Laguntza hauen onuradunak dira 2025. urtean oinarri hauetan jasotako gastuetakoren bat izaten duten familia ugarietako eta familia gurasobakarretako kideak. Era berean, laguntza hauen onuradunak izanen dira familia ugarietako eta familia gurasobakarretako kideak, baldin eta oinarri hauetan jasotako gasturen bat egin badute 2024ko urriaren 16tik abenduaren 31ra bitartean. Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak lortu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
- Familia ugariaren txartelaren edo guraso bakarreko familiaren txartelaren jabe izatea laguntza eskaera aurkezten den unean.
- Laguntzarako kontuan hartzen diren familiako kide guztiak Nafarroan erroldatuta izatea 2 urteko antzinatasunarekin, gutxienez ere.
- Familia unitatearen per capita errenta urte bakoitzean ezarriko den zenbatekotik beherakoa izatea (ikus “Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa” puntua).
Hauxe hartuko da familia unitatearen per capita errentatzat: familia ugaria edo familia gurasobakarra osatzen duten kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga oinarriaren zati orokorra, kasuan kasuko zergaldikoa, zati horretarako zenbatzen diren familiako kideen kopurua.
Familia unitatean % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta duen kide bakoitza bi izanen balira bezala zenbatuko da.
Guraso bakarreko familien edo guraso bakarreko egoeran daudenen kasuan, kide bat gehituko zaio guraso bakarreko familia txartelaren kide konputagarrien kopuruari.
Ondorio horietarako, laguntza noiz eskatzen den, ekitaldi horrexetan egindako errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan.
Errentaren kanpaina 2025. urtean hasi aurretik eskatu diren laguntzen kasuan, aurreko ekitaldian egindako aitorpena hartuko da kontuan. Errentaren kanpaina 2025. urtean hasi ondoren eskatzen diren laguntzen kasuan, ekitaldi horretan egiten den aitorpena hartuko da kontuan.