(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

268/2009 FORU AGINDUA

268/2009 FORU AGINDUA, EKAINAREN 8KOA, BERRIKUNTZA, ENPRESA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, ZAILTASUNAK DITUZTEN ENPRESENDAKO LAGUNTZEN ARAUBIDEA EZARTZEN DUENA

(2009ko 73. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 15ean)

Atarikoa

Irailaren 10eko 185/2007 Foru Aginduaren bidez, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzko ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legea arlo horren gainean indarra duten Europar Batasuneko jarraibideetara egokitzeko arauak eman ziren (2004ko 244. Egunkari Ofiziala, urriaren 1ekoa).

Foru dekretu haren bigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, industria arloan eskumena duen departamentuak zailtasunak dituzten enpresei laguntzak ematen ahalko dizkie, haien zenbatekoak, diru-laguntza gordinaren baliokidean neurturik, "de minimis" laguntzatzat jotzeko ezarririko mugak gainditzen ez baditu eta laguntza mota horretan sarturik ez dauden sektore edo jardueretarako erabiltzen badira. Hori guztia Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduarekin eta, hala bada, Batzordearen urriaren 6ko 1869/2004 (EE) Erregelamenduarekin bat. 1998/2006 (EE) Erregelamenduak "de minimis" laguntzei buruzko EE Ituneko 87. eta 88. artikuluak ukitzen ditu eta 1869/2004 (EE) Erregelamendua nekazaritza eta arrantza sektoreetako "de minimis" laguntzei buruzkoa da.

Foru agindu honen xedea xedapen gehigarri hartan xedaturikoa garatzea eta zailtasunak dituzten enpresei laguntzak emateko araubidea onestea da, Batzordearen 1998/2006 EE Erregelamendu harekin bat. Laguntza horiek "de minimis" laguntzak dira.

Nafarroako Gobernuak, 2009ko ekainaren 1eko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazio araubidean banatzeko baimena eman zuen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak xedatzen duenarekin bat, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Laguntzen onura publikoko helburua zailtasunak dituen enpresatzat joak izateko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako enpresei bideragarritasun tekniko eta ekonomikora itzultzeko sostengua ematea da.

2. artikulua. Onuradunak.

Onuraduna izateko, betebehar hauek bete beharko dira:

a) Enpresa Nafarroan kokaturik egotea eta jarduera ekonomikoa Nafarroan burutzea. Jarduera ekonomikoen gaineko zergako altaren edo hori ordezten duen agiriaren kopiaren bidez frogatuko da.

b) "Zailtasunak dituen enpresatzat" joa izatea, alegia, normaltasunez aritzeko behar dituen eragiketei aurka egiten uzten ez dion egoera finantzario larri-larri batean egotea, eta krisian dagoen enpresatzat joa izateko inguruabar batean ez egotea. Inguruabar horiek Krisian dauden Enpresak Salbatu eta Berregituratzeko Laguntzei buruzko ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legea arlo horretan indarra duten Europar Batasuneko zuzentarauetara egokitzeko arauak ematen dituen irailaren 10eko 185/2007 Foru Dekretuaren bidez ezarri dira.

c) Enpresaren egoera gainditzeko neurri zehatzen programa onartzea. Neurri horiek kasuan-kasuan, laguntzen eskabidearekin batera doan bideragarritasun planean edo memorian biltzen dira.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren orotariko betebeharrak, 2. idatz-zatiko b) eta e) letretan aipatzen direnak izan ezik, onuradunen ezaugarri bereziengatik salbuesten baitira. Orotariko betebeharrak eskabideko "erantzukizuneko aitorpen" baten bidez frogatuko dira.

3. artikulua. Laguntza motak.

Zailtasunak dituzten enpresek laguntza hauetariko baten bat hartzen ahalko dute:

1. Mailegua, interes tasaren %50eko hobariaz, gehienez ere. Interes hori honela kalkulatuko da: erreferentziako oinarri tasari enpresaren kalifikazio kategoriaren arabera aurreikusten diren marjinak eta maileguaren kolaterizazio mailari gehituko zaizkio. Horiek Batzordeak erreferentziako tasak finkatu eta eguneratzeko metodoa berrikusteko eman zuen komunikazioan ezartzen dira (2008ko 14. EO, urtarrilaren 19koa).

Hasiera batean, gehienez ere 500.000 euroko mailegua emanen da, 6 hilabetean itzuli beharrekoa. Bideragarritasun plana onetsi ondoren, gehienez ere 10 urteko epe baterako mailegua ematen ahalko da, hasierako mailegua xurgatuko duena.

Laguntza horiek bermatzeko, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak bermeak eskatzen ahalko ditu, mailegu gisa emaniko kopurua, osorik edo hein batean, estaltzen dutenak.

2. Enpresak kanpoko aholkulariei pagatu behar dien bideragarritasun planaren kostuaren %80ko diru-laguntza gehienez, 30.000 euro bitarte.

4. artikulua. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea Enpresako zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez onetsiko duen urteroko deialdian aipatzen den egunean hasiko da.

Eskaerak, www.navarra.es web orriko laguntzen fitxan lortzen ahal den ereduaren arabera, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (helbidea: Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Jarduera ekonomikoen gaineko zergako altaren edo hori ordezten duen agiriaren kopia.

b) Azken bi ekitaldietako kontu ikuskatuak edo sozietateen gaineko zerga eta eskaera aurkezten den eguneko egoera balantzea.

c) Bideragarritasun plana, prestatu bada.

d) Honako puntu hauek, gutxienez, dauzkan memoria:

-Enpresaren jarduera, langile kopurua, enpresaren ibilbidea, gaur egungo egoeraren zergatikoak eta enpresak egoera hori gainditzeko harturiko neurriak.

-Hurrengo sei hilabeteetarako diruzaintza plana.

-Eskaturiko kopuruaren justifikazioa: ordainketa iraungietarako fakturak, nominak edo antzeko balioa daukaten bestelako frogagiriak aurkeztu beharko dira, merkataritzan eta legerian balio dutenak.

e) Bermeak: Jabetza Erregistroan inskribatzen ahal diren ondasun higiezinak izanez gero, ohar informatibo soil bat eta haien tasazioa aurkeztu beharko dira.

3. Eskaera osorik ez badago edo ezarririko betebeharrak betetzen ez baditu, enpresari eskatuko zaio zuzen dezala eta adieraziko, ezarririko epean egin ezik, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.

5. artikulua. Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntza hauen zenbatekoa zehazteko balorazio irizpideak honako hauek izanen dira:

a) Bideragarritasun planeko koherentzia eta gauzatzeko aukerak.

b) Emaniko laguntzen eta enpresak eginiko ahaleginen arteko proportzionaltasuna.

c) Enpresaren egoeraren ondorioz gizarteari eragiten ahalko zaizkion kalteak.

2. Laguntza hauen kontzesioa banakako ebaluazio araubidean tramitatuko da. Beraz, eskaerak irizpide horiei jarraituz ebaluatu eta laguntzak ebaluazio horren ondoriozko trinkotasunaz esleituko dira.

Espedienteak eskaerak aurkezten direneko hurrenkerari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako dirua dagoeino. Deialdi bakoitzerako aurrekontuak agortzen badira, eskaerak ezetsi eginen dira.

6. artikulua. Laguntzen kontzesioa.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurkezturiko agiriak aztertuko ditu. Enpresari eskatzen ahalko dio komenigarritzat jotzen dituen bestelako datu edo argibideak aurkez ditzala, behar bezala aztertu eta espedientea ebazteko. Enpresak eskaera horri behar den epean kasu eman ezik, ebazpen bat emanen da, eskaturiko laguntzak ukatuko dituena.

Eskabideak ebaluatu ondoren, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntzak kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresako zuzendari nagusiak izanen du laguntzak emateari eta, bidezkoa bada, ordaintzeari buruz ebazteko eskumena. Ebatzi eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. artikulua. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Bideragarritasun planaren kostuaren diru-laguntza fakturen eta ordainagirien bidez frogatu beharko da, laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean.

Bideragarritasun planaren kostua 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, eskabideko erantzukizuneko aitorpena beteko du.

Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek bideragarritasun planaren kostuaren diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

Laguntza emateko ebazpenean ezarririko moduan eta epean hala justifikatu ezik, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntzaren xede diren ekintza eta eginkizunak egitea, harturiko funtsak horretan erabiliz.

b) Laguntzak emateko ebazpenean enpresaren geroko bideragarritasuna eta onarturiko funtsen aplikazio zuzena bermatzeko ezarririko baldintzak betetzea.

c) Orokorki, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizunak.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako laguntzen zenbatekoa berriro ere finkatzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, hala bada, dagokion zenbatekoa itzultzeko agindu.

Emandako laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

9. artikulua. Diru-laguntzen bateragarritasuna eta "de minimis" diru-laguntzen izaera.

1. Foru agindu honen xede diren laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste diru-laguntza batzuekin.

Horrelakoetan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

2. Foru agindu honetako laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 EE Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko edozein alditan. Horretarako, onuradunek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko beste "de minimis" laguntzak adierazi beharko dituzte, eskabideko erantzukizuneko aitorpenaren bidez.

10. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, honako kontu hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Xedapen gehigarri bakarra. Urteroko deialdia.

Enpresako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, foru agindu honetan arauturiko zailtasunak dituzten enpresendako laguntzei dagokien urtean urteko deialdia onetsiko du.

Ebazpen horretan urtean urteko deialdiari dagokion gastua baimendu eta eskaerak aurkezteko epea ezarriko da.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa