(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

488/2009 Foru Agindua, azaroaren 10ekoa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, enpresei inbertsiorako emanen zaizkien laguntzen araubidea ezartzen duena

(2009ko 144. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 23an)

Atarikoa

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen osoa ematen dio Nafarroan jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko, jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin, haren antolaketarekin eta Estatuko diru, kreditu, banku eta aseguru alorretako politikarekin bat. Horrenbestez, Foru Komunitateak eta Administrazioak zilegi dute xede horretarako neurriak hartu eta jarduketak garatzea.

Nafarroako hainbat udalerrik jaso ditzakete eskualde xedeko laguntzak, Espainiako eskualdeko laguntzen mapa berriaren arabera. Europako Batzordeak 2007-2013 aldirako mapa hori baimendu zuen 2006ko abenduaren 20ko Erabakiaren bitartez.

Europako Batzordeak abuztuaren 6ko 800/2008 (EE) Erregelamendua onetsi zuen. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteari buruzko erregelamendu orokorra). Bertan sartzen dira inbertsiorako eta enplegurako eskualde mailako laguntzak eta enpresa txiki eta ertainen aldeko inbertsiorako eta enplegurako laguntzak.

Une egokia da enpresen inbertsiorako laguntzen araubide berria egiteko, bai eskualdeko laguntzen mapan dauden enpresentzat eta bai mapa horretatik kanpoko ETEentzat ere, 800/2008 (EE) Erregelamendu horren esparruan.

Nafarroako Gobernuak, 2009ko ekainaren 1eko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazio araubidean banatzeko baimena eman zuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak xedatzen duenarekin bat, agindu dut:

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da enpresei inbertsiorako emanen zaizkien laguntzen araubidea ezartzea, Batzordeak abuztuaren 6an emandako 800/2008 (EE) Erregelamenduaren esparruan. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra, aurrerantzean RGEC; 2008ko abuztuaren 9ko EEAO, 214 zk.).

Eskualdeko laguntzen mapan sartutako udalerriak eta mapatik kanpo utzi direnak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. artikulua. Onuradunak.

1. Laguntza araubide honen onuradun izan daitezke Nafarroan kokaturiko enpresak, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzen badituzte.

2. Enpresako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez zehaztuko da zein jarduerek jasotzen ahalko duten Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren diru-laguntza, horren eskumenen esparruan.

3. Foru agindu honen ondorioetarako, RGEC erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoa izanen da ETEen definizioa.

4. Europar Batasunak berariaz araututako sektore bateko enpresen kasuan, laguntza araubide hau aplikatzen ahalko da, bakar-bakarrik, arau haiekin bateragarria den kasuetan.

5. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan:

-Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mendeko enpresak, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.

-Krisian dauden enpresak, RGEC erregelamenduaren 1.7 artikuluko definizioaren arabera.

3. artikulua. Laguntzaren xede izan daitezkeen proiektuak.

1. Nafarroan kokatutako aktibo material eta ez-materialetan inbertsioak egiteko proiektuek laguntzak lor ditzakete, honako zeregin hauetarako badira:

a) Establezimendu berri bat sortzea.

b) Establezimendu bat handitzea.

c) Establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.

d) Establezimendu bateko ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea.

e) Establezimendu bati zuzenean lotutako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta establezimendua itxi egin bada, edo eskuratu ez balitz itxiko zatekeen establezimendu bat bada, eta aktiboen eskuratzailea inbertsore independente bat bada. Azken baldintza horretatik kanpo dago enpresa txiki bat jatorrizko jabearen edo jabeen familiaren alde edo enplegatu izandakoen alde eskualdatzea.

2. Ordezte inbertsioek aurreko ataleko baldintzetakoren bat bete beharko dute laguntza jaso ahal izateko.

4. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen kostuak.

1. Diru-laguntza jaso dezaketen kostuak aktibo material eta ez-materialetan inbertitzekoak dira.

"Aktibo materialak" lurrei, ekoizpenari loturiko eraikinei, instalazioei, makinei eta ekipoei dagozkienak dira.

"Aktibo ez-materialak" teknologia eskualdatzekoak dira, patenteetarako eskubideak, lizentziak, know-how edo ezagutza tekniko patentatugabeak eskuratuz horretarako.

2. Aktibo materialen kostuen zenbatekoa zehazterakoan ondokoa hartuko da kontuan:

a) Leasing-aren bidez finantzatuta eskuratutako aktiboak diru-laguntzaren xede izan daitezke, baldin eta enpresak ondasuna erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa hartzen badu eta, gainera, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik ordaintzen bada.

b) Establezimendua handitzeko lekuz aldatu behar denean, diruz laguntzen ahal den gastutzat joko da lurretan eta eraikinetan egitekoa den inbertsioaren kostuaren eta lekuz aldatuko ez diren zaharren balioaren arteko aldea, desokupatutako ondasun higiezinak enpresarenak izan edo bertako bazkideenak izan.

Tekniko independente batek eginen du balorazioa eta kasuan kasuko elkargo ofizialak ikus-onetsirik aurkeztuko da. Aktibo horiek laguntzak ordaindu baino lehen saldu badira, kendu beharreko dirua salerosketako eskritura publikoan agertzen den prezioa izanen da.

c) Establezimendu bat eskuratuz gero, aktiboak hirugarrenei erostearen kostuak soilik hartuko dira kontuan, betiere eragiketa merkatuaren baldintzetan egiten bada eta aktibo horiek diru-laguntzarik jaso ez badute. Eskurapena hasiera bateko beste inbertsio batzuekin osatzen denean, kostu horiek eskuratzearen kostuei gehituko zaizkie.

d) Enpresa handiek eskuratzen dituzten aktiboak berriak izanen dira, non ez den establezimendu bat eskuratzen.

e) Logistikako jardueretan aritzen diren enpresen kasuan, garraiorako baliabideak eta ekipamenduak eskuratzeko gastua ez da diruz lagunduko.

f) Ez da diru-laguntzarik emanen laguntzak eskatzen dituen enpresak berak bere ibilgeturako egiten dituen lanetarako.

3. Aktibo ez-materialetan inbertitzearen kostu guztiak izaten ahalko dira diru-laguntzen xede, baldin eta enpresa onuraduna enpresa txikia edo ertaina bada. Enpresa handien kasuan, kostu horiek diru-laguntzaren xede izaten ahalko dira, baina diru-laguntza jaso dezaketen proiektuko gastu guztien %50 arte gehienez.

Aktibo ez-materialek baldintza hauek bete beharko dituzte diru-laguntzaren xede izateko:

a) Laguntza hartzen duen establezimenduan soilik erabiliko dira.

b) Aktibo amortizagarritzat joko dira.

c) Hirugarrenengandik eskuratuko dira merkatuko baldintzetan, eta eskuratzaileak ez du saltzailearen gaineko kontrola gauzatzeko moduan egon behar, edo alderantziz, Kontseiluak enpresen arteko kontzentrazioen kontrolari buruz 2004ko urtarrilaren 20an emandako 139/2004 (EE) Erregelamenduaren 3. artikuluari jarraikiz.

d) Enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta laguntza jaso duen establezimenduan egon bost urtez gutxienez edo, ETEen kasuan, hiru urtez.

5. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

1. Enpresei inbertsiorako emanen zaizkien laguntzen zenbatekoa, eskualdeko laguntzen mapan 2007-2013 aldirako ezarritako eremuen arabera, honako hau izanen da:

a) Eskualdeko laguntzen mapan sartutako eremua: laguntzen gehieneko muga, diruz laguntzen ahal diren gastuen gaineko portzentaje baten bidez neurtua, diru-laguntza gordinaren %10ekoa izanen da.

Gehieneko muga hori diru-laguntza gordinaren %20 handitzen ahalko da enpresa txikiei emandako laguntzen kasuan, eta %10 enpresa ertainei emandako laguntzen kasuan, inbertsio proiektu handiei emandako laguntzak izan ezik.

b) Eskualdeko laguntzen mapan sartuta ez dagoen eremua: laguntzen gehieneko mugak, diruz laguntzen ahal diren gastuen gaineko portzentaje baten bidez neurtuak, diru-laguntza gordinaren %20koak izanen dira enpresa txikien kasuan, eta diru-laguntza gordinaren %10ekoak enpresa ertainen kasuan.

2. Laguntzen gehieneko mugen onuradun izanen dira minusbalioak dituztenentzako enplegua sortzen aritzen diren entitateak, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak ekainaren 8an emandako 268/2009 Foru Aginduan ezarritako laguntzak jasotzen ahal dituzten enpresak. Agindu horren bidez, zailtasunak dituzten enpresei laguntzak emateko araubidea ezarri zen.

6. artikulua. Banakako jakinarazpenaren atalaseak.

1. RGEC-a ez zaie aplikatuko ETEen aldeko inbertsiorako banakako laguntzei, baldin eta diru-laguntza gordinaren parekoak 7,5 milioi euro gainditzen baditu enpresa bakoitzeko eta inbertsio proiektu bakoitzeko.

2. Inbertsio proiektu handiei ematen zaizkien eskualdeko laguntzak Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio, baldin eta iturri guztietatik ateratzen diren laguntzen zenbateko osoak gainditzen badu inbertsio batek jasotzen ahal duen laguntzaren zenbateko osoaren %75a (diruz laguntzen ahal diren kostuak 100 milioi eurokoak izanik). Horretarako aplikatuko da eskualdeko laguntzen mapan -laguntza ematen den egunean onetsita dagoen horretan- enpresa handientzat indarra duen laguntzako atalase estandarra.

7. artikulua. Laguntza motak.

Enpresei inbertsiorako emanen zaizkien laguntzak honelakoak izan daitezke:

a) Zuzeneko diru-laguntza inbertsiorako.

b) Maileguetako edo errentamendu finantzarioko korrituen hobaria.

Laguntza hau bateraezina da, inbertsio berberetarako, a) letran ageri den diru-laguntzarekin.

8. artikulua. Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Inbertsiorako diru-laguntza zuzena irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren bolumen erlatiboa.

b) Enplegu iraunkorra mantendu edo sortzea, inbertsio proiektuaren zuzeneko ondorio gisa.

2. Maileguetako edo leasing-eko korrituen hobaria:

Korrituen hobaria enpresaren neurriaren arabera emanen da, eta honako hau izanen da gehienez:

NEURRIA

HOBARI PUNTUAK

Mikroenpresak eta enpresa txikiak

5

Enpresa ertainak

4

Enpresa handiak

3

Hori hala izanik ere, onartutako laguntzaren zenbatekoak ez ditu murriztuko zero kostuaren azpitik onuradunaren kargurako korritu tasak.

9. artikulua. Laguntzak emateko baldintzak.

Inbertsio proiektuek, diru-laguntzak lortu ahal izateko, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza eskaera inbertsio proiektua gauzatzen hasi baino lehen aurkeztu beharko da.

Gainera, enpresa handien kasuan, enpresa horiek frogatu beharko dute laguntzak lortzearekin batera ondorio pizgarri hauetako bat edo batzuk sortuko direla:

-Proiektuaren edo jardueraren neurria nabarmen handitzea laguntzari esker.

-Proiektuaren edo jardueraren aplikazio esparrua nabarmen handitzea laguntzari esker.

-Onuradunak proiektuan edo jardueran egindako inbertsioaren zenbateko osoa nabarmen handitzea laguntzari esker.

-Proiektuaren edo jardueraren gauzatze erritmoa nabarmen handitzea.

-Proiektua ez zatekeela laguntzadun eskualdean eginen laguntzarik jaso izan ez balitz.

b) Diru-laguntzen onuradunek inbertsioa gauzatzen deneko ondasunen jabeak izan beharko dute, leasing-aren bidez finantzatzen direnenak izan ezik, eta haien kudeaketa ekonomikoa zuzenean egin.

c) Onuradunek inolako laguntza publikorik gabeko ekarpen finantzarioa egin beharko dute, diruz laguntzen ahal diren kostuen %25ekoa gutxienez, dela beren baliabideekin dela kanpoko finantziazioaren bidez.

10. artikulua. Laguntzak metatzeari buruzko arauak.

1. Foru agindu honen 5. oinarrian laguntzetarako ezartzen diren gehieneko mugak inbertsio proiektuari emandako laguntza publikoaren zenbateko osoari aplikatuko zaizkio, kontuan hartu gabe udaletako, autonomia erkidegoko, Espainiako edo Europar Batasuneko iturrien bidez finantzatzen den.

2. RGEC-aren arabera salbuetsitako laguntza erregelamendu beraren arabera salbuetsita dagoen beste edozein laguntzarekin metatzen ahalko da, baldin eta laguntza neurri horiek diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarri desberdinei buruzkoak badira.

3. Halaber, RGEC-aren arabera salbuetsitako laguntza bat bateragarria izanen da erregelamendu beraren arabera salbuetsitako beste laguntza batekin, edo 1998/2006 (EE) Erregelamenduan ezarritako baldintzak betetzen dituen de minimis laguntza batekin, edo diruz laguntzen ahal diren kostu berei osorik edo partzialki dagokien Europar Batasuneko beste finantziazio batekin, baldin eta metaketa horrek ez badu gainditzen erregelamendu honen arabera laguntza horri aplika dakiokeen portzentaje handiena edo zenbateko handiena.

4. Foru agindu honetan arautzen diren inbertsiorako laguntzak ez dira bateragarriak izanen Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 22ko 287/2009 Foru Aginduan ageri direnekin. Agindu horrek Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzen aldi baterako araubidea ezarri du.

II. TITULUA. DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURA

11. artikulua. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Hautatutako laguntza motaren arabera, eskaerak ondoren aipatzen den moduan tramitatuko dira:

a) Zuzeneko diru-laguntza gisako laguntzak:

Horretarako ezarritako ereduaren arabera eginen da. Eredua eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian.

b) Korrituen hobari gisako laguntzak:

Nafarroan kokaturiko finantza entitate laguntzaileek (nahi badute) sinatu beharreko lankidetza hitzarmenetan ezartzen den moduan eginen da. Eredua Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (navarra.es) eskuratzen ahalko da.

Edonola ere, enpresa eskatzaileak finantza entitate laguntzailera joko du eta, hark, eragiketa onetsi ondoren, eskabidea beteko du, Nafarroako Gobernuaren Atariko (navarra.es) "Maileguetako korrituen hobaria" edo "Leasing-eko korrituen hobaria" fitxan ageri den eredua erabiliz. Eskatzen diren agiriak ere aurkeztuko ditu.

2. Eskabidea eta agiriak aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistroko edozein bulegotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako batean.

3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio 15 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

12. artikulua. Laguntzak ematea.

1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

2. Instrukzioaldian, organo eskudunak interesdunari eskatzen ahalko dio inbertsiorako proiektuak ebaluatzeko behar diren agiriak eta juzgatzeko bestelako osagaiak aurkez ditzala. Horretarako, 15 egun balioduneko epea emanen zaio eta, gainera, adieraziko zaio eskatutakoa betetzen ez badu eta horrek ebaluazioa eragozten badu eskatutako laguntzak ukatzeko ebazpena emanen dela.

Eskaerak ebaluatu ondoren eta, korrituen hobari gisako laguntzen kasuan, finantza entitateak maileguko edo leasing-eko eragiketa formalizatuaren frogagiriak aurkeztu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baita onuradunek inbertsiorako laguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

3. Organo eskudunak laguntzen kontzesioari buruzko ebazpena emanen du eta, korrituen hobari gisako laguntzen kasuan, laguntzaren kontzesioari eta ordainketari buruzkoa. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da administrazioaren isiltasunaren bidez. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, enpresa arloan eskumena duen kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

4. Laguntzak emateko ebazpenetan honako hauek aipatuko dira: kontzesio horrek ukitzen dituen RGECaren II. kapituluko berariazko xedapenak (1. atala edo 2. atala), foru agindua eta ebazpenaren testu osoa jasotzen duen Interneteko helbidea, bai eta Batzordeak Estatuko laguntzari esleitutako identifikazio zenbakia ere.

13. artikulua. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. Inbertsioa egin ondoren, onuradunek, proiektua bukatu eta 6 hilabeteko epean, egindako gastuak eta ordainketak frogatu beharko dituzte, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (navarra.es) dagoen formularioaren bitartez, eta hor eskatzen diren frogagiriak ere erantsiko dituzte.

2. Diruz laguntzen ahal diren kostuen artean obraren exekuziokoak daudenean eta horiek 30.000 eurotik gorakoak direnean, edo aholkularitza edo laguntzako enpresek ondasunen horniketa egin eta zerbitzuak ematearen kostuak 12.000 eurotik gorakoak direnean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.

Interesdunek ez dute aurreko lerroaldean ezarritakoa bete beharko, diru-laguntza jaso dezaketen kostuen ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketen entitateak behar adina ez direnean.

Kontu horiek denak onuradunaren erantzukizuneko aitorpen baten bidez frogatuko dira.

14. artikulua. Inbertsioak egiaztatzea.

1. 60.000 eurotik gorako kapitaleko diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du eta halaxe agertuko da espedientean, egiaztatze akta edo txostenaren bidez.

Salbuespen gisa, egiaztapen material horren ordez ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela frogatuko duena bidezkoa eta nahikoa den moduan.

2. Inbertsiorako zuzeneko diru-laguntzak ematen direnean kontuan hartu bada enplegua sortu edo mantentzeko irizpidea, egoera hori egiaztatuko da aurkezten diren frogagirietan edo, hala denean, enpresara egiten den bisitan, eta horrek emandako diru-laguntza egokitzea ekar dezake.

15. artikulua. Laguntzen ordainketa.

Laguntza motaren arabera, organo eskudunaren ebazpen baten bidez eginen da ordainketa, honela:

a) Zuzeneko diru-laguntza:

Inbertsioen frogagiriak azterturik eta, bidezkoa bada, horiek egiaztaturik, instrukzio organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Horrekin batera, onuradunak diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten beharkizunak betetzen dituela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.

b) Korrituen hobaria:

Maileguaren edo leasing-aren eragiketa formalizatuari buruz finantza entitateak aurkeztutako frogagiriak aztertu ondotik, instrukzio organoak laguntza eman eta ordaintzeko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

Lankidetza hitzarmenetan ezarritako moduan eta baldintzetan ordainduko zaio diru-laguntza finantza entitateari.

16. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Enpresei inbertsiorako eman beharreko laguntzak jasotzen dituztenek ondoko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak Nafarroan egin beharko dira eta, zuzeneko diru-laguntzen kasuan, eskaera aurkeztu eta 3 urteko epean jarriko dira abian; korrituen hobarien kasuan, berriz, maileguaren edo leasing-aren kontratua sinatu eta urtebeteko epean gehienez.

b) Instrukzio organoari igortzea, proiektua bukatu eta 6 hilabeteko epean gehienez, egindako inbertsioen eta enplegua mantendu edo sortu izanaren frogagiriak.

c) Diru-laguntza hauen xede den inbertsioa Nafarroan mantendu beharko da, kasuan kasuko jarduerari loturik eta enpresaren jabetzapean, gutxienez ere 5 urtez, inbertsio osoa burutzen denetik aurrera. Lurretan eta eraikinetan egindako inbertsioen kasuan, gutxieneko aldi hori 10 urtekoa izanen da.

d) Betebehar horrek ez du eragotziko epe horretan teknologiaren eboluzio azkarragatik zahartuta gelditzen diren instalazio edo ekipoak aldatzea, baldin eta jarduera ekonomikoa ezarri den gutxieneko epean mantentzen bada Nafarroan.

e) Leasing-aren bidez eskuratutako lur eta eraikinen kasuan, horiek gutxienez 5 urtez mantendu beharko dira enpresan, kontratua bukatzen denetik aurrera.

f) Inbertsioak benetan egin diren eta hartutako konpromisoak bete ote diren ziurtatzeko ikuskapen eta egiaztapenetan erraztasunak ematea.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluko xedapen orokorrak eta, hala denean, laguntzak emateko ebazpenetan ezartzen direnak.

2. Betebehar horiek betetzen diren egiaztatzeko, instrukzio organoak kudeaketaren kontrola eginen du eta, horretarako, bukatutako ekitaldiko Egoeraren Balantzea eta Ustiapenaren Kontuak, gutxienez, aurkeztea eska dezake.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala denean, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala behar denean, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

17. artikulua. Urteko txostena Europako Batzordearendako.

RGEC erregelamenduaren 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, organo eskudunak urtero txostena eginen du, formatu elektronikoan, foru agindu honetan araututako laguntzen aplikazioari buruz. Txosten horretan Interneteko helbide bat emanen da laguntzari dagokion testu osoa bertan eskuratu ahal izateko.

Lehen Xedapen Gehigarria. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunek, beren eskumenen esparruan, foru agindu honek arautzen dituen laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarriko dituzte.

Bigarren Xedapen Gehigarria. EGEF funtsekin batera finantzatzea.

Foru agindu honetan araututako laguntzen xede diren inbertsioak Eskualde Garapeneko Europako Funtsekin (EGEF) batera finantzatzen ahalko dira, eta horren berri emanen zaie onuradunei, Kontseiluaren uztailaren 11ko 1083/2006 (EE) Erregelamenduaren 69. artikuluarekin bat (erregelamendu horren bidez Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren, Europako Gizarte Funtsaren eta Kohesio Funtsaren xedapen orokorrak ezarri eta 1260/1999 (EE) Erregelamendua indarrik gabe utzi zen).

Xedapen Iragankor Bakarra. Hasita dauden prozedurak.

1. Inbertsiorako laguntzen lehenagoko araubideen babesean aurkeztutako eskaerei foru agindu hau aplikatuko zaie, oraindik laguntza emateari buruzko ebazpenik ez badute.

2. Laguntza emateari buruzko ebazpena baduten prozedurei, berriz, maiatzaren 17ko 155/2007 Foru Agindua edo 156/2007 Foru Agindua aplikatuko zaie, kasuan kasukoa, salbu eta foru agindu horien 8. artikuluko 3. betekizuna eta 6. artikuluko a) letran ezarritako gutxieneko inbertsioaren eskakizuna.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzean, bertan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak indargabeturik geldituko dira eta, zehazki, hauek:

-155/2007 Foru Agindua, maiatzaren 17koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, industria-inbertsiorako eskualde-laguntzetarako araubidea ezartzen duena.

-156/2007 Foru Agindua, maiatzaren 17koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariak emana, eskualde-laguntzen mapan sarturik ez dagoen eremuan industrian inbertitzeko enpresa txiki eta ertainendako laguntzen araubidea ezartzen duena.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea eta indarraldia.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2013ko abenduaren 31ra arte izanen ditu ondorioak.

ERANSKINA. Eskualdeko laguntzen mapan 2007-2013 aldirako ezarri diren eremuak

1. atala. Eskualdeko laguntzen mapan sartutako eremuetakoak diren Nafarroako udalerriak:

Abaigar, Abartzuza, Abaurregaina, Abaurrepea, Aberin, Aguilar Kodes, Oibar, Allin, Allo, Ameskoabarrena, Antzin, Anue, Agoitz, Araitz, Aranaratxe, Artzi, Arcos (Los), Arellano, Aria, Aribe, Armañantzas, Arroitz, Atetz, Azuelo, Barasoain, Barbarin, Bargota, Basaburua, Baztan, Beire, Betelu, Auritz, Burgi, Busto (El), Cabredo, Kaseda, Gazteluberri, Zirauki, Desoio, Deikaztelu, Erro, Ezkaroze, Eslaba, Espartza Zaraitzu, Esprontzeda, Esteribar, Etaiu, Eulate, Ezkabarte, Ezporogi, Galipentzu, Galoze, Garaioa, Garde, Garinoain, Garralda, Genevilla, Goñi, Gorza, Gesalatz, Ibargoiti, Iguzkitza, Imotz, Izaba, Itza, Itzagaondoa, Itzaltzu, Jaurrieta, Txulapain, Lana, Lantz, Lapoblación, Larragoa, Leatxe, Legaria, Leotz, Lerga, Lezaun, Lizoain, Longida, Irunberri, Lukin, Mañeru, Marañón, Mendaza, Metauten, Mirafuentes, Elo, Morentin, Mues, Murieta, Nabaskoze, Nazar, Oko, Otsagabia, Odieta, Olaibar, Olexoa, Oloritz, Ollo, Orbaitzeta, Orbara, Orisoain, Orontze, Orotz-Betelu, Oteitza, Piedramillera, Pitillas, Puiu, Erromantzatua, Erronkari, Orreaga, Zare, Jaitz, San Martin Unx, Santsol, Sartze, Sorlada, Torralba del Río, Torres del Río, Uxue, Ultzama, Untziti, Untzue, Urdazubi, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Urrotz, Urzainki, Uztarroze, Luzaide, Bidankoze, Villamayor de Monjardín, Hiriberri Aezkoa, Deierri, Zugarramurdi, Zuñiga, Larraun, Lekunberri.

2. atala. Eskualdeko laguntzen mapan sartu gabeko eremuetakoak diren Nafarroako udalerriak:

Ablitas, Adios, Altsasu, Andosilla, Antsoain, Añorbe, Arakil, Aranguren, Arantza, Arano, Aras, Arbizu, Areso, Arguedas, Arruazu, Artaxoa, Artazu, Aiegi, Azagra, Bakaiku, Barañain, Barillas, Beintza-Labaien, Beraskoain, Bera, Berbintzana, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Bertizarana, Bidaurreta, Biurrun-Olkotz, Burlata, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Cárcar, Zarrakaztelu, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Zizur, Ziritza, Corella, Cortes, Donamaria, Doneztebe, Etxarri, Egues, Elortz, Etxalar, Etxarri Aranatz, Etxauri, Elgorriaga, Eneritz, Eratsun, Ergoiena, Lizarra, Ezkurra, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Fustiñana, Galar, Goizueta, Girgillao, Uharte, Igantzi, Irañeta, Irurtzun, Ituren, Iturmendi, Xabier, Lakuntza, Larraga, Elizagorria, Legarda, Leitza, Lerin, Lesaka, Ledea, Lodosa, Martzilla, Mélida, Mendabia, Mendigorria, Milagro, Miranda Arga, Monteagudo, Murchante, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Muruzabal, Noain (Elortzibar), Obanos, Oitz, Olazti, Erriberri, Oltza, Orkoien, Iruña, Azkoien, Petilla Aragoi, Gares, Ribaforada, Saldias, San Adrián, Zangoza, Santakara, Sartaguda, Sesma, Sunbilla, Tafalla, Tiebas-Muru Artederreta, Tirapu, Tutera, Tulebras, Ukar, Uharte-Arakil, Urdiain, Urrotz, Uterga, Valtierra, Viana, Atarrabia, Alesbes, Villatuerta, Esa, Zabaltza, Ziordia, Zizur Nagusia, Zubieta.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa