(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Funtzio Publikoa :
    • Arau orokorrak :
      • Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2012ko urriaren 31n hartua, jarraibideak onesten dituena enplegatu publikoek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ondasun eta espazio publikoak ongi erabil ditzaten

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2012ko urriaren 31n hartua, jarraibideak onesten dituena enplegatu publikoek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ondasun eta espazio publikoak ongi erabil ditzaten

 

(2012ko 223. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 14an)

Atarikoa

Enplegatu publikoa izateak zenbait eskubide dakarzkie haren titularrei, indarra duen legeriak aitortuak, eta aldi berean dakarzkie erantzukizun berezi bat eta betebehar berariazkoak zerbitzu egiten duten Administrazioaren aldera, baita, azken batez, herritarren aldera ere. Gisa berean, ez adierazpen askatasunerako eskubide konstituzionala ez askatasun sindikala erabiltzeko eskubidea, ez dira eskubide mugagabeak, Konstituzio Auzitegiak aho batez adierazi duenez.

Jarraibide hauek xedea dute enplegatu publikoek ondasun eta espazio publikoak ongi erabiltzea, aipatu eskubideen errespetu osoan.

Azken aldi honetan agerian da ezen, enplegatu publikoen halako talde batzuk, legeak haien eskuetan uzten dituen baliabideez gain, Foru Komunitateko Administrazioaren ondarearen elementuez baliatzen ari direla, lan arloko errebindikazioei eta bertzelakoei haize eman nahian; zenbaitetan, haien zabalkuntza egiteko, euskarritako erabili ere izan dira eraikin publikoen fatxadak edo zerbitzu publikoari atxikitako ibilgailu edo elementuak.

Horrek, batzuetan dakar ondasun horien erabilera partikular eta desegokia, legearen araberako erabilera ordenatuaren kontrakoa; halakoetan, gainera, enplegatu publikoak urratzen ari dira zerbitzari publiko gisa ari direlarik inpartzialtasunez eta neutraltasunez jokatzeko eta iritziak ez adierazteko duten betebeharra, edo hari ez ikusi egiten.

Hori guztia, aparte utzirik iritzi horien edukia, zerbitzu publikoaren eginkizunari ñabardura guztiak kendu behar baitzaizkio, ez soilik politikoak, baita bertzelakoak ere, gizartearen pluraltasunari zerbitzu eginez, adierazten diren interesak legitimoak izaten ahal badira ere, are kritika politikoarekin edo lan arloarekin batere ikustekorik ez duten alderdi sozialetakoak direlarik ere.

Neutrala izateko beharkizun horrexegatik, eta herritar guztiei zuzendurik daudelako, zerbitzu publikoak eta haren ondasunek beren zerbitzarien adierazpen partikular guztietatik kanpo egon behar dute, izanik horiek politikoak, sozialak edo bertze edozein alorretakoak -zenbat ere jotzen diren gehiengoarentzat, bidezkotzat eta apolitikotzat-, jarrera horixe baita bermerik onena herritar guztiek balorazio hoberena izan dezaten.

Badira, beraz, jokamolde batzuk gerizatzen ahal ez direnak adierazpen askatasunerako, askatasun sindikalerako edo norberaren irudirako oinarrizko eskubideen interpretazio neurriz gainekoan, izan ere, bai Konstituzio Auzitegiak bai Auzitegi Gorenak beren epaietan behin eta berriz zehaztu dutenez, bertze edozein oinarrizko eskubide bezala, ez dira eskubide mugagabeak, eta bai aldiz Konstituzioaren 20.4 artikuluak ezartzen dituen mugei lotuak. Eskubide hauen erabileraren esparrua, betiere, izan behar da, Konstituzio Auzitegiak adierazi duenez, "halako portaera arau batzuk, Kode Zibilaren 7. artikuluak orokorrean adierazten dituenak, zehazten duelarik eskubideak fede onaren betebeharren arabera erabili behar direla". Edo askatasun sindikalaren aipu zehatza egitean, honako hau erraten duelarik: "funtzionarioek askatasun sindikala erabiltzeak ez die eskubiderik ematen halakoak diren aldetik dituzten betebeharrak ez betetzeko, ezta egiteko ere funtzionarioaren lotsa eta duintasunaren kontrakoak edo Administrazioaren izen onaren eta zor zaion begiramenaren kontrakoak".

Hori guztia, enplegatu publikoek indarra duen legeriari jarraikiz dituzten eskubideak ukatu gabe, bereziki langileen informaziorako eskubidea eta iragarki oholak erabiltzekoa.

Orobat, beharrezkoa da oroitaraztea funtzionario eta, oro har, enplegatu publikoen eginbeharren artean dagoela legeak errespetatzea, hierarkiako nagusiek zerbitzuaren berezko gaietan ematen dituzten aginduak betetzea eta legeriak funtzionario publikoei ezartzen dizkien betebeharrak konplitzea, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 56. artikuluak berariaz jasotzen duen bezalaxe.

Beharrezkoa da, gainera, honako hau kontuan hartzea: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak, apirilaren 12ko 7/2007 Legearen bidez onetsi baitzen, lehen aldiz ezartzean gure legerian enplegatu publikoen oinarrizko betebeharren arauketa orokorra, aurreikusten du horiek beren jarduketa egokituko dutela "zerbitzu egiten duten administrazioarekiko leialtasun eta fede onaren printzipioetara". Enplegatu publiko guztien eginbeharra da, orobat, neutraltasun eta inpartzialtasun printzipioen arabera jokatzea, printzipio horiek, bertze batzuekin batera, enplegatu publikoen diziplina araubidearen interpretazioa eta aplikazioa funtsatzen baitituzte.

Are gehiago, eta Foru Komunitateko Administrazioaren esparruari dagokionez, Administrazioaren Jardunbide Egokiaren Kodeak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak urtarrilaren 25ean eman 46/2010 Foru Aginduaren bidez onetsi baitzen, ezartzen du printzipio hauek, bertzeak bertze, enplegatu publikoen gidari izan behar dutela herritarrekiko harremanetan, eta gehitzen du begiratuko direla iritzi partikularrak adieraztetik, zerbitzari publiko gisa ari direlarik.

Halaber, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 60.2 artikuluak ezartzen duenez, " Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko langileek, zein den ere harremanaren izaera, Nafarroako Foru Komunitateko ondarearen parte diren ondasun eta eskubideen zaintza eta osotasuna begiratu beharko dituzte, modu egokian eta ezarriak dituzten helburuetarako erabil daitezen saiatuko dira...".

Horrenbertzez, Nafarroako Gobernuak, enplegatu publikoek ondasun eta espazio publikoen erabilera egokia bermatzeak duen garrantzia jakitun izanik, eta lan eta funtzionario harremanen arloko adierazpen askatasunerako eta askatasun sindikalerako eskubideak osoki errespetatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 42. artikuluan esleitzen dion ahalmenaren babespean, jarraibide hauek eman ditu, bai enplegatu publikoen araubidean bai Administrazioaren ondarearen kudeaketaren araubidean lehenagotik ziren printzipioak argituz, enplegatu publikoek baitezpada bete ditzaten.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, erabaki du:

1. Ondoko jarraibideak onestea enplegatu publikoek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ondasun eta espazio publikoak ongi erabil ditzaten.

Lehenbizikoa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek kudeatzen dituzten eraikin, bulego, egoitza edo zentro publikoek sinbolo eta errotulazio ofizial baimenduak izanen dituzte agerian, eta ez fatxadan ez barnean ez da paratzen ahalko pankartarik, afixarik, paskinik edo mezuak, iragarkiak edo komunikazioak dituen bertze nolanahiko elementurik, horretarako gaiturik dauden espazioetan ez bada.

Bigarrena. Eraikinetan, eta aparteko komunikazio kanpainen ondorioz, eraikina zer departamentu edo erakunde autonomori dagoen esleitua, harexen arduradun nagusiaren baimenarekin baizik ez da salbuespenik eginen ezarritako arauetan, eta betiere, indarra duen legeria osoki errespetatuz.

Hirugarrena. Ofizialki ezarritako errotulazioak eta pribatu baimenduak eramanen dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ibilgailuek eta haien ibilgailu ofizialek eta orobat zerbitzu publiko baten prestazioari atxikitako ibilgailuek. Haietan ez da mezu, iragarki, komunikazio edo ikurrik paratzen ahalko, arestian aipatu direnen araberakoak ez badira.

Haien erabiltzaileen betebehar berariazkoa izanen da haiek aipatu baldintzetan mantentzea eta erabiltzea.

Laugarrena. Lanerako uniforme eta arropak osorik mantendu beharko dira, ez dagokien mezu edo grafismorik batere erakutsi gabe.

Borzgarrena.-Iragarki, mezu edo komunikazioak paratu beharko dira eskubide sindikalen arloan indarra duen araudiak ezartzen dituen tokietan eta iragarki oholetan.

Iragarki, mezu edo komunikazio horiek ez dira inoiz iraingarriak izanen pertsona edo erakundeen aldera, eta ez dituzte urratzen ahalko oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak, eta errespetatuko dituzte indarra duen legeriak ezarritako mugak.

2. Jarraibide hauek nahitaez bete beharko dituzte Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomo guztien mendeko enplegatu publikoek, edozein izanik ere haien araubide juridikoa. Bete ezean, bidezko diren erantzukizunak eskatuko zaizkie, dagokiekeen diziplina araubidea ukatu gabe.

3. Administrazio unitate guztien arduradunek begiratuko dute erabaki honetan jasotzen diren jarraibideak bete daitezen.

4. Jarraibide hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, orok jakin dezan. Gainera, departamentu eta erakunde autonomo guztietako langileen artean zabalduko dira, egiazki bete daitezen.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa