Deialdiari buruzko informazio osoa (1. eranskina) “Araudia” izeneko atalean dago.
Ikastaroak helduei euskara irakasten dieten zentro publikoetan (Hizkuntza Eskola Ofizialetan eta unibertsitateetan) eta zentro pribatuetan egin beharko dira.
Diruz lagunduko dira ikastaro estentsibo nahiz intentsibo presentzialak, baita barnetegietan egiten direnak, ikastaro erdi-presentzialak eta on-line ikastaroak ere, euskara ikasteko edo hobetzeko helburua dutenak. Hobekuntza ikastaroen helburua izanen da lantzea irakasleen euskarazko hizkuntza gaitasuna bera edo irakas-praktika hobetzeko metodologia.
Hortik kanpo uzten dira hobekuntza ikastaroak eta eduki metodologikoa duten prestakuntza ikastaroak, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak-EIBZk eta Irakasleen Laguntza Zentroek garai horretan eskaintzen dituztelako dohainik irakasleentzat. Hala ere, eskaeran sartzen ahalko dira zentro horietan eman ez diren ikastaroak.
Prestakuntza jasotzen duten irakasleek eskubidea izanen dute 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean egindako ikastaroen matrikularen zati bat ordain diezaieten (barnetegietako ikastaroen kasuan, halaber, ostatu eta mantenu gastuen %50 ere, gutxienez, ordainduko da), betiere laguntzaren xede den ikastaroan (edo ikastaroetan) eskolen % 80tara gutxienez bertaratu badira. Gutxieneko bertaratze hori ez badute, ez zaie eskatutako laguntza emango.
Diru-laguntza, printzipioz, ordaindutako matrikularen % 50 izanen da. Barnetegietako ikastaroen kasuan, halaber, ostatu eta mantenu gastuen %50 ere ordainduko da, gutxienez.
Ezarritako irizpideak aplikatu ondoren, proposamen guztiak aintzat hartzeko bezainbeste dirurik ez badago aurrekontuan, hainbanaketa aplikatuko da guztietan, behar den portzentaje murrizketarekin.
Eskaera guztiei erantzun ondoan diru erabilgarria gelditzen bada helburu hori duen partidan, hainbanaketa aplikatuko da, eta behar den portzentajean igoko dira laguntzak.
Jasotzen den laguntzak ez dio inolako onura ekonomiko pertsonalik ekarriko esleipen hartzaileari.
Laguntzen % 75 sare publikoko irakasleentzat izanen da, eta % 25 sare itundukoentzat.
Sare batean erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabeak beste sarean emanen dira.
Bateragarritasuna
Beste administrazio publiko batzuek laguntzak emanez gero euskara ikasteko edo hobetzeko prestakuntza ikastaroak 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartean egiteko, aurkeztu beharko da zenbateko hori egiaztatzen duen ziurtagiria, administrazio emaileak egina. Nolanahi ere, Hezkuntzako Departamentuaren laguntzaren eta gainerako laguntzen baturak ezin du inola ere gainditu matrikularen zenbatekoa (edo matrikula gehi ostatua, barnetegietako ikastaroen kasuan). Edonola ere, eskatzaileak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio zer laguntza eskatu edo jaso duen.
Eskaerak aurkeztea
Web-formulario bat erabiliko da eskaera egiteko, ahal izatera. Eskaerak egiteko epea hasten denean (irailaren 1a) emanen da formulario horren URLa. Eranskin honen 5.2 puntuan aipatzen den dokumentazioa web formularioari atxikita aurkeztu beharko da.
Hautapen Batzordeak agiri originalak eskatzen ahalko ditu, behar diren egiaztapenak egiteko, beharrezkotzat jotzen badu.
Bestela, Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira ebazpen honen 2. eranskineko eskabidea eta dagokion dokumentazioa.
Nolanahi ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.
Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.
Deialdiaren prozesu osoa (eskabidea, agirien aurkezpena eta abar) telematika bidez gauzatzen ahalko da, webgune honen bidez.
Elektronikoki tramitatzeko, beharrezkoa da NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala edukitzea.
Deialdi honetako laguntzetarako eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.