Leihatila bakarreko araubide bereziei atxikitako enpresaburuek edo profesional bitartekariek honako hauek adierazi beharko dituzte autolikidazioan:
- Enpresaburu edo profesional izaerarik gabe diharduten pertsonei emandako zerbitzuak, baldin eta pertsona horiek Europako Erkidegoan finkatuta badaude, baina araubide berezi honi atxikitako enpresaburuarena edo profesionalarena ez den estatu kide batean, eta betiere prestazioak enpresaburua edo profesionala finkatuta ez dagoen estatu kide batean ematen badira.
Zerbitzu-prestazioak enpresaburuaren egoitza dagoen estatu kidean ematen badira edo BEZaren ondorioetarako finkatuta dagoen estatu batean, prestazio horiek dagokien herrialdean aitortu beharko dira, bertako BEZaren araubide orokorraren arabera, eta ez OSS araubidearen arabera (leihatila bakarraren sistema).
- Europar Batasunaren barruko urruneko ondasun-salmentak, subjektu pasiboa erregistratzen den estatu kidean kokatzen direnak barne, bai eta BEZaren ondorioetarako finkatutako beste estatu kide batean kokatzen direnak ere.
- 150 eurotik beherako balioa duten inportatutako ondasunen urruneko salmentak, zerga bereziei lotutako ondasunak izan ezik.
369 eredua aurkeztu beharko dute, nahiz eta aitorpen-aldian kasuan kasuko araubideei lotutako ondasun-entregarik egin edo zerbitzurik eman ez, 'Jarduerarik gabeko aitorpena' izeneko 12. laukia markatuta.