Castellano | Euskara | Français | English
(2010eko 24. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 22an)
Atarikoa
Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 8ko 268/2009 Foru Aginduaren bitartez, zailtasunak dituzten enpresentzako laguntzen araubidea ezarri zen, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko laguntzei buruzko ekainaren 22ko 3/2000 Foru Legea arlo horren gainean indarra duten Europar Batasuneko jarraibideetara egokitzeko arauak eman zituen irailaren 10eko 185/2007 Foru Agindua garatzeko. Aipatu laguntzak "de minimis" ziren, Europar Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 Erregelamenduan xedatuta dagoenaren arabera.
2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 16/2009 Foru Legeak baimena eman dio Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari abalak emateko enpresek bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa berreskuratzeko helburua duten proiektuei, gehienez ere 1.500.000 euro proiektuko, beti ere enpresa horiek betetzen badituzte ekainaren 8ko 268/2009 Foru Aginduan araututako laguntzak, arazoak dituzten enpresentzako direnak, jasotzeko baldintzak. Halaber, aipatu enpresei baldintza bereziak ematen ahalko zaizkie Nafarroako Foru Komunitatearekiko dituzten zorrak zatitu eta geroratzeko.
Horrenbestez, abalak ematea zailtasunak dituzten enpresentzako laguntza-mota berria da, eta laguntzen Espainiako araubidearen babespean eginen da (N 307/2009 zenbakidun Estatuko laguntza), "Ekonomiaren eta finantzen egungo krisialdian finantzaketa lortzea errazteko estatu-laguntzako neurriei Europar Batasunean aplikatu beharreko aldi baterako esparrua" izenekoaren xedapenetan oinarrituta (Europako Erkidegoen Aldizkari Ofiziala, C 83, 2009ko apirilaren 7koa) -aurrerantzean "Aldi Baterako Esparrua"-, zehazki 4.2.2 ataleko xedapenetan. Atal horretan arautzen dira zenbateko mugatuko laguntza bateragarriak, zehazki, laguntzaren gehieneko zenbatekoa enpresa bakoitzeko 500.000 eurokoa izanen da, eta 2008ko uztailaren 1ean krisian ez zeuden enpresei soilik aplikatuko zaie.
Beste alde batetik, 2009an laguntza horien eskari handia egon zen, krisi ekonomikoa zela-eta. Horregatik, egokia da laguntza horien onuradunak zein diren zehaztea Nafarroako ekonomiari baliorik handiena zuzenean nahiz zeharka ematen dioten enpresetan.
Horrenbestez, komenigarritzat jo da aipatu aldaketak bilduko dituen araubide berria onestea eta, ondorioz, zailtasunak dituzten enpresentzako laguntzen araubidea ezartzen zuen Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 8ko 268/2009 Foru Agindua indargabetzea.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak, 2009ko ekainaren 1eko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazio araubidean banatzeko baimena eman zuen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluarekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Laguntza horien helburua zailtasunak dituen enpresatzat joak izateko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako enpresei bideragarritasun tekniko eta ekonomikora itzultzeko sostengua ematea da.
2. artikulua. Onuradunak.
1. Onuradun izan ahal izateko, interesdunek beharkizun hauek bete beharko dituzte:
a) Jarduera ekonomikoa Nafarroan egiten duen enpresa izatea.
Baldintza hori Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Erregistroko altaren bidez egiaztatuko da.
b) Jarduera honako sektore hauetako batean egitea:
-Erauzketa industriak, manufaktura industriak eta informaziokoak eta komunikazioetakoak, Ekonomia jardueren sailkapen nazionaleko (CNAE 2009) B, C eta J sailetan sartuak.
-Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak apirilaren 16an emandako 195/2009 Foru Aginduan ezarri diren energia berriztagarriko iturriak aprobetxatzea. Agindu hori 2009ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 10ean.
-Hondakinak tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa eta kutsadura kentzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (CNAE 2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).
-Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (CNAE 2009: M saileko 71.12 eta 71.20).
-Ikerketa eta garapena (CNAE-2009: M saileko 72).
-Diseinu espezializatuko jarduerak (CNAE-2009: M saileko74.10).
c) "Zailtasunak dituen enpresatzat" jotzea.
Halakoa izanen da bere finantza egoera kritikoa dela-eta bere funtzionamendu normalerako beharrezkoak diren eragiketak egin ezin dituen enpresa. Egoera horren adierazgarri dira negozio zifraren zenbateko garbiaren beherakada nabarmena, ordaindugabe ugariak edo zorpetze handia.
"Zailtasunak dituen enpresa" izatea egiaztatzeko eskaeraren formularioan agertzen diren datu ekonomikoak aurkeztuko dira.
d) Enpresa 2008ko uztailaren 1ean krisian ez egotea. Dena dela, baliteke krisian geroago egon izana, ekonomi- eta finantza-krisiaren ondorioz.
Ondorio horietarako, "krisian dagoen enpresa" hau izanen da Aldi Baterako Esparruaren definizioaren arabera:
-Enpresa handien kasuan, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideen 2.1 puntuan ezarritako definizioarekin bat heldu direnak (C 244 AO, 2004ko urriaren 1ekoa).
-ETEen kasuan, enpresa krisian dagoela uste izanen da baldin eta honako baldintza hauetako bat betetzen badu:
-Erantzukizun mugatuko sozietate bat izanik, izenpetutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada eta azken 12 hilabeteetan haren laurdena baino gehiago galdu bada.
-Gutxienez sozietateko kideetako batek erantzukizun mugagabea izanik, haren berezko funtsen erdiak desagertu badira, haren liburuetan adierazi bezala, eta azken 12 hilabeteetan funts haien laurdena baino gehiago galdu bada.
-Enpresa mota guztietarako, porrot edo kaudimengabezia adierazteko prozedura pasatzeko zuzenbide nazionalean ezarritako baldintzak biltzen badituzte.
e) Enpresaren egoera gainditzeko neurri zehatzen programa onartzea. Neurri horiek enpresaren lehiakortasuna -gaur egungoa zein etorkizunekoa- modu nabarmenean hobetzea izanen dute helburu, eta laguntzen eskaerarekin batera aurkeztu beharreko memorian txertatu beharko dira.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren orotariko betebeharrak, artikulu horren 2. idatz-zatiko b) eta e) letretan aipatzen direnak izan ezik, onuradunen ezaugarri bereziengatik salbuesten baitira. Orotariko betebeharrak eskaerako "erantzukizuneko aitorpen" baten bidez frogatuko dira.
2. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) betekizuna betetzea ez da eskatuko honako kasu hauetan:
a) Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak interes berezikotzat jotzen dituen jarduerak egiten dituzten enpresen kasuan. Horretarako, enpresa-proiektuaren garrantzi estrategikoa eta enpresa itxi behar izanez gero sortuko litzatekeen eragin soziala baloratuko dira.
Enpresa horiek ez dira egonen 3.2 artikuluko taulan adierazitako gehieneko zenbatekoen mendean, baina diru-laguntza gordina ez da inola ere izanen aipatu artikuluan azaltzen diren 500.000 euroetatik gorakoa.
b) Laguntza Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zorrak zatitu eta geroratzeko baldintza berezi gisa soilik eskatzen duten enpresen kasuan.
3. artikulua. Laguntza mota eta zenbatekoa.
1. Zailtasunak dituzten enpresek laguntza hauetariko baten bat hartzen ahalko dute:
a) Mailegu gisa edo mailegua bermatzeko abal gisa ematen diren laguntzak.
Beren ezaugarriak direla-eta jarduera ekonomikoa egiten jarraitzeko beharrezkoak diren finantza-baliabideak bide arruntetatik lortzeko zailtasunak dituzten enpresek finantza eskura dezatela da laguntza horien xedea.
Enpresa Sustapeneko Zerbitzuak, enpresaren arrisku-maila kontuan hartuta, eman beharreko laguntza-mota baloratuko du:
-Laguntza, orokorrean, mailegua bermatzeko abal gisa emanen da.
Laguntza-mota honetarako, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak lankidetza-hitzarmena sinatuko du (eredua Nafarroako Gobernuaren navarra.es webguneko atarian eskuratzen ahal da) laguntzaile aritu nahi duten Nafarroako finantza-entitateekin. Finantza-entitate horiek laguntzaren onuradun diren enpresei beharrezkoa den finantzaketa emanen diete.
-Salbuespen gisa, finantzaketa bide arruntetatik lortu ezin duten enpresek laguntza mailegu gisa jasoko dute. Aldez aurretik, Enpresa Sustapeneko Zerbitzuak beren egoerak baloratuko ditu.
Mailegu gisa ematen den laguntza amortizatzeko epea gehienez 10 urte izanen da. Interes-tasa abal gisa ematen diren laguntzetarako lankidetza-hitzarmenean ezartzen denaren antzekoa izanen da.
Laguntza horiek bermatzeko, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak bermeak eskatzen ahalko ditu, abalatutako edo mailegu gisa emandako kopurua, osorik edo hein batean, estaltzen dutenak.
b) Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zorrak zatitu eta geroratzeko baldintza bereziak.
Laguntza-mota hori enpresei Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zorrak zatitu eta geroratzeko baldintza bereziak ematean datza, epeari eta amortizatzeko sistemari dagokionez, enpresa bere kabuz bideragarri izateko. Aplikatuko den interes-tasa gehienez indarreko legezko interesaren %50 izanen da.
Gainerako baldintzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak orokorrean zorrak zatitu eta geroratzeko ezartzen dituenak izanen dira.
Laguntza horiek emateko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren aldeko txostena nahitaezkoa eta loteslea izanen da.
2. Emandako edo abalatutako maileguaren gehieneko zenbatekoa enpresako langile kopurua kontuan hartuta zehaztuko da, honako taula honen arabera:
LANGILE KOPURUA |
GEHIENEKO ZENBATEKOA (EUROTAN) |
1-5 |
50.000 |
6-10 |
100.000 |
11-20 |
200.000 |
21-50 |
300.000 |
51-100 |
500.000 |
+ 100 |
600.000 |
3. Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzen zenbatekoa, diru-laguntza gordin gisa kalkulatuta, guztira, gehienez ere 500.000 euro izanen da enpresa bakoitzeko.
Diru-laguntza gordina kalkulatzeko eragiketa hau erabiliko da: maileguaren urteko interes efektiboa ken oinarrizko tasa eta enpresaren kalifikazio-kategoriaren eta maileguaren kolateralizazio-mailaren arabera aurreikusitako muga batuta ateratzen den kopurua. Aurreikusitako muga horiek "Aldi Baterako Esparruaren" Eranskinean ezarrita daudenak izanen dira.
4. artikulua. Eskaerak aurkeztea eta eskatzen diren agiriak.
1. Eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2010eko urriaren 31n bukatuko da, egun hori barne.
Eskaerak, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko laguntzen fitxan lortzen ahal den ereduaren arabera, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (helbidea: Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) agertu ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Erregistroko altaren kopia.
b) Azken hiru ekitaldietako kontu ikuskatuak edo sozietateen gaineko zerga eta eskaera aurkezten den eguneko egoera balantzea.
c) Eskaeraren formularioan ezarriko den gutxieneko edukia izanen duen memoria.
d) Bermeak: Jabetza Erregistroan inskribatzen ahal diren ondasun higiezinak izanez gero, ohar informatibo soil bat eta haien tasazio eguneratua aurkeztu beharko dira.
e) Gizarte Segurantzako kotizazioen TC-1 eta TC-2 agiriak, eskaeraren data baino lehenagoko hilabetekoak.
f) Kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako "de minimis" laguntzei eta "Aldi Baterako Esparrua" izenekoaren 4.2 neurriarekin zerikusia duten laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, foru aginduko honen 8. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako.
3. Eskaera osorik ez badago edo ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, enpresari eskatuko zaio zuzen dezala eta adieraziko, ezarritako epean egin ezik, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.
5. artikulua. Eskaerak baloratzeko irizpideak.
1. Laguntza hauen zenbatekoa zehazteko balorazio irizpideak honako hauek izanen dira:
a) Enpresak bere lehiakortasuna hobetzeko hartu dituen eta memoria azaldu dituen neurrien koherentzia eta egingarritasuna.
b) Emandako laguntzen eta enpresak eginiko ahaleginen arteko proportzionaltasuna.
c) Enpresaren egoeraren ondorioz gizarteari eragiten ahalko zaizkion kalteak.
2. Laguntza hauen kontzesioa banakako ebaluazio araubidean tramitatuko da. Beraz, eskaerak irizpide horiei jarraituz ebaluatu eta laguntzak ebaluazio horren ondoriozko trinkotasunaz esleituko dira.
Espedienteak eskaerak aurkezten direneko hurrenkerari jarraituz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako dirua dagoeino. Erabilgarri dauden aurrekontu-baliabideak agortzen badira, eskaerak ezetsi eginen dira.
6. artikulua. Laguntzak ematea.
Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu. Enpresari eskatzen ahalko dio komenigarritzat jotzen dituen bestelako datu edo argibideak aurkez ditzala, behar bezala aztertu eta espedientea ebazteko. Enpresak eskaera horri behar den epean kasu eman ezik, ebazpen bat emanen da, eskatutako laguntzak ukatuko dituena.
Eskaera ebaluatu ondoren, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntzak kobratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Mailegu gisa edo mailegua bermatzeko abal gisa ematen diren laguntzak emateari buruzko ebazpena emateko organo eskuduna Enpresako zuzendari nagusia da, eta Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zorrak zatitu eta geroratzeko baldintza bereziak emateko organo eskuduna, berriz, Nafarroako Gobernua.
Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 4 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
7. artikulua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.
1. Laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Laguntzaren xede diren ekintzak egitea, hartutako funtsak horretan erabiliz.
b) Laguntzak emateko ebazpenean enpresaren geroko bideragarritasuna eta onartutako funtsen aplikazio zuzena bermatzeko ezarritako baldintzak betetzea.
c) Laguntza indarrean dagoen bitartean mozkinik ez banatzea, emandako laguntzaren mota edozein dela ere.
d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako laguntzen zenbatekoa berriro ere finkatzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, hala bada, dagokion zenbatekoa itzultzeko agindu.
Emandako laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.
8. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.
1. Foru agindu honen xede diren laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste diru-laguntza batzuekin.
Laguntzak beste laguntza bateragarri batzuekin metatzen ahalko dira edo finantzaketa komunitarioaren beste bide batzuekin, baldin eta kategoria aplikagarrien arabera salbuesteko jarraibideetan edo erregelamenduetan ezarritako gehieneko laguntza mailak errespetatzen badira.
2. Aitzitik, laguntza hauek, kostu hautagarri beretarako, ezin izanen dira metatu abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduak babesten dituen laguntzekin. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.
Enpresak "Aldi baterako Esparrua" indarrean jarri baino lehen "de minimis" laguntzak jaso baditu (2008ko abenduaren 17a), "de minimis" laguntzaren eta "Aldi Baterako Esparrua" izenekoaren 4.2 idatz-zatian aurreikusitako neurrien artetik jaso den laguntzaren arteko batura gehienez 500.000 euro izan beharko da 2008ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitarteko aldirako.
9. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web orrian jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, honako kontu hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Gastua baimentzea.
1.500.000 euroko gastua baimenduko da foru agindu honek sortzen dituen konpromisoak betetzeko, 2010eko gastuen aurrekontuko 830002 81150 8317 422300 "Birrabiatze-planak finantzatzeko kapital-aurrerakinak" izeneko kontu-sailaren kargura. Zenbateko hori handitzen ahalko da aurrekontuetan horretarako bidea baldin badago.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Foru agindu honek indarra hartzen duenean indargabetu eginen dira hemen xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, zehazki, ekainaren 8ko 268/2009 Foru Agindua, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, zailtasunak dituzten enpresentzako laguntzen araubidea ezartzen duena.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea eta indarraldia.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra eta 2010eko abenduaren 31ra arte iraunen du, baldin eta Batzordeak "Aldi Baterako Esparrua" aplikatzeko epea luzatzea erabakitzen ez badu. Hala erabakitzen badu, indarraldia epe hori amaitu arte luzatuko da.