozedurei Foru Dekretu honetako 30, 32 eta 34. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko zaie, espedientearen hasierari, interesatuentzako entzunaldiari eta espedientearen ebazpenari dagokienez.

4.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 57. artikuluan preskripzioa eteteari dagokionez adierazten dena deusetan galarazi gabe, diruzkoak ez diren zehapenak jartzeko preskripzio-epeak subjektu pasiboari formalki jakinarazitako edozein administrazio egintza dela-eta etengo dira, zehapen haiekin lotutako diru-zehapenak ezartzera zuzenduta dagoenean.

VI. KAPITULUA. Zehapenen betearazpena etetea

37. artikulua. Zehapenen betearazpena etetea.

1.-Zerga arloko zehapenen betearazpena etenda geldituko da zuzenean, inolako bermerik aurkeztu behar izan gabe, haien aurka bidezkoa den berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa denbora eta modu egokian aurkeztuta. Hori gertatuz gero, zehapen horiek ezin izanen dira betearazi administrazio bidean irmo izan arte.

2.-Etenaldi hori errekurtsoa edo erreklamazioa ebatzi behar duten organoek aplikatuko dute berez, zergapekoak eskatu behar izan gabe.

3.-Eteten diren zehapenek bidezko berandutza korrituak sortuko dituzte, arau orokorrei jarraikiz. Ezarritako zehapenak administrazio bidean irmo bilakatu ondoren, kobratuko dira.

38. artikulua. Administrazio bidean erabakitako zehapenaren betearazpenaren etenaldia mantentzea.

1.-Administrazio bidea amaituta, dirubilketa organoek ezin izanen diete premiamendu prozedurako jarduketei hasiera edo jarraipena eman, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea amaitu arte. Epe horretan interesatuak organo horri jakinarazten badio errekurtsoa jarri duela eta, horrekin batera, betearazpena eteteko eskatzen eta zorra bermatzeko kauzioa eskaintzen baldin badu, prozedurak etena segituko du, organo judizialak hartu beharreko erabakiaren zain.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Zerga kudeaketako organoek egindako behin-behineko likidazioak.

1.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 113. artikuluan aipatu ofiziozko behin-behineko likidazio prozeduretan zerga arloko arau-haustetzat har daitezkeen eta, horrenbestez, zehapen prozedura irekitzeko kausa izan daitezkeen egitate edo inguruabarrak agerian gelditzen baldin badira, kudeaketa bulegoek horren berri emanen diote zehapenak jartzeko organo eskudunari. Gainera, subjektu pasiboari jakinarazten zaion likidazioaren proposamenean adieraziko da, ustez, zerga arloko arau-hauste bat egin dela.

Eskumena duen funtzionarioak zehapen prozedura hastea erabakitzen badu, erabaki hori egindako erregularizazioa duen administrazio egintzarekin batera jakinarazten ahalko da.

2.-Aurreko atalean zehaztu egitate edo inguruabarrak agerira azaltzen ez badira, zergen likidazioaren proposamenean adieraziko da zehapen prozedura hasteko arrazoirik ez dagoela.

3.-Proposamena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, subjektu pasiboak alegaziorik aurkezten ez badu edo, epe horretan, alegazioak aurkezteari propio uko egiten badio, ondorioztatuko da zergen likidazioaren jakinarazpena egina dagoela, subjektu pasiboari egin zitzaion proposamena ezertan aldatu gabe. Dirusarrrera egiteko eta errekurtsoa edo erreklamazioak jartzeko epeak likidazioa jakinazten den egunetik aurrera kontatuko dira.

Hortaz, likidazio proposamenean azaldu beharko da likidazioaren jakinarazpena nola eta noiz egiten den ulertzeko bidea, aurreko lerroaldean adierazitakoaren arabera, hala nola aurka egiteko bide eta epeak, eta zorra ordaintzeko epea eta modua.

Azken Xedapenetan Lehena. Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nolanahi ere, V. eta VI. kapituluetan eta 20. artikuluan ezarritakoa Dekretuak indarra hartze-egunean egiaztapen lanen emaitzak aktetan bildu gabe dituzten egiaztapen prozedurei aplikatuko zaie.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik egindako arau-hausteak ez dira kontuan hartuko zerga arloko arau-hausteetan berregilea izatean oinarritzen den mailaketa irizpidea ezartzeko.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa