(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

152/2001 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onesten duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2001eko 73. NAOn argitaratua, ekainaren 15ean. Aldaketak: 56/2010 Foru Dekretua, irailaren 13koa; 1/2003 Foru Dekretua, urtarrilaren 13koa)

Atarikoa

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45.3 artikuluan ezartzen da Nafarroak bere tributu araubidea mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko ahalmena daukala, kasuan kasuko Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoa galarazi gabe.

Horrenbestez, legezko testu horretan ezartzen denez, Foru Komunitateak ahalmena dauka bere "tributu araubide berezia" ezartzeko; hau da, araubide horren bitartez, tributuak arautzeko ahalmen zehatzak eta jakinak eduki eta, gainera, sistema osoa eta bateratua edukiko du, zerga horien kudeaketa osoa barruan hartzen duen sistema, hain zuzen ere.

Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoaren 4. artikuluan, Nafarroako Ogasun Publikoak tributuak ordainarazteko, kudeatzeko, likidatzeko, biltzeko, ikuskatzeko eta berrikusteko dituen ahalmenak eta eskumenak ezartzen dira. Bertan, Estatuko Ogasun Publikoaren ahalmenekiko parekatzea ezartzen da.

Konstituzioak ezartzen du autonomi erkidego bakoitzak duen ahalmen ekonomikoaren arabera gastu publikoetan lagundu behar duela eta Estatuko gainerako erkidegoen antzeko presio eraginkor orokorra mantendu behar duela; horren ondorioz, Foru Komunitatean tributu ikuskapen eraginkorra behar da. Horri dagokionez, tributu ikuskapenak lagundu behar du zerga eginkizunak behar bezala eta oraingo beharrizanen arabera bete daitezen; horrela, justizia ez da bazter geldituko, zergadun batzuek eta besteek zerga erregelamendua modu desberdinean aplikatzen badute, dela Tributu Administrazioarekiko duten egoera bereziagatik, dela tributuen kontrol egokia edukitzeko dituzten aukerengatik.

Nafarroako Foru Diputazioak 1981eko abuztuaren 27an harturiko erabakiaren bitartez, Nafarroako Ogasun Ikuskapenaren Antolaketari, Funtzionamenduari, Prozedurari eta Jarduketari buruzko Erregelamendua onetsi zen; erabaki horrek esparru arau-emaile egokia sortu eta garai hartako ikuskapen jarduera antolatzen lagundu zuen. Zalantzarik gabe, arau hori oso garrantzitsua izan da, Foru Komunitatearen tributu kudeaketaren egitura osoaren barruan, indarrean egon den ia hogei urteetan. Hala eta guztiz ere, denboraren joanaren eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak aldarrikatzearen eraginez, lege hori ordeztu egin behar da, ikuskapen erregelamendu berria arauen eta gizartearen errealitate berrira egokitu ahal izateko.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko Zioen Azalpenean foru tributuen kudeaketan gauzatuko diren aldaketa oso garrantzitsuak aipatzen dira: "Foru Lege honekin errotik erreformatu nahi da Foru Komunitateko tributuen kudeaketa. Horretarako ezinbesteko aldaketak egin beharko dira zerga ikuskapeneko prozedura arauetan eta bai Nafarroako bide ekonomiko-administratiboan ere. Beharrezkoa izanen ere da marko berria itxuratzea tributu zehapenak ezartzeko eta hainbat testu banandutan dauden diru biltze arauak multzotu eta sistematizatzea."

Beste alde batetik, Tributuei buruzko Foru Legearen aldarrikapena abiapuntua izan behar da tributu prozedurak sakon aldatzeko; gainera, lagungarria izango da zergadunaren segurtasun juridikoa handitzeko, baita Administrazioaren tributu makineria modernizatzeko ere; horrela teknologia berrietara egokitu ahal izango da.

Hori horrela, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko IV. tituluko VI. kapituluan tributu ikuskapena arautu da, eta bertan berritasun handiak jaso dira; horiek Erregelamendu honetan adierazita daude:

-Tributu Ikuskapenak egiaztapen eta ikerketa jarduketen ondoriozko tributu likidazioak egin ahal izango ditu.

-Ikuskapen aktetan ez dira egindako urratzeak eta horien ondoriozko zehapen aplikagarriak aipatu behar, banaketa erradikala ezartzen baita egiaztapen prozeduraren eta zehapen espedientearen artean.

-Ikuskapen partzialaren menpe dagoen tributupekoak egiaztapen hori orokorra izatea eskatu ahal izango dio tributu administrazioari, egiaztapen jarduketaren menpeko zergari eta ekitaldiari dagokienez.

-Zergadunek aurkezten dituzten tributu aitorpenak egiaztatzeko eskatu ahal izango dute. Administrazioak jarduketak sei hilabeteko epean hasi ezean, edo hamabi hilabeteko epean amaitzen ez baditu, aurkezturiko aitorpenak zuzentzat joko dira.

-Ikuskapen jarduketek ezin izango dute hamabi hilabetetik gora iraun, baina epe hori luzatu egin daiteke, gorabehera jakin batzuk biltzen direnean.

Beste alde batetik, tributu ikuskapen eraginkorra eta errespetatua egon arren, zergadunek segurtasun juridikoaren eremuaren barruan bete beharko dituzte beren tributu betebeharrak; gainera, ahalik era erosotasun handienarekin bete beharko dituzte, "zeharkako zerga presioa" ahalik eta gehien murriztuz. Hori guztia Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritako agindua betetzeko egin beharko da, hain zuzen ere, Administrazioaren jarduketak tributupekoari kalte ahalik eta txikiena egiteko moduan egin behar direla dioen agindua betetzeko, baldin eta horrela tributu betebeharrak betetzeari kalterik egiten ez bazaio.

Beharrizan horiek betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onetsi da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 130etik 139ra bitarteko artikuluak garatuz.

Erregelamenduak bederatzi kapitulu ditu.

Lehen kapituluan Tributu Ikuskapenaren eginkizunak azaltzen dira eta nola antolatuta dagoen zehazten da. Zerbitzuko zuzendariaren eta unitateburuen eginkizunak zehaztu dira, bai eta ikuskatzaileen eskubideak eta betebeharrak ere.

Bigarren kapituluaren helburua ikuskapen jarduketak mugatzea da; kapitulu hori hiru ataletan banaturik dago:

-Ikuskapen jarduketen planifikazioa.

-Jarduketa motak.

-Jarduketen tokia eta denbora.

Ikuskapen eginkizunak, bestalde, kasuan kasuko ikuskapen planetan oinarriturik egongo dira. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak urteroko ikuskapen plana egingo du, irizpide sektorialetan, konparagarrietan edo kuantitatiboetan oinarrituta, eta horiek kontuan hartu beharko dira tributupekoak aukeratzeko. Halaber, beste Tributu Administrazio batzuekiko plan bateratuak ere ezar daitezke. Erregelamenduan plana egiteko modua zehazten da; hori, barruko antolaketa eta eraginkortasuna hobetzeko modutzat ez ezik, zergadunaren segurtasun juridikoa handitzeko modutzat ere ulertu behar da. Administrazioak ikuskapen plana urtero gidatzen duten irizpide orokorrak jendaurrean azalduko ditu.

Ikuskapen jarduketei dagokienez, egiaztapen eta ikerketa jarduketen irismena berariaz aipaturik dago. Banaketa argia ezartzen da jarduketa orokorren eta partzialen artean.

Kapitulu honetako 3. atalean, ikuskapen denborak tokiaren eta denboraren aldetik dituen ezaugarriak aipatzen dira, tributupekoei ahalik eta eragozpen gutxien sortu ahal izateko.

Hirugarren kapitulua subjektu pasiboen ordezkaritzari buruzkoa da; bertan, horri buruzko zenbait alderdi azaltzen dira: tributu ikuskapenari kasu nork egin behar dion, tributupekoak noiz egon behar diren eta ordezkapena ematearen ezaugarriak, aintzat hartuta alderdi batzuetan arauketa hau baliozkoa izango dela, ireki daitezkeen zehapen espedienteko ordezkapenerako.

Pertsona fisikoek eta juridikoek beren kontura edo ordezkari baten bitartez jardun dezakete. Ordezkaritza tributupekoek, horien ordezkariek eta pertsona juridikoen ordezkariek emandakoa izan daiteke.

Ikuskapen aktak sinatzeko, ordezpenak baliozko egiaztapena beharko du. Tributu Ikuskapenaren jarduketak, tributupekoaren ordezkariaren aurrean egindakoak, ordezkari horrek egin dituela ulertuko da.

Laugarren kapituluan ikuskapen jarduketak hasteko eta garatzeko moduak adierazten dira. Horiek asteko ohiko modua ikuskapen planaren betearazpena da, horren kasuan kasuko aldaketak egin ondoren. Era berean, ikuskapen jarduketak tributupekoak eskatuta ere has daitezke, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 138. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikuskapen jardueren garapenari dagokienez, horien iraupenaren epe orokorra, zenbaketa eta kasu jakinetako aplikazioa arautzen da. Justifikaturiko etenaldiak eta zergadunari egozteko moduko luzapenak berariaz nabarmentzen dira, epearen zenbaketa hori argitu ahal izateko.

Egiaztapen eta ikuskapen jarduketek bukatu arte jarraitu beharko dute, legez ezarritako epea amaitu arren. Hala eta guztiz ere, ikuskapen eta likidazio jarduera sei hilabetean justifikaziorik gabe etenez gero, preskripzioa ez etendakotzat hartuko da, egindako jarduketen ondorioz.

Kapitulu horretan alegazioak aurkezteari eta entzunaldiaren tramiteari buruzko arloa ere aztertzen da; fase horretan, espedientea agerian jarriko da eta ikuskapen aktan egingo den proposamenaren irismena adieraziko. Entzunaldiaren tramitea Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritakoaren testuinguruan ulertu behar da, baldin eta prozeduran interesatuak aurkezturiko egitateak, alegazioak eta probak bakarrik agertzen eta kontuan hartzen badira. Tributu Ikuskapenak harturiko kautelazko neurriak ere arautuko dira, hain zuzen ere, zerga egoeraren erabateko erregularizazioa egiteko behar diren agiriak edo aurrekariak ez galtzeko edo aldatzeko har daitezkeen kautelazko neurriak.

Bosgarren kapitulua tributu ikuskapenaren ahalmenei buruzkoa da, eta bertan hiru alderdi nabarmentzen dira:

a) Interesatuen agiriak aztertzea. Tributupekoek euren kontabilitate nagusia eta laguntzailea jarri behar dute tributu ikuskapenaren esku; era berean, beraien tributu aitorpenetan jasotako egitateak eta gorabeherak frogatzeko behar diren agiriak eta, behar izanez gero, artxibo elektronikoak ere tributu ikuskapenaren esku utzi beharko dituzte.

b) Informazioa lortzeko errekerimendua egitea. Tributu Ikuskapenak beste pertsona edo erakunde batzuei buruzko datuak edo aurrekariak emateko eskatu ahal izango dio edozein pertsona edo erakunderi, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 103. eta 104. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, jakinarazpenen sekretuan, notaritzako protokoloan eta lanbideko sekretuan oinarrituriko salbuespen batzuk ezarri dira. Banku edo kreditu trafikoan diharduten erakundeetan informazioa lortzeko egindako jarduketek berezitasun batzuk eduki eta kautela zehatzak ezartzen dituzte, kontu korronteen, gordailuen eta maileguen edo kredituen mugimenduak jakin nahi direnerako. Errekerimendua egiteko, ikertu nahi diren kontuak edo eragiketak, ukituriko subjektuak eta kasuan kasuko denbora-aldia zehaztu beharko dira.

Horri dagokionez, egiaztatu egin behar da ikuskapena informazioa ahalik eta osoena lortzeko aukeran oinarriturik egon beharko dela, zergadunen jarduerei dagokienez, Legean ezarritako salbuespenak kontuan hartuz.

c) Zergapetu beharreko jarduera garatzen deneko egoitzan eta lokaletan nahiz tokietan sartzea eta horiek miatzea.

Egoitzan sartzeari dagokionez, interesatuak horretarako baimena ematen ez duenean, epailearen agindua beharko da.

Negozioko lokaletan sartzeko, beste alde batetik, Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren baimen idatzia behar da, baldin eta interesatuak edo finkak zaintzen dituen pertsonak tributu ikuskapenari sartzen utzi nahi ez badio; halakoetan, bidezkoak diren kautelazko neurri guztiak hartu ahal izango dira.

Seigarren kapitulua ikuskapen jarduketak bukatzeari eta formalizatzeari buruzkoa da; horretarako, beharrezko datu eta froga guztiak lortu behar dira, beharrezko tributu kudeaketako egintza guztiak oinarritzeko.

Zazpigarren kapituluaren helburua ikuskapen jarduketen agiriak arautzea da, eta ikuskapen aktei buruzko aipamen berezia egiten du. Tributu Ikuskapeneko jarduketak eginbideetan, jakinarazpenetan, txostenetan eta aktetan dokumentatuko dira.

Aktak, beste alde batetik, egiaztapeneko jarduketen emaitzak biltzen dituzten agiriak dira; kasua bada, tributupekoaren zerga egoerari dagokion erregularizazio egokia proposatzen dute.

Aktak aurretiazkoak edo behin betikoak izan ditezke, sortzen duten likidazioaren arabera. Aurretiazko aktek behin-behineko likidazioak sortuko dituzte, eta behin betiko aktek, berriz, behin betiko likidazioak.

Halaber, zorra agerian jartzen duten eta jartzen ez duten aktak ere bereizten dira.

Tributupekoak onartu edo ez onartzearen arabera, aktak adostasunekoak edo desadostasunekoak izan daitezke. Era berean, aurretiaz eraturiko froga duten aktak ere mugatu egingo dira.

Adostasuneko aktetan, interesatuak adostasuna ematen dio tributu ikuskapenak egindako likidazio proposamenari. Hala eta guztiz ere, tributupekoak aktan jasota dauden likidazioak aurkatu ahal izango ditu, hamabost eguneko epean, aktak sinatzen direnetik zenbatzen hasita. Kasu horretan, tributu likidazioa egindakotzat hartuko da, aktan hilabete igarotzearen ondorioz jasotako proposamenaren arabera, epe horretan Zerbitzuko zuzendariak ebazpen berezia ematen duenean izan ezik, baldin eta ebazpen horretan akats materialak zuzendu, administrazio espedientea edo akta eraginkortasunik gabe utzi eta egindako jarduketak osatzeko agindua ematen bada.

Desadostasuneko aktetan, interesatuak ez du akta sinatu nahi; edo, sinatuta ere, ez dio adostasunik ematen aktan jasotako erregularizazio proposamenari. Kasu honetan, Zerbitzuko zuzendariak (akta, luzapen txostena eta interesatuak egindako alegazioak aztertu ondoren) kasuan kasuko administrazio egintza emango du.

Adostasuneko akten eta tributu ikuskapenak emandako gainerako likidazio egintzen proposamenari jarraikiz sorturiko tributu likidazioen aurka berraztertzeko edo erreklamazio ekonomiko-administratiboko errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera.

Zortzigarren kapitulua tributu zehapenak ezartzeko prozedurari buruzkoa da, eta bertan urratze arinak eta larriak bereizten dira; era berean, urratze arinak edo larriak egitearen ondoriozko zehapen ez diruzkoak ezartzeari buruzkoa ere bada.

Tributu zehapen larriak egitearen ondoriozko diruzko zehapenak ezartzen direnean, zehapen espedientea ebazteko eskumena Zerbitzuko zuzendariak edukiko du. Zenbat ikuskapen akta hasi, hainbat zehapen espediente hasiko dira; hala eta guztiz ere, arau-haustearen zioak berdinak direnean, hasieran eta irekieran pila daitezke, nahiz eta horien ebazpena banakakoa izan, jar daitezken errekurtsoak desberdinak izan daitezke eta.

Adostasun aktak direnean, likidazioa egindakotzat jotzen denetik hilabete igarotzen denean, edo desadostasun aktetan ebazpena ematen denetik epe hori igarotzen denean, zehapen prozedura hasteko agindurik eman ez bada, hori geroago hasi ahal izango da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean administrazio egintzak berrikusteari buruz ezarritako kasuetan izan ezik.

Urratzaileak edo arduradunak tributu kuotari buruzko erregularizazio proposamenarekiko adostasuna eman badu, baita zehapen proposamenarekiko adostasuna eman duenean ere, zehapen espedientearen ebazpenean zehapenaren zenbatekoaren % 40ko murrizketa aplikatuko da. Horrela, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 71.3 artikulua beteko da; artikulu horretan ezarritakoaren arabera, tributu arloko urratze larrien ondoriozko zehapenen zenbatekoa % 40an murriztuko da, urratzaileak edo arduradunak formulatzen diren erregularizazio nahiz zehapen proposamenekiko adostasuna adierazten duenean.

Zergadunak ebazpen proposamenekiko adostasuna ematen duenean, ebazpen hori hilabeterako emandakotzat hartuko da, epe hori adostasuna adierazi denetik zenbatzen hasita, baldin eta epe horretan Zerbitzuko zuzendariak proposameneko akats materialak zuzentzen ez baditu, proposamen hori eraginkortasunik gabe uzten ez badu edo berariazko ebazpenik ematen ez badu, ebazpen proposamen hori berresteko.

Zergadunak ebazpen proposamenarekiko desadostasuna agertzen duenean, Zerbitzuko zuzendariak arrazoituriko ebazpena emango du, aldez aurretik jarduketak handitzeko agindu ahal izatearen kalterik gabe. Zehapenak ezartzeko erabakiaren aurka, berreztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahal izango da.

Tributu urratze arinen ondoriozko zehapenak eta diruzkoak ez diren zehapenak ezartzeari dagokionez, tributu arloko arau-hausteen eta zehapenen araubidea garatzen duen Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera jardungo da.

Araudia, beste alde batetik, zenbait alderdi berezi arautzeari buruzko bederatzigarren kapituluarekin osatzen da; alderdi horien artean, aipagarriak dira tributu oinarrien zeharkako kalkulua, delitu fiskala dagoenean erruaren hainbestekoa Epai Organo eskudunari egozteko prozedura, Estatuko tributu ikuskapenekiko koordinazioa, tributu ikuskapenaren eskumenak (zerga onurak kontrolatzeko kasuetan), berandutza interesen likidazioa, elkartasunezko arduradunekiko egiaztapen nahiz ikerketa jarduketak, subjektuen egiaztapena (sozietate taldeen araubidean), tributu ikuskapenaren jarduketak (dirulaguntzen kontrolean) eta legezko iruzurraren prozedura. Tributu Ikuskapenak legezko iruzur espedientea hasiz gero, akta berezia egin eta, horrekin batera, txosten sakonagoa aurkeztuko da; txosten horretan, legezko iruzurrari buruzko espedientea hasteko bidezkotasunari dagozkion arrazoiak azalduko dira. Akta bere izaeraren arabera tramitatuko da eta administrazio egintzak legezko iruzurra adieraztea bidezkoa izan ala ez izateari buruzko ebazpena emango du; gainera, behar izanez gero, kasuan kasuko tributu likidazioa egingo du. Espedientea kudeaketa bulegoek eskatuta hasten denean, jarduketa guztiak tributu ikuskapenari bidali eta lehen adierazitakoaren arabera jardungo da.

Foru Dekretuak artikulu bakarra, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu.

Xedapen Iragankorrean lehengo arauditik erregelamendu berrirako igarobidea modu ordenatuan egiteko arauak biltzen dira. Horrela, bertan ezarritakoaren arabera, Erregelamenduko xedapenak hori indarrean sartzen denetik aurrera hasten diren ikuskapen prozedurei aplikatuko zaizkie, zehapenak ezartzeari buruzko alderdiak izan ezik, horiek tramitatzen ari diren prozedurei ere aplikatuko baitzaizkie, baldin eta prozedura horietan kasuan kasuko akten emaitza oraindik dokumentatu gabe badago.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak ekainaren hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onestea. Horren testua Foru Dekretu honen eranskin gisa ageri da.

Xedapen Iragankor Bakarra

Erregelamendu honetan xedaturikoa berori indarrean sartu ondoren hasten diren egiaztapen eta ikerketa prozedura guztiei aplikatuko zaie.

Hala eta guztiz ere, VIII. kapitulua hasita diren egiaztapen eta ikerketa prozedura batzuei ere aplikatuko zaie, hain zuzen ere, erregelamendua indarrean sartu ondoren kasuan kasuko akten emaitza oraindik dokumentatu gabe duten egiaztapen eta ikerketa prozedurei.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Xedapen Iragankorrean ezarritakoaren kalterik gabe, Erregelamendu hau indarrean sartzen denetik indargabeturik geldituko dira bertan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Hain zuzen ere, Nafarroako Foru Diputazioak 1981eko abuztuaren 27an emandako Erabakia indar gabe utzi da; erabaki horren bidez, Ogasun Ikuskapenaren Antolaketari, Funtzionamenduari, Prozedurari eta Jarduketari buruzko Erregelamendua onetsi zen.

Azken Xedapen Bakarra

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua

LEHEN KAPITULUA. Tributu Ikuskapenaren eginkizunak eta antolaketa

1. artikulua. Egiaztapena eta ikerketa.

1.-Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Administrazioak tributuen egitate ezargarrien eta gainerako tributu betebehar guztien betetzea integratzen edo baldintzatzen duten egintzak, egitateak, egoerak, jarduerak, ustiapenak eta gainerako gorabehera guztiak egiaztatu eta ikertuko ditu.

2.-Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenaren eginkizunak Hitzarmen Ekonomikoan eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritako arauen eremuan eta horien arabera garatuko dira.

2. artikulua. Tributu Ikuskapenaren eginkizunak.

a) Tributu egitateak ikertzea, administrazioak kontuan hartzen ez dituenak aurkitzeko eta horiek tributupekoari eratxikitzeko.

b) Tributu oinarriak integratzea, horien azterketa eta ebaluazioa eginez, oinarriok zehazteko edo kalkulatzeko araubide guztietan; halaber, aitorpenak eta aitorpen-likidazioak egiaztatzea, horiek egiazkoak direla eta arauak zuzen aplikatu direla segurtatzeko.

c) Egiaztapen eta ikerketa jarduketen ondoriozko tributu likidazioak egitea, tributupekoen zerga egoera arautzeko.

d) Berak bere kabuz edo Administrazioaren gainerako organoek eskatuta, informazioa lortzeko jarduketa guztiak egitea, hain zuzen ere, norbanakoei edo beste erakunde batzuei buruz egin behar diren eta zuzen nahiz zeharka zergen aplikazioa eragiten duten jarduketak.

e) Errenten, produktuen, ondasunen eta tributu oinarriak dituen elementuen balioa egiaztatzea.

f) Zerga onurak, desgrabazioak edo itzulketak emateko edo gozatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea; halaber, tributu araubide berezien onurak jasotzeko behar diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

g) Subjektu pasiboei eta gainerako tributupekoei arau fiskalen edukia eta horien ondoriozko betebeharren nahiz eskubideen ezaugarriak jakinaraztea.

h) Arauetan ezarritako kasuetan aholkularitza eta jakinarazpena egitea, baita Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoaren zuzendari kudeatzaileak emandako gainerako kasuetan ere (tributuak aplikatzeari buruzko kasuak).

i) Ekonomia eta Finantza Saileko organo eskudunek Finantza Ikuskapenaren arloan ematen dituzten gainerako guztiak.

3. artikulua. Antolaketa.

1.-Tributu Ikuskapenaren eginkizunak Tributu Ikuskapeneko Zerbitzuak egingo ditu, horixe baita Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoaren unitate organikoa.

2. Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga agenteek, ogasuneko teknikariek eta Nafarroako ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileek osatzen dute tributuen ikuskatzailetza, Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari atxikita.

3.-Tributu Ikuskapenak barruko antolamendua edukiko du, Zerbitzuko zuzendariaren menpe, lan unitate funtzionaletan; unitate horietan, Zerbitzuari atxikitako jarduleak egongo dira.

4.-Unitate funtzionalen barruko funtzionamendua, banakako esleipena eta planak egitearen kontrola Tributu Ikuskapeneko Zerbitzuko zuzendariak emandako aginduen bitartez arautuko dira; horrek guztiak, berriz, Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoaren zuzendari kudeatzailearen onespena beharko du.

5.-Tributu Ikuskapena Foru Komunitatearen lurraldean garatuko da, Hitzarmen Ekonomikoaren 40. artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.

4. artikulua. Zerbitzuko zuzendariaren eginkizunak.

Zerbitzuko zuzendariaren eginkizunak honako hauek izango dira:

a) Zerbitzuko funtzionarioei Erregelamendu honetan eta gainerako arau nahiz agindu aplikagarrietan ezarritakoa betearaztea eta berak ere hori guztia betetzea.

b) Funtzionarioei lanak, egiaztatu beharreko agiriak eta gainerako eginkizunak banatzea.

c) Ikuskapen jarduketak formalizatzeko agirien tramitazioa zaintzea.

d) Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoaren zuzendari kudeatzaileak onetsitako irizpideen eta aginduen arabera, Ikuskapen Planak egitea.

e) Zerbitzuko langileei aginduak ematea jarduketa nahiz irizpide aplikagarriei buruz, ikuskapen jarduketan irizpide batasuna egoteko ahalegina eginez, ikertu beharreko egitateak nahiz gorabeherak mugatzeko eta baloratzeko.

f) Zerbitzuko funtzionarioak trebatzeko eta gaurkotzeko jarduerak sustatzea.

g) Bidezko ebazpenak eta baimenak ematea, Zerbitzuan trebatuekiko espedienteak garatzeko eta bukatzeko.

5. artikulua. Unitateko buruen eginkizunak.

Unitateko buruen eginkizunak ondokoak izango dira:

a) Ikuskapen Planak egitean laguntzea.

b) Ikuskapen Planean jasotako tributupekoak esleitzea.

c) Kasuan kasuko espedienteen instrukzioan laguntzea.

d) Jarduketako irizpide homogeneoen aplikazioa koordinatzea, bere Unitateari esleituriko espedienteen tramitazioan.

e) Espediente bakoitzean formalizatzen diren agirien tramitazioa zuzentzea.

6. artikulua. Ikuskapeneko langileen eskubideak eta eskumenak.

1.-Tributu Ikuskapeneko Funtzionarioak agintaritzaren eragiletzat hartuko dira, beraiei dagozkien eginkizunak egikaritzean.

2.-Tributu Ikuskapeneko funtzionarioek agiria edo beste identifikazioren bat edukiko dute, beraien eginkizunak gara ditzaketela egiaztatzeko.

3.-Agintariek (euren izaera edozein izanik ere), Estatuko bulego zibilen nahiz militarren buruek edo arduradunek zein lurraldeko gainerako erakunde publikoek, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 104. artikuluan aipaturiko beste erakunde guztiek eta eginkizun publikoak betetzen dituztenek laguntza, lankidetza eta babesa emango diete tributu ikuskapeneko funtzionarioei eta gainerako langileei, horiek halakorik eskatzen dutenean. Hori egin ezean, kasuan kasuko erantzukizunei egin beharko zaie aurre.

7. artikulua. Ikuskapeneko langileen eginkizuna.

1.-Tributu Ikuskapenak zerbitzu objektiboa emango die interesatuei; gainera, Konstituzioan ezarritako eraginkortasun hierarkia, deszentralizazio, pilaketa eza eta koordinazio irizpideen arabera jardungo du, Legean eta zuzenbidean ezarritakoaren arabera.

2.-Bere eginkizunak egikaritzean, bere agintearen eta betebeharren kalterik gabe, tributu ikuskapenak kortesia handia edukiko du, eta interesatuei nahiz, orokorrean, jendeari ahalik eta errespetu handiena eskainiko die; gainera, ikuskapen jarduketei dagokienez, informazio guztia emango die, bai euren eskubideei eta bai tributu betebeharrei zein administrazioarekiko harremanetan izan beharreko jokabideari buruz, beraien tributu betebeharrak errazago bete ditzaten.

3.-Tributu Ikuskapeneko funtzionarioek erabateko sekretua gorde beharko dute, beraien karguaren eraginez ezagutzen dituzten gaiei dagokienez, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 105.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4.-Tributu Ikuskapenaren eginkizunak dituzten pertsonek zergen arloko datu garrantzitsu guztiak jakinaraziko dizkiote Zerbitzuko zuzendariari. Era berean, datu horiek gainerako erakunde guztiei ere jakinaraziko dizkiete, baldin eta garrantzitsuak badira, beraien tributu kudeaketa, ikuskapen edo bilketa eginkizunak behar bezala betetzeko.

Tributu Ikuskapenak, Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailearen baimenarekin, bere jarduketen aribidean ezagutzen dituen egitateen berri emango die agintari judizialari, Ministerio Fiskalari edo kasuan kasuko organo eskudunari, baldin eta egitate horiek delitu publikoak edo urratze administratiboak izan badaitezke, halakoek zuzen edo zeharka kaltetzen baitituzte Nafarroako Foru Komunitateko eskubide ekonomikoak. Halaber, eskumena duen agintari judizialak eskatzen dizkion datu guztiak ere aurkeztu beharko ditu, delitu horiek saihesteko behar diren datu guztiak, hain zuzen ere.

Tributu Ikuskapenak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 103. eta 104. artikuluetan ezarritakoa dela bide lorturiko datuak, txostenak edo aurrekariak, beste alde batetik, zerga edo baliabide batzuk aplikatzeko soilik erabili ahal izango dira; zerga edo baliabide horien kudeaketa tributu Administrazioaren esku egongo da, eta ezin izango zaizkie gainontzekoei utzi edo jakinarazi, baldin eta lagapenaren helburua Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 105.1 artikuluan ezarritakoaren bat ez bada. Halako kasuetan, lagapena edo jakinarazpena tributupekoari jakinaraziko zaio, hori sekretu judizialaren menpe dagoenean izan ezik.

5.-Tributu Ikuskapeneko funtzionarioek ez dute zertan lekukotzat adierazi, prozedura zibiletan edo zigor prozeduretan, horietan delitu pribatuak aztertzen direnean, baldin eta hori egitean nahitaez gorde behar duten sekretu betebeharrak urratzen badituzte.

6.-Ikuskapen eskumenak dituzten organoetako edo egoitzetako langile guztiek ere sekretu betebehar hori gorde beharko dute, euren lanpostuaren ondorioz dakizkiten egitateei dagokienez, eta halakoetan aurreko atalean ezarritakoa aplikatuko da.

8. artikulua. Erregelamendu aplikagarria.

Tributu Ikuskapenaren ahalmenak eta jarduketak honako honen bidez arautuko dira:

a) Hitzarmen Ekonomikoaren xedapenak.

b) Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra, baldin eta horrek edo horren lerrun bereko edo handiagoko beste xedapenen batek aurkakorik arautzen ez badu.

c) Kasuan kasuko tributuak arautzen dituzten Foru Legeak.

d) Erregelamendu hau eta zergei buruzko erregelamenduak.

e) Indarreko antolaketa juridikoa integratzen duten xedapen aplikagarriak.

BIGARREN KAPITULUA. Ikuskapen ekintzak

1. atala. Ikuskapen ekintzen planifikazioa

9. artikulua. Ikuskapen jarduketak

Tributu Ikuskapenaren eginkizunak egikaritzeko, kasuan kasuko ikuskapen planetan ezarritakoaren arabera jardun beharko da, funtzionarioek beren jarduketen ondorioz egiten dituzten proposamenen kalterik gabe; horiek kasuan kasuko planean sartzeko, Tributu Ikuskapeneko Zerbitzuko zuzendariaren baimena beharko da.

10. artikulua. Ikuskapen plana

1.-Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoak urteroko Ikuskapen Plana egingo du, aukera, ausazkotasun eta bidezko deritzen beste irizpide guztietan oinarrituz.

2.-Ikuskapen Planak irizpide sektorialak, konparaziozkoak, kuantitatiboak edo beste edozein motatakoak ezarriko ditu, horiek kontuan har daitezen, subjektu pasiboak edo tributupekoak aukeratzeko orduan, horiek planaren barruan sartu ahal izateko.

Horren arabera, jardule, talde edo unitate bakoitzak egiaztatu edo ikertu beharreko pertsonak edo erakundeak aukeratuko dira, bai modu berezian, bai sektore edo jarduera jakinekoak izatearen ondorioz.

3.-Ikuskapeneko Plan Bereziak ezarri ahal izango dira, egoerek, aztarnek edo lorturiko informazioak hori gomendatzen dutenean. Plan horien luzera ez da zertan urteroko Planen luzera berekoa izan.

4.-Ikuskapen Planak ezkutukoak izango dira eta ez zaie publizitaterik egingo; hala eta guztiz ere, Tributu Administrazioak urtero Ikuskapen Planaren berri ematen duten irizpide orokorrak jakinaraziko ditu.

5.-Ikuskapen Plana oinarritzen duten sektoreak, jarduerak eta hautapen irizpideak, beste alde batetik, Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak onetsi beharko ditu.

Tributu Ikuskapeneko zerbitzuak, bestalde, Ikuskapen Planak egingo ditu, goiko paragrafoan ezarritakoa kontuan hartuta. Plan hori, behar bezala egin ondoren, Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileari jakinaraziko zaio.

Zerbitzuko zuzendariak, bere kabuz edo Tributu Ikuskapeneko Zerbitzuari atxikitako funtzionarioek proposatuta, aribidean dauden bete arazketa planen berrikuspena eta aldaketa erabaki ahal izango du, Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoko zuzendari nagusiari horren berri emanez.

6.-Prozedura bereziak ezarri ahal izango dira, beste Tributu Administrazio batzuekin batera Planak egiteko (Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoaren arabera), eta Foru Komunitateko Toki Erakundeekin batera Planak egiteko ere bai.

2. atala. Jarduketa motak

11. artikulua. Zerrenda.

Ikuskapen jarduketak honako mota honetakoak izan daitezke:

a) Egiaztapenak eta ikerketak egiteko.

b) Zergen arloan garrantzitsua den informazioa lortzeko.

c) Informazioa eta aholkua.

12. artikulua. Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak.

1.-Tributu Ikuskapenak egiaztatzeko eta ikertzeko egiten dituen jarduketen helburua hauxe izango da: subjektu pasiboek edo tributupekoek Tributu Administrazioarekiko dituzten eginkizunak behar bezala betetzen dituztela egiaztatzea.

2.-Jarduketa horiek direla eta, Tributu Ikuskapenak subjektu pasiboek eta tributupekoek tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan esleituriko egitateak eta datuak zehatzak eta egiazkoak direla egiaztatu beharko du. Halaber, tributu egitateak eta zergen arloan garrantzitsuak diren beste aurrekari batzuk egituratzen dituzten elementuak egoteko aukera ikertuko du, baldin eta Administrazioak horietariko batzuk edo guztiak ezagutzen ez baditu. Azkenik, subjektu pasiboek egindako tributu likidazioko eragiketak zehatzak direla egiaztatu eta, era berean, haien zerga egoeraren erregularizazioa ezarriko du.

3. Kontu korronteen, aurrezki gordailuen nahiz epeko gordailuen, maileguen zein kredituko kontuen eta gainerako eragiketa aktiboen nahiz pasiboen mugimenduei buruzko errekerimenduak (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 103.3 artikuluan aipaturikoak) bertan ezarritako baldintzetara egokitu beharko dira.

13. artikulua. Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketen irismena.

1.-Egiaztatzeko eta ikertzeko ikuskapen jarduketak orokorrak edo partzialak izan daitezke.

2.-Orokorrak izango dira, beraien helburua subjektu pasiboaren edo tributupekoaren zerga egoera osoa egiaztatzea denean, honako honek ezarritako mugen barruan eragiten dioten zerga edo lankidetza betebehar guztiei dagokienez:

a) Ikuskapen jarduketak barru hartzen dituen ekitaldiak edo aldiak.

b) Preskripzioa.

3.-Era berean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 138. artikuluan eta Erregelamendu honetako 34. artikuluan ezarritakoaren arabera, tributupekoak jarduketa partzial batek izaera orokorra edukitzea eskatzen duenean, Tributu Ikuskapenak (eskabidea egiten denetik sei hilabeteko epean) egiaztapen orokorra hasi edo aribidean dagoen egiaztapen partzialaren izaera zabaldu beharko du, eskabidean aipaturiko zergari edo ekitaldiari dagokionez.

Jarduketa orokorra hastea erabakitzen denean, lehenago hasitako jarduketa partziala beste alde batetik bukatu ahal izango da.

4.-Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak partzialak izango dira, tributu egitate jakinei buruzkoak soilik direnean, edo euren helburua aurreko ataletan aipaturikoa baino muga txikiagoetara mugatzen denean.

5.-Tributu Ikuskapenak tributupekoari berariaz jakinarazi beharko dio jarduketen irismena, jarduketok hasteko jakinarazpenean.

6.-Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketa orokorrek beren helburua mugatu ahal izango dute, betearazketaren aribidean hori gomendatzen duten arrazoiak adierazi eta ikuskatzaile jarduleek hori erabakitzen dutenean. Era berean, jarduleen iritzian, hasieran izaera partziala izan duten jarduketen eremua handitu ahal izango da, Unitateko buruaren baimenarekin.

Bi kasuotan, tributupekoari edo horren ordezkariari jarduketen irizpena aldatu dela jakinarazi beharko zaio.

7.-Zerga egoera jakinen bat arautzeko ikuskapen jarduketek ez dute iraungitzen Ogasun Publikoak preskribiturik ez dauden lehenagoko zor batzuk zehazteko eta eskatzeko duen eskubidea, eta hori ondorengo jarduketen bitartez egingo da.

8.-Zergadunek aurkeztu dituzten tributu aitorpenak egiaztatzeko eskatu ahal izango dute. Eskabidea aurkeztu ondoren, Administrazioak jarduketa sei hilabetean hasten ez badu, eta bi hilabeteko epean bukatu ezean, eskabidean aipaturiko zergei eta aldiei buruz aurkeztutako aitorpenak ondo daudela ulertuko da eta gero ezin izango da horien zuzenketarik egin.

14. artikulua. Informazioa lortzeko jarduketak.

1.-Informazioa lortzeko jarduketak izango dira, Tributu Ikuskapenak pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekari guztiak ezagutzeko egiten direnak, baldin eta horiek zergen arloan garrantzitsuak badira beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez; halakoetan, horiek ez dira tributu Administrazioari aurkeztu beharrik egongo, kasuan kasuko aitorpenak eginez.

2.-Aurreko atalean ezarritakoa gorabehera, Tributu Ikuskapenak egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak garatzen dituenean, tributupekoaren esku dauden datu edo aurrekari guztiak lortu beharko ditu, baldin eta ikuskapen horren iritziz horiek zergen aldetik garrantzitsuak badira beste pertsona edo erakunde batzuentzat; hala eta guztiz ere, datu horiek emateko betebeharra bete egiten dela egiaztatu beharko da, eskakizun hori izaera orokorrez egiten denean.

3.-Informazio lortzeko jarduketak, beste alde batetik, Tributu Ikuskapenak bere kabuz edo Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoko gainerako zerbitzuek eskatuta egin beharko du. Jarduketa horiek, bestalde, pertsona natural edo juridiko guztien esku (publikoak edo pribatuak) dauden datuei dagokienez egin ahal izango dira, baldin eta datuok edozein pertsona edo erakundeei buruzkoak badira, betiereErregelamendu honetan ezarritako mugen barruan.

4.-Informazioa lortzeko jarduketak kasuan kasuko datuak dituen pertsonatik edo erakundetik hurbil egin ahal izango dira; era berean, datu edo aurrekari horiek Tributu Ikuskapenera bidaltzeko errekerimenduaren bitartez ere egin ahal izango dira.

15. artikulua. Informazioa edo aholkua emateko jarduketak.

Administrazioko beste organo batzuen eskumenen kalterik gabe, Tributu Ikuskapenak informazioa eta aholkua emango du arauz ezarritako kasu guztietan eta Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak emandako kasuetan, zergen aplikazioari buruzko arloetan.

16. artikulua. Beste jarduketa batzuk.

Tributu Ikuskapenak, oro har Erregelamendu honetan jasotako edo legeek eskaturiko gainerako jarduketa guztiak garatuko ditu, batez ere botere legegile eta judizialeko organoekiko lankidetza funtzionala behar duten jarduketak, legeetan ezarritakoaren arabera.

3. atala. Jarduketen tokia eta denbora

17. artikulua. Jarduketen tokia.

1.-Tributu Ikuskapeneko jarduketak honako toki hauetan garatu ahal izango dira:

a) Tributupekoaren egoitza fiskalean edo ordezkariaren egoitzan nahiz bulegoan, baldin eta azken hori Nafarroako lurraldean badago.

b) Grabaturiko jarduketa guztiak edo batzuk egiten diren tokian.

c) Tributu oinarriaren frogaren bat (behintzat froga partziala) dagoen tokian.

d) Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 135. artikuluko 2. atalean aipaturiko bulego publikoetan, jarduketen helburu diren elementuak bulego horietan azter daitezkeenean; bestela, orain arte aipaturiko gainerako toki guztietan.

2.-Tributu Ikuskapenak, kasu bakoitzean, jarduketak egiteko tokia zehaztu eta toki hori kasuan kasuko jakinarazpenean jasoaraziko du.

18. artikulua. Jarduketa batzuk egiteko tokia ezartzeko irizpidea.

1.-Jarduketek zenbait jarduerari loturiko (enpresa jarduerak, jarduera profesionalak edo tributupekoak garaturiko beste jarduera batzuk, programa informatikoak eta euskarri magnetikoko artxiboak ere barne) liburuak eta agiriak aztertzea eragiten dutenean, jarduketa horiek interesatuaren lokaletan edo bulegoetan egin beharko dira; lokal edo bulego horietan kontabilitateko liburu ofizialak, erregistro laguntzaileak, egindako oharren egiaztagiriak eta garaturiko jarduerari buruzko gainerako agiri guztiak egon beharko dira.

2.-Hala eta guztiz ere, interesatuak edo horren ordezkariak adostasuna emanez gero, Tributu Administrazioaren bulegoetan aurreko atalean aipaturiko agirietariko batzuk aztertu ahal izango dira, edo aipaturiko agiri guztiak, baldin eta jardueraren ezaugarriek edo aztertu beharreko agiri kopuru txikiak hori justifikatzen badute.

3.-Zerga izaerako arauek ezarritako erregistroak nahiz agiriak edo horiei buruzko ziurtagiriak direnez, Tributu Ikuskapenak horiek Administrazioaren bulegoetan aurkezteko eskatu ahal izango du, horiek guztiak aztertu ahal izateko.

4-Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak enpresa jarduerak edo jarduera profesionalak garatzen ez dituzten pertsonei buruzkoak ez direnean, Tributu Ikuskapenak (kasuan kasuko bulego publikoetan) horien zerga egoera behar bezala egiaztatzeko behar diren agiriak eta ziurtagiriak aztertu ahal izango ditu.

5.-Subjektu pasiboaren edo tributupekoaren egoitza fiskala Foru Komunitatean dagoenean, aurkeztu beharreko liburu, agiri edo ziurtagiri guztiak aztertu ahal izango dira, nahiz eta horiek beste lurralde eremu batean kokaturiko, agertutako edo garaturiko ondasunei, eskubideei edo jarduerei buruzkoak izan.

6.-Subjektu pasiboaren edo tributupekoaren egoitza fiskala Foru Komunitatetik kanpo dagoenean, Tributu Ikuskapenaren jarduketak Erregelamendu honetako goiko artikuluan aipaturiko gainerako toki guztietan garatu ahal izango dira.

19. artikulua. Jarduketen denbora.

1.-Tributu Ikuskapenak bere egoitzetan edo beste bulego batzuetan jarduten duenean, jarduketa horren ordutegia jendearentzako ohiko ordutegi ofiziala izango da, eta jarduketa indarreko lanaldiaren barruan egingo da.

2.-Ikuskapenak interesatuaren lokaletan jarduten duenean, lokal horien jarduketa edo bulegoko lanaldia arautzen duen ordutegia beteko da, nahiz eta adostasuna lortuz gero beste ordu eta egun batzuetan jarduteko aukera egon.

HIRUGARREN KAPITULUA. Tributupekoen ordezkapena

20. artikulua. Tributupekoen eskuhartzea.

1.-Honako hauek Tributu Ikuskapenak esandakoa bete eta ikuskapen prozeduran esku hartuko dute:

a) Zergen subjektu pasiboak.

b) Taldeko Sozietate nagusia, tributuak Sozietateen Taldeen araubidean ordaintzen denean.

c) Tributu zorraren ondorengoak.

d) Erantzule solidarioak, ikuskapenak prozeduran parte hartzeko eskakizunak egiten dienetik.

e) Indarreko arauen arabera Administrazioari zergen arloan garrantzitsuak diren datu, txosten edo aurrekari guztiak emateko betebeharra dutenak.

f) Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 66. artikuluko 3. ataleko e) letran aipaturiko urratzaileak, egin ditzaketen urratzeen ondoriozko erantzukizuna ezartzeko jarduketak hasten direnetik.

2.-Tributupeko horiek guztiek tributu ikuskapenak kasu bakoitzean egiten duen jarduketaren ondorioak jakiteko eskubidea edukiko dute; gainera, ikuskapen horri laguntza osoa eman beharko diote, bere eginkizunak garatzen dituenean.

3.-Tributu Ikuskapenak gardentasun fiskalaren araubidearen menpe dauden sozietateetatik nahiz erakundeetatik edo errenten eratxikipenaren araubidearen menpe dauden erakundeetatik hurbil jarduten duenean, baldin eta ikuskapen jarduketak kideei, erkideei edo partaideei leporatzeko edo eratxikitzeko moduko tributu oinarriak, kantitateak edo kontzeptuak egiaztatzeari buruzkoak badira, jarduketa horiek erakunde horrekikoak direla ulertuko da.

4.-Sozietate bati buruzko tributu ikuskapeneko jarduketak (Sozietateei buruzko Zergaren araubide berezien ondoreetarako) menperaturiko sozietateetatik hurbil garatu ahal izango dira. Hori, berriz, sozietate menperatzaileak finkaturiko taldearen ordezkaritzat eta tributu ikuskapeneko prozeduran interesatu bakartzat duen izaeraren kalterik gabe ulertu beharko da.

5.-Sozietatea edo erakundea desegin eta likidatu ondoren, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 33. artikuluko 2. atalean ezarritakoaren kalterik gabe, likidatzaileak tributu ikuskapenera joan beharko dira, horretarako eskabidea egiten zaienean, erakundearen ordezkariak eta bertako liburuen nahiz agirien zaindariak izan baitira. Liburuak eta agiriak erregistro publikoan gordeta egonez gero, tributu ikuskapenak erregistro horretan aztertu ahal izango ditu eta, beharrezkoa bada, likidatzaileak bertan egotea eskatuko du.

21. artikulua. Tributupekoa ikuskapen jarduketetan egotea.

1.-Tributupekoa edo horren ordezkaria ikuskapen jarduketetan egon beharko dira, tributu ikuskapenaren iritziz horien partehartzea beharrezkoa denean, jarduketa horiek behar bezala egin ahal izateko.

2.-Gainerako jarduketa edo eginbideetara, tributupekoa edo horren ordezkaria nahi dutenean joango dira.

3.-Subjektu pasiboek eta gainerako tributupekoek ikuskapen jarduketetan esku hartu ahal izango dute, aholkulariaren laguntzaz, eta horrek beharrezko gomendio guztiak eman ahal izango dizkio bere bezeroari.

Aholkulariek, halaber, bezeroen ordezkaritzat jardun dezakete, horiek ahalorde egokia ematen dietenean.

22. artikulua. Jarduteko gaitasuna.

1.-Tributu Ikuskapenean jarduteko gaitasuna edukiko dute zuzenbide pribatuko arauen arabera gaitasun hori duten pertsonek, baita adin txikikoek ere, jarduera horien ondoriozko jarduketei dagokienez; antolamendu juridikoak horiek egikaritzeko baimena ematen die, eta horretarako ez dute gurasoen ahalorde edo babesa duten pertsonen beharrik izango.

2.-Tributu Ikuskapenean jarduteko gaitasun nahikorik ez duten pertsonen ordez, horien legezko ordezkariek jardungo dute. Pertsona horiek jarduteko gaitasun nahikoa lortzen dutenean, tributu ikuskapenean jardungo dute, baita beraien ordura arteko zerga egoera egiaztatzeko ere. Beraien legezko ordezkaritza dutenek, halaber, tributu ikuskapenak eskatzen duenean jardun beharko dute, batez ere urratzailetzat dituzten erantzukizunei aurre egiteko.

3.-Pertsona juridiko publiko nahiz pribatuen ordez, tributu ikuskapenak jardutean ordezkaritza organoak dituzten pertsonek jardungo dute, legeak horrela ezartzen duenean edo arauz hartutako erabaki baten bitartez. Kasuan kasuko betebeharrak bete behar zirenean organo horiek betetzen zituzten pertsonek bere buruaren izenean jardungo dute, erakundearekiko loturarik sortu gabe, tributu ikuskapenak eskatzen duenean, baldin eta hori ikuskapen jarduketak errazteko komenigarria bada.

4.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 25. artikuluan aipaturiko erakunde juridikoen edo ekonomikoen partaideek edo titularrek ordezkari bat izendatu ahal izango dute, baldin eta zuzenbidearen arabera erakundearen ordezkaritza duen pertsonaren bat ez badago. Bestela, ordezkaritzat kudeaketa edo zuzendaritza egiten duen pertsona hartuko da eta, horren ordez, erakundea edo komunitatea osatzen duen edozein kide edo partaide.

23. artikulua. Borondatezko ordezkapena.

1.-Jarduteko gaitasun nahikoa duten tributupekoek ordezkari baten bitartez jardun dezakete; administrazio jarduketak horrekin egingo dira, baldin eta aurkakorik adierazten ez bada.

Tributupekoek edo horien legezko ordezkariek nahiz pertsonen juridikoen ordezkapena dutenek eman ahal izango dute; jarduteko gaitasun nahikoa duten pertsona juridikoen edo pertsona fisikoen alde eman daiteke.

2. Zuzenbidean baliagarriak diren eretatik edozeinetan benetakotu behar da eskuordetza, hain zuzen ere era egokian frogatzeko balio duena edo, bestela, eskumenak dituen administrazioko organoan aurkeztuz. Baliagarriak izanen dira, ondore guztietarako, zerga-administrazioak onetsiko dituen dokumentu normalizatuak.

3.-Tributu Ikuskapenak egiten dituen aktak sinatzeko eta tributupekoaren eskubideetan zein beharrizanetan eragin zuzena ez edukitzearen ondorioz tramite hutsezkoak ez diren gainerako ekintzetarako, ordezkapena baliozkotasunez egiaztatu beharko da.

4.-Tramite hutsezko egintzetarako, ordezkapena emateko ez da hori egiaztatu beharrik izango. Era berean, tributu ikuskapenean agertzen denaren aldeko baimena emanda dagoela ulertuko da, prozeduran parte hartzeko; horretarako, jarduketen izaera kontuan hartuz, ez da tributupekoak emandako ordezkapen ahalorderik beharko.

5.-Ordezkapena egiaztatzen duen agirian hauxe jaso beharko da:

a) Pertsona fisikoak direnean, izena, deiturak, zerga egoitza eta nortasun agiri nazionalaren edo baliokidea den agiriren baten zenbakia; pertsona juridikoak direnean, izena, zerga egoitza, identifikazio kodearen zenbakia eta horren izenean diharduen pertsona. Hori guztia, berriz, ordezkatuari dagokionez.

b) Ordezkariari dagokionez, izen-deiturak edo izendapena, zerga egoitza (jakinarazpenak egiteko) eta nortasun agiri nazionalaren edo identifikazio kodearen zenbakia; bertan, behar izanez gero, lanbidez jardutearen egiaztapena eta kasuan kasuko lanbidearen ordezkapena egin beharko da.

c) Jakinarazpenak egiteko, tributupekoaren ordezkariak Nafarroako lurraldean finkatu beharko du egoitza.

d) Ordezkapenaren edukia, hedapenari eta nahikotasunari dagokionez.

e) Emateko tokia eta data.

f) Ordezkatuaren eta ordezkariaren sinadurak; agiri publikoa denean, ez da ordezkariaren sinadurarik beharko.

6.-Tributu Ikuskapenean tributupekoa ez den beste pertsona batek diharduenean, hori berariaz jaso beharko da egiten diren eginbide edo akta guztietan; espedientean, gainera, emandako ahalordea egiaztatzen duen agiria ere jaso beharko da. Ordezkapena agiri publiko baten bitartez ematen bada, horri buruzko aipamena nahikoa izango da; espedientean, era berean, kopia arrunta edo fotokopia erantsiko da, jarduleak egindako erkatzearen eginbidearekin.

7.-Tributu Ikuskapenean tributupekoak ordezkariaren bitartez jarduten duenean, ordezkari horrek, beharrezkoa izanez gero, hasiera-hasieratik egiaztatu beharko du ordezkapena. Hori egin ezean, Tributu Ikuskapenak kasuan kasuko agiria aurkezteko eskatuko dio, ikuskapena egiten den hurrengo egunean; halakorik ez dagoenean edo ondorengoa denean, aurkezpen hori egiteko hamar eguneko epea emango dio. Ordezkariak ordezkapen epe horren barruan egiaztatzen ez badu, Tributu Ikuskapenak jarduketak eten ahal izango ditu, eta hori eginbidean jasoaraziko du, horien gauzatzeak baliorik ez duenean. Halako kasuetan, tributupekoa ez dela agertu ulertuko da eta horren ondore guztiak aplikatuko dira.

8. Aparteko kasuetan baino ez eta, betiere, kasu bakoitzean era egokian bidezkotuta, zerga-administrazioak zergei dagokienez egoitza Nafarroatik kanpo duten subjektu pasiboei eskuorde bat izendatzeko eska diezaieke, egoitza Nafarroan izanen duena eta horiekin harremanak izatearen ondoreetarako.

Salbuespeneko kasuak izanen dira, bereziki, ondoko hauek:

a) Zerga-betebeharra duenaren atzerakuntzak Zerga-Ikuskatzailetzari informazioa eman behar dionean edo erakunde horrek agindeiak formulatzen dizkionean.

b) Zerga-betebeharra duenak nabarmen ez betetzea kontabilitateko eta erregistroko betebeharrak, edo kontabilitateko liburuak edo zerga-erregistroak desagertzea.

c) Frogatzea zerga-betebeharra duenak zerga-administrazioari ezkutatu egin dizkiola egiten dituen enpresa-jarduerak edo jarduera profesionalak.

d) Zerga-betebeharra duenak tributuen arloan derrigorrez izan behar dituen gainerako jokaerak, esaterako ikuskatzailetzaren jarduketak eragoztea edo horiei jazartzea, baldin eta Erregelamendu honen 42. artikuluan bildu diren kontzeptu eta zerrendakoak badira.

24. artikulua. Borondatezko ordezkapenaren ondoreak.

1.-Tributu Ikuskapenaren jarduketak, subjektu pasiboaren edo tributupekoaren izenean agertzen den pertsonarekin eginda, azken horrek egindakotzat hartuko dira.

2.-Ordezkapenaren ezespenak ez du ordezkariaren bitartez egindako jarduketen baliogabetasuna eragingo, hori Tributu Ikuskapenari jakinarazi baino lehen.

3.-Ahalorde nahikorik gabe agertu diren pertsonek egindako adierazpenek zuzenbidearen araberako froga balioa edukiko dute. Ordezkapena egiaztatu ondoren, ordezkariak emandako ahalorde nahikorik ez dagoela frogatu beharko du, eta, jarduketaren baliogabetasuna oinarritzeko, ezin izango ditu berak sortutako akatsak edo hutsak alegatu.

4.-Ahalorderik ez egoteak edo ahalorde hori nahikoa ez izateak ez du kasuan kasuko egintza egindakotzat hartzea ekidingo, baldin eta ahalorde nahikorik frogatzen bada edo akatsa hamar eguneko epean zuzentzen bada.

Aurreko jarduketak egiteko erabili den ordezkariaren ahalorderik ez edukitzea edo ahalorde nahikorik ez edukitzea berehala zuzenduta dagoela joko da, tributupekoak tributu ikuskapeneko eginbideen edo akten ondoriozko egintzak aurkatzen dituenean, egoera horiek aipatu gabe, edo haren aktaren ondorioz likidaturiko tributu zorraren zenbatekoa ordaintzen duenean.

LAUGARREN KAPITULUA. Ikuskapen ekintzen hasiera eta garapena

25. artikulua. Hasteko moduak.

Tributu Ikuskapenaren jarduketak hasteko moduak honako hauek izango dira:

a) Tributu Ikuskapenaren ekimenez, funtzionario edo laneko unitate funtzional bakoitzaren plan berezien ondorioz.

b) Erregelamendu honetako 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Tributu Ikuskapeneko Zerbitzuko zuzendariak aginduta, ikuskapen plana aldatu ondoren.

d) Tributupekoak eskatuta, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 138. artikuluan eta Erregelamendu honetako 34. artikuluan ezarritakoaren arabera.

26. artikulua. Ikuskapen jarduketen hasiera.

1.-Tributu Ikuskapenaren jarduketak tributupekoari adierazitako tokian, egunean eta orduan agertzeko jakinarazpena eginda has daitezke, Erregelamendu honetako bigarren kapituluko 3. atalean ezarritakoaren arabera; eskatzen zaizkion agiriak eta gainerako elementuak, gainera, tributu ikuskapenaren esku jarriko dira edo tributupekoari emango zaizkio. Jakinarazpen horretan garatu beharreko jarduketen irismena jakinaraziko zaio tributupekoari.

Interesatuari bulego publikoetan egun jakinen batean agertzeko eskatzen zaionean, horren eta eskabidea jakinaraztearen arteko gutxieneko epea 7 eguneko izango da.

2.-Halaber, justifikaturik dagoelarik, tributu ikuskapenak ikuskapen jarduketen hasiera jakinaraziko dio interesatuari, kasuan kasuko jakinarazpenaren berri aurretiaz eman gabe.

Jarduketak behar bezala egiteko komenigarritzat jotzen denean, eta betiere Erregelamendu honetako 40. artikuluan ezarritakoa beteta, tributu ikuskapena (aurretiazko jakinarazpenik gabe) interesatuaren bulegoetan, instalazioetan edo biltegietan agertu ahal izango da, baita tributu egitatearen froga partzialen bat egon daitekeen edozein tokitan ere. Kasu horretan, jarduketak interesatuarekin aztertuko dira, bera ere bertan egonez gero; bestela, horren ordezkapena duen pertsonarekin aztertuko dira (bulegoko, erregistroko, egoitzako, enpresako edo lantokiko arduraduna).

3.-Jakinarazpenak (behar bezala jakinarazi ondoren) edo tributu ikuskapenaren presentziak (horrek jakinarazi eta interesatuak horren berri duenean, ikuskapen jarduketak hasteko) honako ondore hauek sortuko dituzte:

a) Administrazioak tributu zorrak kasuan kasuko likidazioaren bitartez ezartzeko eta beharrezko zehapenak finkatzeko duen eskubidea preskribitzeko legezko epearen etetea, egiaztapen eta ikerketa jarduketan aipaturiko zergari edo zergei dagokienez, baita ikuskapen jarduketen eragina duten betebeharrak ez betetzearen ondoriozko tributu zehapenak ezartzeko ekintzari dagokionez ere.

b) Subjektu pasiboak ordaintzeko dauden tributu zorrak kasuan kasuko jakinarazpena egin ondoren ordaintzen dituenean (edo egiaztapen nahiz ikerketa jarduketen beste edozein modu hasi ondoren ordaintzen dituenean), ordainketa hori konturako ordainketa izango da, hasitako aktaren ondoriozko likidazioaren zenbatekoari dagokionez; hala eta guztiz ere, beharrezko zehapenak aplikatu ahal izango dira, kuota osoaren eta Tributu Ikuskapeneko aktaren nahiz ikuskapen jarduketak hasi aurretik ordaindutako zenbatekoen ondoriozko errekarguen arteko diferentziari dagokionez. Jarduketa horiek hasi ondoren ordaindutako zenbatekoari dagozkion berandutza interesak, beste alde batetik, kasuan kasuko ordainketa egitearen aurreko egunera arte kalkulatuko dira, eta tributu ikuskapenak likidatuko ditu, kudeaketa bulegoak likidazioa egiten ez duenean.

c) Egiaztapen eta ikerketa jarduketak hasi ondoren, subjektuak aitorpen bat aurkezten badu (tributu likidaziorik egiteko beharrizanik ez duela egiaztatzen duen aitorpena), hori ez da baliozkoa izango Tributuei buruzko Foru Legezko Orokorreko 95. artikuluko a) letran ezarritakoaren arabera; halako kasuetan, likidazio prozedura administrazioak hasiko du, ikuskapen jarduketa dela bide, eta hori hasten diren akten ondoriozko likidazioetan jasoko da.

d) Tributupekoak bere lankidetza betebeharra betetzen ez duenean (ikuskapen jarduketak hasi baino lehen), ez-betetze hori zuzentzeko aurkezten diren aitorpenek ez dute egindako urratzeengatik bidezko diren zehapenak ezartzea ekidingo.

e) Interesatuak tributu Administrazioan azaltzen dituen kontsultak ez egindakotzat hartuko dira, ikuskapen jarduketak jorratu beharreko gaiari buruzkoak direnean.

4.-Tributu Ikuskapenak bulego publikoetatik kanpo diharduenean, jarduleek beren izaera egiaztatu beharko dute, horretarako eskabiderik egin ez arren.

Tributu Ikuskapenak, jarduketak hasten direnean edo prozeduraren beste edozein unetan eta tributupekoak eskatuta, zergadun horri jarduketen esanahiari buruzko informazioa eman beharko dio, baita jarraitu beharreko prozedurari, tributupekoak dituen eskubide nahiz betebeharrei eta tributu ikuskapenarekiko betebeharrei buruzko informazioa ere.

27. artikulua. Ikuskapen jarduketak irauteko epe orokorra.

Egiaztapen, ikerketa eta likidazioa jarduketak egiteko, hamabi hilabeteko gehieneko epea egongo da, tributupekoari jarduketa horien hasiera jakinarazten zaionetik jarduketok ebazten dituen administrazio egintza ematen den egunera arte, epe hori Erregelamendu honetako 29. artikuluan ezarritakoaren arabera luzatzea erabakitzen denean izan ezik.

Epe horren ondoreetarako, ez dira zenbatuko tributupekoari leporatzeko moduko luzapenak eta justifikaturiko etete aldiak, erregelamendu honetako 28. artikuluan adierazitakoaren arabera.

28. artikulua. Epearen zenbaketa. Justifikaturiko eteteak eta zergadunari leporatzeko moduko luzapenak.

1.-Egiaztapen, ikerketa eta likidazioko ikuskapen jarduketen iraupen epearen zenbaketa eten egingo da, honako kasuetarikoaren bat gertatzen denean:

a) Foru Komunitateko Administrazioko, Estatuko Administrazioko Autonomia Erkidegoetako, Toki Korporazioetako edo Europar Batasuneko Estatu kideetako tributu Administrazioetako organoei datuak eta txostenak eskatzea, eskabidea egiten denetik horiek jasotzen direnera arteko epean; kontzeptu horren ondoriozko etetea ezin izango da sei hilabetetik gorakoa izan, egin daitezkeen datu eta txosten eskabide guztietarako. Beste Estatu batzuei egindako eskabideak direnean, epe hori hamabi hilabetekoa izango da.

b) Ministerio Fiskalari espedientea bidaltzea, espediente hori tributu Administraziora itzuli arte igaro den denboran.

c) Administrazioa jarduketak etetera behartzen duen ezinbesteko kariren bat dagoenean, kari horrek irauten duen bitartean.

2.-Halaber, tributupekoari leporatzeko moduko luzapentzat hartuko da, tributupeko hori tributu ikuskapenak bere eskumenen eremuan egindako informazio, errekerimendu edo agertze eskabideak betetzean berandutzea, baita zergadunak berak eskatutako jarduketen luzatzea edo atzeratzea ere, hori bidezkoa denean. Oso-osorik beteta ageri ez diren eskabideak jasotakotzat hartuko dira, zenbaketa honen ondoreetarako, harik eta horiek oso-osorik bete arte, eta hori interesatuari jakinaraziko zaio. Zenbaketa horren ondoreetarako, zergadunari leporatzeko moduko luzapenen ondoriozko atzeratzea egutegiko egunen arabera zenbatuko da.

3.-Zergadunak, halakorik eskatzen duenean, bere espedientearen tramitazio egoera jakiteko eskubidea edukiko du; halaber, aurreko ataletan adierazitako alderdien zenbaketaren berri edukitzeko eskubidea ere izango du, kasuan kasuko txostenak eskatzeko eta jasotzeko datak ere barne.

Justifikaturiko etetea dagoenean, jasoarazi egingo dira (informazioa eskatu zaien pertsonak nahiz agintariak identifikatzeko datuak adierazi gabe) halako informazioak eskatzeko eta jasotzeko datak. Hala eta guztiz ere, espedientea bukatuta dagoenean, entzunaldi tramitean, ebazpena baino lehen, zergadunak pertsona edo erakunde horiek zeintzuk diren jakin ahal izango du.

4.-Ikuskapen jarduketak irauteko epearen zenbaketa eteteak ez ditu ekidingo egoera horretan gara daitezkeen gainerako jarduketa guztiak.

29. artikulua. Ikuskapen jarduketak irauteko epea luzatzea.

1.-27. artikuluan aipaturiko epea luzatu egin daiteke, zerbitzuko zuzendariaren aurretiazko erabakiaren bitartez, gehienez jota hasieran ezarritako epean, baldin eta jarduketan aipatutako ekitaldietan edo zergetan honako kasuetarikoen bat betetzen bada:

a) Konplexutasun handiko jarduketak izatea. Halako konplexutasuna egiaztatzeko, pertsonaren edo erakundearen eragiketen bolumena, horren jardueren banaketa geografikoa edo sozietateen taldeen araubideko tributu betebeharrak (edo nazioarteko zerga gardentasuneko araubideko tributu betebeharrak) aztertu beharko dira.

Horretarako, eta egiaztatu beharreko kasuaren egoerak aztertu ondoren, jarduketak oso konplexuak direla joko da, ondoko kasuetarikoren bat betetzen denean:

1.-Pertsonaren edo erakundearen eragiketa bolumena horren kontuak ikuskatzeko eskatzen denaren berdina edo hori baino handiagoa denean.

2.-Pertsonaren nahiz erakundearen kontabilitateko edo erregistroko betebeharrak ez betetzearen, kontabilitateko liburuak zein erregistroak galtzearen edo zergadunak horiek ez aurkeztearen ondorioz, epea luzatzeari buruz egin nahi den egiaztapena zailagoa denean.

3.-Elkarri loturiko pertsona edo erakunde talde baten jarduera egiaztatu eta, jarduera horiek egiteko, zenbait subjektu pasiboren egiaztapenak egin behar direnean.

4.-Tributupekoak Foru Komunitatearen lurralde eremutik kanpoko jarduerak egiten dituenean, baldin eta jarduerok lurralde eremu horretatik kanpoko egiaztapen jarduketak behar dituztenean, Hitzarmen Ekonomikoaren 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Jarduketok egiten direlarik, zergadunak tributu Administrazioari enpresa edo lanbide jarduketaren bat ezkutatu diola egiaztatzen denean.

Horretarako, zergadunak tributu Administrazioari enpresa edo jarduketaren bat ezkutatu diola jotzeko, tributu ikuskapenak dituen datuek agerian jarri beharko dute tributupekoak aitortu gabeko enpresa edo lanbide jardueraren bat egiten duela, edo aitorturikoak ez diren enpresa edo lanbide jarduerak egiten dituela.

Aitorturikoak ez diren jarduerak egiten ez direnean, bestalde, Jarduera Ekonomikoei buruzko Zergaren ordainketa ez da zergadunaren alta adierazten duen epigrafean egiten, beste batean baizik; gainera, jarduera hori egiteko erabiltzen den lokala ez da aitorturik egoten, tributu horren ondoreetarako; azkenik, halako jardueren ondorioz, jarduera eta lokal Kode batean izena emanda egoten da, eta hori ez dator bat (tritutu berezien eremuan) tributupekoaren alta jasotzen duenarekin.

2.-Egiaztapen eta ikerketa jarduketen iraupen epea luzatzeko, aurreko ataletan aipaturiko gauzaren bat pilatzen dela, ikusi ere, kasuan kasuko jarduketa garatzen duen funtzionarioak edo unitate funtzionalak ikusi beharko du. Luzapen proposamena idatziz bidali beharko zaio Zerbitzuko zuzendariari, eta bertan aipaturiko ezaugarrien garrantzia haztatu beharko da, epea luzatu beharra justifikatzeko. Halako ezaugarriak daudela Zerbitzuko zuzendariak berak ikusten duenean, horri buruzko erabakia emango du. Bi kasuotan, interesatuari hamar eguneko epea emango zaio, bidezko alegazio guztiak egin ditzan.

Zerbitzuko zuzendariaren erabakia arrazoitua izango da, interesatuari jakinaraziko zaio eta ezin izango da horren aurkako errekurtsorik jarri; hala ere, epea luzatzea bidezkoa izan ala ez izatea azaldu ahal izango da, behin betiko ematen den likidazioaren aurka errekurtsoak eta erreklamazioak jarri ahal izateko.

3.-Zerbitzuko zuzendariaren erabakia ezin izango da eman, harik eta gutxienez sei hilabete igaro arte, jarduketak hasi direnetik; horrela, epe horretan, iraupena luzatzeko beharrizana aztertu ahal izango da. Horretarako, ez dira kontuan hartuko justifikaturiko eteteak eta interesatuari egozteko moduko luzapenak, jarduketaren barruan pilatzen direnak.

30. artikulua. Epeak ez betetzearen ondoreak.

Egiaztapen eta ikerketa jarduketak hasi ondoren, horiek bukatu arte jarraitu beharko dute aurrera, beraien izatera eta ezaugarriak kontuan hartuz, nahiz eta legez ezarritako epea igaro.

Hala eta guztiz ere, ikuskapen jarduketa horiek eta likidazio jarduketak sei hilabetean justifikaziorik gabe etenez gero (tributupekoari egozteko modukoak ez diren karien ondoriozko etetea, 31. artikuluko 3. atalean ezarritakoaren arabera), edo jarduketak bukatzeko ezarritako epea betetzen ez denean, preskripzioa ez da etendakotzat hartuko, justifikaturiko etetera arte edo horien iraupen epea bukatu arte egindako jarduketen ondorioz.

Justifikatu gabeko etetearen edo jarduketak bukatzeko ezarritako epea ez betetzearen ondoren egindako ordainketek (errekerimendu berririk gabe) kasuan kasuko errekarguen eta berandutza interesen ordainketa eragingo dute, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 52. artikuluko 3. atalean ezarritakoaren arabera, eta ezin izango da ezarri ordainketa hori behin-behinean ez egitearen ondoriozko zehapenik. Arauzko epeetatik kanpo aurkezturiko adierazpenak edo jakinarazpenak bat-batean egindakotzat hartuko dira, eta bidezko ondore guztiak edukiko dituzte.

31. artikulua. Ikuskapen jardueren garapena.

1.-Tributu Ikuskapenak tributupekoa agertzeko eskatu ahal izango du, jarduketak garatzeko ezinbestekoak diren egunetan, horretarako komenigarritzat jotzen den tokian eta orduan.

Egunero, tributu ikuskapenak bidezko deritzon jarduketa guztiak egingo ditu. Eguneroko jarduketak bukatu ondoren, tributu ikuskapenak horiek berriro hasteko tokia, eguna eta ordua finkatu ahal izango ditu; hori hurrengo astegunetik aurrera egin daiteke. Bulego publikoetara joateko eskabideek, tributupekoaren aurrean egiten ez direnek, zazpi eguneko gutxieneko epea ezarriko dute.

2.-Halaber, enpresako lokaletan edo bertako beste bulego batzuetan ager daiteke, bidezko jarduketa guztiak egiteko.

3.-Ikuskapen jarduketak justifikaziorik gabe etendakotzat hartuko dira, elkarren atzeko sei hilabetetan egiten ez direnean, baldin eta hori 28. artikuluan ezarritako kariren bat egotearen ondorioz gertatzen ez bada.

4.-Tributu Ikuskapenak, jarduketak gauzatzean, ahalegina egin beharko du ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, tributupekoaren lan, enpresa edo lanbide jardueretan.

Jarduerak tributupekoaren bulegoetan edo lokaletan garatzen direnean, tributu ikuskapenaren esku lantoki egokia jarri beharko da.

32. artikulua. Tributupekoa agertzea.

1.-Tributupekoa, idatziz eskatzen zaionean, jarduketak egiteko adierazitako tokian, egunean eta orduan agertu beharko da, eta tributu ikuskapenaren esku jarri edo aurkeztu beharko ditu eskaturiko agiriak eta gainerako elementu guztiak.

2.-Tributu Ikuskapena, errekerimendurik gabe, jarduketak egiteko tokian agertzen denean, tributupekoak bertan balego bezala egin beharko dio kasu. Bestela tributu ikuskapenari Erregelamendu honetako 26. artikuluko 2. atalean aipaturiko edozein pertsonak lagundu beharko dio; behar izanez gero, tributu ikuskapenak, une eta toki berean, ikuskapen jarduketak jarraitzeko eskatuko du, horretarako ezartzen den bidezko epean, har daitezken bidezko kautelazko neurrien kalterik gabe.

3.-Tributu Ikuskapenak jarduketak egiteko laguntza emango duen pertsonaren edo pertsonen nortasuna, izaera eta ahalmenak egiaztatzeko eska dezake.

Jarduketetan esku hartzeko ahalmen nahikorik ez duen pertsonaren bat agertuz gero, tributu ikuskapenak hori jasoarazi eta tributupekoa ez dela agertu joko du; hala eta guztiz ere, agertzen den pertsonari errekerimendua eman edo, bidezkoa izanez gero, pertsona egokia agertzeko eska dezake.

4.-Tributupekoak tokian, egunean eta orduan ez agertzeko bidezko karirik alegatzen duenean, luzapena eskatu ahal izango du idatziz, kasuan kasuko jakinarazpena jaso eta hurrengo hiru egunetan. Hori hiru eguneko epe hori igarotakoan gertatuz gero, luzapena eskatu ahal izango da, ahalik eta lehenen, agertzeko ezarrita dagoen epeari dagokionez. Halako kasuetan, agertzeko beste egun bat ezarriko da; beti ere, tributupekoak bere esku dauden eta tributu ikuskapenari laguntza egokia emateko aukera ematen dioten neurri guztiak hartu ahal izango ditu.

33. artikulua. Funtzionarioek ikuskapen jarduketetan gelditzea.

1.-Egiaztapen eta ikuskapen jarduketak, horiek hasi dituzten tributu ikuskapeneko funtzionarioek edo unitate funtzionalek egingo dituzte bukatu arte, baldin eta horiek lekualdatu, gaixotu edo ordezteko bidezko kariren bat badago.

2.-Tributu Ikuskapeneko funtzionarioek ez dute prozeduran esku hartuko, eta goian duten agintariari jakinaraziko diote, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 28. artikuluan aipaturiko edozein arrazoi dagoenean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea).

3.-Tributu Ikuskapenaren prozeduran ezespena sustatu ahal izango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 29. artikuluan ezarritakoaren arabera (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea).

34. artikulua. Egiaztapen orokorra egiteko eskabidea.

1.-Egiaztapen eta ikerketa jarduketa partziala jasotzen ari den edozein tributupekok (tributu ikuskapenak buruturiko jarduketa) jarduketa hori orokorra izateko eska dezake, berorrek eragindako zergari eta ekitaldiari dagokionez, eta eskabide horrek ez ditu etengo bideraturiko jarduketak.

2.-Tributupekoak hamabost eguneko epea izango du eskabidea egiteko, ikuskapen jarduketa partzialen hasiera jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita; horretarako, Zerbitzuko zuzendariari idazkia bidali edo jarduleari berariaz jakinaraziko dio, eta horrek adierazpen hori eginbidean jaso beharko du.

3.-Egiaztapen orokorreko eskabidea jaso ondoren, Zerbitzuko zuzendariak hori dagoeneko hasita dagoenaren handitzetzat burutu ala, aldiz, beste jarduketa bat hasi erabaki beharko du. Kasu horretan, Zerbitzuko zuzendariak egiaztapen berria eratxikitzen zaion funtzionarioa edo unitate funtzionala adierazi beharko du, eta hori hasteko sei hilabeteko epea egongo da, eskabidea jasotzen denetik zenbatzen hasita.

4.-Erregelamendu honetako 27. artikuluan aipaturiko iraupen epea zehazteko, aurreko atalean jasotako egiaztapen jarduketa orokorrei dagokienez, honako hau hartu beharko da kontuan:

a) Tributu Ikuskapenak egiaztapen nahiz ikerketa jarduketa partzialak egiaztapen jarduketa orokorrak hasi baino lehen bukatzen baditu (betiereaurreko atalean aipaturiko sei hilabeteko epearen barruan), egiaztapen nahiz ikerketa jarduketa orokorren iraupen epea horiek hasten direnetik zenbatuko da.

b) Zergen Ikuskapenak egiaztapen nahiz ikerketa jarduketa partzialak bukatzen ez baditu (sei hilabeteko epe hori igaro ondoren), jarduketa horiek orokorrak izango dira, beraiek eragindako zergari eta ekitaldiari dagokionez; halako kasuetan, horien iraupen epea jarduketa partziala hasten direnetik zenbatuko da.

Jarduketa partziala zergadunaren eskabidea egin eta sei hilabete igaro ondoren bukatzen bada, baina epe horretan jarduketa orokorrik hasi ezean, Erregelamendu honetako 27. artikuluan aipaturiko epe orokorra zenbatzeko, hori sei hilabeteko epe hori igaro eta biharamunean hasten dela joko da.

35. artikulua. Interesatuaren alegazioak eta aktak egin baino lehenago entzunaldiak.

1.-Entzunaldi tramitea baino lehenagoko edozein unetan, interesatuak alegazioak egin eta agiriak edo beste elementu batzuk aurkeztu ahal izango ditu, eta jarduleek horiek kontuan hartuko dituzte kasuan kasuko proposamena egiteko orduan.

2.-Betiere, eta aktan jasotako proposamena egin ondoren, interesatuari entzunaldia emango zaio; bertan, espedientea jakinarazi eta egin beharreko proposamenaren edukia nahiz irismena adieraziko zaio, bere eskubidearen araberako alegazio guztiak egin ditzan.

Tramite horren eraginez, zergadunak horren kontura espedientean jasotako agirien kopia jaso ahal izango du, horiek kontuan hartu behar direnean, ebazpena emateko orduan.

Interesatuek, gehienez jota hamabost eguneko epean, bidezko deritzen agiri eta ziurtagiri guztiak alegatu eta aurkeztu ahal izango dituzte.

36. artikulua. Kautelazko neurriak.

1.-Tributu Ikuskapenak legean ezarritakoaren arabera, bidezko deritzen kautelazko eta bermezko neurri guztiak hartu ahal izango ditu, honako hau ez desagertzeko, suntsitzeko edo aldatzeko: liburuak, agiriak, erregistroak, informatika programak, euskarri magnetikoan dauden artxiboak eta aztertu beharreko gainerako aurrekariak. Bestela, gero, halakorik ez dagoela edo erakutsi nahi ez dela esan daiteke.

Neurri horien artean zergapetu beharreko merkantzien edo produktuen bilketa edo konfiskazioa aipa daiteke, baita artxiboen, lokalen edo datuak tratatzeko ekipo elektronikoen bilketa edo konfiskazioa ere, horiek kasuan kasuko informazioa eduki baitezakete.

Horretarako, tributu ikuskapenak beharrezko laguntza eta lankidetza eskatu ahal izango die agintari eskudunei eta laguntzako eragileei.

2.-Halako neurriak hartuz gero, hori behar bezala dokumentatu beharko da, zigilatu, bildu edo konfiskaturiko agirien edo objektuen inbentarioa eginez: kautelazko neurriak lortu nahi den helburuaren edo ekidin nahi den kaltearen araberakoak izango dira. Ezin izango da nekez edo inola ere konpondu ezin daitekeen kaltea sortzeko moduko neurririk hartu.

Hartutako kautelazko neurriak altxatu egingo dira, hartze hori justifikatzen duten gertaerak desagertzen direnean.

BOSGARREN KAPITULUA. Tributuak ikuskatzeko ahalmenak

37. artikulua. Interesatuaren agirien azterketa.

1.-Egiaztapen nahiz ikerketa jarduketetan, tributupekoek tributu ikuskapenaren esku jarri beharko dituzte (Merkataritza Kodearen 45. artikuluan agindutakoaren arabera) liburuak, fakturak, gutunak, agiriak eta gainerako ziurtagiri guztiak, enpresa nahiz lanbide jarduerari buruzkoak, euskarri magnetikoan dauden programak eta artxiboak ere barne, enpresak datuak prozesatzeko ekipo elektrikoak erabiltzen dituenean. Era berean, tributu ikuskapenari, beharrezko agiri edo aurrekari guztiak aurkeztu beharko dizkiote, adierazpenetan jasotako egitateak eta gertaerak frogatzeko eta euren zerga egoeraren egiaztapena errazteko.

2.-Jarduketa horiek garatzeko, tributu ikuskapenak komenigarritzat jotzen dituen baliabide guztiak erabili ahal izango ditu, besteak beste honako hauek.

a) Interesatuak edozein zergari buruz egindako aitorpenak.

b) Subjektu pasiboaren edo tributupekoaren kontabilitatea; horren barruan, kontabilitateko erregistro eta euskarri guztiak sartuko dira, baita egindako oharren nahiz ohar horien aurretiazko edo gehigarrizko orrien ziurtagiriak ere, eta zergen arloan garrantzitsuak diren kontratuak eta agiriak ere bai. Kontabilitateko egoerekin batera, beharrezko banakatzeak eta iruzkinak egin beharko dira, finantzako informazioa behar bezala ulertu ahal izateko.

c) Beste pertsona edo erakunde batzuetatik zuzen nahiz zeharka lorturiko datuak edo aurrekariak, horiek subjektu pasiboarengan eragina dutenean.

d) Lankidetza betebeharraren eta salaketa eskubidearen ondorioz lorturiko datuak edo txostenak.

e) Administrazioko beste organo edo erakunde batzuetatik lorturiko informazioa.

f) Legez lor daitezkeen datu, txosten eta aurrekari guztiak.

3.-Tributu Ikuskapenak artikulu honetan aipaturiko agiriak eta gainerako elementu guztiak aztertu ahal izango ditu; behar izanez gero, horiek pantailan ikustea edo euskarri informatikoetan artxibaturiko zerrendak inprimatzea eskatu ahal izango du. Halaber, eragileen bitartez, kontabilitateko oharrak beharrezkotzat jotzen diren gainerako datu guztiak idatzi ahal izango ditu, eta horien kargurako kopiak lortu ahal izango ditu, baita euskarri magnetikoan ere, artikulu honetan aipaturiko datu edo agiri guztiei buruz.

4.-Tributu Ikuskapenak tributupekoari datuak, txostenak edo bere esku egon daitezkeen agirietatik ateratzen ez diren gainerako aurrekariak aurkezteko eskatzen dionean, baita aitorpenetan jasotako egitateen edo egoeren ziurtagirietatik aukeratzen ez diren beste aurrekari batzuk aurkezteko eskatzen dionean ere, gutxienez hamar eguneko epea emango zaio, lankidetza betebeharra betetzeko.

38. artikulua. Tributu Ikuskapenak informazioa lortzeko egindako eskabideak.

1.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 103. artikuluan adierazitakoaren arabera, pertsona fisiko edo juridiko guztiek (publikoak nahiz pribatuak) Administrazioari zergen arloan garrantzitsuak izan daitezkeen datu, txosten edo aurrekari guztiak aurkeztu beharko dizkiote, hain zuzen ere, beste pertsona batzuekiko ekonomi, lanbide edo finantza harremanen ondoriozko guztiak.

Era berean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 104. artikuluan ezarritakoa dela bide, agintariek, erakunde publikoek eta, oro har, eginkizun publikoak egiten dituzten guztiek Tributu Administrazioari zergen arloan garrantzitsuak diren datu eta aurrekari guztiak aurkeztu beharko dizkiote, halakorik eskatzen zaienean. Alderdi politikoek, sindikatuek eta enpresa elkarteek ere betebehar berbera izango dute.

2. Hain zuzen ere, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 130. artikuluko d) letran ezarritakoaren arabera, tributu ikuskapenak edozein pertsona edo erakunderi datuak, txostenak edo aurrekariak aurkezteko eskatu ahal izango dio, beste pertsona edo erakunde batzuei buruzkoak, baldin eta horiek Administrazioari aurkeztu behar bazaizkio, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 103. eta 104. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.-Erregelamendu honetako 14. artikuluko 2. atalean ezarritakoaren kalterik gabe, tributu ikuskapenak pertsona edo erakunde batetik hurbil informazioa lortzeko jarduketaren bat hasten duenean, idatzizko errekerimendua edo halakorik gabe aurkezteko baimena Zerbitzuko buruak eman beharko du.

4.-Informazioa lortzeko jarduerak berehala has daiteke, baita idatzizko errekerimendurik gabe ere, baldin eta lortu beharreko datuen izaerak hori justifikatzen badu eta tributu ikuskapenak bere esku egon behar diren agiriak, elementuak edo ziurtagiriak soilik aztertzen baditu. Bestela, kasuan kasuko pertsona edo erakundeei gutxienez hamar eguneko epea emango zaie eskaturiko informazioa aurkezteko edo tributu ikuskapenari beharrezko erraztasunak emateko, informazio hori bere kabuz lor dezan, bestela tributu urratze arruntean eroriko baita. Informazioa lortzeko jarduketen aribidean, tributu ikuskapenak Erregelamendu honetako 37. artikuluan aipaturiko ahalmenak edukiko ditu.

5.-Eskaturiko informazioa guzti-guztiek aurkeztu beharko dute, baldin eta honako hau aplikagarria ez bada:

a) Postaren edukiaren sekretua, baita komunikazioaren sekretua ere, horri buruzko ebazpen judiziala dagoenean izan ezik.

b) Administrazioari helburu estatistikoz emandako datuen sekretua.

c) 1862ko maiatzaren 28ko Legeko 34. nahiz 35. artikuluek eta ezkontza gaiei buruzkoek aipaturiko tresna publikoei buruzko notaritzako protokoloaren sekretua, ezkontza sozietatearen araubide ekonomikoari buruzkoak izan ezik.

d) Ezkontzakoak ez diren datu pribatuei buruzko sekretu profesionala, ofizialak ez diren profesionalek euren jardueraren eraginez ezagutzen dutena, baldin eta hori agerian jartzeak pertsonen eta familien ohoreari edo intimitateari eraso egiten badio. Sekretu profesionalaren barruan ez dira inoiz era sartuko bezeroen identitateari eta horiek jasotako zerbitzuen ondorioz egindako ordainketei buruzko datuak.

Profesionalek ezin izango dute sekretu profesionala aitzakiatzat jarri, euren zerga egoera egiaztatzea ekiditeko.

e) Defendatzaileek eta aholkulariek euren zerbitzu profesionalak ematearen ondorioz jakin dituzten ezkutuko datuen sekretua gordetzeko betebeharra, baita abokatuek eta prokuradoreek Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 437. nahiz 438. artikuluan ezarritakoa betetzeko betebeharra. Aholkularitzat, beste alde batetik, honako hauek hartuko dira: zuzenbidearen arabera onartutako jarduera profesionala garatzen dutenak, baldin eta horren helburua laguntza juridikoa, ekonomikoa edo finantzazkoa ematea bada. Bezeroaren eta aholkulariaren arteko elkarrekiko ondare harremanei buruzko datuak ez dira ezkutukoak izango.

f) Informazio askatasuna egikaritzeari loturiko sekretu profesionala, Konstituzioko 20. artikuluko lehenengo atalean eta Legean ezarritakoaren arabera.

6.-1/1982 Lege Organikoaren 8. artikuluko lehenengo atalean ezarritakoaren ondoreetarako, agintari eskuduna Ekonomia eta Ogasun kontseilarua izango da.

7.-Zerbitzuko zuzendariak, jarduleen proposamenez, Epaitegiei eta Auzitegiei zergen arloan garrantzitsuak diren datu guztiak eskatu ahal izango dizkie, ezagutzen diren jarduketa judizialaren ondoriozko guztiak alegia, betieresumarioko eginbideen sekretua errespetatuz.

39. artikulua. Banku edo kredituko trafikoan diharduten pertsona edo erakundeetatik hurbil informazioa lortzeko jarduketak.

1.-Banku edo kreditu jarduerak garatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek (adibidez, Banketxeak, Aurrezki Kutxak eta Kreditu Kooperatibak) tributu Administrazioari zergen arloan garrantzitsuak diren era guztietako datuak, txostenak edo aurrekariak eman beharko dizkiote, beste pertsona batzuekin dituzten ekonomi edo finantza harremanen ondoriozkoak.

2.-Hain zuzen ere, pertsona edo erakunde horiek, tributu ikuskapenak eskatuta, hauxe jakinarazi beharko dute: kontu korronteen, aurrezki gordailuen nahiz epeko gordailuen eta mailegu zein kreditu kontuen mugimenduak, eta edozein tributupekorekin dituzten eragiketa aktiboak nahiz pasiboak.

3.-Zenbait pertsona, erakunde edo komunitateren izenean dauden kontu bereiziak edo bateratuak direnean (borondatezkoak izan ala ez), titulartasun anitzeko gordailuetan edo antzeko kasuetan, titularretariko bati buruzko informazioa eskatzeak kontuaren, gordailuaren edo eragiketaren datu eta mugimendu guztien eskuragarritasuna eragingo du; baina tributu Administrazioak, beste titular batekiko lorturiko informazioa erabili ahal izateko, kasuan kasuko lankidetza prozedurako tramiteak jarraitu beharko ditu.

4.-Tributu Ikuskapenak informazioa lortzeko egiten dituen jarduketa batzuetan, hain zuzen ere, 2. atal honetan aipaturiko kontuen edo eragiketen mugimenduak ezagutzeko beharrezkoak diren jarduketetan, Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren aurretiazko baimena beharko da.

5.-Eskabidean aditzera eman beharko da ikertu beharreko kontuak edo eragiketak, ukituriko subjektu pasiboak eta horren irismena, bertan aipaturiko aldiari dagokionez.

Eskaturiko datuak kontu desberdinen saldo aktiboei edo pasiboei buruzkoak izan daitezke, baita mugimendu guztiei zein batzuei (eskabidean aipaturiko aldian) eta gertatu diren gainerako eragiketei buruzkoak ere. Halaber, jarduketak agirietara eta eskaturiko datuei buruzko gainerako aurrekarietara heda daitezke.

Eskabidean, jarduketak egiteko modua ere zehaztu beharko da, artikulu honetako hurrengo atalean ezarritakoaren arabera.

6.-Eskabidea baimendu ondoren, hori kasuan kasuko pertsonari edo erakundeari jakinaraziko zaio.

Jarduketak egiteko, eskabidean aipaturiko pertsonari edo erakundeari eskaturiko datuak edo aurrekariak aurkezteko eskatuko zaio; horretarako, ziurtagiria aurkeztu edo pertsonaren zein erakundearen bulegoan nahiz etxean agertu beharko da, beharrezko agiri guztiak aztertzeko.

Eskabidea jasotzen duen pertsonak hamabost eguneko epea edukiko du, eskaturiko datuak aurkezteko. Epe hori, berriz, eskabidea jakinarazten denetik jarduketak pertsonaren edo erakundearen bulegoetan hasten direnera artekoa izango da.

7.-Eskabidea, behar bezala baimendu ondoren, ukituriko subjektu pasiboari jakinaraziko zaio; hori bertan egon daiteke, jarduketak pertsonaren edo banku nahiz kreditu erakundearen bulegoetan egiten direnean.

8.-Tributu Ikuskapenak kasuan kasuko pertsonen edo erakundeen finantzazko ziurtagiriak aurkezteko eskatu ahal izango die interesatuei, baldin eta hori beharrezkoa bada, tributu aitorpenetan jasotako egitateak frogatzeko edo justifikatzeko.

40. artikulua. Finketan sartzea eta horiek aztertzea.

1.-Jarduleak finketan edo negozioko lokaletan sar daitezke, baita zergapetu beharreko jarduerak edo ustiapenak garatzeko gainerako lokaletan nahiz tokietan ere, baldin eta horietan tributuei loturiko ondasunik egon, zergagairik gertatu edo horien frogaren bat badago, edozein jarduketatarako komenigarria denean, hain zuzen ere, interesatuaren ondasunak, bulegoak, instalazioak edo ustiapenak ezagutzeko komenigarria denean, eta beharrezko frogako jarduketa guztiak egingo dituzte.

2.-Ekonomia eta Ogasun kontseilariak sinaturiko baimen idatzia beharko da, interesatuak edo finkak zaintzen dituen pertsonak tributu ikuskapenari bertara sartzeko baimenik eman ez dionean; betiere, bidezkoak diren kautelazko neurri guztiak hartuko dira. Interesatuek, inolako tramiterik gabe, tributu ikuskapenari beraien bulegoetara sartzen utzi beharko diote; bertan, Ikuskapenaren esku jarri beharko dute (enpresa bakoitzerako onetsitako lanaldian) kontabilitatea eta negozioari buruzko gainerako agiri zein ziurtagiri guztiak. Era berean, kasuan kasuko administrazio unitateetako buruek tributu ikuskapenari baimena emango diote, edozein Herri Administrazioren barruko erregistroetan, bulegoetan, edo lokaletan sartzeko.

3.-Pertsona fisikoaren edo juridikoaren egoitzan sartu eta berori aztertu behar denean, kasuan kasuko agindu judiziala lortu beharko da, interesatuak baimenik eman ezean.

4.-Interesatuak edo finkak zaintzen dituen pertsonak sartzeko edo aztertzeko baimena eman dutela joko da, eragiketa horiek egin daitezen behar diren ohiko egintzak burutzen dituztenean. Hala eta guztiz ere, sartzea eta aztertzea etxebizitza partikular batean egin beharrekoak izanez gero, interesatuari sartzeko baimena eskatu eta bere eskubideak jakinaraziko zaizkio.

41. artikulua. Tributu Ikuskapenaren beste ahalmen batzuk.

1.-Tren-geltokietan eta lurreko garraioen geltokietan nahiz aireportuetan, merkatu nagusietan, hiltegietan, lonjetan eta horien antzeko tokietan, tributu ikuskapenari sartzen utziko zaio, bertako geltokietara, moiletara eta bulegoetara, fakturazioei, sarrerei nahiz irteerei buruzko datuak har ditzan, eta bertako langileei lortu diren datuen nahiz aurrekarien zehaztasuna ziurtatzeko eskatu ahal izango zaie.

2.-Zergen Ikuskapenak, halaber, hauxe egiteko ahalmena edukiko du:

a) Langileei edo enplegatuei informazioa eskatzea, euren lan jarduerei loturiko gaiei buruz.

b) Neurketak egitea edo laginak hartzea, baita argazkiak, krokisak edo planoak egitea ere.

c) Perituen irizpena eskatzea.

d) Zergaren ordainarazpena zehazten duten gauzak erakusteko eskatzea.

e) Enpresaren barruko kontrol sistemak egiaztatzea, horrek interesatuaren zerga egoeraren egiaztapena erraztu baitezake.

42. artikulua. Tributu Ikuskapenaren jarduketaren aurka egitea.

1.-Tributupekoak, horren ordezkariak edo mandatariak tributu ikuskapenaren jarduketa oztopatu edo horren aurka egiten duela joko da, ikuskapen jarduketak luzatzeko, oztopatzeko edo ekiditeko ahalegina egiten duenean.

2.-Hain zuzen ere, ikuskapen jarduera honako kasu hauetan oztopatu edo ekidin nahi dela joko da:

a) Tributupekoa behin eta berriro ez agertzea (justifikaturiko arrazoirik egon ezean), jarduketak hasteko, garatzeko edo bukatzeko denboran eta forman adierazi zaion tokian, egunean eta orduan, Erregelamendu honetako 32. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Jarduketaren derrigorrezko liburuak, erregistroak eta agiriak erakutsi nahi ez izatea.

c) Tributupekoari loturiko datuak, txostenak, ziurtagiriak eta aurrekariak erakutsi nahi ez izatea, horiek berariaz eskatzen zaizkionean; halaber, tributu egitateei edo horien kuantifikazioari loturiko lokalak, makinak, instalazioak eta ustiapenak erakutsi nahi ez izatea.

d) Tributu Ikuskapenari finketan eta lokaletan sartzen edo bertan gelditzen ez uztea, horretarako arrazoirik egon ezean.

e) Tributu Ikuskapenaren aurkako hertsapenak edo errespetu ezak, eska daitezkeen gainerako erantzukizunen kalterik gabe.

SEIGARREN KAPITULUA. Ikuskapen jardueren bukaera

43. artikulua. Bukaera.

Ikuskapen jarduerak bukatutzat joko dira, tributu ikuskapenaren iritziz eman behar diren kudeaketa egintzak euskarritzeko beharrezko datuak eta frogak lortzen direnean, bai interesatuaren zerga egoera zuzena dela jota, bai egoera hori zuzenbidearen arabera egokituta.

44. artikulua. Formalizazioa.

Ikuskapen jarduerak bukatu behar direnean, horien emaitza dokumentatu beharko da, Erregelamendu honetako zazpigarren kapituluan ezarritakoaren arabera, eta horrela jarduerok bukatutzat joko dira.

ZAZPIGARREN KAPITULUA. Ikuskapen jardueraren agiriak

1. atala. Xedapen orokorrak

45. artikulua. Arau orokorrak.

Tributu Ikuskapenaren jarduerak eginbideetan, jakinarazpenetan, txostenetan eta aurretiazko nahiz behin betiko aktetan dokumentatuko dira.

Tributu Ikuskapenak ez ditu agiriok nahitaez formalizatu behar, baina Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera egin beharko du hori. Jarduleek, bestalde, komenigarritzat jotzen dituzten ohar guztiak hartu ahal izango dituzte, beraiek bakarrik erabiltzen dituzten paperetan.

2. atala. Jakinarazpenak, eginbideak eta txostenak

46. artikulua. Jakinarazpenak.

1.-Jakinarazpenak tributu ikuskapenak, bere eginkizunak betetzean, edozein pertsonarekin harremanak edukitzeko erabiltzen dituen agiriak dira.

2.-Jakinarazpenetan, tributu ikuskapenak tributupekoei egitateak edo gertaerak jakinarazi ahal izango dizkie, baldin eta horiek jardueretan interesik badute; halaber, horiek bidezko eskabide guztiak egin ahal izango dizkiote.

Jakinarazpenak gauzatzen diren eginbideen edukian sartu ahal izango dira.

3.-Jakinarazpenak, tributu ikuskapenak sinatu ondoren, interesatuari jakinaraziko zaizkie, zuzenbidean ezarritakoaren arabera. Informazioa lortzeko jardueretarako ezarritakoa izan ezik, jakinarazpenak beroriek bidaltzen dituen jarduleak sinatuko ditu.

4.-Jakinarazpenetan hauxe adieraziko da: horiek emateko tokia zein data, pertsonaren edo erakundearen identitatea, nora zuzentzen diren, bidaltzailearen identifikazioa zein sinadura, jakinarazten diren egitateak edo gertaerak eta jakinarazpenaren bitartez egiten den eskabidearen edukia.

Jakinarazpenak interesatuari ikuskapen jarduerak hasi direla jakinarazteko balio duenean, bertan jakinarazpenak eragiten duen preskripzioaren etetea adierazi beharko da.

5.-Jakinarazpenen bi kopia egingo dira eta tributu ikuskapenak kopia bat gordeko du.

47. artikulua. Eginbideak.

1.-Eginbideak tributu ikuskapenak ikuskapen prozeduran ematen dituen agiriak dira; prozeduraren instrukzioan komenigarritzat jotzen diren egitateak edo gertaerak jasoarazteko balio dute, baita tributu ikuskapenaren jasotzailea den pertsonaren (edo pertsonen) adierazpenak jasoarazteko ere.

2.-Eginbideetan ez dago tributu likidazioei buruzko proposamenik, eta aurretiazko nahiz behin betiko aktak prestatzeko agiriak izan daitezke; bestela, baliozkoak izan daitezke ikuskapen prozedura gabe beste prozedura bat hastea eragiten duten egitateak edo gertaerak jasotzeko, eta helburu hori duen tributu ikuskapenaren proposamena agiri independentean jasoko da.

3.-Eginbideetan horiek emateko tokia eta data jasoko da, baita zein egoitza, bulego edo etxetan egiten diren ere; halaber, eginbidea sinatzen duten tributu ikuskapeneko funtzionarioen identifikazioa ere jasoko da; baita jarduketetan parte hartzen duen pertsonaren nortasun agiri nazionalaren zenbakia, sinadura, izena eta deiturak ere, eta eskuhartzean duen izaera edo ordezkapena ere bai; era berean, jarduketen jasotzailea, tributupekoaren identitatea eta, azkenik, eginbidearen edukia osatzen duten egitateak edo gertaerak ere jasoko dira.

4.-Luzatzen diren eginbideen ale bat emango zaio beti, jarduketetan parte hartzen duten pertsonari. Ale hori jaso nahi ez badu, zuzenbidean onartutako beste edozein bide erabiliz bidaliko zaio.

Pertsona horrek eginbidea sinatu nahi ez duenean, edo hori egin ezin duenean edo nola egin ez dakienean, hori eginbidean jasoko da, kasuan kasuko kopia ematearen kalterik gabe, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.

48. artikulua. Txostenak.

1.-Tributu Ikuskapenak, ofizioz edo gainontzekoek eskatuta, honako txosten hauek bidaliko ditu:

a) Antolamendu juridikoaren arabera manuzkoak diren txostenak.

b) Administrazioko beste organo nahiz zerbitzu batzuek edo botere legegileak zein judizialak eskatzen dizkioten txostenak, legeetan ezarritakoaren arabera.

c) Tributuak aplikatzeko behar diren txostenak, eta halakoetan, txostenak bidaltzeko komenigarritasuna arrazoitu beharko da.

2.-Hain zuzen ere, tributu ikuskapenak txostena eman beharko du:

a) Hasitako desadostasun edo aurretiazko frogako aktak osatzeko.

b) Zergen oinarriak zeharka kalkulatzeari buruzko araubidea aplikagarria denean edo zantzu metodoa erabiltzea bidezkoa denean.

c) Zergen arloko lege iruzurraren adierazpen bereziko prozedura hastea sustatzen denean.

d) Adostasunez sinaturiko ikuskapen akten ondoriozko likidazioei dagokienez ezartzen diren errekurtsoak edo erreklamazio ekonomiko-administratiboak egiten direnean.

3.-Administrazioko beste organo edo zerbitzu batzuek edota Botere Legegileak eta Judizialak tributu ikuskapenari txostena eskatzen diotenean, hori Zerbitzuko zuzendariaren bitartez tramitatuko da.

Hain zuzen ere, Tributu Ikuskapenaren txostena erantsiko zaio organo judizial eskudunari edo Ministerio Fiskalari bidaltzen zaion espedienteari, baldin eta Ogasun Publikoaren aurkako delituaren aztarnak ikusten badira.

4.-Jarduleak, tributuak aplikatzeko beharrezkotzat jotzen duenean, txostena eman ahal izango du, hori egiteko komenigarritasuna arrazoituz.

Tributu Ikuskapenak txostena eman dezake, subjektu pasiboaren edo erantzulearen ondasunen nahiz eskubideen egoera deskribatzeko eta, horrela, likidaturiko tributu zorren kobrantzari dagokion bilketa kudeaketa errazteko.

5.-Tributu Ikuskapenaren txostenek aktan jasotako likidazio proposamena osatzen dutenean, batez ere egitateen multzoa eta proposamen hori euskarritzen duten zuzenbideko funtsak jasoko dituzte.

3. atala. Aktak

49. artikulua. Ikuskapen aktak.

1.-Aktak tributu ikuskapenak egiaztapen eta ikerketa jarduketen emaitzak jasotzeko egiten dituen agiriak dira; horietan, tributupekoaren zerga egoeraren erregularizazioa egitea proposatzen du, kuotari, errekarguei eta berandutza-interesei dagokienez, edo zerga egoera hori zuzena dela adierazten du.

Aktak, beste alde batetik, egiaztapeneko eta ikerketako ikuskapen jarduketen ondoriozko likidazioen prestakuntza agiriak dira, likidazioan horien proposamena jasotzen dute.

2. Ikuskapenaren aktetan hauxe jasoko da:

a) Formalizazioaren tokia eta data.

b) Akta sinatzen duten jarduleen identifikazio pertsonala.

c) Jarduketetan parte hartzen duen pertsonaren sinadura, izen-deiturak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia, baita horietan eskuhartzeko izaera edo ordezkapena ere; halaber, sozietatearen izen-deiturak, identifikazio fiskalaren zenbakia eta tributupekoaren zerga egoitza ere jasoko dira.

d) Jarduketak hasteko data eta horien iraupen epea zenbatzeko jarraituriko irizpidea, epe hori bi hilabetetik gorakoa denean.

e) Tributu egitatearen eta hori tributupekoari eratxikitzearen oinarrizko elementuak. Ikuskapen jarduketen ondoriozko egitateak eta gertaerak (zergen arloan garrantzitsuak direnak) ere adieraziko dira, edo horiek jasoarazteko erabili diren eginbideak ere aipatuko dira.

f) Era berean, interesatuak (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 85. artikuluaren babesean) alegaziorik aurkeztu duen ala ez ere jasoko da; alegaziorik aurkeztu badu, horien balorazioa egin beharko da.

g) Interesatuaren zerga egoeraren erregularizazioa, jarduleek bidezkotzat jotzen dutena; halakoetan, tributupekoari eskaturiko tributu zorra adierazi beharko da, kuoten errekarguen eta berandutza interesen arabera eskatzen zaiona.

h) Tributupekoaren adostasuna edo desadostasuna.

i) Aktaren ondorioz jarraitu beharreko prozeduraren berehalako tramiteen adierazpena; eta, akta adostasunekoa denean, horren ondoriozko likidazio egintzaren aurkako errekurtsoen, horiek aurkezteko organoaren eta errekurtsook jartzeko epearen adierazpena.

3.-Tributupekoa enpresaria edo profesionala denean, eta hori egitea garrantzitsutzat jotzen duten zergei dagokionez, aktan interesatuaren derrigorrezko liburuen edo erregistroen egoera jaso beharko da, ikusitako akatsak edo hutsak adieraziz; bestela, horiek aztertu ondoren akats garrantzitsurik ez dagoela ondoriozta daitekeela adierazi beharko da, kasuan kasuko zergaren ordainarazpenari dagokionez.

4.-Tributu edo kontzeptu ezargarri bakoitzari dagokionez, akta bakarra egin ahal izango da, egiaztatu beharreko aldi osorako. Hala eta guztiz ere, likidazioak banan-banan egin beharko dira, zerga aldi bakoitzerako.

50. artikulua. Aurretiazko aktak.

1.-Tributu Ikuskapenak egiten dituen aktak aurretiazkoak edo behin betikoak izan daitezke. Aurretiazko aktek behin-behineko likidazioak eragiten dituzte, gerora egin daitezkeen behin betiko akten kontura.

2.-Aurretiazko aktaren hasiera bidezkoa izango da:

a) Zerga eta aldi berberari dagokionez tributupekoak tributu ikuskapenak zerga egoera arautzeko egin dion proposamenaren alderdi batzuk baino onartzen ez dituenean. Kasu honetan, lehenengo eta behin, eta aurretiazko akta batean, interesatuaren berariazko adostasuna jaso duten jarduketen emaitza dokumentatuko da, eta gainerako kontzeptuei buruzko desadostasun akta egingo da. Akta bakoitzean beste aktaren formalizaziori buruzko aipamena egingo da.

Aurretiazko aktaren ondoriozko likidazioa konturako likidazioa izango da, aldi berean hasten den desadostasun aktaren ondoriozko behin-behineko edo behin betiko aktari dagokionez.

Adostasuneko aurretiazko akta, beste alde batetik, desadostasuneko behin betiko aktarekiko aldi berean ere erabili ahal izango da, interesatuak arauturiko kuotarekin adostasuna eta tributu zorreko elementuren baten edo gainerako elementuen likidazioarekin desadostasuna duenean.

b) Tributu egitatea eraskabetu daitekeenean, kasuan kasuko egiaztapen eta ikerketa jarduketak egiteko, edo lurralde banaketaren eraginez bereizi egin behar denean, gauzatzen den toki desberdinetan.

c) Tributu Ikuskapenak tributu egitateen edo oinarrien egiaztapena edo ikerketa egin ezin duenean, baldin eta jarduketak eten beharra badago, eta halakoetan behin-behineko likidazioa egin ahal izango da.

3.-Halaber, aurretiazkoak izango dira:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren edo Ondareari buruzko Zergaren ondorioz hasten diren aktak, baldin eta bi zerga horien egutegiko urte berbereko aitorpenak-likidazioak egiaztatu ez badira.

b) Egiaztatu beharreko zergaren oinarria beste batzuetarako ezarritako oinarrien arabera zehazten denean egindako aktak, edo bertan atxiki beharreko errendimenduak zenbatzen direnean, eta batzuetan nahiz besteetan behin betiko egiaztapenik egiten ez denean, errendimendu horiek behar bezala egiaztaturik daudela jotzen denean izan ezik.

c) Gardentasun fiskaleko araubidea duen sozietate edo erakunde bateko kideei dagokienez egiten diren aktak, baldin eta erakundearen zerga egoera egiaztatzen ez bada.

4.-Tributu Ikuskapenak aurretiazko akta bat ematen duenean, hori berariaz jasoarazi beharko du; gainera, akta hori eragin duten egitateak ere adierazi beharko ditu, edo tributu egitatearen nahiz horren balorazioaren elementuak ere bai, ikuskapen egiaztapenak kontuan hartu dituen elementuak, hain zuzen ere.

5.-Aurretiazko aktak tramitatzean tributupekoak aktan jasotako likidazio proposamenarekiko adostasun adierazi duen ala ez hartuko da kontuan.

51. artikulua. Zorpekoan ez dauden aktak.

1.-Zorpekoan ez dauden aktetan, tributupekoak ordaindu beharreko zorrik gabeko likidazioa eragiten da.

2.-Zorpekoan ez dauden aktak egiaztapenekoak eta adostasunekoak izan daitezke, edo tributupekoaren zerga egoeraren erregularizazioa eragin dezakete.

52. artikulua. Egiaztapeneko eta adostasuneko aktak.

1.-Tributu Ikuskapenak tributupekoaren zerga egoera zuzena dela uste izanez gero, aktan jasoaraziko du; akta horretan, adostasunaren barruan sartzen diren kontzeptuak eta aldiak zehaztuko dira. Halako aktak adostasunekoak edo egiaztapenekoak izango dira.

Egiaztapeneko edo adostasuneko akta egingo da, adostasunaren barruan sartzen diren zerga aldiei edo tributuak aitortzeko aldi guztiei buruz, eta horren barruan, egiaztatzeko moduko zerga edo kontzeptu guztiak sartuko dira.

2.-Egiaztapeneko eta adostasuneko akta horiek interesatuaren edo horren ordezkariaren aurrean egin daitezke, edo hartu izanaren adierazpenik gabeko postaz bidal daitezke.

3.-Egiaztapeneko aktak adostasuneko aktak bezala tramitatuko dira.

Hala eta guztiz ere, tributupekoak desadostasuna adierazi ahal izango du, formulaturiko likidazioa zuzena ez dela uste duenean. Aurkatzea egiteko, hamabost eguneko epea egongo da, akta jasotzen edo sinatzen denetik zenbatzen hasita, eta aktak aurkatzeko ezarrita dagoen prozeduraren arabera tramitatuko da, Erregelamendu honetako 55.3 artikuluan ezartzen duenari jarraituz.

53. artikulua. Zorpekoan egon ez eta tributupekoaren zerga egoera egokitzen duten aktak.

1.-Tributu Ikuskapenak tributupeko baten zerga egoerari buruz bidezkotzat jotzen duen egokitzapenetik Foru Komunitatearen aldeko tributu zorrik sortzen ez denean, akta egingo da; bertan, interesatuaren adostasuna edo desadostasuna jasoaraziko da, eta akta hori adierazpen horren arabera tramitatuko da.

2.-Egokitzapen horren ondorioz interesatuari dirua itzuli behar zaionean, egiten den aktaren ondoriozko likidazioa baliozkoa izango da Administrazioak dirua itzultzeko kasuan kasuko espedientea hasteko. Interesatuaren aldeko kreditua, bestalde, onartu, likidatu eta jakinarazitako kreditutzat hartuko da, Nafarroako Foru Komunitateko Zergabilketari buruzko Erregelamenduko 66. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Egiaztapen eta ikerketa jarduketa berberaren emaitzak dokumentatzen dituzten aktetatik beste modu bateko likidazioak sortzen direnean (tributupeko berberari buruzko likidazioak), horiek irmo bihurtzean, bilketa organo eskudunak (interesatuak eskatuta), borondatezko bilketa aldian, horien ondoriozko zorren eta kredituen konpentsazioa erabakiko du. Erabakitako konpentsazioak ez dio kalterik egingo tributu zorra luzatzeko edo zatitzeko emakidari.

54. artikulua. Akta motak, horien tramitazioaren ondoreetarako.

Tributu Ikuskapenaren aktak adostasunekoak edo desadostasunekoak izango dira, interesatuak egin den likidazio proposamena oso-osorik onartzearen ala ez onartzearen arabera; proposamen hori Ikuskapen aktan jasota dago.

Nolanahi ere, tributu ikuskapenaren aktak bi alderdiek sinatuko dituzte, eta interesatuari ale bat emango zaio. Interesatua azaltzen ez denean, akta sinatu nahi ez duenean edo horren ale bat jaso nahi ez duenean, akta desadostasun aktatzat tramitatuko da. Interesatuak akta sinatzeko modua ez badaki edo sinatu ezin badu, jarduleak egoera hori jasoarazi beharko du. Tributu Ikuskapenak, bestalde, Erregelamendu honetako 62. artikuluan ezarritakoaren arabera sinatuko ditu aktak.

55. artikulua. Adostasuneko aktak.

1.-Interesatuak, tributu ikuskapenak azaldutako irizpideak eta aurkezturiko frogak aztertu ondoren, tributu ikuskapenak aktan egindako likidazio proposamenarekiko adostasuna ematen duenean, Ikuskapen horrek horrela jasoko du aktan eta interesatuak horren edukia jaso duela joko da.

2.-Akta adostasunekoa eta zorpekorik gabekoa denean, interesatuak tributu zorraren zenbatekoa ordaindu beharko du; ordaindu ezean, premiamendu bideko ordainarazpena egingo dela jakinaraziko zaio, Nafarroako Foru Komunitateko Zergabilketari buruzko Erregelamenduko 18. artikuluko 2. atalean jasotakoaren arabera. Epe horiek, berriz, aktaren ondoriozko likidazioa egiten denetik hasiko dira zenbatzen.

Aktaren alearekin batera, interesatuari beharrezko ordainketa agiriak emango zaizkio, tributu zorra ordaintzeko behar dituen agiriak, hain zuzen ere.

3.-Hala eta guztiz ere, tributupekoak adostasunez sinaturiko aktan jasotako likidazioak aurkatu ahal izango ditu; horretarako, hamabost eguneko epea edukiko du, aktak sinatzen direnetik zenbatzen hasita.

Adostasuna eragin duten tributu oinarriak euskarritzen dituzten egitateak eta elementuak ezin izango dira inoiz ere aurkatu, tributupekoak egitatezko akatsa egin duela frogatzen duenean izan ezik.

Aurkatzea, bestalde, tributu ikuskapeneko Zerbitzuko zuzendariari bidaliko zaio; horrek horri buruzko beste ebazpen bat emango du, eta jarduketak gehienez jota hiru hilabeteko epean osatzeko agindu dezake. Halako kasuetan, akta berriek, baita horien ondoriozko likidazioek ere, lehen formalizatu direnak ordeztuko dituzte, eta bidezko eran tramitatuko dira.

Aurkatze horren tramitazioa, berriz, tributupekoari leporatzeko moduko luzapentzat har daiteke, Erregelamendu honetako 27. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako.

56. artikulua. Desadostasuneko aktak.

1.-Interesatuak akta sinatu nahi ez duenean, edo sinatuta ere bertan jasotako egokitzapen proposamenarekiko adostasunik ematen ez badu, akta horien tramitazioa jarduketak gauzatu dituzten funtzionarioek egingo dute; interesatuari, ematen zaion alean, Zerbitzuko zuzendariari bidezko alegazio guztiak aurkezteko eskubidea duela esango zaio; horretarako, hamabost eguneko epea edukiko du, akta egin edo jaso duen egunetik zenbatzen hasita.

2.-Jarduketak egitean parte hartzen duen pertsonak akta sinatu nahi ez duenean, tributu ikuskapenak hori aktan jasoaraziko du, eta bikoizturiko ale bat eman zaiola ere aipatuko du.

Pertsona horrek aktaren kopia jaso nahi ez badu, ikuskatzaileak hori ere jasoarazi egingo du; halakoetan, kasuan kasuko alea interesatuari bidaliko zaio. Interesatua aktak sinatzera ez doanean ere gauza bera egingo da.

3.-Desadostasuneko aktetan, beharrezko xehetasun guztiak emanez, egokitzapen proposamena oinarritzen duten zuzenbideko egitateak eta funtsak adieraziko dira; horiek, berriz, tributu ikuskapenak egindako txosten sakonago batean garatuko dira; txosten hori tributupekoari bidaliko zaio, aktekin batera. Halaber, aktaren barruan berariaz jasoko da interesatuak adierazitako desadostasuna edo adostasuna ematea galarazten dioten zergatiak, unea iristen denean bere eskubidearen araberako alegazio guztiak egitearen kalterik gabe..

57. artikulua. Aurretiaz eraturiko froga duten aktak.

1.-Tributu egitatearen aurretiaz eraturiko froga dagoenean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 136. artikuluko 2. atalean ezarritakoaren arabera, akta egin ahal izango da, eta horretarako, tributupekoak edo horren ordezkariak ez dute bertan egon beharrik edukiko.

Tributu oinarriaren aurretiaz eraturiko froga egongo da, egitate hori frogatutzat jo daitekeenean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 106-111 bitarteko artikuluetan frogak baloratzeko jasotako arauen arabera.

Aktan, beharrezko zehetasunez, erabilitako froga egitateak eta baliabideak adieraziko dira, eta horrekin batera jardulearen txostena ere jasoko da.

2.-Akta egin baino lehen, tributupekoari kasuan kasuko prozeduraren hasiera jakinarazi eta hamabost eguneko epea irekiko da; epe horretan, espedientea adieraziko zaio, interesatuak bere eskubidearen araberako alegazioak egin eta bidezko agiri nahiz ziurtagiri guztiak aurkez ditzan.

58. artikulua. Aktak egiteko tokia.

Tributu Ikuskapenak adierazitakoaren arabera, aktak bai tributupekoaren bulegoan, negozioko lokalean edo etxebizitzan, bai tributu Administrazioaren edo jarduketak egin diren Udalaren bulegoetan egin eta sinatuko dira.

4. atala. Akten tramitazioa eta horien ondoriozko tributu likidazioak

59. artikulua. Akten ondoriozko tributu likidazioak.

1.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 130. artikuluko c) letran adierazitakoaren arabera, tributu ikuskapenak egiaztapen eta ikerketa jarduketen emaitzak dokumentatzen dituzten akten ondoriozko tributu likidazioak egingo ditu.

Zerbitzuko zuzendariak bidezko tributu likidazioko administrazio egintza guztiak emango ditu.

2.-Adostasuneko aktak direnean, aktan formulaturiko proposamenaren araberako tributu likidazioa egin dela ulertuko da, horren datatik hilabeteko epea kontuan hartuz, eta ez da horri buruzko beste berariazko jakinarazpenik egin beharrik egongo, baldin eta epe horretan Zerbitzuko zuzendariak ebazpenik ematen ez badu; ebazpen hori interesatuari jakinarazi eta, bertan, aktan formulaturiko proposamenean ikusitako akats materialak zuzendu, hurrengo atalean aipaturiko administrazio espedientea hasi edo hasitako akta eraginkortasunik gabe utzi eta gehienez hiru hilabeteko epean egindako jarduketak osatzeko aginduko da.

Azken kasu horretan, jarduketa osagarrien emaitza aktan jasoko da; akta hori, gero, bere izaeraren arabera tramitatuko da.

3.-Zerbitzuko zuzendariak aktan egindako likidazio proposamenean akatsa dagoela ikusiz gero (akta oinarritzen duten egitateei dagokienez), edo arau juridikoak behar bezala aplikatzen ez direla ikusten badu, kasuan kasuko administrazio espedientea modu arrazoituan erabakiko du; hori, berriz, interesatuari jakinaraziko zaio, aurreko atalean aipaturiko hilabeteko epean.

Interesatuak bidezko deritzen alegazio guztiak egin ditzake, hamabost eguneko epean, harturiko erabakia jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Alegazioetarako epe hori igaro ondoren, hurrengo hilabetean kasuan kasuko ebazpena emango da.

4.-Akta desadostasunekoa denean, Zerbitzuko zuzendariak (akta nahiz txostena eta interesatuak egindako alegazioak aztertu ondoren) kasuan kasuko administrazio egintza emango du.

Halaber, Zerbitzuko zuzendariak espedientearen alderdi guztiak osatzeko erabaki dezake; tributu ikuskapenak, bestalde, bidezko jarduketa guztiak egingo ditu, hiru hilabeteko gehieneko epean. Kasu honetan, harturiko erabakia interesatuari jakinaraziko zaio.

Jarduketa osagarriak bukatu ondoren, beraien emaitzen arabera dokumentatuko dira. Akta hasiz gero, horrek lehen egindakoa ordeztuko du alderdi guztietan, eta tramitazio egokia izango du; bestela, espediente osoa ostera ere interesatuari jakinaraziko zaio, gehienez jota hamabost eguneko epean bidezko deritzen alegazio guztiak egin ditzan; Zerbitzuko zuzendariak hurrengo hilabetean eman beharko du ebazpena.

Tramitazio horren ondorioz ematen den administrazio egintzan jarduleek egindako proposamena aldatzen denean, tributupekoak egindako likidazio berriarekiko adostasuna eman dezake; bost eguneko epea izango du horretarako, hori jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Adostasuna idatziz formulatu eta espedientean sartuta geldituko da. Adostasun horrek ondoreak izango ditu, Erregelamendu honetako 63.7 artikuluan ezarritako zehapenaren murrizketan.

60. artikulua. Ikuskapen akten ondoriozko tributu likidazioen aurkako errekurtsoak eta erreklamazioak.

1.-Adostasuneko akta batean jasotako proposamenaren arabera gertaturiko tributu likidazioei eta tributu ikuskapenak emandako gainerako likidazio egintza guztiei berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahal izango zaie, hiru hilabeteko epean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko IV. tituluko VII. kapituluko 3. eta 4. ataletan ezarritakoaren arabera.

Adostasuneko aktak ezin izango dira aurkatu; horien ondoriozko tributu likidazioak (behin-behinekoak edo behin betikoak) soilik aurkatu ahal izango dira.

2.-Tributupekoak ezin izango ditu inoiz ere aurkatu tributu oinarriak ezartzen dituzten egitateak eta elementuak, baldin eta horiekiko adostasuna eman badu, egitatezko akatsa egin duela frogatzen duenean izan ezik.

Interesatua ordezkariaren bidez agertu eta akta baten ondoriozko likidazioa aurkatuz gero (ahalmen eza edo ahalmen nahikoa ez edukitzearen eraginez), edo adostasuneko akta bati buruz hori alegatzen badu, likidazioa edo akta baliozkoak izango dira, baldin eta ikuskapen jarduketak Erregelamendu honetako 23. artikuluan ezarritakoaren arabera egin badira.

61. artikulua. Tributu Ikuskapenaren akten eta eginbideen froga balioa.

1.-Tributu Ikuskapenak egindako aktak eta eginbideak agiri publikoak izango dira.

2.-Legeen arabera egindako aktek eta eginbideek, aurkakorik egiaztatu ezean, beraien formalizazioa eragiten duten egitateak frogatzen dituzte, baldin eta horiek jarduleen egiaztapen pertsonaletik sortzen badituzte.

Eginbideetan edo aktetan jasotako eta interesatuek adierazitako zein onartutako egitateak egiazkoak direla joko da, eta horiek zuzentzeko, egitatezko akatsa egon dela frogatu beharko da.

3.-Tributu Ikuskapenaren aktaren ondoriozko tributu likidazioan oinarritzen diren administrazio egintzak legezkotasunaren ustezkotasuna edukiko dute, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 8. artikuluan ezarritakoaren arabera; horrenbestez, berehala betearazteko modukoak dira, baina beraien ondoreak eten egin daitezke, organo eskudunak hori erabakitzen duenean, baldin eta haien aurka berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa ezartzen bada, kasuan kasuko xedapenen arabera.

62. artikulua. Tributu Ikuskapeneko funtzionarioek eginbideak eta aktak sinatzea.

Tributu Ikuskapeneko eginbideak eta aktak jarduketak egiten dituzten funtzionarioek sinatuko dituzte.

ZORTZIGARREN KAPITULUA. Tributu zehapenak ezartzea

63. artikulua. Diru zehapenak ezartzea, tributu urratze larriak egitearen eraginez.

1.-Egiaztapen eta ikerketa prozeduran tributu urratze larrikoak izan daitezkeen egitateak edo gertaerak adierazten direnean, kasuan kasuko zehapen prozedura hasiko da; horren tramitazioa eta ebazpena, berriz, Foru Dekretuko V. kapituluan ezarritakoaren arabera arautuko da (tributu urratzeen eta zehapenen araubidea garatzen duen dekretua), eta, batik bat, Foru Dekretu horretako 33. artikuluan tramitazio laburturako ezarritakoaren arabera.

Horretarako, hasitako ikuskapen akten besteko zehapen espediente hasiko dira, Erregelamendu honetako 49. artikuluan ezarritakoaren arabera; hala eta guztiz ere, urratzea ikustea eragiten duten arrazoiak edo egoerak berdinak direnean, beraien hasieran eta instrukzioan pila daitezke, banan-banan ebatziko diren arren; horrela, zehapen espediente horien ebazpenaren aurka edo kasuan kasuko ikuskapen akten ondoriozko likidazioen aurka errekurtso egokiak jarri ahal izango dira.

Likidazioa egin eta hilabeteko epea igarotzen denean (adostasuneko akten kasuan), edo ebazpena eman eta hilabeteko epea igaroz gero (desadostasuneko akten kasuan), zehapen prozedura hasteko agintzen ez denean, hori ezin izango da hasi epe hori igaro ondoren, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean administrazio egintzak berrikusteari buruz ezarritakoaren kalterik gabe.

2. Aurreko atalean ezarritakoaren ondoreetarako, zehapen espedientearen hasiera erabakitzeko eskumena egiaztapen edo ikuskapen jarduketa garatu duen funtzionarioak edo unitate funtzionalak edukiko du, edo Zerbitzuko zuzendariak izendatzen duenak.

3.-Espedientea ebazteko proposamenaren tramitazioa eta instrukzioa, beste alde batetik, aurreko atalean aipaturiko funtzionarioari edo unitate funtzionalari agindu ahal izango zaio; beste funtzionario edo unitate bati ere agindu ahal zaio, zerbitzuaren beharrizanen edo kasu bakoitzeko egoeraren arabera. Unitate bati agindutako jarduerak direnean, proposamena unitate horretako buruak sinatuko du.

4.-Zerbitzuko zuzendariak zehapen espedientea ebazteko eskumena edukiko du.

5.-Eskuhartzeak, zehapen prozedurako ordezkaritzat, horretarako egiaztapena eskatuko du, Erregelamendu honetako 23. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6.-Zehapen espedienteko agirien ondoreetarako, espediente horretan (eginbidearen bitartez) hasitako espedientean dauden edo lortu diren datuak, frogak edo egoerak sartuko dira; espediente hori, berriz, ustezko urratzailearen zerga egoera egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketen ondorioz hasi da.

7.-Urratzaileak edo, bestela, erantzuleak (tributu urratzeen eta zehapenen araubidea garatzen duen Foru Dekretuko 20. artikuluan ezarritakoaren arabera) formulatu zaizkien tributu kuotaren, errekarguen eta berandutza interesen ondoriozko erregularizazio proposamenarekiko eta zehapen proposamenarekiko adostasuna eman badute, zehapen espedientearen ebazpenean behin betiko ezarritako zehapenaren zenbatekoaren % 40ko murrizketa aplikatuko da.

8.-Entzunaldi tramitea gauzatzen denean, ustezko urratzaileak berariaz adierazi beharko du zehapen espedientea ebazteko proposamenarekiko adostasuna edo desadostasuna; jakitera emango zaio, horri buruzko berariazko adierazpenik egiten ez badu, desadostasuna eman duela joko dela.

Zergadunak ebazpen proposamenarekiko adostasuna emanez gero, ebazpena emandakotzat hartuko da, proposamen horren arabera, hiru hilabeteko epean, adostasun hori ematen denetik zenbatzen hasita, eta ez da horri buruzko beste jakinarazpenik egin beharko, salbu eta epe horretan Zerbitzuko zuzendariak proposamenean ikusitako akatsak zuzentzen baditu, edo egindako jarduketak eraginik gabe utzi eta horiek osatzeko agintzen badu (gehienez hiru hilabeteko epean), edo epe horretan ebazpen proposamena berresten duen berariazko ebazpena ematen badu. Zerbitzuko zuzendariak proposamena zuzentzen badu, zuzenketa hori interesatuari jakinaraziko zaio, hilabeteko epean, horrek jatorrizko proposamenarekiko adostasuna eman duenetik zenbatzen hasita; interesatuak bidezko alegazio guztiak egiteko duen eskubidea adieraziko da, eta horretarako hamabost eguneko epea edukiko du, harturiko erabakia jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Alegazioetarako epea igaro eta halakorik egin ez bada, edo zergadunak Zerbitzuko zuzendariak egindako zuzenketarekiko adostasuna adieraziz gero, ebazpena horrek emandakotzat hartuko da, zuzenketa erabakian jasotakoaren arabera, eta ez da horri buruzko berariazko beste jakinarazpenik egin beharko.

Hala eta guztiz ere, ustezko urratzaileak bere adostasuna jaso duen zehapen proposamena aurkatu ahal izango du, hamabost eguneko epean, berori sinatu denetik zenbatzen hasita.

Bere adostasuna jaso duten egitateak eta elementuak (urratzea eragin dutenak) ezin izango dira inoiz ere aurkatu, baldin eta interesatuak egitatezko akatsa egin duela frogatzen ez badu.

Aurkatzea Tributu Ikuskapeneko Zerbitzuko zuzendariari bidaliko zaio eta horrek horri buruzko ebazpen berria emango du; jarduketak gehienez jota hiru hilabeteko epean osatzeko agindu ahal izango du. Halakoetan, zehapen proposamen berriek lehen egindakoak ordeztuko dituzte eta atal honetan ezarritakoaren arabera tramitatuko dira.

Aurkatze horren tramitazioa, beste alde batetik, ustezko urratzaileari egozteko moduko luzapentzat hartuko da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 70. artikuluko 4. atalean ezarritako epearen ondoreetarako.

Zergaduna ebazpen proposamenarekin ados egon ezean, Zerbitzuko zuzendariak arrazoituriko ebazpena emango du; hala eta guztiz ere, aldez aurretik, egindako jarduketak gehienez jota hiru hilabeteko epean luzatzeko agindu ahal izango du.

9.-Zergadunak bere zerga egoera arautzeari buruzko aktan (adostasunez sinaturiko akta) jasotako likidazioa aurkatuz gero (kuota, errekarguak eta berandutza interesak), behin-behineko adostasunez aplikaturiko zehapen murrizketa ondorerik gabe geldituko da.

Halaber, zehapenaren murrizketa ondorerik gabe geldituko da, urratzaileak zehapen espedientearen ondorioz ebazpena aurkatzen duenean (horren proposamena adostasunez sinatu da).

10.-Zehapenak ezartzeko erabakiaren aurka, beste alde batetik, berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahal izango da.

11.-Tributu zehapenen betearazpena berehala etenda geldituko da, bidezko berandutza interesen kalterik gabe, eta bermerik aurkeztu beharrik gabe, baldin eta horien aurka (denboran eta forman) berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen bada, eta haiek ezin izango dira betearazi harik eta administrazio bidean irmoak izan arte.

64. artikulua. Diru zehapenak ezartzea, tributu urratze arinak egitearen eraginez.

1.-Tributu Ikuskapenak adierazitako egitateak edo aurrekariak tributu urratze arinak izan daitezkeenean, kasuan kasuko zehapen prozedura hasiko da; horren tramitazioa eta ebazpena, berriz, tributu urratzeen eta zehapenen araubidea garatzen duen Foru Dekretuko VI. kapituluan ezarritakoaren arabera arautuko da.

2.-Ordezkapenaren arauketari, zehapena ezartzeko erabakiaren aurkako bidezko erreklamazioei eta horren betearazketa eteteari dagokionez, Erregelamendu honetako 63. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

65. artikulua. Diruzkoak ez diren zehapenak ezartzea, tributu urratze arinak edo larriak egitearen eraginez.

1.-Tributu Ikuskapenak garaturiko jarduketetan tributu urratze arinen edo larrien ondoriozko zehapenak (diruzkoak ez direnak) eragin ditzaketen egitateak edo egoerak (eginbide edo akta batean jasotakoak) adierazten direnean, kasuan kasuko zehapen espedientea hasiko da; horren tramitazioa eta ebazpena, berriz, tributu urratzeei eta zehapenei buruzko araubidea garatzen duen Foru Dekretuko V. kapituluan ezarritakoaren arabera arautuko da.

2.-Aurreko atalean ezarritakoaren ondoreetarako, jarduleek zehapen espedientea hasteko proposatuko dute, Zerbitzuko zuzendariari bidalitako mozio baten bitartez; zuzendari horrek, bidezko baderitzo, berori hasteko eskumena duen organoari bidaliko dio, egindako eginbidea edo akta eta gainerako aurrekariak adieraziz.

3.-Lehenengo atalean ezarritakoaren ondoreetarako, Nafarroako Gobernua zehapen espedientea erabakitzeko eta ebazteko organo eskuduna izango da.

4.-Diruzkoak ez diren zehapenak ezartzeko espedientea, nolanahi ere, hori eragin duen administrazio espedientearen ebazpena irmoa denean hasiko da.

5.-Ordezkapena arautzeari eta zehapenaren betearazketa eteteari dagokionez, Erregelamendu honetako 23. eta 63. artikuluetan ezarritakoa bete beharko da.

6.-Nafarroako Gobernuak espedientea ebazten duenean, ebazpen horri errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioan.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA. Xedapen bereziak

66. artikulua. Tributu oinarrien zeharkako kalkulua.

1.-Tributu oinarrien zeharkako kalkuluaren araubidea kalkulu zuzen edo objektiboko araubideekiko subsidiarioa izango da, eta Administrazioak tributu oinarriak edo kuotak nahiz errendimenduak kalkulatzeko behar diren datuak eman ezin dituenean aplikatuko da; horretarako, honako arrazoi hauek egon daitezke:

a) Subjektu pasiboak bere aitorpenak ez aurkeztea edo, aurkeztu dituenetan oinarrituz, Administrazioak oinarrien edo errendimenduen kalkulu osoa egin ezin izatea.

b) Subjektu pasiboak ikuskapen jarduketari oztopoak, aitzakiak edo ezezkoak jartzea.

c) Subjektu pasiboak kontabilitateko betebeharrak oinarrian ez betetzea.

2.-Hain zuzen ere, kontabilitateko betebeharren oinarrizko ez-betetzea dagoela jotzen da, besteak beste, ondoko kasuak betetzen direnean:

a) Interesatuak kontabilitatea edo tributu xedapenek ezarritako erregistroak eramateko betebeharra ez betetzea.

Kontabilitateko liburuak eta erregistroak aurkezten ez direla joko da, tributu ikuskapenak eskatzean aurkezten ez direnean.

b) Kontabilitatean jardueren, ondasunen edo eskubideen titulartasuna behar bezala jasotzen ez denean.

c) Kontabilitateko erregistroetan eta agirietan ezkutatzeak, aldaketak edo zehaztugabetasun ezak daudenean, baldin eta horiek egindako eragiketen egiaztapen zehatza zailtzen badute.

d) Interesatuek aurkezturiko agirietara gehienetan onartzen diren teknikak edo irizpideak aplikatuta, aitorpena egiaztatu ezin denean edo egiaztatu beharreko oinarriak edo errendimenduak ondo zehaztu ezin direnean.

e) Kontabilitatean sarturiko eragiketen eta jardueraren ondoriozko eskuratzeen, gastuen nahiz beste alderdi batzuen arteko batasunik ez egotearen eraginez (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 110. artikuluko 2. atalaren arabera), kontabilitatea ez dela zuzena ondoriozta daitekeenean.

3.-Tributu oinarrien zeharkako kalkuluaren araubidea aplikagarria denean, tributu ikuskapenak honako honi buruzko txosten arrazoitua erantsiko du zerga egoera arautzeko hasitako aktetan:

a) Zeharkako kalkuluaren araubidea aplikatzea eragin duten arrazoiak.

b) Ikerturiko subjektuaren kontabilitate egoera eta derrigorrezko erregistroak.

c) Oinarriak edo errendimenduak zehazteko aukeraturiko baliabideen justifikazioa, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 42. artikuluan adierazitakoen arteko baliabideak.

d) Aukeraturiko baliabideetan oinarrituz (laginketa teknikak ere barne) egindako kalkuluak.

4.-Hasitako aktan kasuan kasuko likidazio proposamena jasoko da eta akta horrek bere izaeraren araberako tramitazioa edukiko du.

5.-Aktaren ondoriozko tributu likidazioaren aurka, interesatuak bidezko erreklamazio guztiak egin ditzake, aktaren izaera kontuan hartuz. Egindako erreklamazioan, interesatuak bere eskubidearen araberako alegazio guztiak egin eta zeharkako kalkuluko araubidea aplikatzearen bidezkotasuna adieraz dezake.

67. artikulua. Ogasun Publikoaren aurkako delituak.

1.-Tributu Ikuskapenak Ogasun Publikoaren aurkako delituak izan daitezkeen egiteak edo ez-egiteak daudela ikusiz gero (Zigor Kodean arauturiko delituak), erruaren zati bat Organo Judizial eskudunari egotzi edo jarduketak Ministerio Fiskalera bidaliko ditu; gainera, ez du jarraituko egintza horien ondoriozko zehapen prozedura, harik eta Ministerio Fiskalak jarduketak itzuli arte edo, bestela, harik eta agintari judizialak artxibatze epai edo auto irmoak eman arte.

2.-Egintzek Zigor Kodeko 305. artikuluan ezarritako delituren bat eragin badezakete, tributu ikuskapenak bere ustez zigor erantzukizuna eragin dezaketen egitateak eta gertaerak eginbide batean jasoaraziko ditu.

Ustezko delitua Zigor Kodeko 310. artikuluan tipifikaturik egonez gero, tributu ikuskapenak bidezko likidazio egintza guztiak emango ditu; baina ez du prozedurarik hasiko, egintza berberen ondoriozko urratze arinei zehapenak ezartzeko.

Agintari judizialaren zehapenak, bestalde, administrazio zehapena jartzeko ezintasuna baztertuko du; tributu ikuskapenak bidezko likidazioak baino ez ditu egingo, Auzitegiek frogatutzat hartu dituzten gertaeretan oinarrituz; horren barruan, berandutza interesak ere sartuko dira, borondatezko ordainketarako epea amaitu denetik eginbideak gauzatzeko egunera arteko denborari dagokionez.

Agintari Judizialak deliturik ikusten ez badu, tributu ikuskapenak Auzitegiek frogatutzat jo dituzten gertaeretan oinarrituz jarraituko du espedientea. Horretarako, tributu ikuskapenak bidezko likidazio guztiak emango ditu, kasuan kasuko zehapena ere barne, edo espedientea hasiko du, urratze arinaren ondoriozko zehapena ezartzeko.

3.-Tributu Ikuskapenak erruaren zati bat Organo Judizial eskudunari egotzi edo jarduketak Ministerio Fiskalera bidaliko ditu, Zerbitzuko zuzendariaren bitartez, Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailearen baimenarekin.

Espedientea bidaltzean eten egingo dira preskripziorako epeak, administrazio likidazioak egiteari eta tributu zehapenak ezartzeari dagokionez.

4.-Tributu Ikuskapenak Agintari Judizialari laguntza emango dio, horrek ematen dizkion eginbide guztiak gauzatuz.

5.-Ogasun publikoaren aurkako delituen ondoriozko prozedura tributu ikuskapenaren eskuhartzerik gabe hasten denean, Agintari Judiziala sumarioa egiteko aurkeztu ondoren, tributu ikuskapenaren jarduketak geldiarazi egingo dira, eta jardundakoaren ondoriozko agiriak horren esku jarriko dira.

68. artikulua. Tributu Ikuskapenaren jarduketak.

1.-Hitzarmen Ekonomikoa dela bide Foru Komunitateko lurraldetik kanpo egin behar diren egiaztapen eta ikerketa jarduketak Estatuko Finantza eta Tributu Ikuskapenak egingo ditu, Foru Komunitate honetako organo eskudunak eskatuta.

2.-Foru Komunitateko tributu ikuskapenak Estatuko Administraziorako zergen arloan garrantzia duten egitateak edo gertaerak ezagutzen dituenean, eginbide batean jasoarazi beharko ditu.

Eginbide hori Estatuko Administrazioko organo eskudunari bidaliko zaio, zuze-zuzen.

69. artikulua. Zerga onurak.

1.-Tributu Ikuskapenak espedientean zerga onuraren bat emateko egiaztatu diren baldintzak betetzen ez direla ikusiz gero, bidezko berrikuspen espedientea hasiko du, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 141. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.-Edozein motatako zerga onurak ematea edo gozatzea (banakako berariazko erabakiaren edo ebazpenaren bidez) behin-behinekoa izango da, gerora baldintza batzuk bete behar direnean edo espedientean egiaztatu ez diren baldintza jakinak bete behar direnean.

Foru Legeren batek horren aurkako berariazko xedapenik eman ezean, tributu ikuskapenak baldintza horiek betetzen ez direla ikusten badu, bidezko likidazioak egingo ditu berehala, eta zerga onura hori ezetsitzat edo ez emandakotzat hartuko da.

3.-Egiaztapen eta ikerketa jardueretan, tributu ikuskapenak subjektu pasiboek beren aitorpen-likidazioetan hauxe ondo aplikatzen dutela egiaztatuko du: edozein motatako murrizketak, urritzeak, ordainarazpenak eta beste zerga onura guztiak. Gainera, bidezko likidazio guztiak egingo ditu.

70. artikulua. Berandutza interesen likidazioa.

1.-Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 50. artikuluko 2. atalean ezarritakoaren arabera, berandutza interesak eskatuko dira, borondatezko ordainketarako epetik zerga egoera arautzen duen likidazioa egiten den egunera arteko denboraren arabera.

2.-Tributu Ikuskapenak aktetan eta tributu likidazioetan jasotako likidazio proposamenetan sartuko ditu berandutza interes horiek.

3.-Horretarako, akta adostasunekoa izanez gero, likidazioa egindakotzat jotzen den eguna Erregelamendu honetako 59. artikuluan ezarritakoaren arabera zehaztuko da.

Desadostasuneko aktak direnean, Zerbitzuko zuzendariak (Erregelamendu honetako 59. artikuluan ezarritakoaren arabera) kasuan kasuko likidazioa egiten duen egunera arteko berandutza interesak likidatuko dira.

71. artikulua. Erantzule solidarioak dituzten egiaztapen eta ikerketa jarduketak.

1.-Erantzule solidarioak tributu zorra zuzenean ordaintzera bideraturiko likidazio proposamena jasotzeko akta egin daiteke, honako kasu hauetan:

a) Horrek tributu egitatearen berri eduki eta berarekin tributu zorra zehazteko jarduketak egin ahal izan direnean.

b) Tributu Ikuskapenak egitateak ezagutzen dituenean eta beharrezko frogako elementuak ezartzen dituenean, tributu zorra zehazteko eta erantzukizuna ezartzeko (horiek subjektu pasiboarengandik hurbil lortzearen ondorioz).

2.-Tributu Ikuskapenak subjektu pasiboarekin sinaturiko adostasuneko aktak eta likidazioak erantzule solidarioei jakinaraziko zaizkie. Aktak erantzule solidario baten aurrean egiten direnean, jakinarazpen hori subjektu pasiboarekiko eta, bestela, gainerako erantzule solidarioekiko egingo da.

3.-Erantzule solidarioei tributu zorra ordaintzea eskatzeko helburua duten jarduketak ez dira oztopo izango, gerora gainerako subjektu pasiboei edo subjektu pasibo horri zuzentzen zaizkien jarduketak egiteko, harik eta tributu zorra oso-osorik kobratu arte.

4.-Foru Komunitateko Administrazioarekiko erantzule solidarioetariko bakoitzak, tributu zorra ordaintzeko eskatzen zaionean, egindako likidazioaren edo eskatzen zaion erantzukizunaren ondoriozko aurkatze-arrazoi guztiak erabili ahal izango ditu.

72. artikulua. Sozietate aldeen Araubidean dauden subjektu pasiboen egiaztapena.

Tributu Ikuskapenak finkaturiko adierazpen araubidean dagoen sozietate talde bati buruzko egiaztapena eta ikerketa egin ondoren, horrek bidezko likidazioa egingo du, Erregelamendu honetako VII. kapituluko 4. atalean ezarritakoaren arabera; horrela, finkaturiko oinarria eta kuota zehaztuko ditu.

Hasitako akten ondoriozko tributu likidazioak subjektu pasibotzat egingo zaizkio sozietate taldeari; hala eta guztiz ere, sozietate nagusiak taldeko ordezkaritzat eta subjektu urratzailetzat jardungo du, sozietate taldeen araubidean egindako tributu urratzeen arabera.

73. artikulua. Jarduteko gaitasun nahikorik ez duten subjektu pasiboak eta tributu urratzeei loturiko beste kasu berezi batzuk.

1.-Tributu Ikuskapenak, subjektu pasibo baten egoera egiaztatzean, urratze arinak edo larriak daudela ikusiz gero, urratzeok egitean zergen arloan jarduteko gaitasun nahikorik ez badu, bereizitako zehapen espedientea hasiko da, ezgaitasuna duen legezko ordezkariarekin (halakorik egonez gero), urratzailearen ordez jarduten baitu.

2.-Zehapen espedientean bidezko proposamena jasoko da, ikusitako urratze larriak zehatu ahal izateko, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 77. artikuluko 1. eta 2. ataletan ezarritako kasuetan, baita urratzailea subjektu pasiboa ez den pertsona edo erakundea denean ere.

Zehapenak ezartzeko proposatu edo tributu zorrak likidatzen direnean (pertsona edo erakunde bati dagokionez), baina hirugarren batetik hurbil egindako ikuskapen jarduketen ondorioz pertsona edo erakunde hori jarduketa hauetako interesatua izan ezean, alegazioak egiteko aldian edo kasuan kasuko administrazio egintzak aurkatzean bidezko deritzen aurkatze arrazoi guztiak azaldu ahal izango ditu, eta hirugarren horrekin egindako egintzak antolamendu juridikoaren araberakoak direla ere azaldu ahal izango du.

74. artikulua. Dirulaguntzak.

1.-Jarduketak bideratzean tributu ikuskapenak dirulaguntza emateko ezarri diren baldintzak faltsutu egin direla, edo dirulaguntza ematea eragotziko zuten baldintzak ezkutatu direla, edo dirulaguntza jaso duen jarduera baten garapenean ezarritako baldintzak urratu egin direla (dirulaguntzaren helburuak aldatuz) egiaztatuz gero, kasuan kasuko eginbideetan jasoaraziko du; gainera, bidezko espedienteak hasteko edo ekintzak gauzatzeko eskatuko du, indarreko Antolamenduaren arabera. Tributu Ikuskapenak, halaber, komenigarri deritzen jakinarazpenak eta txostenak eman ditzake.

2.-Egitateek Zigor Kodeko 308. eta 309. artikuluetan tipifikaturiko delituak eragin ditzaketenean, tributu ikuskapenak (Nafarroako Zerga Ogasuneko erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailearen baimenarekin) Organo Judizial eskudunari erruaren zati bat egotziko dio, edo jarduketak Ministerio Fiskalera bidaliko ditu, eta ez du zehapen prozedurarik jarraituko, harik eta Ministerio fiskalak jarduketak itzuli arte edo, bestela, harik eta Agintari Judizialak artxibatze epaia edo auto irmoak eman arte.

75. artikulua. Lege-iruzurra.

1.-Tributu Ikuskapenak lege-iruzurreko espediente berezia hasiz gero, akta bereizia egingo da, helburu horretarako, eta aktan hauxe jasoko da:

a) Subjektu pasiboak (espedientea eragin duen egintza edo negozio juridikoa egitean) zerga ez ordaintzeko helburua edukitzearen uste sendoa euskarritzen duten egitateak eta gertaerak.

b) Subjektu pasiboak saihesturiko araua eta babesa lortzeko erabili nahi izan duen araua. Arau hori kasuan kasuko egintza edo negozio juridikoari aplikagarria ez izatea oinarritzen duten argudioak azalduko dira.

c) Egitatezko baldintzaren oinarrizko elementuak; horiek subjektu pasiboari eratxikitzen zaizkiola zehaztuko da.

d) Saihesturiko araua aplikatuz gero, sortuko litzatekeen likidazioa.

Gainera, espedientearen helburuari loturiko froga guztiak erantsiko dira.

2.-Aktarekin batera, txosten osagarria aurkeztuko da; bertan, aktan adierazitako zuzenbideko egitateak eta funtsak garatu eta arrazoiak emango dira, lege-iruzurrari buruzko espedientea hastea bidezkoa izateari buruz.

3.-Hasitako akta bere izaeraren arabera tramitatuko da. Ematen den administrazio egintzak lege-iruzurraren adierazpena bidezkoa izan ala ez izateari buruzko ebazpena emango du; gainera, kasuan kasuko likidazioa egingo du. Egintza horren aurka berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa egin daiteke.

4.-Espedientea kudeaketa bulegoek eskatuta hasiz gero, jardundakoa tributu ikuskapenari bidaliko zaio; halaber, kasuan kasuko aktak egin eta horiek aurreko atalean ezarritakoaren arabera tramitatuko dira.

Xedapen Gehigarria Bakarra

Zergen Foru Lege Orokorraren 9. artikuluaren 3. atalean ezarri denari dagokionez, zerga-betebeharra dutenen kontzeptua zerga-prozedura bateko interesatu edo alderdi diren guztiei hedatzearena prozedura horretan pertsona horiei guztiendako administrazioko legerian ezarri diren prozedurazko eskubideak aintzatesteko baino ez da.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa