Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 112. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 10ean)
Atarikoa
Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzak, 2009. urtean lehen aldiz onetsiak, enplegu finkoa mantentzen eta sortzen lagundu duten enpresa proiektuetara bideratu dira urteotan. Horregatik, bidezkotzat jotzen da antzeko laguntzak onestea 2011. urterako, Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 (EE) Erregelamenduaren eta Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduaren babesean. Lehenengo erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra), eta bigarrenak zehazten du nola aplikatu behar zaizkion Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei.
Nafarroako Gobernuak, 2009ko ekainaren 1eko Erabakiaren bidez, laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubidean banatzeko baimena eman zuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Bestalde, Nafarroako 2011. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2010 Foru Legeak baimena eman dio Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari, enpresetako inbertsiorako laguntzen araubideei lotutako inbertsio proiektuetarako abalak emateko.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluarekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzen xedea Nafarroako industria ehunaren lehiakortasuna handitzea da, horrela gaur egungo krisi ekonomiko eta finantzariotik indartuta irteteko.
2. artikulua. Enpresa onuradunak.
1. Laguntza hauek jaso ditzakete Nafarroan kokatuta dauden eta jarduera hauetakoren batean aritzen diren enpresek:
a) Erauzketa industriak, manufaktura industriak eta informaziokoak eta komunikazioetakoak, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko (CNAE 2009) B, C eta J sailetan sartuak, nekazaritzako elikagaien industriak izan ezik.
b) Hondakinak tratatu eta deuseztatzea; balioztatzea eta kutsadura kentzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (CNAE 2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).
c) Garraioaren antolaketan aritzen diren enpresek egindako logistika jarduerak (CNAE 2009: H saileko 52.10, 52.24 eta 52.29).
d) Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (CNAE 2009: M saileko 71.12 eta 71.20).
e) Ikerketa eta garapena (CNAE 2009: M saileko 72).
f) Diseinu espezializatuko jarduerak (CNAE 2009: M saileko 74.10).
2. Interesdunek frogatu beharko dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatu debekuetako bat bera ere ez dutela. Horretarako, eskabidearen inprimakian sartu den erantzukizuneko aitorpena bete beharko dute enpresek.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dauzkatela frogatzeko, eskatzaileek eskabide orrian baimena emanen diote Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari, betebehar hori frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.
3. artikulua. Laguntzaren xede izan daitezkeen proiektuak.
Honako inbertsio proiektu hauek izanen dira laguntzen xede:
1. 2007-2013 aldirako eskualde laguntzen mapan agertu ez den eremuko enpresa handiak handitzeko proiektuak (Batzordearen 2006ko abenduaren 20ko erabakia).
2. Nafarroarentzat interes estrategikoa duten proiektuak, ezaugarri hauetakoren bat bete beharko dutenak:
a) Enpresa ezarpen berrietarako proiektuak.
b) Enpresen berregituratze baten ondoriozko enpresa proiektuak edo berregituratze prozesuan daudenenak.
c) Enpresa lankidetzarako proiektuak.
4. artikulua. Diruz lagun daitezkeen gastuak eta burutzeko epea.
1. Hauek dira diruz lagun daitezkeen gastuak:
a) Laguntzen mapan agertu ez den eremuko enpresa handiak handitzeko proiektuak: aktibo material eta ez-materialetan inbertitzearen gastuak.
"Aktibo materialak" lurrei, ekoizpenari loturiko eraikinei, instalazioei, makinei eta ekipamenduei dagozkienak dira.
"Aktibo ez-materialak" teknologia eskualdatzekoak dira, patenteetarako eskubideak, lizentziak, know-how edo ezagutza tekniko patentatu gabeak eskuratuz horretarako.
b) Nafarroarentzat interes estrategikoa duten proiektuetan, aurreko letran aipatutakoez gainera, inbertsio proiektuari loturiko gastuak, aholkularitza estrategikoarenak eta prototipo merkaturagarriak edo antzekoak fabrikatzeko proiektuen ondoriozkoak.
"Loturiko gastuak" izanen dira proiektua egiteko behar diren guztiak, hala nola ingeniaritza, garraioa, instalazioa eta inbertsioen prestaketa.
"Aholkularitza estrategikotzat" jotzen dira inbertsio planetarako, teknologia gehikuntzarako, ekoizpen dibertsifikaziorako eta enpresa lankidetzarako gastuak.
"Prototipo merkaturagarriak edo antzekoak fabrikatzeko proiektuen ondoriozkoetan" sartzen dira eskulanaren gastuak, materialenak, aktiboenak edo hasierako merkaturatzea egiteko produktu edo zerbitzuak fabrikatzeko beharrezkoak diren beste kostu batzuk.
2. Laguntzen xede diren jarduketak 2013ko abenduaren 31 baino lehen bukatu behar dira.
5. artikulua. Laguntza motak eta zenbatekoa.
1. Laguntza motak, laguntza jaso dezakeen proiektuaren arabera, honako hauek izanen dira:
a) Eskualdeko laguntzen mapan agertu ez den eremuko enpresa handiak handitzeko proiektuetan, enpresak honako laguntzetako bat aukeratuko du eskabidean:
-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen %10eko diru-laguntza.
-Proiektua finantzatzen duen mailegua bermatzeko abala: abalaren zenbatekoa inbertsioaren %75 artekoa izanen da, gehienez ere 2.000.000 euro, eta 10 urteko iraupena izanen du gehienez.
b) Nafarroarentzat interes estrategikoa duten proiektuetan, enpresak laguntza hauek lortuko ditu:
-Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen %10eko diru-laguntza, aholkularitza estrategikoari dagozkionak izan ezik, %20ko diru-laguntza izanen baitute.
Enpresen berregituratze baten ondoriozko enpresen edo berregituratze prozesuan daudenen eta enpresa lankidetzaren proiektuen kasuan, aholkularitza estrategikoaren gastuek, 30.000 euroko aurrekontua bitarte, %80ko laguntza izanen dute. Enpresa berria oraindik eratu ez bada, enpresei aholku emateko eta enpresak sustatzeko helburua duen entitate baten bitartez eskatu eta ordainduko da laguntza.
-Proiektua finantzatzen duen mailegua bermatzeko abala: abalaren zenbatekoa inbertsioaren %80 artekoa izanen da, eta 2.000.000 euroko gehieneko muga izanen da.
2. Abal gisako laguntzetarako, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak lankidetza hitzarmena sinatuko du (eredua Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orriko laguntza fitxan eskuratzen ahal da) laguntzaile aritu nahi duten Nafarroako finantza entitateekin. Finantza entitate horiek laguntzaren onuradun diren enpresei beharrezkoa den finantzaketa emanen diete.
Abal gisako laguntza jasotzen dutenek kopuru abalatua estaltzeko bermeak aurkeztu beharko dituzte.
6. artikulua. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
1. Eskabideak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2011ko urriaren 31n bukatuko da, egun hori barne. Eskabidea, betiere, inbertsioak hasi baino lehen aurkeztu beharko da.
2. Eskabideak lehentasunez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez. Fitxan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.
Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arreta guneak jarriko ditu, zerbitzuen katalogoaren fitxan behar bezala iragarriko direnak.
Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira eskabideak.
3. Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal den ereduan eginen da eskaera. Ondoko agiri hauek erantsiko zaizkio, eta, bide telematikotik aurkezten badira, eskaneatuta aurkeztuko dira, dokumentu banatan, bakoitzari bere izena jarrita (adibidez, "Jarduketaren memoria"):
-Jarduketaren memoria, aipatu den laguntza fitxan dagoen eredua erabiliz.
-Azkeneko bi ekitaldi itxietako enpresaren urteko kontuen kopia.
4. Eskabidea osorik ez badago edo ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio zuzen dezala eta adieraziko zaio, ezarritako epean egin ezik, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.
7. artikulua. Laguntzak ematea.
1. Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskabideak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuko dirua agortzen bada, gainerako eskaerak ezetsi eginen dira.
2. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurkezturiko agiriak aztertuko ditu. Enpresari eskatzen ahalko dio komenigarritzat jotzen dituen datuak edo argibideak aurkez ditzala, behar bezala aztertu eta espedientea ebazteko. Horretarako, 15 egun balioduneko epea emanen zaio eta, gainera, adieraziko zaio eskatutakoa betetzen ez badu eskatutako laguntzak ukatzeko ebazpena emanen dela.
Eskabideak ebaluatu ondoren, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
3. Laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresako zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkezten denetik hasita.
Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
8. artikulua. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.
Laguntzaren xedea beterik, onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, amaitzen denetik 3 hilabeteko epean gehienez.
Horretarako, laguntza motari dagokion justifikazio inprimakia aurkeztu beharko dute, foru agindu honen 6. artikuluan aipatzen den moduan. Inprimaki hori Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web orriko laguntza fitxan eskuratzen ahal da, eta, horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Egindako inbertsioen fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien fotokopiak eta ordainagiriak. Zerrenda hori formatu elektronikoan ere eman beharko da (Excel kalkulu orria).
b) Inbertsioei buruzko kontabilitate dokumentuak. Prototipo merkaturagarriak fabrikatzeko proiektuetan, proiektuaren ondoriozko gastuen justifikazioa proiektuarentzako berariazko kontu bat aktibatuz eginen da.
c) Azkeneko ekitaldi itxian izandako urteko kontuak.
d) Enpresako plantillari buruzko dokumentuak eta, hala denean, inbertsioaren ondorioz sortu diren lanpostu berriei buruzkoak.
e) Diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoak, BEZa kanpoan utzita, obra burutzeko kostuaren kasuan 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu edo, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunen horniketa egiteko edo zerbitzuak emateko kasuetan, 12.000 euroko zenbatekoa, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gastuak justifikatzeko inprimakian ageri den erantzukizuneko aitorpena betez horretarako.
Onuradunak ez du aurreko lerroaldekoa bete beharko, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudenean.
9. artikulua. Laguntzen ordainketa.
Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak laguntzak inbertsioaren ondoriozko diru-laguntza gisa ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek laguntzak jasotzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.
Abal gisako laguntzei dagokienez, foru agindu honen 5. artikuluan aipatu diren finantza entitateekin sinaturiko lankidetza hitzarmenetan xedatutakoari jarraituko zaio.
10. artikulua. Onuradunen eginbeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.
1. Laguntzen onuradunek honako eginbehar hauek bete beharko dituzte:
a) Laguntzaren xede diren jarduketak 2013ko abenduaren 31 baino lehen egitea.
b) Diru-laguntza hauen xede den inbertsioa Nafarroan mantendu beharko da, kasuan kasuko jarduerari loturik eta enpresaren jabetzapean, gutxienez ere 2 urtez, eskuratze egunetik hasita. Lurretan eta eraikinetan egindako inbertsioen kasuan, gutxieneko aldi hori 7 urtekoa izanen da.
c) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.
2. Foru agindu honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Emandako laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.
11. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna eta izaera.
1. Foru agindu honen xede diren laguntzak bateragarriak dira edozein administrazio publikok, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede berdinerako emandako beste diru-laguntza batzuekin.
2. Deialdi honi Batzordearen abuztuaren 6ko 800/2008 (EE) Erregelamendua aplikatuko zaio. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko Erregelamendu Orokorra), eta 2008ko abuztuaren 9ko L 214 Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Hori aplikatzerik ez dagoen kasuetan, "de minimis" laguntza gisa hartuko dira, abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da, eta 2006ko abenduaren 28ko L 379 Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko aldian. Horretarako, onuradunek eskabidearen inprimakian aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak.
12. artikulua. Emandako laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Lehen xedapen gehigarria. Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzen aldi baterako araubidearen babesean 2010. urtean aurkeztutako eskaerak.
Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzen aldi baterako araubidea 2010. urterako ezartzen duen ekainaren 17ko 212/2010 Foru Aginduaren babesean aurkeztutako eskaerei dagokienez (2010eko 79. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa), baldin eta aurrekontuan behar adina baliabide ez izateagatik ezetsi baziren, zilegi izanen da laguntza ematea foru agindu honetako kredituen kargura, izan ere 2011ko abenduaren 31ra arte luzatu da, 2010eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztutako eskaeretarako, zenbateko mugatua duten laguntza bateragarrien araubide espainiarra, "Estatuko laguntza neurriei gaur egungo krisi ekonomiko eta finantzarioaren unean finantziazioa lortzen laguntzeko aplikatzen ahal zaien aldi baterako esparruarekin" (2009/C 83/01) bat ezarria. Eskaera horiei dagozkien proiektuak gauzatzeko epea foru agindu honen 4.2 artikuluan finkatutakoa izanen da.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Deialdiaren onespena.
Enpresako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira laguntza hauen urteroko deialdia eta horri dagokion gastua.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.