Etxebizitza babestua partikularren artean alokatzea
Etxebizitza babestua partikularren artean alokatzea
Orri honetan azalduko dizugu, batetik, zein diren zure etxebizitza babestua alokatzeko baldintzak, eta, bestetik, nola eskatu horretarako baimena Etxebizitza Zerbitzuari
Etxebizitza soilik aloka dezakezu, eranskinik gabe (garajea eta trastelekuak).
Errespetatu egin behar duzu gehieneko alokairu-prezioa, Nafarroako Gobernuak ezarritakoa. Prezio txikiagoa adostu dezakezu, baina ez handiagoa. Kalkulatu alokairuaren gehieneko prezioa.
Fidantza gisa, hileko errentari dagokion kopurua eska dezakezu eskudirutan; ezin duzu eskatu abalik edo berme osagarririk.
Kontratuak nahitaez jaso behar ditu klausula hauek:
Etxebizitzak debeku eta muga batzuk ditu, Etxebizitza Babestuen Araubidearen ondorioz, eta, horrenbestez, erabilera-baldintzak izanen dira behin betiko kalifikazioan adierazitakoak, eta errenta ez da izanen legez ezarritakoa baino handiagoa.
Errentariak etxebizitza erabiliko du ohiko bizileku iraunkorrerako eta etxebizitza okupatuko du giltzak hartu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere, salbu eta tartean bidezko arrazoirik badago.
Errentatzaileak ikus-onetsitako kontratuaren ale bat eman beharko dio errentariari.
Errentatzaileak altzaririk eta objekturik gabe utziko du etxebizitza errentariaren esku edo, altzariak badaude, ez du haiengatik dirurik kobratuko.
Kontratua suntsiaraziko da, baldin eta etxebizitza azpierrentan ematen bada osorik edo parte batean.
Errentatzaileak ordainduko du beti hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, eta ezin izanen du ordainketa hori errentariaren kargu utzi.
Etxebizitza erosteko dirulaguntza jaso bazenuen, eta alokatzen baduzu behin betiko kalifikaziotik hamar urte igaro baino lehen, itzuli egin beharko dituzu dirulaguntza eta berandutze-interesak. Itzulketa hori etxebizitza alokatu baino lehen egin behar duzu. Etxebizitza Zerbitzuan esanen dizute nola egin.
Gainera, Ogasunean aurre egin behar diezu zerga-ondorioei, baldin eta etxebizitza-kontuko dirua erabili bazenuen hura erosteko edo desgrabaziorik egin baduzu.
Etxebizitzak izan behar du energia-efizientziaren ziurtagiria indarrean, 4 hilabetez baino gehiagoz alokatzen baduzu.
Maizterrarekin akordioa lortu ondoren, Etxebizitza Zerbitzura bidali behar duzu kontratua, eskatutako gainerako dokumentuekin batera, hark behar diren egiaztapenak egin ditzan eta, hala badagokio, alokairua baimendu edo ikus-onets dezan.
Aurkeztu beharreko agiriak keyboard_arrow_down
Eskabide orokorra (bakar-bakarrik baldin eskabidea bulegoetan aurrez aurre aurkezten baduzu)
Kontratuaren kopia, bi alderdiek behar bezala sinatua, orri guztietan.
Maizter guztien PFEZaren aitorpenaren kopia (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), epea amaitua duen azken kanpainari dagokiona, soilik baldin eta zerga-aitorpena egin badute Nafarroako Foru Ogasuna ez den beste zerga-administrazio batean.
Maizterren NANaren edo AIZaren (atzerritarren identifikazio zenbakia) kopia eta, hala badagokio, familia-liburua.
Dirulaguntzaren itzulketaren ordainketa-gutunaren kopia, hala behar bada.