(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ogasuna :
    • Tributuen arloko kudeaketa eta prozedurak :
      • 178/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Birjarpenezko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-Administratiboei buruzko Erregelamendua onetsi da

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

178/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Birjarpenezko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-Administratiboei buruzko Erregelamendua onetsi da

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2001eko 102. NAOn argitaratua, abuztuaren 22an. Aldaketak: 12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa; 8/2006 Foru Dekretua, urtarrilaren 30ekoa; 32/2010 Foru Dekretua, maiatzaren 17koa; 709/2003 Foru Dekretua, abenduaren 22koa)

Atarikoa

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra onestea oinarrizko euskarria da, zergadunen eta Foru Komunitateko Administrazioaren artean; horrenbestez, lege hori oso garrantzitsua izan da Nafarroako zerga sisteman, eta zergen kudeaketaren prozedurak arautzeko betebeharra ezarri du.

Zerga funtzioak (zergadunen ordainketa gaitasuna zehazten duten arau-aurreikuspenen ondore guztiak hedatzeko bitarteak eta teknikak) gaur egun duen garrantzi gero eta handiagoa kontuan hartuz, beharrezko arreta jarri behar zaie tributu kudeaketako prozedurei eta prozedura horietan sortzen ahal diren gorabehera guztiei.

Urte hauetako gorakada ekonomikoaren eraginez, nabari handitu dira trafiko eragiketak eta, azken batean, tributu egitateen kopurua nahiz aniztasuna, zerga kalifikazioen zailtasuna eta, horren ondorioz, aurkezturiko erreklamazio ekonomiko-administratiboak (azken ekitaldiotan milako kopurura iritsi dira); horrela, prozedura ekonomiko-administratiboa oinarrizko pieza da, esperientzia handia duen organo espezializatu independentea egoteari esker hauxe lortzeko: hiritarren eskubideen benetako babesa, Justizia Auzitegietako prozesuetara joan barik, hori beti ez baitago justifikaturik edo beti ez baita egingarria, horren kostu ekonomikoak kontuan hartuz; gainera, halako erreklamazio kopuru handia epai-bidean sartuz gero, asetasun arriskua oso handia izanen litzateke.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra garatzeko erregelamendu hau egin da; bertan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen printzipioak koordinatu nahi izan dira, erreklamazio ekonomiko-administratiboen ezaugarriekin; ezaugarri horiek, berriz, oraingo prozeduraren ondoriozko esperientzien bitartez jarri dira agerian.

Erregelamendu honen helburua, beste alde batetik, prozedura kasu bakoitzeko egoera juridikoari eta ekonomikoari egokitzea da, zergadunen bermeak indartzeko; Erregelamenduan, horrenbestez, birjarpenezko errekurtsoa, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralaren antolakuntza, erreklamazio ekonomiko-administratiboen prozedura eta bermeen kostuaren itzulketa bildu da eta hori guztia, berriz, foru lege horretan ezarritakoari egokitzen zaio.

Horren haritik, arauturiko alderdiek Tributu Administrazioan teknologia berriak sartzeko oztopo ez izatea lortu nahi izan da, tributu kudeaketa errazagoa eta merkeagoa izateko.

Sinadura elektronikoa sartzeak, bestalde, eragin handia izanen du zergen kudeaketan eta zerga prozeduren nahiz zerga baliabideen garapenean eta jakinarazpenean.

Erregelamenduak 71 artikulu ditu. Aurrean I. tituluan, II. tituluko III, IV, V. eta VI. kapituluetan eta IV. tituluan biltzen diren xedapenei buruzko xedapen gehigarri bat eta xedapen iragankor bat ditu; halaber, xedapen indargabetzailea eta azken xedapena ditu.

Atariko titulua Erregelamenduaren xedeari buruzkoa da, hots, birjarpenezko errekurtsoen erregulazioa, aurkaratze ekonomiko-administratiboak eta zerga zorren betearazpena eteteko aurkeztu diren bermeen kostua itzultzea; halaber, aurkaratze ekonomiko-administratiboetan dauden modalitateak azaltzen dira eta horien barruan ezarri dira aurkaratze ekonomiko-administratiboa eta berrikusteko aparteko errekurtsoa.

I. tituluan, birjarpenezko errekurtsoari buruzkoan, hamasei artikulu daude; horietan, beraren hautazko izaera ezartzen da eta interesatuek erreklamazio ekonomiko-administratiboak ezarri ahal izanen dituzte, halakoak jasotzeko gauza diren zerga egintzen aurka.

Birjarpenezko errekurtsoari dagokionez, esaten ahal da errekurtso horrek honako ezaugarri hauek dituela: hilabeteko epea dago, errekurtsoa idatziz aurkezteko, eta bertan alegazioak azaldu beharko dira; errekurtso hori aurkaratze ekonomiko-administratiboarekiko aldi berekoa izatearen ondoreak, eta azken hori ezin izanen da egin harik eta errekurtsoa ebatzi arte; espedientea epe horren barruan adierazi beharko da; aurkaratu den egintzaren betearazketa etetea, eta hori aurkaraturiko egintza eman zuen organoak tramitatu eta ebatzi beharko du; eta, azkenik, hilabeteko epea egonen da hori ebazteko.

II. tituluak sei kapitulu ditu eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak arautzen ditu. Bere I. kapituluan, orokorrean, erreklamazio horien eta aurkaratzeko moduko egintzen xedeak izaten ahal diren arloak bereizten dira.

II. titulu honen II. kapitulua Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralaren antolakuntzari buruzkoa da. Organo hori da aurkaratze ekonomiko-administratiboen esparruan ezagutzeko eta gero Nafarroako Gobernuak berretsiko dituen ebazpen-proposamenak egiteko eskumenak dituena. Auzitegiak gehienez bost mahaikide izanen ditu eta horietariko bat izanen da burua. Halaber, abstentzioen eta aurkaratzeen araubidea erregulatu da, eta baita Auzitegiko kideen eta horri itsatsita dauden langileen funtzioak ere.

II. kapituluan bilerak deitzeko modua ezarri da, era baliagarrian eratutzat jotzeko behar den quoruma eta bilera horien jarduna (eztabaida, erabakiak hartzea, boto bereiztuak erasotzeko era.) Azkenik, kapitulu horren 5. atalean ezarri da Nafarroako Gobernuak berretsi egin behar dituela Auzitegiaren ebazpen-proposamenak eta auzitegi honek hartzen dituen erabakiek administrazioko bidetik egiten dutela aurrera. Bide hori agortuta erabaki horien aurkako administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jartzen ahal da.

III. kapituluan, "Interesatuak" izenburuarekin, hauxe ezartzen da: esku hartzeko gaitasuna nork duen, bere kontura esku hartzeko lege-gaitasuna nork duen (zergadunak direnak) eta emandako administrazio egintzaren menpe nor dagoen. Era berean, interesatua bera edo horren ordezkaria agertzeko aukera ere ezartzen da.

IV. kapituluan Auzitegiak berrikuspenerako duen ahalmenaren hedapena ezartzen da; hain zuzen ere, espedientean eskainitako gai guztiei buruz ebatzi beharko du, baldin eta horiek legez ebatzi egin behar badira, interesatuek planteaturikoak izan ala ez. Titulu horretan erreklamazioen pilaketa aztertzen da, bai interesatuari edo bai Auzitegiari berari dagokionez.

II. titulu honetako V. kapituluak era xehekatuan aztertzen ditu aurkaratu den egintzaren etendurari buruzko arau orokorrak, eta ondokoa arautu du: a)eduki ekonomikoa duten egintzen berezko etetea (interesatuak eskatu eta beharrezko bermeak aurkeztean sorturiko etetea, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 148. artikuluan ezarritakoaren araberako bermeak, hain zuzen ere); b) Auzitegiak egintza horiek etetea, baldin eta horien betearazpenak kalteak sortuko lizkiokeela justifikatzen bada (nekez edo inola ere konpondu ezin izateko moduko kalteak) edo aurkaratzea eskubide osoko ezezpen karietariko batean oinarriturik dagoela justifikatuz gero (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezarritako kariak, arestian aipaturiko artikuluan ezarritakoaren arabera); eta, c) tributu zorra edo likidaturiko zenbatekoa helburu ez duten administrazio egintzak etetea.

Azkenik, VI. kapitulua "Prozedurari" buruzkoa da. Bertako 1. atalean erreklamazioaren hasiera arautzen da; erreklamazio hori hasteko, berriz, errekurtsoa idatziz aurkeztu beharko da, hilabeteko epean, eta horren edukia 51. kapituluan ezarritakoa izanen da. 2. atala instrukzioari buruzkoa da, eta bertan hauxe aipatzen da: akatsak konpontzea, aurkaratu den egintza eman zuen organoaren espedientearen erreklamazioa, frogak egiteko epea eta Zerga Ikuskapeneko Zerbitzuaren Zuzendariari txostena eskatzea, erreklamazioa horren adostasunez sinaturiko akten ondoriozko likidazioei buruzkoa denean. Halako kasuetan, arestian adierazi den zuzendariak azterturik dauden agiriak eskatu ahal izanen dizkie interesatuei, eta epea emanen die, euren eskubideei dagokien guztia alegatu ahal izateko. 3. atala prozedura amaitzeko moduei buruzkoa da.

III. titulua aparteko berrikusteko errekurtsoari buruzkoa da.

IV. titulua, "Bermeen kostuaren itzulketa eta horien murrizketa proportzionala", hiru ataletan egituraturik dago: itzulketaren zenbatekoa, emandako bermeen kostua itzultzeko prozedura eta bermeen murrizketa proportzionala.

Erregulazio horren abiaburua den printzipioaren arabera, Tributu Administrazioak bere gain hartu behar du zergadunak emandako bermeen kostua; berme horiek, berriz, administrazio epai edo ebazpen irmo baten ondorioz ez-bidezkotzat jotzen den zerga-zorraren betearazpena eteteko ematen dira. Ez-betetze hori partziala izanez gero, itzulketa ere partziala izanen da, eta behin-behinean emandako bermearen itzulketa proportzionala lortu ahal izanen da, baldin eta ordaintzeko dagoen gainerakorako errekurtso bidetik jarraitzen bada. Ez-bidezkotzat jo den egintzaren likidazio egintza eman duen organoak, bestalde, legez ezarritako itzulketa egin beharko du; itzulketa horren zenbatekoa, abalen kasuan, kreditu erakundeari edo elkarrekiko bermeko elkarteari formalizazio komisioen eta gastuen kontzeptutan ordaindutako zenbatekoa izanen da.

Kontuan hartu da Nafarroako Kontseiluak 2001eko maiatzaren 28an eman duen irizpena.

Hori dela bide, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko uztailaren bian harturiko erabakiaren arabera, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Nafarroako Foru Komunitateko birjarpenezko errekurtsoari eta aurkaratze ekonomiko-administratiboei buruzko Erregelamendua onetsi da. Horren testua honako foru dekretuari itsatsi zaio eranskin moduan.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Foru dekretu hau indarrean jarri ondoren tributuen arloan txostenak eta ebazpenak emateko organoaren izena Nafarroako Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala izanen da. Auzitegi horren betebeharrak izanen dira jarraian itsatsi den erregelamenduak egotzi dizkion ezagutzeko eta ebazteko funtzioak eta Nafarroako Gobernuari dagokio aurkaratze ekonomiko-administratiboen behin betiko ebazpena. Halaber, Auzitegiaren lana da aurkaratu den egintzaren betearazpenaren etendurari buruzko ebazpena ematea eta, horrelakoetan, ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Gobernuaren berrespena.

Xedapen Iragankor Bakarra

Erregelamendu honetako xedapenak (I. tituluan eta II. tituluko III., IV., V. eta VI. kapituluetan jasotakoak) birjarpenezko errekurtsoei eta erreklamazio ekonomiko-administratiboei aplikatu ahal izanen zaizkio, baldin eta horiek foru dekretu hau indarrean jarri ondoren sartzen badira Administrazioaren bulegoetan.

IV. tituluan jasotako xedapenak, bestalde, bermeen kostua itzultzeari loturiko egoeretan aplikatu ahal izanen dira, baldin eta berme horiek foru dekretu hau indarrean sartu ondoren harturiko ebazpen judizialen edo administratiboen ondoriozkoak badira.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Foru dekretu honetako lerrun bereko edo beheragoko lerruneko xedapen guztiak indargabeturik gelditzen dira, horren edukiaren aurkakoak direnean, eta hau aplikagarria da berariaz bi kasutan: Foru Diputazioaren 1981eko ekainaren 19ko erabakien kasuan, hau da, zerga prozedura garatzeko arauak onesteko eta tributuen esparruan txostenak egiteko eta ebazpenak emateko organoa sortu zuena eta, bigarrenik, ekainaren 27ko 167/1986 Foru Dekretuari dagokionez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren behin-behineko plantila organikoa aldarazi eta organo horretako Idazkariaren plaza sortu zuena.

Azken Xedapen Bakarra

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO BIRJARPENEZKO ERREKURTSOARI ETA AURKARATZE EKONOMIKO-ADMINISTRATIBOEI BURUZKO ERREGELAMENDUA

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

1.$Erregelamendu honen xedea birjarpenezko errekurtsoen, aurkaratze ekonomiko-administratiboen eta zerga zorren betearazpena eteteko aurkeztu diren bermeen kostuaren itzulketaren erregulazioa da.

2. Bide ekonomiko-administratiboan egiten diren aurkaratzeak, baldin eta erreklamatzeko moduko egintzak badira, bi modalitatetan antolatu dira:

a) Erreklamazio ekonomiko-administratiboa.

b) Berrikusteko aparteko errekurtsoa.

I. TITULUA. BIRJARPENEZKO ERREKURTSOA

2. artikulua. Errekurtsoaren xedea eta ezaugarriak.

1. Bide ekonomiko-administratiboan erreklamatzen ahal diren tributu egintza guztiak aurretiazko birjarpenezko errekurtsoa jarrita aurkaratzen ahal dira, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.

2. Birjarpenezko errekurtsoa hautazkoa izanen da, eta interesatuek erreklamazio ekonomiko-administratiboa jarri ahal izanen dute egintza horien aurka.

3. Interesatuek birjarpenezko errekurtsoa jarriz gero, horrek ezin izanen du erreklamazio ekonomiko-administratiborik eragin, harik eta errekurtsoa berariaz edo ustezkotasunez ebatzi arte.

3. artikulua. Aldi berekoak izatearen ondorioak.

1. Birjarpenezko errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa ezin izanen dira inoiz ere aldi berekoak izan.

2. Nafarroako Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak ez du onartuko inolako administrazio egintzari buruzko erreklamazio ekonomiko-administratiborik, baldin eta egintza horri aurretiazko birjarpenezko errekurtsoa egin bazaio eta hori ebatzi barik utzi edo onartu ez bada, administrazio isiltasunaren ondorioz; halako kasuetan, espedientea kasuan kasuko kudeaketa organoari itzuliko dio. Hala eta guztiz ere, ondorengo erreklamazioetan, eta birjarpenezko errekurtsoa amaitu eta gero, gai horren edukiari buruzko ebazpena eman ahal izanen da.

3. Birjarpenezko errekurtsoa jartzean, interesatuak ez duela egintza berbera bide ekonomiko-administratiboan aurkaratu jakinaraziko du.

4. Hala ere, gai berberari buruzko erreklamazioa dagoela egiaztatuz gero (birjarpenezko errekurtsoa baino lehenagoko erreklamazioa), hori bukatutzat joko da beste inolako tramiterik gabe, eginbidearen bitartez, eta egindako guztia Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralera bidaliko da.

5. Interesatuak bere idazkian errekurtsoaren ezaugarriak adierazten ez baditu, eta ezaugarriok idazki horren edukitik ondorioztatzen ez badira, erreklamazio ekonomiko-administratiboa dela pentsatuko da.

4. artikulua. Ebazteko eskumena.

Aurkaratu den administrazio egintza eman duen organoak birjarpenezko errekurtsoa ezagutzeko eta ebazteko eskumena edukiko du, eskumen hori goragoko beste organo batek bere gain hartzen duenean izan ezik.

5. artikulua. Errekurtsoa jartzeko epea.

Birjarpenezko errekurtsoa idatziz jarriko da, eta hilabeteko epea egonen da horretarako, berrikusi nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

6. artikulua. Birjarpenaren ondoreak.

Birjarpenezko errekurtsoak eten egiten ditu beste errekurtso batzuk egikaritzeko epeak; epeok hasieratik zenbatu beharko dira berriro, kasuan kasuko ebazpenaren berariazko jakinarazpena egiten denetik edo, bestela, errekurtsoa gaitziritzitzat jotzen den egunetik bertatik.

7. artikulua. Legitimazioa. Ordezkaritza eta zuzendaritza teknikoa.

Birjarpenezko errekurtsoa erregelamendu honetako 37. artikuluan aipaturiko pertsonek jarri ahal izanen dute.

Errekurtsogileak edo horien ordezkariak aurkezten ahal dira, eta abokatuaren edo prokuradorearen eskuhartzea ez da beharrezkoa izanen.

8. artikulua. Errekurtsoaren hasiera.

1. Birjarpenezko errekurtsoa idazki baten bidez jarriko da, eta idazki horretan honako alderdi hauek jaso beharko dira:

a) Errekurtsogilearen izen-deiturak eta baita horren identifikazio pertsonalerako datuak ere edo, bestela, bere ordezkariarenak.

b) Errekurritu den administrazio egintza, errekurtsoa eman zen eguna, espediente zenbakia eta errekurtsoari buruzko gainerako datu garrantzitsu guztiak.

c) Errekurtsoa zuzentzen zaion organoa.

d) Errekurtsogileak jakinarazpenak egitearen ondoreetarako adieraziko duen bitartekoa eta, hala denean, tokia.

e) Tokia eta eguna eta errekurtsogilearen edo, hala denean, bere ordezkariaren sinadura.

f) Egintza bera bide ekonomiko-administratibotik aurkaratu gabe izatea.

2. Birjarpenezko idazkian egitatezko eta zuzenbideko gaiei buruzko alegazioak eginen dira. Idazki horren bitartez, lortu nahi den helbururako oinarritzat balio duten agiriak aurkeztuko dira.

3. Aurkaraturiko egintza eteteko eskatzen bada, eskabide horrekin batera errekurtsoa hastearen idazkiaren kopia eta erregelamendu honetako 11. artikuluaren araberako bermeen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

9. artikulua. Espedientearen adierazpena.

1. Alegazioak egiteko kudeaketa espedientea edo administrazio jarduketak behar baditu, interesatuak kudeaketa bulegora joan beharko du aurkaratu nahi den administrazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aurrera eta errekurtsoa jartzeko epea bukatu baino lehen.

2. Kudeaketa bulegoak, bertako buruaren ardurapean, eskaturiko espedientea edo administrazio jarduerak jakinarazi beharko dizkio interesatuari.

10. artikulua. Errekurtsoaren aurkezpena.

Errekurtsoa jartzeko idazkia, beste alde batetik, aurkaraturiko administrazio egintza eman zuen organoaren egoitzan aurkeztu beharko da; bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aipaturiko egoitzetan eta bulegoetan aurkeztu beharko da.

11. artikulua. Aurkezturiko egintza etetea.

1. Birjarpenezko errekurtsoa jartzeak ez du aurkaratu den egintzaren betearazketa etengo, eta horrek kasuan kasuko ondorio legalak edukiko ditu (likidaturiko kuoten edo eskubideen, interesen eta gainordainen bilketa).

2. Hala eta guztiz ere, aurkaratu den egintzaren betearazpena eten egiten ahal da, errekurtsoaren gauzatzeak dirauen bitartean, erregelamendu honetako II. tituluko V. kapituluan ezarritakoa aplikatuz, honako espezialitate hauekin:

a) Aurkaratu den egintza eman duen organoak eskabidea tramitatzeko eta ebazteko eskumena edukiko du, Bilketa Zerbitzuari eduki ekonomikoa duten egintzen berezko eteteari dagokionez emandako eratxikipenen kalterik gabe.

b) Etetea gaitzirizten duten ebazpenei aurkaratze ekonomiko-administratiboa egin ahal izanen zaie Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralean.

c) Sortzen diren bermeek birjarpenezko errekurtsoaren eta horren ostean egiten ahal den erreklamazio ekonomiko-administratiboaren iraupena edukiko dute.

Halaber, interesatuak komenigarritzat jotzen badu, eta epai organoak eteteari dagokionez hartzen duen erabakiaren kalterik gabe, ondoreak administrazioarekiko auzibidera iritsi ahal izanen dira.

d) Erabakitako eteteak birjarpenezko errekurtsoa gauzatu bitartean ondoreak eduki eta ondoreok, berriz, prozedura ekonomiko-administratibo osoan mantenduko dira, baldin eta kasuan kasuko erreklamazioa jartzen bada.

3. Era berean, etete eskabidearen ondoreak birjarpenezko errekurtsora mugatzen ahal da. Halako kasuetan, bilketaren barruan errekurtsoa jaso duen zorraren zenbatekoa eta etetearen ondoriozko berandutze interesak sartuko dira.

12. artikulua. Beste interesatu batzuk.

Hasierako idazkitik edo horren osteko jarduketetatik errekurtsogilea ez diren beste interesatu batzuk sortuz gero, errekurtsoa jarri dela jakinaraziko zaie; horrela, hamar eguneko epean euren eskubideen araberako gauza guztiak formulatu ahal izanen dituzte. Horrelakoetan errekurtsogileak adierazi behar duena entzungo da.

13. artikulua. Berrikuspenaren hedapena.

Birjarpenezko errekurtsoaren bidez, espedientean ageri diren gauza guztiak (errekurtsogileak planteatuta egon nahiz ez) organo eskudunari jakinaraziko zaizkio, horrek ebazpen egokia eman dezan. Kasua azken hori baldin bada aurrez adierazi behar duena entzungo zaio. Hau gorabehera, ebazpen-proposamena hark formulatu dituen eskabideen araberakoa izanen da eta ezin da inoiz hasierako egoera gogortu edo gainditu.

14. artikulua. Errekurtsoaren ebazpena.

1. Errekurtsoa ebazteko eta ebazpena jakinarazteko eperik luzeena hilabetekoa izanen da, errekurtsoa aurkeztu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Errekurtsoa gaitziritzitzat joko da, aurreko idatz-zatian aipaturiko epea errekurtsoari buruzko berariazko ebazpenik jakinarazi gabe igarotzen denean. Gaitzirizpen horrek interesatuari kasuan kasuko aurkaratze ekonomiko-administratiboa egiteko aukera emanen dio.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipaturiko epearen osteko berariazko ebazpena dagoenean, ebazpen hori lehengo 2. idatz-zatian ezarritako gaitzirizpenarekiko inolako loturarik gabe hartuko da.

4. Ebazpena emateko eskumena duen organoak agiri osagarriak eskatu ahal izanen dizkie, bai interesatuei edo bai gainerakoei, baldin eta agiriok errekurtsoa ebazteko komenigarritzat jotzen baditu. Eskabide hori bost eguneko epean bete ezean, errekurtsoa orain arte dauden agiriak aztertuta ebatziko da. Gainerakoek aurkezturiko agiriak interesatuari bidaliko zaizkio, hamar eguneko epean euren interesak defendatzeko alegazio guztiak egin ditzaten.

15. artikulua. Ebazpenaren forma eta edukia.

1. Errekurtsoaren berariazko ebazpena idatzizkoa izanen da beti.

2. Ebazpen hori beti izanen da arrazoitua; bertan, errekurtsogilearen egitateak eta gertaerak zehatz aipatzeaz gain, argi adieraziko dira aurkaratu den egintza oso-osorik edo alderdi batzuetan berrestearen edo ezeztatzearen zergatiak.

16. artikulua. Errekurtso berriaren ezegokitasuna.

Birjarpenezko errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin izanen da beste errekurtsorik jarri.

17. artikulua. Ordezkotasuna.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboetan prozedura arautzen duten xedapenak ordezkoak izanen dira, titulu honetan arauturikoari dagokionez.

II. TITULUA. ERREKLAMAZIO EKONOMIKO-ADMINISTRATIBOAK

I. KAPITULUA. Alderdi orokorrak

18. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboek jorra ditzaketen arloak.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboak (erreklamazioan egitatezko nahiz zuzenbideko gaiak sortuta ere) honako arlo hauei buruzkoak izanen dira:

a) Zergen eta ordainarazpen parafiskalen kudeaketa eta ikuskapena; baita, orokorrean, Nafarroako Ogasun Publikoaren Zuzenbide Publikoko diru-sarrera guztien bilketa ere.

b) Foru Legea dela bide ezarritako gainerako arlo guztiak.

19. artikulua. Aurkaratzeko moduko egintzak.

1. Aurreko artikuluan adierazitako erreklamazio ekonomiko-administratiboak honako egintza hauen aurka egin ahal izanen dira:

a) Behin-behinean edo behin betiko eskubide bat onartu nahiz ukatu edo betebeharren bat adierazten dutenak.

b) Gaiaren edukia zuzen edo zeharka erabaki, kudeaketa prozedurari bukaera eman, hori ezinezko bihurtu, horren jarraipena eten edo interesatuen babesik eza sortzen duten tramiteko egintzak.

2. Hain zuzen ere, eta tributu kudeaketari dagokionez, honako administrazio egintza hauek aurkaratzeko modukoak izanen dira:

a) Behin-behineko edo behin betiko likidazioak.

b) Autolikidazioa zuzentzeko eskabide baten ondoriozkoak diren berariazko edo ustezko ebazpenak.

c) Legez ezarritako zerga egintzak zuzentzeko eskabide baten ondoriozkoak diren berariazko edo ustezko ebazpenak.

d) Legez atxikipenak egitera edo kontuko diru-sarrerak egitera beharturik dauden pertsonek egindako atxikipenen edo kontuko diru-sarreren aurkako erreklamazioaren ondoriozkoak diren berariazko edo ustezko ebazpenak.

e) Ondasunen eta eskubideen balioaren egiaztapenak onesten dituzten egintzak, baita balioak edo oinarriak finkatzeko egintzak ere, baldin eta horien erregelamenduak horrela ezartzen badu.

f) Salbuespenezko edo zerga hobariko araubideak aurretiaz onartzen nahiz ukatzen dituzten egintzak.

g) Zergadun bati aplikatzeko moduko zerga araubidea ezartzen dutenak, horrek etorkizunean bere konturako betebeharrak (baita formalak ere) eragiten dituenean.

h) Tributu zehapenak ezartzen dituztenak.

i) Bilketa kudeaketak eragindakoak.

j) Aurreko puntuetan aipaturikoak ez izan eta, zergen arloan emandako arauen arabera, berariaz aurkaratzeko modukoak direnak.

II. KAPITULUA. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralaren antolaketa

I. atala. Xedapen orokorrak

20. artikulua. Eskumena.

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa aurkaratze ekonomiko-administratiboez arduratuko da eta ebazpen proposamenak eginen ditu, gero Nafarroako Gobernuak berretsi behar dituenak. Dena den, aurkaratu den egintzaren betearazpena eteteari buruzko ebazpenek eta auzitegiko lehendakariak jarduketak artxibatzeko emandako ebazpenek ez dute Nafarroako Gobernuaren berrespenik beharko eta horien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal da.

Auzitegiaren eskumena ukaezinezkoa eta luzaezina izanen da eta ezin izanen da interesatuen men egitearen ondorioz aldatu.

II. atala. Auzitegiko kideen osaketa eta ordezpena

21. artikulua. Osaketa eta izendapena.

1. Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa gehienez ere bost kidek osatuko dute; horietariko bat bertako lehendakaria izanen da. Auzitegiak idazkari baten laguntza izanen du bere jardunerako eta funtzionamendurako. Idazkari hori ez da auzitegiko kide izanen.

2. Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko lehendakaria Nafarroako Gobernuak izendatuko du, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, bertako kideen artean eta, ondorio guztietarako, Foru Komunitateko Administrazioko Zerbitzuko zuzendarien kategoria edukiko du.

3. Goiko 1. idatz-zatian aipaturiko kideak, beste alde batetik, Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, ogasuneko teknikarien kidegoko funtzionarioen artean eta, ondorio guztietarako, Foru Komunitateko Administrazioko atalburuen kategoria edukiko dute.

4. Idazkaria Zuzenbideko lizentziaduna izan beharko da eta hori ere Nafarroako Gobernuak izendatuko du, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta, ondorio guztietarako, Foru Komunitateko Administrazioko atalburuen kategoria edukiko du.

22. artikulua. Ordezkapenak.

1. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko lehendakaria kanpoan edo gaixo badago, bere postua hutsik edo legezko beste arrazoiren batek eragiten badio, auzitegian antzinatasun handiena duen kide titularrak beteko ditu lehendakariaren funtzioak, eta antzinatasun bereko bi kideren artean, adinez zaharrena denak.

2. Auzitegiko kideak kanpoan edo gaixo badaude, beren postua hutsik edo legezko beste arrazoiren batek eragiten badie, Nafarroako Gobernuak izendatutako ogasuneko teknikariek ordezkatuko dituzte, baldin eta ordezkapen hori beharrezkoa bada erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

3. Idazkariaren ordez ere, aurretik aipaturiko kasuetan, Zuzenbidean lizentziadun eta auzitegian antzinatasun txikiena duen kideak ordezkatuko du, eta antzinatasun bereko bi kideren artean, gazteena denak, edo kasua bada, lehendakariak izendatutako zuzenbidean lizentziadun den funtzionarioak.

3. atala. Auzitegiko kideen abstentzioa eta ezespena

23. artikulua. Abstentzioa.

1. Hurrengo idatz-zatian aipaturiko kasuren bat betetzen duten Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foraleko kideek ez dute prozeduran parterik hartuko eta horren berri emanen diote lehendakariari. Ukiturikoa bera izanez gero, elkargoko organoari eman beharko diote horren berri; organo horretako lehendakaria, berriz, haren ordezkoa izanen da, erregelamendu honetako 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Abstentzioaren arrazoiak honako hauek izanen dira:

a) Kasuan kasuko gaian edo horren ebazpenaren eragina duen beste gairen batean interesa edukitzea, elkarte nahiz erakunde interesatuaren administratzailea izatea edo interesaturen batekin auziren bat edukitzea.

b) Laugarren mailaren barruko odolezko ahaidetasuna edukitzea, edo bigarren mailaren barruko kidetasuna edukitzea, prozesuan parte hartzen duten interesatuekin, erakunde nahiz elkarte interesatuekin eta aholkulariekin, legezko ordezkariekin edo agintariekin; halaber, bulego profesionala partekatzea edo horiekin elkarturik egotea, aholkularitzarako, ordezkapenerako edo aginterako.

c) Goiko b) puntuan aipaturiko pertsonetariko baten lagun mina edo arerio handia izatea.

d) Kasuan kasuko prozeduran parte hartu izana.

e) Gaian interes zuzena duen pertsona fisikoarekin edo juridikoarekin zerbitzuko harremana edukitzea edo pertsona horri azken urteetan edozein motatako zerbitzu profesionalak eman izana, edozein egoera eta tokitan eman ere.

3. Auzitegiko kideen jarduketak (abstentzioaren arrazoiak biltzen direnean) ez du nahitaez eragingo parte hartu duten egintzen baliogabetasuna.

4. Auzitegiko lehendakariak eta hierarkian goian daudenek espedientean parterik ez hartzeko agindua eman ahal diete, goian aipaturiko kasuren bat betetzen duten pertsonei.

5. Bidezko kasuetan abstentziorik ez egiteak erantzukizuna sortuko du.

24. artikulua. Ezespena.

1. Goiko artikuluan ezarritako kasuetan, interesatuek ezespena eragin dezakete, prozeduraren tramitazioaren edozein unetan.

2. Ezespena idatziz azalduko da; idazkian hori oinarritzeko arrazoia edo arrazoiak adierazi beharko dira.

3. Biharamunean, ezetsiak alegatu den ezespenaren karia betetzen duen ala ez jakinaraziko dio lehendakariari edo horren ordezkoari. Ezespenaren karia betetzen badu, lehendakariak edo horren ordezkoak ezetsiaren ordezpena erabakiko du. Ezespenaren karia ukatuz gero, lehendakariak edo horren ordezkoak hiru eguneko epea izanen du ebazpen egokia emateko, txosten guztiak bildu eta egiaztapen guztiak egin ondoren.

Ezetsia lehendakaria izanez gero, prozedura hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko idazkari teknikoak tramitatu eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ebatziko du.

4. Arlo honetan harturiko ebazpenen aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri; hala eta guztiz ere, ezespena alegatzeko aukera egonen da, baldin eta prozedurari bukaera ematen dion egintzaren aurka administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jartzen bada.

4. atala. Auzitegiko kideen funtzioak

25. artikulua. Auzitegiko kideen funtzioak.

Auzitegiko kideen funtzioak honako hauek izanen dira:

a) Txostenak idaztea eta horien kopiak ematea, idazkariaren bitartez, kide guztiei; era berean, harturiko ebazpen-proposamenak idaztea eta Auzitegiko gainerako kideen adostasunaren eta sinaduraren menpe jartzea.

b) Ekonomia eta Ogasun kontseilariari hauxe eskatzeko proposatzea (berak egin ezin duenean): Auzitegi eta erakunde publikoei Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak behar duen laguntza guztia eskatzeko proposatzea.

c) Erregelamendu honetako 23.2 artikuluan jasotako kariren batean erortzen diren Auzitegiko kideen abstentzioa agintzea.

d) Kideen edo idazkariaren ezespenik dagoenean, horri buruzko erabakia hartzea.

e) Gaien azterketa ikuskatzea eta Nafarroako Gobernura bidaltzea, horiek bideratzeko frogabideak.

f) Espedienteak lantzeko oinarrizko irizpideak ezartzea eta horiek kideen artean banatzea.

g) Zitazioen, deien eta errekerimenduen probidentziak ematea, beharrezkoa denean.

h) Kudeaketa espedientea ustez ezkutaturiko aurrekariekin osatzeko eskabideei buruzko ebazpena hartzea.

i) Erregelamendu honen 40.6. eta 52.3. artikuluetan ezarri diren gaiei buruzko ebazpenak ematea.

j) Erakunde, korporazio edo bulego ofizialei txostenak eta irizpenak eskatzea, baldin eta horiek beharrezkoak edo komenigarriak badira, ebazpen egokia hartu ahal izateko.

k) Bilkuren deialdia erabakitzea eta horren jakinarazpena agintzea; era berean, bileretan ordena ona zaintzea, justifikaturiko arrazoirik egonez gero bilerok eteteko aukera izanik.

l) Berdinketak bere botoarekin erabakitzea.

m) Erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

n) Auzitegiari atxikitako langileen goi buru izatearen ondoriozko funtzioak egikaritzea.

ñ) Auzitegiaren erregelamenduri lotuta dauden funtzio guztiak, baita berariazko manuren baten bidez eratxikitzen zaizkion gainerako guztiak ere.

26. artikulua. Auzitegiko kideen funtzioak.

a) Frogen praktika erabakitzea edo ukatzea.

b) Kasuan kasuko gaiei buruz egiten diren instrukzio eginbideen praktika ikustea.

c) Lehendakariari erakunde, korporazio edo bulego ofizialen txostenak eta irizpenak eskatzeko proposatzea.

d) Txostenak idaztea eta Lehendakariari nahiz gainerako kideei horien kopia ematea, idazkariaren bitartez.

e) Bileretako eztabaidetan esku hartzea, harturiko ebazpen-proposamenak idaztea eta Auzitegiko gainerako kideen adostasunaren nahiz sinaduraren menpe jartzea. Txostengilearen botoa gehiengoaren botoarekin bat ez datorrenean, lehendakariak (bidezkotzat jotzen duenean) Auzitegiko beste kideren bati ebazpen-proposamena idazteko agindu ahal izanen dio.

f) Botoa emateko eta boto berezia formulatzeko duen eskubidea betetzea.

g) Auzitegiaren erregelamenduan ageri diren funtzio guztiak, baita berariazko manuren baten bidez eratxikitzen zaizkion gainerako guztiak ere.

27. artikulua. Auzitegiko idazkariaren funtzioak.

a) Erreklamazio ekonomiko-administratiboari buruzko idazkiak eta agiriak jasotzea.

b) Aurkeztu diren jatorrizko agiriak eta horiekin batera datozen kopiak erkatzea, jatorrizkoak itzuli ahal izateko.

c) Idazkien eta agirien sarrera nahiz irteera erregistroak egitea; erregistro horretan kasuan kasuko idazpenak eginen dira; halaber, akten nahiz boto partikularren liburuak aztertzea eta, behar bezala koadernaturik, Auzitegiak egutegiko urte bakoitzean emandako ebazpen-proposamenen testigantzak artxibatzea.

d) Jakinarazpenak, zitazioak, deiak eta errekerimenduak, zenbait kasutan, Idazkaritzan bertan egitea; eta, oro har, jarduketa horiek gauzatu daitezen zaintzea. Batez ere, ebazpenen eta interesatuei eragiten dieten egintza guztien jakinarazpena egitea.

e) Egiaztagiriak edo ziurtagiriak bidaltzea, espedientean jasotako alderdiei edo prozeduratik ondorioztatzen diren alderdiei buruz.

f) Behar izanez gero, errekurtsogileei laguntza emateko eta jendeari arreta eskaintzeko lanak egitea.

g) Interesatuei erreklamazio ekonomiko-administratiboaren tramitazioaren egoera jakinaraztea, horri buruzko informazioa eskatzen dutenean.

h) "Apud acta" deritzon eskuordetzari dagozkion eskumenak erabiltzea, eskuordetzaren eta boterearen banaketaren arloan egin diren akatsak ongitzea.

i) Kudeaketa bulegoari erreklamazio ekonomiko-administratiboari dagokion aipaturiko gaiari buruzko espedientea eskatzea eta espediente hori, unea iristen denean, kasuan kasuko kideari ematea.

j) Interesatuen atzera egitearen edo uko egitearen adierazpena jasotzea, bai hori idazkia bidaliz egiten denean, bai horretarako bertaratzearen ondoriozko eginbidearen bitartez eginez gero.

k) Auzitegiari beharrezko epeak igaro direla eta eskabidearen iraungitasuna adierazteko moduko egoerak daudela adieraztea.

l) Auzitegiaren bileretarako zitazioak egitea, bertako lehendakariak erabaki ondoren; gainera, lehendakariari eta kideei eguneko gai zerrenda eta bilkura bakoitzean aztertu beharreko gaien txostenak jakinaraztea.

m) Kasuan kasuko bulegoari, prozedura bukatu ondoren, kudeaketa espedientea itzultzea.

n) Ebazpen-proposamenak bete daitezen zaintzea, lehendakariari betearazketa horretarako neurriak proposatuz.

ñ) Nafarroako Gobernuari Auzitegiaren ebazpenen aurka jartzen ahal diren administrazioarekiko auzibide-errekurtsoen berri ematea; halaber, jurisdikzio horretako kasuan kasuko Salak ematen dituen epaien berri ematea.

o) Urtero eta Auzitegiaren eskuhartzearekin, horrek garaturiko jardueren memoria egitea.

p) Auzitegiaren erregelamenduan ageri diren funtzio guztiak, baita berariazko manuren baten bidez eratxikitzen zaizkion gainerako guztiak ere.

28. artikulua. Langileak.

Auzitegiak Ekonomia eta Ogasun Departamentuko langileak atxikita edukiko ditu (beharrezkoak diren langileak). Langile kopurua unean uneko beharrizanaren araberakoa izanen da, ezarritako erreklamazioek edo beste gauza garrantzitsuren batek gomendaturikoaren arabera.

5. atala. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralaren antolaketa eta funtzionamendua

29. artikulua. Deialdia eta eguneko gai zerrenda.

1. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralaren lehendakariak bilkuren deialdia erabaki eta horren jakinarazpena aginduko du; jakinarazpen hori, gutxienez, bilera baino bost egun lehenago eginen da, bildutako Auzitegiaren iritziz premia handikoak diren kasuetan izan ezik.

2. Jakinarazpen horretan egunezko aztergai zerrenda agertuko da; zerrenda hori lehendakariak erabakiko du, Auzitegiko gainerako kideen eskabideak kontuan hartuz, baldin eta horiek nahiko aldez aurretik egin badira.

30. artikulua. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala eratzeko modua.

Bilkurak eta deliberazioak egin eta erabakiak hartu behar direnean, Auzitegi Ekonomiko Administratibo Forala balioz eratua izan dadin, nahitaezkoa da, gutxienez, kideen erdiak izatea bertan, eta haietako bat lehendakaria edo haren eginkizunak betetzen dituen mahaikidea izatea. Halaber, nahitaezkoa da bertan izatea Auzitegiko idazkaria edo idazkaritza-lanetan haren ordez diharduena.

31. artikulua. Kasu bereziak.

1. Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala salbuespenez honako kasu honetan ere legez eratuta geldituko da: deialdirako baldintza bete ez arren, bertako kide guztiak bildu eta aho batez erabakitzen dutenean.

2. Halaber, eguneko aztergai zerrendatik kanpoko gaiak aztertu ahal izanen dira, baldin eta Auzitegiko kide guztiak bertaratu badira eta horien gehiengoaren aldeko botoaren bidez premiazko gaia dela adierazten bada.

32. artikulua. Bileraren antolaketa.

Eztabaidak lehendakariak edo kasuan kasuko bileran horren ordez diharduen pertsonak gidatuko ditu; horrek eztabaiden erregulartasuna bermatu eta, oro har, legeen betearazketa segurtatuko du; gainera, bilera edozein unetan eteteko ahalmena edukiko du, horretarako behar bezala justifikaturiko arrazoirik egonez gero, eta, halako kasuetan, bilera jarraitzeko epea ezarri beharko du.

33. artikulua. Erabakiak hartzea. Boto partikularrak.

1. Auzitegiko kide guztiek hitza eta botoa dituzte. Idazkaria auzitegiaren bileretara joanen da, eta hitza izanen du, baina botorik ez.

2. Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren ebazpen-proposamenak gehiengoz hartuko dira, kide titular guztien edo horien ordezkoen botoak zenbatuta. Berdinketarik egonez gero, horiek lehendakariaren kalitatezko botoaren bidez erabakiko dira.

3. Kideek nahitaez eman beharko dute botoa; gehiengoaren erabakiarekin ados ez dagoenak, boto partikularra jasoarazi ahal izanen du kasuan kasuko liburuan, bozketa egin eta hurrengo bi eguneko epean. Boto hori ebazpen-proposamenari erantsiko zaio.

4. Ebazpen-proposamenak auzitegiko kide guztiek sinatuko dituzte, baita boto partikularra eman dutenek ere.

34. artikulua. Bilkuren aktak.

1. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak egindako bilkura guztien akta eginen da; akta horretan, bertaratuen zerrenda, bilkuraren tokia nahiz denbora, azterturiko espedienteak, eztabaidaren puntu nagusiak, bozketen modua zein emaitza eta ebazpen-proposamenen edukia adieraziko dira. Halaber, hala denean, hartu den ebazpen-proposamenari buruzko boto bereiztuak azalduko dira.

2. Aktak Auzitegiko Idazkaritzan horretarako egonen den liburuan jasoko dira; idazkariak sinatuko ditu, lehendakariaren oniritziarekin, eta bilkuran bertan edo hurrengo bilkuran onetsiko dira. Akta horiek gero jarraian azaleztatuko diren orrialdeetan idazten ahal dira.

35. artikulua. Ebazpen-proposamenak berrestea.

1. Erregelamendu honetako 33. artikuluan ezarritakoaren arabera hartzen diren ebazpen-proposamenak Nafarroako Gobernuak berretsi beharko ditu.

2. Nafarroako Gobernuaren erabakiek, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralaren ebazpen-proposamenak berresten dituztenean, administrazio bidea agortuko dute.

3. Berrespenik egon ezean, ebazpena Nafarroako Gobernuak berak hartuko du zuzenean.

4. Nafarroako Gobernuaren erabakien aurka, administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jarri ahal izanen da, jurisdikzio honetako legean adierazitakoaren arabera.

5. Nafarroako Gobernuaren erabakien aurka ezin izanen da birjarpenezko errekurtsorik jarri.

III. KAPITULUA. Interesatuak

36. artikulua. Ahalmena.

Arau zibilen arabera horretarako ahalmena duten pertsonek ez ezik, adin txikikoek ere jarduteko ahalmena edukiko dute, antolamendu juridiko-administratiboak ahalbideturiko jarduketari loturiko eskubideak eta interesak gauzatzeko eta defendatzeko; horretarako, ez dute gurasoen ahalgoa, babesa edo kuratela egikaritzen duen pertsonaren beharrik izanen. Ezgaitasunen bat duten adin txikikoen kasua salbutzen da, ezgaitasunaren hedapenak kasuan kasuko eskubideak edo interesak egikaritzean eta defendatzean eragina duenean.

37. artikulua. Legitimazioa.

1. Honako hauek aurkaratze ekonomiko-administratiboak sustatu ahal izanen dituzte:

a) Zergadunak.

b) Bere legezko interesak kudeaketako administrazio egintzaren eraginpean dituen edozein pertsona.

2. Ondokoek ez dute horretarako legitimaziorik edukiko:

a) Funtzionarioak, beraien eskubideren bat zuzen eta berehala urratzen duten kasuetan izan ezik.

b) Norbanakoak, Administrazioak eskuordetuta edo horren eragile nahiz mandataritzat dihardutenean.

c) Salatzaileak.

d) Itun edo kontratu baten eraginezko zerga betebeharrak dituzten pertsonak.

38. artikulua. Interesatua bertaratzea.

1. Hasitako prozedura ekonomiko-administratibora, eskubideen titularrak izan edo legezko interes pertsonalak dituzten guztiak bertaratu ahal izanen dira, baldin eta horiek ematen ahal den ebazpenaren eraginpean gera badaitezke; horiekin kasuan kasuko tramitazioa eginen da, baina tramitazio horretan ezin izanen da inoiz ere atzera egin.

2. Prozeduraren tramitazioan zuzeneko eraginpean dauden legezko eskubideen edo interesen titularrak daudela ikusiz gero (bertaratu ez diren titularrak), horiei jarduketen berri emanen zaie; horrela, hamabost eguneko epea edukiko dute, euren interesak defendatzeko alegazio guztiak egin ahal izateko.

39. artikulua. Kausadunak.

Prozedurako interesatuen legitimazioaren ondorioz harreman juridikoren bat sortzen denean, kausadunak kausatzailea ordeztu ahal izanen du, tramitazioaren edozein unetan.

40. artikulua. Ordezkaritza.

1. Interesatuek prozedura ekonomiko-administratiboan jardun dezakete, euren kabuz edo ordezkari baten bitartez.

2. Ordezkaritza notaritzako ahalgoaren bitartez egiaztatu ahal izanen da, notarioak sinaturiko agiri pribatu baten bitartez; bestela, "apud acta" eman dakioke, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foraleko idazkariari.

3. Idazki bat zenbait interesatuk sinatu dutenean, horren ondoriozko jarduketak sinatzaile guztiei eragingo die, idazkian bestelakorik adierazi ezean.

4. Ordezkaritza egiaztatzen duen agiria, bestalde, interesatuak sinatuta agertzen ez den lehen idazkiari erantsiko zaio; idazki hori, baldintza hori bete ezean, bideratu gabe geldituko da.

5. Ahalgorik eduki ezean ere, edo hori nahikoa izan ez arren, erreklamazioa aurkeztutzat joko da, baldin eta (Auzitegiko idazkariak horretarako eman behar duen hamar eguneko epearen barruan) bertaratuak ahalgoa aurkeztu edo aurkezturikoak dituen akatsak zuzentzen baditu.

6. Aurreko idatz-zatian adierazitako epea igaro ondoren, ahalgoa aurkeztu ezean edo antzeman diren akatsak konpontzen ez badira, idazkariak Auzitegiko lehendakariari emanen dio horren berri eta azken horrek interesatuak berak sinatuta ez dauden idazkia edo idazkiak ez tramitatzea ebatziko du eta, hala denean, jarduketa horiek artxibatzeko agindua emanen du.

41. artikulua. Taldeko erreklamazioa.

1. Taldeko erreklamazioa honako kasu hauetan egiten ahal da:

a) Zenbait pertsonari batera eragiten dioten eskubideei edo betebeharrei buruzko adierazpenei dagokienez sustatzen direnean.

b) Zenbait interesatu izan eta, horien erreklamazioetan, erregelamendu honetako 43.2 artikuluan jasotako egoerak biltzen direnean.

2. Taldeko erreklamazioa sustatzen duen idazkia aurkezten denean, erreklamazio hori aurreko idatz-zatian adierazitakoaren arabera bidezkoa ez bada, Auzitegiko idazkariak interesatuei jakitera emanen die erreklamazio hori etenda gelditu dela, harik eta bidezkoak diren bana-banako erreklamazioak aurkeztu arte. Hala eta guztiz ere, taldeko erreklamazioa sustatzen duen idazkiak aribidean dauden epeak etengo ditu, baldin eta horren ondoriozko banan-banako erreklamazioak hamar eguneko epearen barruan aurkezten badira, errekerimenduaren biharamunetik zenbatzen hasita.

IV. KAPITULUA. Hedapena eta pilaketa

42. artikulua. Berrikuspenaren hedapena.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralari jakinarazten dizkio kudeaketa espedientean aipaturiko gai guztiak, horiek interesatuek planteaturikoak izan nahiz ez izan. Kasua bigarren hori baldin bada aurrez adierazi behar dutena entzungo da. Dena den, ebazpen-proposamena bat etorriko da horiek formulatu dituzten eskabideekin eta ezin da inoiz hasierakoa gainditu.

2. Eskumen hori egikaritzean, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak hauxe eginen du:

a) Aurkaratu den egintza egiaztatu, hori zuzenbidearen araberakoa izanez gero.

b) Egintza hori guztiz edo alderdi batzuetan ezeztatu, antolamendu juridikoaren urratzeak egiten dituenean.

c) Eskubideen nahiz betebeharren bidezko adierazpen guztiak egin eta kudeaketa organoei beste administrazio egintza bat edo batzuk emateko agindu, erreklamazioaren ebazpen-proposamenean ezarritako oinarrien arabera.

3. Auzitegiak interesatuek planteatu gabeko gaiak lehen ezarritakoaren arabera aztertzeari eta ebazteari bidezko baderitzo, prozeduran bertaratu direnei horiek azaldu eta hamabost eguneko epea emanen die, bidezko alegazio guztiak egin ditzaten.

43. artikulua. Interesatuen pilaketa.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa administrazio egintza bakarrari buruzkoa izanen da, hurrengo idatz-zatian ezarritakoa izan ezik.

2. Bi administrazio egintza edo gehiago dituen erreklamazioa egiten ahal da, egintza horietan ondoko alderdietarikoren bat dagoenean:

a) Egintzak kudeaketa organo beretik sortzea, agiri edo espediente berbera dela bide, eta kari bereko egintzetatik sortzea.

b) Egintzok beste egintza batzuk kopiatzea, egiaztatzea edo betearaztea; edo, horiek aurkaratzean, salbuespen berberak erabiltzea edo beraien artean lotura zuzen bat egotea, agiri edo espediente desberdinekoak izan arren.

44. artikulua. Nafarroako Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralaren pilaketa.

1. Erreklamazio bi edo gehiago tramitatzen zaienean, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foraleko kideek, interesatuek eskatuta edo ofizioz, jarduketen pilaketa dekreta dezakete, baldin eta erregelamendu honetako 41.1 eta 43. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badira, taldeko erreklamazioak onartzeari edo bi administrazio egintza nahiz gehiago onartzeari dagokionez.

2. Pilaketa dekretatu edo ukatzen duen probidentziaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri.

3. Bakoitza bere aldetik hasitako bi erreklamazio edo gehiago pilatzen direnean, bukatzeko gutxien behar duen espedientearen aribidea etengo da, harik eta gainerakoak egoera berean egon arte.

V. KAPITULUA. Aurkaratu den egintzaren betearazketa etetea

45. artikulua. Aurkaratu den egintzaren betearazketa eteteari buruzko arau orokorrak.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzeak ez du aurkaratu den egintzaren betearazketa etengo, horrek eragiten dituen legezko ondorioekin, kuoten edo likidaturiko eskubideen, interesen eta gainordainen bilketa ere barne.

2. Hala eta guztiz ere, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak (eteteak interes publikoari edo gainontzekoei eragiten dien kaltearen eta errekurrituriko egintzaren berehalako eraginkortasunaren ondorioz errekurtsogileari egiten zaion kaltearen arteko haztapen arrazoitua egin ondoren), ofizioz edo errekurtsogileak eskatuta, aurkaraturiko egintzaren betearazketa eten dezake, honako kasuetarikoren bat gertatzen denean:

a) Betearazketak nekez edo inola ere konpondu ezin diren kalteak sortzea.

b) Aurkaratzea, oinarritu ere, herri administrazioen araubide juridikoari eta guztiendako administrazio prozedurari buruzko legerian jasotako zuzenbide osoko baliogabetasun karietarikoren batean oinarriturik egotea.

3. Interesatuak eskatuta, erregelamendu honetako 46. artikuluan ezarritako bermeetarikoren bat eskaintzen denean, aurkaratu den egintzaren betearazketa eten eginen da.

4. Hala eta guztiz ere, aurkaratu den egintza ematean akats aritmetikoa, materiala edo egitatezkoa egon dela ikusiz gero, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak egintzaren betearazketa eten dezake, bermerik egon ez arren.

5. Zerga zehapenen betearazketa berehala etenda geldituko da, bermerik aurkeztu gabe, zehapen horien aurkako erreklamazio ekonomiko-administratiboa epe eta modu egokian aurkezten denean; halakoetan, horiek ezin izanen dira betearazi, harik eta administrazio bidean irmoak izan arte.

Ebatzi behar duen organoak etete hori modu automatikoan aplikatu eta Bilketa Zerbitzuari jakinaraziko dio, zergadunak eskatu gabe ere.

Etendako zehapenek kasuan kasuko berandutze interesak sortuko dituzte, arau orokorren arabera; horiek, berriz, ezarritako zehapena administrazio bidean irmo bihurtzen denean kobratuko dira.

6. Birjarpenezko errekurtsoaren ondorioz aurkaratu den egintzaren betearazketa eteten denean etetea bide ekonomiko-administratiboan mantentzen ahal da baldin eta interesatuak horrela egitea eskatzen badu eta horretarako ezarrita dauden baldintzak betetzen badira.

7. Erreklamazioak egintzaren edo likidazioaren barruko kontzeptu guztiei eragiten ez badie, etetea aurkaratzeko modukoei buruzkoa baino ez da izanen, baldin eta kontzeptu horiek bereiz likidatzeko modukoak badira, eta erreklamaziogileak gainerakoak arauzko epeetan sartu beharko ditu.

8. Kauzioak, beti ere, aurkaratu den zorraren zenbatekoa eta eteteak sorturiko berandutze interesak ordainduko ditu. Bermearen iraupena mugagabea izanen da, harik eta erreklamazioa ebatzi arte, eta horren ondoreak administrazioarekiko auzibidera iristen ahal dira, kasu bakoitzerako ezarritakoaren arabera.

9. Etetea edozein unetan eskatzen ahal da, erreklamazio ekonomiko-administratiboa bideratzen den bitartean; hala eta guztiz ere, erreklamazioa egiteko unean eskatzen ez denean, horren ostean gertatzen diren administrazio prozedurako jarduketetan baino ezin izanen du eraginik izan.

10. Eteteko eskabidea ukatzen duten egintzak arrazoitu egin beharko dira.

11. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralaren ebazpenak, aurkaratu den egintzen betearazketa etetean eragina dutenean, berehala jakinaraziko zaizkie egintza eman duen organoari eta bilketa egiteko organo eskudunari, behar izanez gero bide telematikoak erabiliz.

Emandako ebazpenaren aurkako administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa eta aurkaratu den egintzaren betearazketan eragina duten pronuntziamendu administratibo nahiz judizial guztiak ere (Auzitegiaren ardura diren guztiak) jakinarazi egin beharko dira.

12. Egintzaren betearazketa etenda egon denean, bide ekonomiko-administratiboa bukatu ondoren, bilketa organoek ez dituzte premiamendu bideko jarduketak hasiko edo berriro hasiko, harik eta administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jartzeko epea bukatu arte. Epe horretan interesatuak organo horri errekurtsoa jarriko duela jakinaraziz gero (eteteko eskabidea eginda eta kauzioa eskainita, zorraren ordainketa bermatzeko), prozedura geldiarazita edukiko da, harik eta administrazio bidean emandako bermearen indarraldia eta eraginkortasuna mantendu arte. Prozedura, organo judizialak hartzen duen erabakiaren arabera, jarraitu edo etenda geldituko da.

13. Tributu zorra sartzen denean (egindako erreklamazioa gaitziriztearen ondorioz), berandutze interesak ordaindu beharko dira, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 50.2.c) artikuluan ezarritako zenbatekoan, eteteak iraun duen denbora guztiari dagokionez.

14. Erregelamendu honen 71. artikuluan ezarri dena gorabehera, zorra ordaintzen denean (gainordainak, interesak eta kuotak ere barne, baita etetean sorturiko interesak ere), edo zorra sortu zuen egintzaren baliogabetzea erabakiz gero, bermea itzuli edo askatu eginen da.

Likidazioan gainordainak, interesak eta kuotaren beste elementu batzuk ezeztatzen direnean, bermeak ondoriozko zorraren ordainketara lotuta jarraituko du, baina horren ordez beste bat ezartzen ahal da, zor berria bakarrik estaltzeko.

46. artikulua. Eduki ekonomikoa duten egintzen berehalako etetea.

1. Aurkaraturiko administrazio egintzaren betearazketa berehala etenda geldituko da, interesatuak eskatu eta berme nahikoa aurkezten duenean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 148. artikuluan eta artikulu honetako arauetan ezarritakoaren arabera.

Hala eta guztiz ere, egintzen helburua interesatuak sartu behar duen tributu zorra edo zenbateko likidoa ez denean, erregelamendu honetako 48. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

2. Etete eskabidearekin batera, sorturiko bermea justifikatzen duten agiriak eta egindako aurkaratze ekonomiko-administratiboaren nahiz bertan errekurrituriko egintzaren kopia aurkeztu beharko dira; eskabide hori Bilketa Zerbitzura bidaliko da.

3. Eskabidean erreklamazioa dagoela egiaztatu eta berme nahikoa erantsiz gero, etetea eskabidea egin denetik aurrerakoa dela ulertuko da.

Emandako bermea nahikoa ez bada (bere izaera edo zenbatekoa artikulu honetan ezarritakoari ez egokitzearen ondorioz, edo eraginkorra izateko baldintzak ez betetzearen eraginez), interesatuari hamar eguneko epea emanen zaio, akatsak konpondu ahal izateko.

4. Aurreko idatz-zatiko bigarren paragrafoan ezarritako kasuan, Bilketa Zerbitzuak eteteari buruzko berariazko ebazpena hartuko du; ordura arte ezin izanen da aurkaratu den administrazio egintzaren betearazketarekin jarraitu.

Aurreko ebazpena edo, bestela, interesatuaren eskabidea Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralari jakinaraziko zaio, eta horrek jakinarazpena erreklamazio espedientean erantsiko du.

5. Etetea ukatzen duen ebazpenaren aurkako errekurtsoa jarri ahal izanen da, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralean.

6. Erreklamaziogileak berehalako etetea lortzeko eskaini behar duen bermea Nafarroako Foru Komunitateko Diruzaintzan gordeko da, eta gordailuaren frogagiri egokia emanen da; berme hori, berriz, honako hauetarikoren bat izanen da:

a) Eskudirutan edo balio publikoetan egindako gordailua. Zor publikoa denean, kasuan kasuko saldoa geldiarazteko ziurtagiria aurkeztuko da, egintza eman duen organoaren aldekoa.

b) Abal edo fidantza solidarioa, bankuak, aurrezki kutxak, kreditu kooperatibak edo elkarrekiko bermeko sozietateak emanda.

c) Fidantza pertsonala eta solidarioa, 500.000 pezetatik beherako zorretarako.

47. artikulua. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak eduki ekonomikoa duten egintzak etetea.

1. Interesatuak aurreko artikuluan aipaturiko bermeak aurkeztu ezin dituenean, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak aurkaratu den egintzaren betearazketa eten dezake, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 148. artikuluan eta artikulu honetako hurrengo idatz-zatietan ezarritakoaren arabera.

2. Etete eskabidea idatziz eginen da, berori eragin duen erreklamaziotik bereizita.

3. Interesatuak Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralera bidaliko du etete eskabidea; gainera, beharrezko alegazio guztiak eginen ditu, artikulu honetako 1. idatz-zatian adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta horretarako, bidezko agiri guztiak aurkeztuko ditu. Eskabidean ezin izanen da froga-eperik irekitzeko eskatu; halakorik egiten badu, eskabide hori ez da kontuan hartuko.

4. Eskabidean, ondo bereizitako paragrafoetan, eskaintzen den bermearen izaera, ezaugarriak, abala, deskribapen juridikoa eta, kasuaren arabera, deskribapen fisikoa, teknikoa, ekonomikoa eta kontabilitatekoa adieraziko dira; hori oso zehatz adieraziko da, inolako argibide, aldaketa edo handitzerik gabe aztertu eta, behar izanez gero, eratu ahal izateko.

Interesatuak adierazitakoa oinarritzen duten agiriak aurkeztu behar dira, batez ere enpresa nahiz profesional adituak eta independenteek egindako balorazioa, bermean eskainitako ondasunei buruzkoa.

Zenbait berme eskaintzen direnean, horietariko bakoitzari dagokionez, orain arte azaldutakoaren arabera jardungo da, horiek guztiz bereizita gelditzeko, pilaturikoak edo hautazkoak diren adieraziz. Besterik adierazi ezean, pilaturikoak direla ulertuko da. Hautazko izaeran eskaintzen badira, lehentasun hurrenkera adieraziko da. Horri dagokionez, azalpenean duten hurrenkerarekin bat datozela ulertuko da.

Interesatuak bermerik eskaini ezean, hori berariaz adierazi beharko du. Hala eta guztiz ere, eskabidean eskainitako bermeak adierazten ez direnean, Auzitegiak bermerik eskaintzen ez dela ulertuko du.

5. Auzitegiak, beste alde batetik, eskaini diren bermeen nahikotasunari eta egokitasunari buruzko informazioa emateko eskatu ahal izanen dio Bilketa Zerbitzuari. Azken horrek, berriz, Administrazioko beste zerbitzu tekniko batzuen aholkularitza eska dezake; bestela, kanpoko zerbitzuak kontratatuko ditu, eginkizun hori nahiko konplexua dela ikusten duenean.

Auzitegiak, halaber, kasuan kasuko zerbitzu juridikoei eskainitako bermearen nahikotasun juridikoari buruzko txostena eska dezake.

6. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak arrazoituriko ebazpena emanen du, etetea onartzeko edo ukatzeko, eta ebazpen hori interesatuari eta bilketa organoari jakinaraziko zaie.

7. Etetea onartzen duen ebazpenean, eratu beharreko bermea, hori eratzeko epea nahiz modua eta kasuan kasuko bilketa organoa adierazi beharko dira; bermearen eraketa organo horretan egiaztatu beharko da. Halako kasuetan, ebazpena baldintza etengarriz emanen da eta organo horrek berariazko erabakia hartu beharko du, eraturiko bermearekiko adostasuna adierazteko. Etetearen ondoreak, berriz, kasuan kasuko eskabidea aurkezten den egunetik hasiko dira.

8. Ebazpenak etetea ukatuko du, legezko baldintzak bete nahiz egiaztatzen ez direnean edo, beharrezkoak izanik, eskainitako bermeak juridiko zein ekonomikoki nahikoak ez direnean, etete egintzaren eraginkortasuna bermatzeko.

9. Etetea onartu osteko edozein unetan Auzitegiak eteterako beharrezko baldintzak betetzen ez direla pentsatzen badu, edo eskainitako bermeek etete egintzaren eraginkortasuna segurtatzen ez dutela pentsatuz gero, hori interesatuari jakinaraziko zaio; halakoetan, hori guztia zehaztu nahiz arrazoitu egin beharko da eta, gainera, horrek etetean duen eragina adieraziko da; azkenik, gutxienez hamar eguneko epea emanen zaio, bidezko alegazio eta frogagiri guztiak aurkezteko. Gero, Auzitegiak ebazpena eman eta kasu bakoitzaren araberako erabakia hartuko du:

a) Tramite hori artxibatzea.

b) Tramite hau oraindik ebazteko dagoen espedientean sartzea, etetea ukatzeari buruzko erabakia hartzean kontuan hartzeko.

c) Erabakitako etetea altxatzea.

d) Eskainitako bermeen aldaketa edo beste berme batzuen eraketa erabakitzea, 7. idatz-zatian adierazitakoaren arabera, epean egiaztatu ezean etetea altxatzeko erabakia eragingo duela ohartaraziz.

Etetea kasuan kasuko erabakia jakinarazten den egunean bertan geldituko da altxatuta. Etetea altxatzen denean, eskainitako bermea zorra eta bertan sorturiko interesak ordaindu direla egiaztatzen denean soilik indargabetuko dira.

48. artikulua. Beste administrazio egintza batzuen etetea.

1. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak, helburua tributu zorra edo likidaturiko zenbatekoa helburu ez duten administrazio egintzak aurkaratzen direnean (esate baterako, informazioa emateko edo beste lankidetza betebehar batzuk betetzeko administrazio eskabideak), betearaztea eteteko agindu ahal izanen du, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 148. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Prozeduraren tramitazioa eta ebazpena aurreko artikuluan adierazitakoaren arabera eginen da. Ebazpenaren bidez, beharrezko kautelazko neurri guztiak hartzeko agindua ematen ahal da, interes publikoaren babesa eta aurkaratu den ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko.

VI. KAPITULUA. Prozedura

1. atala. Hasiera

49. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboak egitea.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboa idatziz eginen da, hilabeteko epean, errekurrituriko egintza jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita edo, bestela, birjarpenezko errekurtsoa gaitziritzi eta biharamunetik zenbatzen hasita; hori Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralera bidali beharko da eta horren aurka egindakotzat hartuko da.

50. artikulua. Aurkezteko tokia.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren idazkia aurkezteko tokiak honako hauek izanen dira: Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorra, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala, aurkaraturiko egintza eman duen organoa eta, azkenik, administrazio prozedura arrunteko arau orokorrek eskabideak, idazkiak nahiz jakinarazpenak jasotzeko gaitu dituzten organoetako edozein egoitza zein erregistro.

Idazkia aurkaraturiko egintza eman duen organoan aurkeztuz gero, organo horrek Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralera bidaliko du (beste inolako tramiterik gabe), gehienez hamabost eguneko epean.

51. artikulua. Aurkaratze ekonomiko-administratiboaren edukia.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren idazkian, errekurtsogilearen izen-deiturak eta helbidea adierazi beharko dira, erreklamazioak egin ahal izateko; halaber, errekurtsoa egiteko tokia eta data ere adierazi beharko dira. Era berean, erreklamatzen den egintza edo erabakia ere aipatu behar da eta erreklamazioa, azkenik, errekurtsogileak edo horren ordezkariak sinatu beharko du.

2. Idazkian, zehatz eta banan-banan, erreklamazioa eragin duten egitateak eta erreklamazio hori euskarritzen duten oinarriak adieraziko dira; gainera, bai errekurrituriko egintza eta bai errekurtsogileak erreklamazioan aipatzen diren eskubideak justifikatzeko bidezko deritzen agiri guztiak ere jaso beharko dira, kasuan kasuko eskabidea argi eta zehatz eginez. Idazki horretan bertan interesatuak espedientea agerian jartzea eskatzen ahal du.

2. atala. Instrukzioa

52. artikulua. Akatsen zuzenketa.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratibo bakoitzarekin aurkezten den lehenengo idazkiak erregelamendu honek ezarritako baldintzak betetzen ez dituenean, Auzitegiko idazkariak hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko eskatuko dio interesatuari; halakorik egiten ez badu erreklamazioa gaitziritzi eta, beste tramiterik gabe, artxibatu eginen da. Jarduketen artxibatzeko erabakia Auzitegiko lehendakariak hartuko du.

2. Edozein unetan interesatuen egintzetariko batek beharrezko baldintzak betetzen ez dituela jotzen bada, Auzitegiko idazkariak egileari jakinaraziko dio; gainera, hamar eguneko epean kasuan kasuko akatsa edo hutsegitea zuzentzeko behar diren jarduketak egiteko eskatuko dio. Eskabide hori betetzen ez duten interesatuak beraien tramite eskubide gabe geratzen ahal dira, Auzitegiko lehendakariak hala erabakita, eta tramite hori gabe bideratuko da erreklamazioa.

53. artikulua. Espedientearen edo jarduketen erreklamazioak.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboa jaso ondoren, aurkaraturiko egintza eman duen organoari edo bulegoari horri buruzko espedientea edo jarduketak eskatuko zaizkio. Espediente horretan, aurkaraturiko administrazio egintza emateko kontuan hartu diren aurrekari, adierazpen eta agiri guztiak jasoko dira, baita kasuan kasuko organoaren txostena ere.

54. artikulua. Espedienterik ez egotea.

Aurkaraturiko egintza eman duen organoak edo bulegoak Auzitegiari espedientea edo egindako jarduketak bidali ezean, erreklamazio ekonomiko-administratiboa interesatuak aurkezturiko aurrekarien arabera ebatzi ahal izanen da.

55. artikulua. Froga. Agiri eta txosten eskabidea.

1. Prozedura ebazteko egitate garrantzitsuak egiaztatzeko, zuzenbidean onargarria den edozein froga bide erabiltzen ahal da; egitate horiek zuzenbidearen arau orokorrak arautuko dituzte, frogaren zamari eta horren balioztatzeari dagokionez.

2. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak erreklamazio ekonomiko-administratiboak ebazteko beharrezkoak diren agiri osagarri guztiak eskatu ahal izanen dizkie interesatuari edo gainontzekoei. Eskabide horri bost eguneko epean erantzun egokirik eman ezean erreklamazio ekonomiko-administratiboa ordura arteko agiriak aztertuta ebatziko da. Aurkezturiko agiriak interesatuari bidaliko zaizkio, hamar eguneko epean bere interesak defendatzeko alegazio guztiak egin ditzan.

3. Halaber, aurkaraturiko egintza eman duen organoari edo bulegoari, Foru Komunitateko Administrazioari eta beste erakunde publiko batzuei, erreklamazio ekonomiko-administratiboak ebazteko behar diren aurrekari, txosten tekniko edo jarduketa guztiak eskatu ahal izanen dizkie.

56. artikulua. Txoten eskabidea adostasun aktei buruzko erreklamazioetan.

Erreklamazioa Tributu Ikuskapenak bideraturiko adostasun akten ondoriozko likidazioei buruzkoa denean, Auzitegiak erreklamazio hori Tributu Ikuskapeneko Zerbitzura bidaliko du, Zerbitzu zuzendariak kasuan kasuko txosten azaltzailea eman dezan, bi hilabeteko epean; azken horrek interesatuei txostena egiteko behar diren aurrekariak, agiriak eta liburuak (aurretiaz aztertutakoak) eskatu ahal izanen dizkie. Txosten azaltzaile hori interesatuei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epean bidezko deritzen alegazio guztiak egin ditzaten.

Erreklamazioa zehapen espedienteak bideratzearen ondoriozko egintzei buruzkoa denean ere gauza bera eginen da, baldin eta interesatuak organo eskudunaren proposamenarekiko adostasuna ematen badu.

3. atala. Bukaera

57. artikulua. Ebazpen-proposamena.

1. Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren gehieneko iraupena urtebetekoa izanen da eta horren bukaera ebazpen-proposamena izanen da. Proposamen horren emaitza ondoko zerrendako bat izanen da:

a) Erreklamazioa ez onartzea.

b) Erreklamazioa erabat edo zati baten onestea, aurkaratu den egintza zuzenbidearen aurkakoa dela adieraztea eta erabat edo zati baten deuseztatzea. Hala denean, erreklamazioaren xedea izan den egintza zuzenbideari egokitzeko hartu behar diren neurriak zehatuko ditu.

c) Erreklamazioa ezestea.

d) Jarduketak artxibatzea, erreklamaziogilearen asmoak asetu direlako, interesatuak etsi egin duelako edo uko egin diolako, edo beste edozein arrazoi dela medio.

2. Emandako ebazpen-proposamenetan, epaiaren edo xedapenaren egitatezko eta zuzenbidezko oinarriak jaso beharko dira; horietan interesatuek planteaturiko eta espedientean sorturiko gai guztiak ebatziko dira, beraiek sustaturikoak izan nahiz ez izan. Bigarren kasu horretan aurrez entzun behar dutena entzungo zaie. Dena den, ebazpen-proposamena hark formulatu dituen eskabideen araberakoa izanen da eta ezin da inoiz hasierako egoera gogortu edo gainditu.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritako epea igarotakoan, interesatuak erreklamazioa gaitziritzitzat jo dezake, bidezko errekurtsoa jarri ahal izateko, eta horren epea erreklamazioa gaitzirizten den egunaren biharamunetik hasiko da zenbatzen.

4. Erreklamazioa oso-osorik edo alderdi batzuetan onartzearen ondorioz sartu diren zenbatekoak itzuli behar dituenean, interesatuak berandutze interesa kobratzeko eskubidea izanen du, sarrera egin zenetik dagokion interesa, eta horren zenbatekoa Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 50.2.c) artikuluan ezarritakoa izanen da.

58. artikulua. Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren onartezintasuna.

1. Honako kasu hauetan, ebazpen-proposamenak erreklamazio ekonomiko-administratiboaren onartezintasuna adieraziko du:

a) Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak eskumenik ez duenean.

b) Gaitasun edo legitimazio baldintzak betetzen ez direnean.

c) Lehenagokoak diren behin betiko egintza irmoen aurka jartzen denean, baita onarturiko egintzak berresten dituztenen aurka jartzen denean ere, horiek epe eta modu egokian ez errekurritzearen eraginez.

d) Epaituriko gauzari buruzkoa denean.

e) Erreklamazioa jartzeko epea igarotzen denean.

f) Errekurtsogileak birjarpenezko hautazko errekurtsoa jartzen duenean, haren berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzearen kalterik gabe. Kasu horretan, aurkaraturiko egintza eman duen organoak Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralari birjarpenezko errekurtso hori jartzearen berri eman beharko dio berehala.

g) Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren helburua aurkaratu ezin den egintzaren bat denean.

2. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralak, erreklamazio ekonomiko-administratiboa ez onartzeko, ez du inolako tramiterik beharko, birjarpenezko idazkitik eta aurkezturiko agirietatik eskumenik ez duela argi eta garbi adierazten denean edo egintza aurkaratzeko modukoa ez denean.

59. artikulua. Bukatzeko beste modu batzuk.

Honako honek ere bukaera emanen dio prozedura ekonomiko-administratiboari:

a) Erreklamazioaren oinarria den eskubideari uko egitea.

b) Erreklamazio ekonomiko-administratiboa gaitziriztea, hori egiaztatzeko aukera ematen duen edozein bide erabiliz eta prozedurako edozein unetan.

c) Eskabidearen iraungitasuna.

d) Administrazioak erreklamazioaren bidez lortu nahi dena onestea.

60. artikulua. Jakinarazpenak.

Interesatuengan eragin zuzena izan edo erreklamazio ekonomiko-administratiboari bukaera ematen dioten egintza guztiak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 99. artikuluan adierazitako moduan eta epeetan jakinaraziko dira.

61. artikulua. Nafarroako Gobernuaren erabakiak betearaztea.

1. Erabakiak adierazpenetan ezarri dena zurrun betez betearaziko dira.

2. Baldin eta interesatuak uste badu betearazi behar diren egintza horiek ez datozela ebatzitakoarekin bat, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foralera jotzen ahal du erakunde horrek hurrengo bost egunen barruan neurri egokiak har ditzan.

3. Betearazteko egintzak ebatzi gabe dauden arazoak sortzen baldin baditu bide ekonomiko-administratibotik aurkaratzen ahal da, gai berri horiei dagokienez.

III. TITULUA. BERRIKUSPENEZKO ERREKURTSOA

62. artikulua. Berrikuspenezko aparteko errekurtsoa.

Berrikuspenezko aparteko errekurtsoa araubide juridikoari eta guztiendako administrazio prozedurari buruzko legeriak ezarritako araubidearen arabera jarriko da.

IV. TITULUA. BERMEEN KOSTUAREN ITZULKETA ETA HORIEN MURRIZKETA PROPORTZILA

I. KAPITULUA. Itzulketaren zenbatekoa

63. artikulua. Eremua.

Tributu Administrazioak, horren zenbatekoa egiaztatu ondoren, zerga zor baten betearazketa eteteko eskainitako bermeen kostua itzuliko du, baldin eta administrazio epai edo ebazpen batek hori bidezkoa ez dela adierazi eta adierazpen ori irmoa bada.

Horretarako, bidezkoa ez den zorra likidatzeko egintza eman duen Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu edo erakunde autonomoak itzulketa hori egin beharko du.

Tributu zorren betearazketa eteteko eskainitako bermeen kostuen itzulketa, beste alde batetik, hori formalizatzeko, mantentzeko eta likidatzeko kostuetaraino iritsiko da, titulu honetan adierazitakoaren arabera.

Administrazio epai edo ebazpen batek tributu zorra bidezkoa ez dela adierazi eta adierazpen hori irmoa denean, itzulketa kasuan kasuko bermeen kostuari dagokion zatiaren araberakoa izanen da.

Titulu honetan ezarritako prozedura lehen aipaturiko kostuen itzulketara mugatuko da; hala eta guztiz ere, zergadunak (bidezko baderitzo), beste kostu edo kontzeptu batzuei dagokienez, ondare erantzukizuneko prozedura eskatu ahal izanen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen X. tituluan ezarritako prozedura, horretarako ezarritako baldintzak betetzen direnean.

64. artikulua. Itzulketa jasoko duten bermeak.

Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, titulu honetan jasotako itzulketa eskubidea jasoko duten bermeak indarreko erregelamenduaren arabera emandakoak izanen dira; bermeok, gainera, tributu zorren betearazketa eteteko onartuta egonen dira, eta ondoren adierazitakoak dira:

a) Kreditu erakundeek eta elkarrekiko bermeko sozietateek emandako abalak.

b) Higigarrien eta higiezinen hipotekak.

c) Lekualdaketadun nahiz lekualdaketarik gabeko bahiak.

d) Administrazioak edo Epaitegiek onarturiko beste edozein.

65. artikulua. Emandako bermeen kostua zehaztea.

1. Horien itzulketa egiteko, lehen aipaturiko bermeen kostuaren barruan honako zenbateko hauek sartuko dira:

a) Abaletan, kreditu erakundeari edo elkarrekiko bermeko sozietateari abala formalizatzeko, mantentzeko eta kitatzeko komisioen nahiz gastuen ondorioz ordaindutakoak, baldin eta horiek interesatuari kasuan kasuko ebazpena edo epaia jakinarazi eta hurrengo hogeita hamar egunetara arte sortutakoak badira.

b) Aurreko artikuluan aipaturiko hipoteketan eta bahietan:

1. Fede-emaile publikoak esku hartzearen ondoriozko gastuak.

2. Erregistroko gastuak.

3. Bermea eratzetik edo kitatzetik zuzen-zuzen sorturiko zergak.

4. Bermean eskainitako ondasunen tasazioaren edo balorazioaren eraginezko gastuak, erregelamendu honetako 47.4 artikuluan aipaturikoak.

c) Eskudirutan egindako gordailuetan, gordailu horiek erregelamendu aplikagarriaren arabera eraturik daudenean, gordetako zenbatekoei dagokien legezko interesa, gordailua eratzeko epetik nahiz epeetatik hasi eta interesatuari kasuan kasuko ebazpena edo epaia jakinaraztearen hurrengo hogeita hamar egunetara arteko epean.

d) Tributu Administrazioak edo bermeen auzitegiek beste berme batzuk onartzen dituztenean, horiek formalizatzeko, mantentzeko eta kitatzeko egiaztatu diren kostuak.

2. Administrazioak, berari egozteko moduko kariren baten ondorioz, bermea lehen aipaturiko epeetan itzuli edo kitatzen ez badu, epe horiek luzatu eginen da, harik eta itzultzeko edo kitatzeko agindua gertatu arte.

II. KAPITULUA. Emandako bermeen kostua itzultzeko prozedura

66. artikulua. Organo eskudunak.

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak likidaturiko tributu zorrak eteteko emandako bermeen kostua itzultzea erabakitzeko organo eskuduna Bilketa Zerbitzuko zuzendaria da.

Horretarako, prozedura tramitatzeko eta ebazpen-proposamena Bilketa Zerbitzuko zuzendariari tramitatzeko organo eskuduna Prozedura Berezien Departamentuko burua izanen da.

2. Bermeen kostuaren itzulketa Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu edo erakunde autonomo batzuek likidaturiko tributu zorrak etetearen ondorioz sortu bada, kasuan kasuko likidazio organoek itzulketa erabakitzeko eta tramitatzeko eskumena edukiko dute.

67. artikulua. Hasiera.

1. Prozedura interesatuak eskatuta hasiko da; horretarako, organo eskudunari idazkia bidali beharko dio, prozedura aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera tramitatzeko, eta idazkian honako hau adierazi beharko da:

a) Izen-deiturak edo sozietatearen izena eta interesatuaren edo horren ordezkariaren identifikazio fiskalaren zenbakia, baita helbidea ere, jakinarazpenak egiteko.

b) Eskabidea zehazten duten egitateak, arrazoiak eta eskaera, argi eta garbi adierazita.

c) Tokia eta data.

d) Eskatzailearen sinadura edo berariazko borondatea benetakoa izatearen ziurtagiria, edozein bide erabiliz.

e) Zein organori zuzentzen zaion.

2. Itzulketa eskabidearekin batera, honako datu edo agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Ebazpen administratiboaren edo judizialaren kopia; horren bitartez, etendako administrazio egintza bidezkoa ez dela (oso-osorik edo alderdi batzuetan) adierazi beharko da, eta horren irmotasuna aipatuko da.

b) Itzulketa eskabidea oinarritzen duten bermeen kostuaren zenbatekoa. Abalak direnean, abala eman duen kreditu erakundeak edo elkarrekiko bermeko sozietateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da; bertan, erakunde horri abala ematearen, mantentzearen eta kitatzearen eraginez ordaindutako zenbatekoak adierazi beharko dira, baita abalaturiko zenbatekoa eta aurkezturiko abalaren kopia ere. Erregelamendu honetako 64. artikuluan aipaturiko gainerako bermeei dagokienez, erregalamendu honetako 65. artikuluko 1. idatz-zatiko b) eta d) letretan aipaturiko gastuen ordainketa egiaztatu beharko da, eta manu horretako c) letran aipaturiko gordailua eratzeko epea ere bai.

c) Itzulketa egiteko aukeratu den bidearen berariazko adierazpena; honako hauek aukeratu ahal izanen dira:

1. Bankuko transferentzia, kontuko kode zenbakia eta kreditu erakundea nahiz bankua identifikatzeko datuak adieraziz.

2. Bilketari buruzko erregelamenduan ezarritakoaren araberako konpentsazioa.

68. artikulua. Instrukzioa.

1. Prozedura bideratzen duen organoak beharrezko jarduketa guztiak egin ahal izanen ditu, eskaturiko itzulketaren jatorria egiaztatzeko, eta beharrezko txosten edo jarduketa guztiak eskatu ahal izanen ditu.

2. Eskabidean aurreko artikuluko 1. idatz-zatian adierazitako datuak adierazten ez badira, edo bertako 2. idatz-zatiko b) nahiz c) letretan ezarritako agiriak erantsi ezean, tramitaziorako organo eskudunak interesatuari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko eskatuko dio; aditzera emanen dio, halakorik egin ezean, eskabidea onartu ez eta artxibatu eginen dela. Hala eta guztiz ere, interesatuak Administrazioari uko egite hori egin dela adierazteko eskatuz gero, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritako zuzentze-epea luzatu egiten ahal da, interesatuak eskatuz gero edo instrukzioa egin duen organoaren ekimenez, baldin eta eskaturiko agiriak aurkezteko arazo handiak badaude.

4. Jarduketak amaitu ondoren, instrukzio organoak, ebazpen-proposamena idatzi baino lehen, interesatuari entzunaldia emanen dio, bere eskubidearen araberako alegazio guztiak egiteko aukera izan dezan.

Hala eta guztiz ere, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 86. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, entzunaldi tramitea ez da beharrezkoa izanen, baldin eta interesatuak adierazitakoak baino beste alegazio, egitate edo frogarik prozeduran agertu ez eta kontuan hartu behar ez badira.

69. artikulua. Ebazpena.

1. Organo eskudunak ebazpena eman eta, gehienez jota, sei hilabeteko epean jakinaraziko du, interesatuaren eskabide idazkia Administrazioaren bulegoetan sartu denetik zenbatzen hasita.

2. Garaturiko instrukzio egintzen ondorioz eskainitako bermearen kostua itzultzea bidezkoa izanez gero, erregelamendu honetako 67. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letran jasotako zenbatekoen itzulketa erabakiko da, horiek behar bezala egiaztatu eta oso-osorik nahiz alderdi batzuetan ez-bidezkotzat adierazi den zorra eteteari dagozkionean.

Alderdi batzuei buruzkoa denean, itzulketa ez-bidezkotzat adierazi den zor zatiaren kostuaren zenbatekoari egokituko zaio.

3. Epea igaro ondoren ebazpenik eman ez bada, eskabidea ez-onartutzat hartzen ahal da, eta ustezko ebazpenaren aurkako errekurtsoa edo erreklamazioa jarri ahal izanen da. Epea igaro osteko berariazko ebazpena, bestalde, Administrazioak isiltasunaren esanahiarekiko inolako loturarik gabe hartuko du.

4. Prozedura honi bukaera ematen dion ebazpenaren aurkako erreklamazioa egiten ahal da, bide ekonomiko-administratiboan, birjarpenezko errekurtsoa jarri ondoren, interesatuak halakorik jartzea erabakitzen duenean.

70. artikulua. Betearazpena.

Eskainitako bermearen kostua itzultzeko eskubidea onartzen duen ebazpena eman ondoren, hamabost eguneko gehieneko epea egonen da (ebazpena ematen denetik zenbatzen hasita) pertsona edo erakunde hartzekodunaren aldeko ordainketa agindu egokia emateko, horrek ordainketa egiteko aukeratu duen eran, erregelamendu honetako 67. artikuluko 2. idatz-zatiko c) letran ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA. Bermeen murrizketa proportzionala

71. artikulua. Bermeen murrizketa proportzionala.

Jarritako errekurtsoaren edo erreklamazioaren alderdi batzuk kontuan hartzen direnean, administrazio epaia edo ebazpena irmoa izan arte, zergadunak (halakorik eskatzen duenean) emandako bermearen murrizketa proportzionalerako eskubidea edukiko du; dena den, lehengo bermea horren ondoriozko zorra ordaintzeari lotuta egonen da, eta indarrean jarraituko du, harik eta ondoriozko zor horren zenbatekoa estaltzen duen berme berria formalizatu arte.

Eskainitako bermeak murrizteko edo ordezteko, kudeaketa organoak (hilabeteko epean, interesatuak eskabidea aurkezten duenetik zenbatzen hasita) kasuan kasuko errekurtsoa edo erreklamazioa ebaztearen ondoriozko likidazioa eginen du; likidazio hori baliozkoa izanen da bidezko murrizketaren eta, horrenbestez, ondoriozko bermearen zenbatekoa zehazteko.

Etetea erabaki duten organoek bermea ordezteko eskumena izanen dute.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa