Castellano | Euskara | Français | English
(2002ko 49. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 22an)
Atarikoa
Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariak Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) arautzearen aldeko txostena aurkeztu du, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legean araututako Batxilergorako.
Xedapen hau prestatzeko, kontuan eduki da abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretua, Erlijioaren irakaskuntza arautzen duena, haren 3.2 artikuluan ezarrita baitago erlijioko irakaskuntza aukeratzen ez duten ikasleentzat ikastetxeek beste ikasketa jarduera batzuk antolatuko dituztela, irakaskuntza osagarri bezala, erlijioko irakaskuntzaren ordutegi berarekin. Jarduera horiek, MECD-k eta hezkuntza arloko eskumen osoa duten hezkuntza administrazioek proposatuko baitituzte, gizarte eta kultur bizitzako zenbait alderdi, iraganekoak edo gaur egungoak, ezagutu eta aintzat hartzen lagunduko dute, literatura, plastika eta musikako agerpenak aztertu eta komentatuz; hezkuntza jarduera orok bezala, urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan etapa bakoitzerako ezarritako helburuak lortzen lagunduko dute. Betiere, jarduera horiek ez dira gutxieneko irakaskuntzetan eta hezkuntza mailen curriculumean sartutako edukiei buruzkoak izanen.
Bestalde, abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuko 3. artikuluko 3. idatz-zatiaren arabera, Batxilergoko kurtso batean, ikasketa jarduera alternatiboak, irakaskuntza osagarriak baitira, erlijio ezberdinen idatzizko, irudizko eta musikazko agerbideei buruz izanen dira, haien gertakari, pertsonaia eta ikurrik garrantzitsuenak ezagutu ahal izateko, bai eta garai ezberdinetako filosofian eta kulturan izaniko eragina ezagutzeko ere.
Halaber, aipatu Errege Dekretuko 3.4 artikuluan ezartzen denez, jarduera alternatiboak nahitaezkoak izanen dira erlijioko irakaskuntza aukeratzen ez duten ikasleentzat, eta ikasleen adinari egokituko zaizkio. Jarduera horiek ez dira ebaluatuko eta ez dira ikasleen espediente akademikoetan agertuko. Ikasle horientzat ikastetxeek behar bezala antolatutako hezkuntza jarduerak eskainiko dituzte, Erlijioa irakasteko programatutako denboran.
Horrenbestez, 2438/1994 Errege Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Foru Agindu hau aplikatuko zaie, Nafarroako Foru Komunitatean, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan antolaturiko Batxilergoa ematen duten ikastetxe publiko eta pribatuei.
Bigarrena
Guraso edo tutoreek, edo ikasleek berek adinez nagusi badira, Erlijioko irakaskuntza aukeratzen ez badute, ikasleek hezkuntza saio behar bezala antolatua izanen dute aipatu irakaskuntzarako programatutako denboran, abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan ezarri bezala.
Hirugarrena
Aurreko puntuan aipatzen den hezkuntza saioa Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) izanen da. Ikastetxeek H.J.A.ko irakaskuntza eskaini eta garatuko dute, behar bezala planifikatuta eta etapako curriculum proiektuan sartuta.
Laugarrena
Hezkuntza Jarduera Antolatuak ikasleen heldutasun pertsonal, sozial eta morala sendotzen lagunduko du, eta agerpen erlijiosoei buruzko kultura orokorra zabalduko.
Bosgarrena
Hezkuntza Jarduera Antolatuaren edukiak erlijio ezberdinen agerpenei buruz izanen dira, haien gertakari, pertsonaia eta ikurrik garrantzitsuenak ezagutu ahal izateko, bai eta garai ezberdinetako filosofian eta kulturan izaniko eragina ezagutzeko ere.
Irakaskuntza horien antolamendua erraztearren, edukiak Foru Agindu honen Eranskinean bildu dira.
Seigarrena
1. Hezkuntza Jarduera Antolatuko (H.J.A.ko) ikasketak ez dira ebaluatuko eta ez dira ikasleen espediente akademikoetan agertuko, baina familiei igortzen zaien informazioan sartzen ahalko dira, ikastetxean egindako beste edozein hezkuntza jarduera bezala.
2. Dena dela, Hezkuntza Jarduera Antolatua ematen duten irakasleak lantaldekoak izanen dira eta ebaluazio saioetan hartuko dute parte ikasleen jarrerak ebaluatzerakoan; esparru horretan beren balorazioak taldeko gainerako irakasleenak bezalaxe hartuko dira kontuan.
Zazpigarrena
Filosofiako departamentu didaktikoaren eskumena izanen da Hezkuntza Jarduera Antolatuko edukiak garatzea eta, ahal dela, departamentu horretako irakasleek emanen dute.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Indarrik gabe gelditu da Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emandako otsailaren 5eko 16/1998 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) arautzen zuena.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Ahalmena ematen zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari Foru Agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Agindu hau eta bere eranskina igortzea Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Hezkuntza Berriztapenaren Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin.
Azken Xedapenetako Hirugarrena
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2002-2003 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.
ERANSKINA. Batxilergoko Hezkuntza Jarduera Antolatuaren curriculuma
Batxilergoko Hezkuntza Jarduera Antolatuaren xede nagusia ikasleei gizarte, kultura eta erlijioko gaiei buruz pentsarazi eta irakastea da, gure tradizio kultural eta artistikoa ulertu ahal izateko. Ulertze hori nekez gauzatzen ahal da gako historiko eta kontzeptual batzuk izan gabe. Horregatik, kultura orokorrari lotuta dago.
Gainera, H.J.A.k badu beste xede bat. Gaur egungo kulturan eragin handiena duten erlijioen inguruko gai batzuk aztertuz eta horietan sakonduz, lortu nahi da ikasleek haiek begi onez ikusi eta errespeta ditzatela, balio demokratikoetan eta bizikidetasunerako prestatuz.
Edukiak, programazio didaktikoetan garatu beharko direnak, lau multzotan egituratu dira. Horiek, hein batean, bat datoz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako H.J.A.n landutako gaiekin, baina etapa honetan abstrakzio, sakontasun eta zehaztasun handiagoz aztertu behar dira, Batxilergoa egiten ari diren ikasleen adimenezko eta gizabidezko heldutasunarekin bat.
a) Lehenengo multzoan erlijioaren gertakaria aztertzen da, eta aurreko etapan baino filosofikoagoa den ikuspuntutik garatuko da. Erlijioaren formen eta agerbideen ikasketa planteatzen da, eta kristautasunari eta gure kulturan arrastoa utzi duten gainerako erlijioei (islamismoari eta judaismoari) loturiko zeinuen, ikurren, hizkera erlijiosoaren, arkitekturaren, kulturan izaniko eraginaren, eta abarren ikasketari emanen zaio garrantzi berezia.
Multzo honetan hiru erlijio monoteista nagusietara hurbiltzeko saioa eginen da: judaismora, kristautasunera eta islamismora. Horregatik, Moisesen, Jesusen eta Mahomaren bizitzak eta irakaskuntzak ikasiko dira bereziki, baita haien liburu sakratuak ere: Torah-a, Bibliako liburuak IV. mendearen bukaeran ezarritako kristau kanonaren arabera, eta Korana, Utman hirugarren kalifak ezarria. Komeni da ikasleek liburu horietako zati aipagarriak irakurtzea.
b) Bigarren multzoan arrazoiaren eta fedearen arteko harremanaren azterketa filosofikoa eginen da, eta ustezko dilema horri ematen zaizkion erantzunetan sakonduko: teismoan, agnostizismoan, fideismoan eta ateismoan. Etikaren eta erlijioaren arteko harremanaren azterketa ere sartu da, eta etikako oinarrien proposamenen azterketara hurbiltzeko ahalegina eginen da. Multzo honetan, etikaren alderdi soziala eta norberarena ere sartzen dira.
c) Hirugarren multzoak erlijioaren alderdi sozial eta politikoa biltzen du, testuinguru batean kokaturiko erakundea den aldetik, eta Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak dira aztergai. Askatasun erlijiosoaren funts eta oihartzunak aztertzen dira eta tolerantziaren balioa sartzen da, bizikidetasunerako gizarte balioa den aldetik. Horrek posible egiten du fundamentalismoak eta haien ondorio sozial, kultural eta politikoak aztertzea. Amaitzeko, Espainiako Konstituzioak erlijioari ematen dion tratamendua aztertuko da.
d) Jarrerazkoagoa izan nahi duen azkeneko multzoaren xedea da ikasleei azaltzea erlijioen arteko eta sinestunen eta sinesgabeen arteko elkarrizketa eta elkartzea posible dela, errespetuan eta eraikitzeko gogoan oinarrituta.
Helburu horiek lortzeko, eduki hauek izanen ditu Hezkuntza Jarduera Antolatuak (H.J.A.):
1. multzoa: erlijioa eta bere agerpenak.
-Erlijioaren formak eta edukiak.
-Jainko bakarreko erlijioak: judaismoa, kristautasuna, islamismoa. Moises, Jesus eta Mahoma. Liburu sakratuak: Torah, Biblia kristaua eta Korana.
2. multzoa: arrazoiaren eta fedearen arteko harremanaren azterketa filosofikoa.
-Arrazoia eta fedea: jarrera bateratzaileak eta antitetikoak. Jarrera teistak, agnostikoak, fideistak eta ateoak.
-Etika eta erlijioa: etikaren oinarrien proposamenen azterketa. Bizitzearen zentzuaren eta zorionaren auziak: jarrera batzuk.
3. multzoa: erlijioen alderdi sozial eta politikoa.
-Politika eta erlijioa: Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak. Askatasun erlijiosoa eta tolerantzia. Fundamentalismoaren arazoa.
-Espainiako Konstituzioak erlijioari ematen dion tratamendua.
4. multzoa: aniztasuna eta adostasuna.
-Erlijioen arteko elkartze eta elkarrizketa.
-Sinestunen eta sinesgabeen arteko elkarrizketa.