Castellano | Euskara | Français | English
(2012ko 244. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 17an)
Atarikoa
Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legeak, 5. artikuluan, zerbitzuko bidaien kalte-ordainerako ezarritako dietak kendu ditu, eta xedatu du hemendik aurrera soilik behar bezala arrazoitutako gastuen zenbatekoa ordainduko dela.Nafarroako Gobernuak, jakinda zein garrantzitsua den une hauetan gastua kontrolatzea eta murriztea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 42. artikuluaren babesean, ondoko jarraibideak ematen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuen arloan.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, erabaki du:
1. Ondoko jarraibideak onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuen arloan:
Lehena. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Jarraibide hauen helburua da irizpideak ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek lanagatik Foru Komunitatearen barruan zein kanpoan egiten dituzten joan-etorriak arautzeko, kasuan kasuko ostatua eta mantenua barne.
2. Jarraibide hauek ez dira aplikatuko Nafarroako Foruzaingoko kideek, agintarien gidariek, irakasleek eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako kideek Foru Komunitatearen barruan egiten dituzten joan-etorrietarako, kasuan-kasuan beren erregulazioaren edo berariazko jarraibideen arabera arautuko baitira. Beste edozeini ez aplikatzeko, hura behar bezala arrazoiturik egonen da eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak baimenduko du, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak proposatuta.
3. Jarraibide horiek zuzendari nagusiei, erakunde autonomoetako zuzendari kudeatzaileei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako behin-behineko langileei ere aplikatuko zaizkie.
Bigarrena. Printzipio orokorrak.
1. Langileek zerbitzuagatik egiten dituzten bidaietan, behar bezala arrazoiturik dauden joan-etorriaren, mantenuaren eta, hala balegokio, ostatuaren gastuak ordainduko zaizkie.
Ondorio horietarako, gastu guztiak arrazoitu beharko dira, gastua egin eta 10 eguneko epean, kasuan kasuko establezimenduaren jatorrizko tiketarekin edo fakturarekin, behar bezala beterik.
2. Ahal den guztietan, bideokonferentziak eta/edo teknologia berriak erabiltzea bultzatuko da, behar-beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko.
3. Lanagatik egiten diren joan-etorriak behar-beharrezko langileetara mugatuko dira, eta justifikatu beharko dira joan-etorriak batek baino gehiagok egiten dituztenean.
4. Garraioko txartelak edo ostatua eskuratzean hautatzeko aukera dagoenean, eskaintzak alderatuko dira, Interneteko aurreikuspenak barne, eta merkeena aukeratuko da. Tramite hori jasota geldituko da espedientean.
Hirugarrena. Baimenak eta segimendua.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuen joan-etorri guztiak aldez aurretik eta berariaz baimendu behar ditu, austeritate irizpideak aintzat izanik, hierarkian gain-gainean dagoen arduradunak, gutxienez Zerbitzuko zuzendariaren maila edo horren parekoa badauka Foru Komunitatearen barreneko joan-etorrietarako eta zuzendari nagusiarena badauka kanpokoetarako. Baimenaren agiria Nafarroako Gobernuaren Intraneten eskura egonen da, betetzeko. Bertan adierazi beharko da, gutxienez, zergatik, nora eta zein garraiobidetan egiten den joan-etorria, zenbat irauten duen, hura egiten dutenen izenak eta bidaiarako aurreikusitako zenbatekoa, kontzeptuen arabera zehazturik.
2. Joan-etorrien baimen guztien kopia bat departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira edo erakunde autonomoaren Zuzendaritza Kudeatzailetzara, kasuaren arabera, igorriko da posta elektronikoaren bidez. Horiek informazio hori ordenaz artxibatzeko sistema bat hartu beharko dute, hilero txosten bat egiteko kontseilariari edo horrek eskuordetzen duen pertsonari, kasuan kasuko departamentuan edo erakunde autonomoan egindako joan-etorriei buruz.
3. Zuzendari nagusiek edo erakunde autonomoetako zuzendari kudeatzaileek irizpide orokorrak edo berariazkoak ezar ditzakete, parte hartzea mugatzeko biltzar, jardunaldi, azoka, ikastaro edo antzekoetan.
Laugarrena. Joan-etorriak.
1. Oro har, joan-etorri guztiak garraiobide publikoan eginen dira. Norberaren ibilgailua eta alokatua salbuespenetan soilik erabiliko dira, eta halakoetan, hierarkiako arduradunak baimendu beharko du, hirugarren jarraibidean xedatuarekin bat.
Nolanahi ere, Foru Komunitatearen barreneko joan-etorriak garraiobide publikoan edo pribatuan egin daitezke, ematen den zerbitzurako egokiena zein den.
2. Hirietan, taxia soilik erabiliko da beste modu egokirik ez dagoenean garraio publiko kolektiboa erabiltzeko.
3. Oro har, betiere garraio publiko egokia baldin badago, ez da kilometrajerik ordainduko ezta ibilgailu pribatuari lotutako beste gastu batzuk ere, joan-etorria hiri berean edo hiri hurbilen artean egiten denean.
Bosgarrena. Joan-etorriak trenez edo hegazkinez.
1. Oro har, joan-etorri guztiak turista klasean eginen dira.
2. Salbuespenez eta arrazoiak emanda, beste klase batean egin daiteke erreserba turista klasean ez badago tokirik, betiere joan-etorria ezin bada beste egun edo ordu batean egin, edota, egokitzat jo diren egun eta ordurako txartelak eskuratzeko aukera egonda, beste klase bateko txartela turista klasekoa baino merkeagoa denean, eskaintza edo promozioren bat egoteagatik.
Seigarrena. Otorduen gastuak eta ordezkaritza gastuak.
1. Otorduen gastuaren itzulketa hierarkian goragokoak soilik dauka baimentzea, enplegatuak lanaldia luzatu behar duenean eta horregatik ezin duenean destinora itzuli lanaldi arrunta bukatuta.
2. Lan bidaian otorduren bat egin behar bada, gastuaren muga 20 eurokoa izanen da (BEZa barne), pertsona eta otordu bakoitzerako.
3. Goi karguak Nafarroako Gobernua ordezkatzen ari direlarik, saiatuko da, ahal denetan, menuen prezioa aldez aurretik zehazten. Fakturarekin batera gonbidatuen zerrenda aurkeztuko da, baita haien karguak ere.
Zazpigarrena. Ostatua hartzea.
Gaua ohiko etxebizitzatik kanpo eman behar denean, oro har, kasuan kasuko itunetan edo esparru-akordioetan zehazten diren hoteletakoren batean erreserbatuko da ostatua, betiere preziorik hoberena eskaintzen badu. Ezin izanen da, inondik ere, bost izarreko hotel bat.
Ahal dela, aldez aurretik eginen dira erreserbak, tarifarik onenak lortzeko.
Zortzigarrena. Salbuespenen baimena.
Erabaki honetako edozein jarraibideri salbuespen bat egin behar bazaio, gastua kasuan kasuko departamentuko kontseilariak baimendu beharko du, edo horrek eskuordetzen duen pertsonak.
Bederatzigarrena. Prozeduren kontrola.
Departamentu bakoitzeko Idazkaritza Tekniko Nagusiei eta erakunde autonomoetako zuzendari kudeatzaileei dagokie jarraibide hauek zuzen aplikatzen direla formalki gainbegiratzea. Horretarako, kasuan kasuko Zuzendaritza Nagusiaren edo Zerbitzuaren lankidetza jasoko dute, kasuaren arabera.
Hamargarrena. Erosketa-zentrala.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak sustatzen ahal du erosketa-zentral bat eratzea, trenaren eta hegazkinaren txartelen erosketa eta ostatuen erreserba bateratzeko. Kasu horretan, departamentuak eta erakunde autonomoak koordinatzeko sistema bat hartuko da.
2. Jarraibide hauek nahitaez bete beharko dituzte Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomo guztien mendeko enplegatu publikoek, edozein izanik ere haien araubide juridikoa. Bete ezean, bidezko diren erantzukizunak eskatuko zaizkie, dagokiekeen diziplina araubidea ukatu gabe.
3. Administrazio unitate guztien arduradunek begiratuko dute erabaki honetan jasotzen diren jarraibideak bete daitezen.
4. Baimena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari jarraibide hauetako zenbatekoak eguneratzeko.
5. Jarraibide hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, orok jakin dezan. Gainera, departamentu eta erakunde autonomo guztietako langileen artean zabalduko dira, egiazki bete daitezen.
6. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak erabaki hau Corporación Pública Empresarial de Navarrari igorriko dio, jarraibideok aplika dakizkien, erakunde horretako espezialitate posibleetara egokituta, korporazio horretako sozietate publikoetako langileei ere.