(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

152/2013 Foru Agindua, apirilaren 30ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duena

(2013ko 94. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 20an)

Atarikoa

Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legeak, Zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko Legera egokitzeko abenduaren 22ko 25/2009 Legeak aldatutakoak, 21. artikuluan sortzen du estatu mailako Industria Erregistro Integratua, autonomia erkidegoek zeinek bere lurraldean Industria Erregistroak sortzeko eskumenak ukatu gabe.

Foru Komunitateak industriaren arloan dituen eskumen esklusiboez baliatuz, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 65.1.b) artikuluan hala onartuta, foru agindu honek Nafarroako Industria Erregistroa sortu eta industria jarduera Nafarroan bete behar duten enpresa eta entitateak bertan inskribatzeko prozedura arautzen du.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluarekin bat, agindu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako Industria Erregistroa sortzea eta industria jarduera Nafarroan bete behar duten enpresa eta entitateak bertan inskribatzeko prozedura arautzea.

2. Nafarroako Industria Erregistroak izaera informatiboa izanen du eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan industria arloko eskumena duen departamentuari atxikirik egonen da.

2. artikulua. Helburuak.

1. Nafarroako Industria Erregistroa Nafarroako jarduera industrialari buruzko informaziorako tresna da, eta haren helburua da bertan inskribaturik dauden enpresa eta entitateen datu publikoak eskuratzeko aukera bermatzea.

2. Bere helburua betetzeko, erregistroaren kudeaketaren ardura duen organoak lan hauek beteko ditu:

a) Ofizioz inskribatuko ditu industriaren arloko baimena behar duten jarduerak betetzen dituzten enpresak edo entitateak, edo komunikazio edo erantzukizuneko aitorpen araubide baten menpe daudenak, bai eta baimen, komunikazio edo erantzukizuneko aitorpenik behar ez duten jarduerak betetzen dituztenak ere, jarduerari buruzko datuak behin hasi ondoren aurkezten dituztenak.

b) Edozein administrazio publikok edo haren menpeko erakundeek emandako informazioa jasoko du.

c) Egunean edukiko ditu erregistroan inskribatutako enpresa eta entitateen datuak.

d) Enpresek eta entitateek emandako dokumentazioa, inskripzioak, aldaketak edo deuseztapenak egiteko oinarri gisa erabiltzen dena, artxibatu eta zainduko du.

e) Estatu mailako Industria Erregistro Integratuan sartuko ditu Nafarroako Industria Erregistroan inskribatutako enpresa eta entitateen datuak.

f) Erregistroan dauden datu publikoak Foru Komunitateko Administrazioak horretarako ezartzen dituen bitartekoen bidez eskuratzeko aukera bermatuko du.

3. artikulua. Eremua.

1. Nafarroako Industria Erregistroan sartuta egonen dira Nafarroan jarduera hauetako bat betetzen duten enpresa eta entitateei buruzko datuak:

a) Industriako produktuak lortu, konpondu, haien mantentze-lanak egin, eraldatu edo berrerabiltzeko jarduerak, ontziratzea eta biltzea, eta hondarrak edo azpiproduktuak ustiatzea, berreskuratzea edo deuseztatzea, erabilitako baliabide edo prozesu teknikoak edozein izanik ere, bai eta horietarako behar diren instalazioak ere.

b) Energia eta produktu energetikoak sortu, banatu eta hornitzeko jarduerak.

c) Mineralen meatokiak eta gainerako baliabide geologikoak ikertu eta ustiatzea eta haietatik etekinak ateratzea, edozein izanik haien jatorri eta egoera fisikoa.

d) Elikagai, nekazaritza, abeltzaintza, oihangintza eta arrantzaren arloko industriak.

e) Garraioarekin eta telekomunikazioekin lotuta dauden industria jarduerak.

f) Sendagaiekin eta osasun zerbitzuekin lotuta dauden industria jarduerak.

g) Kulturaren sustapenarekin lotuta dauden industria jarduerak.

2. Erregistroan jasoko dira, halaber, Nafarroan jarduerari ekin eta nortasun fisiko nahiz juridikoa duten zerbitzu enpresa eta entitate hauei buruzko datuak:

a) Aurreko idatz-zatian aipatzen diren industria, jarduera eta instalazioekin lotura zuzena duten industria arloko ingeniaritza, diseinu, kontsultoretza teknologiko eta laguntza teknikoko zerbitzuak.

b) Segurtasun industrialaren arloko kontrol erakundeak, laborategiak eta bestelako eragileak.

4. artikulua. Edukia.

Nafarroako Industria Erregistroan sarturik egonen dira artikulu honetan adierazten diren datuak, industriaren arloan emandako baimenetan jasotakoak eta interesdunek egindako komunikazioetan edo erantzukizuneko aitorpenetan aurkeztutakoak oinarri hartuta, bai eta baimen, komunikazio edo erantzukizuneko aitorpenik behar ez duten jardueretan aritzen direnek emandakoak ere.

1. Erregistroan honako datu oinarrizko hauek jasoko dira, izaera publikoarekin:

a) Enpresari buruzko datuak:

1. Identifikazio fiskaleko zenbakia edo kodea.

2. Nafarroako Industria Erregistroaren ardura duen organoak emandako identifikazio zenbakia.

3. Titularra (izen-deiturak, sozietate-izena edo izendapena).

4. Sozietatearen helbidea, telefonoa, fax-a, helbide elektronikoa eta web orria.

5. Jarduera nagusia (CNAE kode indarduna).

6. Betetzen dituen gainerako jarduerak, halakorik bada (CNAE indarduna).

b) Establezimenduari buruzko datuak:

1. Identifikazio fiskaleko zenbakia edo kodea.

2. Nafarroako Industria Erregistroaren ardura duen organoak emandako identifikazio zenbakia.

3. Izena edo errotulua.

4. Posta helbidea, telefonoa, fax-a, helbide elektronikoa eta web orria.

5. Jarduera nagusia (CNAE kode indarduna).

6. Betetzen dituen gainerako jarduerak, halakorik bada (CNAE indarduna).

c) Segurtasun arloko kontrol erakundeen, laborategien eta bestelako eragileen kasuan, erregistroan aipatutakoen pareko datu oinarrizkoak jasoko dira, bai eta betetako jarduera bakoitzaren lan esparruak ere.

2. Erregistroan datu osagarri hauek ere jasoko dira, baina publikoak izan gabe:

a) Baimena eman zen eguna, edo erantzukizuneko aitorpena edo komunikazioa aurkeztu zenekoa, eta hura eman zuen organo eskuduna edo zer organo eskudunetan aurkeztu zen, hurrenez hurren. Jarduera aldatu edo bertan behera utzi dela jakinarazteko egindako komunikazioen kasuan, berriz, komunikazioa aurkeztu zen eguna eta zer organo eskudunaren aurrean aurkeztu zen.

b) Betebeharrak betetzea egiaztatzeari, ikuskapenei eta zehapenei buruzko informazioa.

c) Aseguru-emaileen erantzukizun zibil profesionalari buruzko informazioa, horretara beharturik daudenen kasuan.

d) Behin-behineko oharrak: hasitako prozedura administratibo edo judizialen berri jasoko da, haien ebazpenak erregistroko inskripzioak edo datuak aldatzea eragin dezakeenean, zeini eragin diezaiokeen zehaztuta. Prozedura behin ebatzirik, haren emaitza ere jasoko da.

3. Erregistroari beste datu osagarri batzuk ere erantsi ahalko zaizkio, interesa badute, Foru Komunitateko Administrazioak zehaztu beharrekoak.

II. KAPITULUA. Inskribatu, aldatu eta deuseztatzeko prozedurak

5. artikulua. Inskripzioa eta haren ondorioak.

1. Aplikatzekoa den araudiari jarraikiz, jarduera betetzeko industriaren arloan eskuduna den organoaren aldez aurreko baimena izan behar duten enpresak eta entitateak, edo komunikazioa edo erantzukizuneko aitorpena aurkeztu behar dutenak ofizioz inskribatuko dira Nafarroako Industria Erregistroan.

2. Inskribatuko dira, halaber, baimen, komunikazio edo erantzukizuneko aitorpenik behar ez duten jarduerak bete eta, jardueran hasi ondoren, organo eskudunari foru agindu honen 4. artikuluan ezarritako datu oinarrizkoak eta osagarriak ematen dizkiotenak ere.

3. Inskripzioa egiteko, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian (www.navarra.es) dagoen inprimakia beteko da. Inprimakia bete ondoren, ahal dela modu telematikoan izapidetuko da edo, ezinezkoa denean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren erregistroetako batean aurkeztuko da.

4. Nafarroako Industria Erregistroaren ardura duen organoak identifikazio zenbaki bat emanen dio ofizioz enpresari edo entitateari, inskripzioa egin ondoren. Inskripzioa bakarra eta mugagabea izanen da, betiere hura eragin zuten baldintzak aldatu ezean.

5. Jardueran aritzeko ez da beharrezkoa izanen erantzunik, berrespenik edo egiazko inskripziorik egitea erregistroan.

6. Erregistroan inskribatzeak berarekin ekarriko die jardueren titularrei organo eskudunaren lana erraztu beharra, haiek emandako informazioa egiaztatzeko garaian.

7. Industriaren arloko departamentu eskudunak Nafarroako industria eta enpresa jarduerari laguntzeko ematen dituen laguntzak jasotzeko, aginduzkoa izanen da erregistroan inskripzioa egitea edo eskatuta izatea.

6. artikulua. Erregistroko datuak aldatzea.

1. Nafarroako Industria Erregistroan inskribatutako enpresa eta entitateek hilabeteko epean jakinaraziko dizkiote garrantzizko aldaketak erregistroari, bai eta bertan jasotako datuei eragiten dien edozein gertaera ere.

Ondorio horietarako, garrantzizko aldaketatzat joko dira lekualdatzeak, titularra edo jarduera aldatzea, edo jarduneko esparru materiala edo sektoriala aldatzea.

2. Aldaketa foru agindu honen 5. artikuluko 3. idatz-zatian deskribatutako moduan izapidetuko da.

3. Erregistroko datuetan industriaren arloan eskuduna den organoak erabakita egin beharreko aldaketak ofizioz eginen dira.

7. artikulua. Erregistroko inskripzioak bertan behera gelditzea eta deuseztatzea.

1. Nafarroako Industria Erregistroaren ardura duen organoak behin betikoz deuseztatuko du erregistroko inskripzioa honako kasu hauetan:

a) Enpresa eta entitateek borondatez baja ematen dutenean, erregistroan sartzea eragin zuten jarduerei uzteagatik; foru agindu honen 5. artikuluko 3. idatz-zatian deskribatutako moduan egin ahal izanen dute.

b) Industriaren arloan eskuduna den organoak, dauzkan egiaztatze eskumenez baliatuta, industria jarduerarik ez dagoela frogatzen duenean. Deuseztatzea eginen da interesdunak egoera jakinarazteko betebeharra ez betetzeak ekar ditzakeen ondorioak galarazi gabe.

c) Industriaren arloan eskuduna den organoak, ebazpen arrazoitu bidez, industria jarduerari uzteaz egindako adierazpenaren ondorioz.

d) Foru agindu honen 5.6 artikuluan aurreikusitako betebeharra ez betetzearen ondorioz.

2. Industriaren arloko organo eskudunak ebazpen arrazoitua ematen badu enpresa edo entitate bat jarduera batean aritzeko aldi baterako ezgaitzeko, ofizioz utziko da bertan behera, aldi batez, Nafarroako Industria Erregistroko inskrpzioa.

8. artikulua. Informazioa igortzea Industria Erregistro Integratura.

Nafarroako Industria Erregistroaren erantzule den organoak berehala igorriko dizkio Industria Erregistro Integratuari, bide elektronikoak erabiliz, 4. artikuluan ezarritako oinarrizko datuak eta datu osagarriak, emandako baimenetan eta aurkeztutako erantzukizuneko aitorpenetan edo komunikazioetan jasotakoak, bai eta erregistroan gertatutako bajak ere, jarduerari uzteagatik gertatutakoak, eta datuetan izandako garrantzizko aldaketa guztiak. Gauza bera eginen du baimenik, erantzukizuneko aitorpenik edo komunikaziorik behar ez duten jarduerari buruzko datuekin, jarduerari ekin ondoren aurkeztutakoekin alegia.

9. artikulua. Informazioa eskuratzea.

1. Foru agindu honen 4.1 artikuluan jasotako oinarrizko datuek izaera publikoa dute. Datu pertsonalen babesaren arloan estatuan indarra duen araudiak babestuko ditu datu pertsonalak.

2. Nafarroako Industria Erregistroko datu publikoak bitarteko elektronikoak erabiliz eskuratuko dira.

Nafarroako Industria Erregistroaren kudeaketaren ardura duen organoak behar den guztia eginen du interesdunek enpresei eta entitateei buruzko informazioa eskuratu ahal izan dezaten Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren bitartez (www.navarra.es).

Xedapen Gehigarri Bakarra. Erantzukizuneko aitorpena eta aldez aurreko komunikazioa egiteko ereduak.

Industriaren arloko departamentu eskudunak egin eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian jarriko ditu eskura erantzukizuneko aitorpena eta aldez aurreko komunikazioa egiteko ereduak, Nafarroako Industria Erregistroari eman beharreko datuak bertan adierazirik dituztenak.

Xedapen Iragankor Bakarra. Nafarroako Industria Erregistroan sartzea.

Foru agindu honen aplikazio esparruko enpresak eta entitateak, aginduak indarra hartzean Industria, Energia eta Turismo Ministerioari atxikitako Industria Erregistro Integratuan inskribatuta daudenak, ofizioz inskribatuko dira Nafarroako Industria Erregistroan.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa