Castellano | Euskara | Français | English
(1999ko 109. NAOn argitaratutako testua, irailaren 1ean)
Atarikoa
Pedagogi Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Batxilergoko A hizkuntz eredurako Euskara eta Euskal Literatura irakasgaiaren curriculuma onetsi dadin.
Kontuan harturik zer aurreikusten duten Batxilergoaren egitura ezartzen duen azaroaren 29ko 1700/1991 Errege Dekretuko 5 eta 6. artikuluek, (1991-12-2ko "EAO") Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoaren egitura eta curriculuma ezartzen dituen ekainaren 23ko 169/97 Foru Dekretuko 5 eta 6. artikuluek (1997-10-17ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), eta Nafarroako Foru Komunitaterako Batxilergoaren egitura garatu, antolamendua arautu ordutegia finkatu eta irakasgai hautazkoen curriculuma onesten duen otsailaren 17ko 43/1998 Foru Aginduko 3. eta 4. puntuek (1998-4-20 Nafarroako Aldizkari Ofiziala), Hezkuntza eta Kultura Departamentuari dagokio Batxilergoko A eredurako Euskara eta Euskal Literatura irakasgaiaren curriculuma onestea.
Nafarroako Foru Komunitateak euskara eta gaztelania bere hizkuntzatzat dituenez gero, bide zen Euskara eta Euskal Literaturaren curriculuma argitaratzea Gaztelania eta Gaztelaniazko literaturakoaren ondoan, Batxilergoko irakasgai komuntzat. Curriculum hori egokia da D ereduko Batxilergoa egiten duten ikasleentzat, baina desegokia, berriz, A eredua egiten dutenentzat. Hortaz, berariazko curriculum bat onetsi eta argitaratu behar zen eredu horretan aritzen diren ikastetxeen egoerarako egokiagoa.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2. b) eta c) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehenbizikoa
A hizkuntz eredurako Euskara eta Euskal Literatura irakasgaiaren curriculuma onesten duen Foru Agindu hau hizkuntz eredu hori duten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztietan emanen da.
Bigarrena
A eredurako euskara irakasgaiaren curriculuma Foru Agindu honen eranskinean ageri dena izanen da.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria
Esku ematen zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari Foru Agindu honetan xedatzen dena aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Foru Agindu hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.
ERANSKINA EUSKARA ETA EUSKAL LITERATURA (A EREDUA)
Sarrera
Euskara gure komunitatearen kultur ondarearen osagaia da. Hizkuntzak, gizakion komunikaziobide behinena diren partez, gizarte bateko kideek elkar ulertu eta elkarrekin ongi bizitzeko lagungarri dira. Euskara eta Euskal Literatura Batxilergoko curriculumean irakasgai gisa sartzea bestalde, aurreko etapetan hasitako prestakuntza jarraitarazi eta indartu beharretik heldu da.
Etapa berri honetako helburua da ikaslearen beregaintasuna ahalik eta gehien garatzea, gauza izan dadin bere produkzioak hertsikiago kontrolatzeko, hizkuntza finduz, bai ulertzeko nola hitz egiteko komunikazio-tresna eta bide pertsonal egokia izan dadin, eta irakurtzeko gaitasun beregaina izan dezan. Oraingo ikasi beharra, beraz, derrigorrezko etapan ikasitakoak luzatu, sendotu eta espezializatzea izanen da. Ildo horretatik, Euskara irakasgaiaren edukiak funtsean aurreko etaparenak berak dira, baina beste jakite maila, beste komunikazio, azterketa eta gogoeta maila batean.
Gainerakoan, Batxilergoan Euskara ikasteak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan zituen bi helburu nagusi ditu orain ere: tresna-helburua, hizkuntza komunikazio-tresna eta adierazbide baita, eta prestakuntza intelektual orokorra, gogoa egituratu eta mundu-ikuskera bat garatzeko.
Lehenbiziko helburuaz, tresna helburuaz, den bezainbatean, ikasleak helduago izateak bide emanen du hizkuntza gehiagotariko egoeretan erabiltzeko, hau da, aukera emanen du errealitatetik hurbilagoko ekintza-tresna gisa erabiltzeko, ez aurreko etapan bezain familiara eta eguneroko bizitzara lotua eta mugatua. Etapa honetan, beraz, esangura hartzen du euskara beste jakite arlo batzuetako informazioa jasotzeko tresnatzat erabiltzeak.
Beste alde batetik, hizkuntzaren mintzakideak, erregistroak, komunikazio helburuak eta abar ere berretu eta ugaldu egiten dira etapa honetan, aberastu egiten baita berariazko tratamentua behar duten diskurtsu aldaerak; modu sistematikoago batean landuko dira, horretarako, komunikabideetatik hartutako testuak (prentsa, telebista). Ikasleek garatua izanen dute honez gero komunikazio estrategiak eskuharki erabiltzeko gaitasun zerbait, gelako elkar-eragite egunerokoan eta bai kanpoan ere sor daitezkeen komunikazio problemei aurrera egiteko. Horrez landara, sendotu eginen da hiru hizkuntz mailetako gaitasuna (fonetika-fonologia, morfosintaxia eta lexikoa). Gaitasun hori ez da berezko helburutzat hartuko, esan bezalako komunikazio gaitasuna lortzeko moduko helbidetzat baizik.
Batxilergoak helburu hartzen dituen berariazko gaitasunen artean, euskara ikasteak bultza eginen dio komunikazio gaitasun eta mintzamen orokorrari, hizkuntza batean erabilitako ikaste estrategia pertsonalak besteetara aldatzearen bidez, erdara izan, euskara edo atzerriko hizkuntza.
Arestian aipatu tresna-helburuaren ondoan, irakasgai honek prestakuntza intelektualari ere bultza eginen dio, antolatzen diren jardueretan hainbat kognizio gaitasun abian jartzen baitira, hala nola gogoeta, hipotesi-sorketa, eta norbere ikasbidearen ebaluazioa. Hainbat prozedura erabiltzea ere sustatzen da, hala nola inferentzia, diskriminazioa, sailkapena, denak beste arlo batean erabili ahal izateko modukoak. Azkenik, bultza egiten zaio ikasleari itxurapen berriak itxuratu ditzan, eta horrela aurreko kognizio egitura oinarri bere mundu ikuskera zabal dezan.
"Alderdi soziokulturalak" deitu multzoak garrantzi berezia hartzen du Nafarroako hizkuntz eta kultura egoera aintzat hartzen bada. Multzo honetan, gainera, Euskal Literaturaganako sarbide zerbait eman nahi zaio ikasleari. Euskal literaturak, izan ere, handitu egiten du dudarik gabe hizkuntza gaitasuna duen hizkuntz kalitateari esker. Literaturaren bitartez ikasleak sarbide bat du hainbat testuinguru historiko eta sozialetako pentsamenduak eta emozioak adierazten dituzten testu batzuengana.
Helburu orokorrak
Gai honen garapenak lagundu eginen die ikasleei honako gaitasunak beretzen:
1.-Euskara, ahoz nahiz idatziz, gero eta egokiago erabiltzea, benetako egoeretan modu argi, pertsonal eta sortzailean komunikatzeko.
2.-Komunikabideetako euskara arrunt espezializatu gabean egindako ahozko, idatzizko eta ikustezko testuak ulertu eta kritikoki interpretatzea.
3.-Laguntzarik gabe antolamendu egitura banako euskal estuak irakurtzea, hainbat helbururekin: informazioa jasotzea, nork bere burua interes arlo jakin batean janztea, dibertitzea eta denbora pasatzea.
4.-Gogoeta egitea euskara komunikazioan nola ari den, norbere produkzioak hobetu eta besterenak ulertzeko, gero eta aldakorragoko eta ustekabeagoko egoeretan.
5.-Norbere komunitateko egoera soziolinguistikoaren alderdi funtsezkoak ezagutzea Nafarroako hizkuntz eta kultur ondarea hobeki ulertu eta baloratzeko.
6.-Euskararen gainean dakizkienak gehitzea eta horiek ondoren gehiago ikasi eta sakontzeko erabiltzea, dela hizkuntza horretantxe, dela beste hizkuntza batzuetan edo beste jakite eta kultur arlo batzuetan ere.
7.-Euskarazko literatura atsegin-iturri eta norbere burua eta kultura aberasteko bide gisa duen balioa estimatzea.
8.-Euskal kulturaren hainbat adierazbide ezagutzen hastea: tradizioak, musika, lan moduak, artea eta bar...
Edukiak
1.-Euskara ahoz nahiz idatziz erabiltzea
-Eguneroko bizitzari eta ikaste jarduerek sortutako egoerei dagozkien solasaldietan parte hartzea.
a) Mezuen faktore ez esplizitoak (egoeraren testuingurua, mintzakideen arteko harremana eta jarrera...).
b) Alderdi funtzionalak (komunikazio asmoa): deskribatzea, kontatzea, esplikatzea, hipotesiak egitea, probabilitatea, duda edo susmoa aditzera ematea, argudiatzea, laburbiltzea...
c) Diskurtsu motak: kontaerak (historia pertsonal laburrak, ipuinak, txostenak...), deskripzioak (oroitzapenak, esperientziak...), prozedurak/preskripzioak (jarraibide orokorrak, kontseiluak...), argudioak (elkarrizketak, debateak...).
-Elkar-eragitea errazten duten komunikazio estrategiak erabiltzea.
-Hizkuntza idatzia erabiltzea. Komunikazio asmo konkretu bati eta hartzaile jakin bati erantzuten dioten egoeretan, testu eskema diferenteak gobernatzen dituzten arauak aplikatuz.
Euskara estimatzea pertsonen eta kulturen arteko harreman eta ulerpen bide den partez.
2.-Ahozko eta idatzizko testuak sortzea.
-Honakoak osotara eta xehero ulertzea:
a) Eguneroko bizitzan izaten diren pertsona arteko komunikaziorako testu ahozko eta idatzizkoak (Irakaslearen aginduak, solasaldiak, erakusketak, debateak, trukeak, kartak, liburuxkak, funtzionamendu jarraibide orokorrak, apunteak...).
b) Dibulgazioko idazkiak, Batxilergoko modalitateekin eta oro har kulturarekin lotura dutenak, hiztegia erabiliz.
-Honako testuetan oro harko informazioa ulertzea eta bai aurretik eskatutako informazio espezifikoa ere: Komunikabideetako ahozko, idatzizko eta ikustezko testuak, hizkuntza arrunt espezializatua gabean eginak (kantak, berri-saioak, iritzi emanaldi sinpleak, dibulgazioko film laburrak, telebista sailak, zuzendariarentzako gutunak, prentsako artikuluak...).
-Askotariko idazkiak sortzea: azalpen idazkiak, argudio idazkiak, kontaerak, irakasgaiak eta abar.
-Testuetako informazioen estereotipo eta aurriritzien aurrean jarrera kritikoa hartzea.
3.-Hizkuntzaren gainean gogoeta egitea eta norbere burua zuzentzea.
-Komunikazio gaitasunaren osagaiak: hizkuntzaren funtzionamenduaren gaineko azterketa eta gogoeta, ahozko eta idatzizko testuak erabiliz:
a) Alderdi nozional-funtzionalak (laguntza eta lankidetza eskatzea, adostasuna eta desadostasuna aditzera ematea, erkatzea eta konparatzea, bultzatzea eta akuilatzea, kritikatzea, hipotesiak egin eta baldintzak aditzera ematea, duda eta susmoa aditzera ematea...).
b) Osagai morfosintatikoak:
-Kasu guztietako deklinabide singular eta plurala, eta mugagabea erabiltzeko arau oinarrizkoak.
-Adjetiboaren gradazioa. Konparatiboa eta superlatiboa.
-Aditz laguntzailearen sistema bere modalitate guztietan (Nor, Nor-nori, Nor-nork eta Nor-nori-nork) eta maizeneko era eta denborak nola erabiltzen diren.
-Maizenik erabiltzen diren aditz sintetikoak.
-Perpausaren egitura eta hitzen ordena izen sintagmaren barrenen.
-Koordinazioa eta subordinazioa.
c) Osagai lexikoak (hitz eraketa: maizenik erabiltzen diren artizki, atzizki eta aurrizkiak...)
d) Osagai fonologikoak (ebakiera eta intonazioa) eta ortografikoak.
e) Diskurtsu-alderdiak: ideiak lerroaldean eta testuan egoki antolatzeko modua, diskurtsuari barne lotura emateko elementuak nola erabili eta abar.
f) Osagai estrategikoak: solasaldiari ekin eta eusteko, eta esangura negoziatzeko estrategiei antz ematea.
4.-Alderdi soziokulturalak
-Literatura, atsegin-iturri eta norbere burua eta kultura aberasteko bide.
-Euskal idazle gailen batzuen zenbait testu irakurri, aztertu eta interpretatzea, ikasleen hizkuntz gaitasunerako egokiak.
-Ikasleak literatur asmoko testuak sortzen zaletzea.
-Euskara aintzat hartzea harreman sozialetarako hizkuntza gisa.
-Euskal kulturaren agerkari batzuen berri oinarrizkoa jakitea: tradizioak, musika, lan moduak, artea... eta bai kultura horretako pertsonaia historiko batzuen berri ere.
5.-Ikas prozesua arautzeko modua.
-Ikas-laneko prozesu mentalekin lotutako ikaste estrategiak (indukzioa, dedukzioa, kontrola...) eta gelako jardueraren plangintza orokorrarekin lotutakoak.
-Ikasleak ikasteko baliabideak beregain erabiltzea (hiztegia, kontsulta-liburuak, ikusentzunezko eta informatikako baliabideak...).
Ebaluazio irizpideak
1.-Aurkez aurkeko komunikazio egoera batean ikasleen egunoroko errealitatearekin lotutako gaiei buruz ahozko testua jaulkita, haren oro harko eta berariazko informazioa ateratzea.
Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ikaslea zenbateraino gai den mintzakideengandik heldu zaion informazioa ulertu eta interpretatzeko, kontuan harturik mintzakideok zer erregistro erabiltzen duten, zer asmorekin ari diren, zer jarrera duten eta abar, gaia beti ere ikaslearen esperientziakoa eta komunikazio premietakoa delarik.
2.-Komunikabideek gaurko gai orokorren baten gainean zabaldutako ahozko testu irudiz lagundu batzuen gainean aurrez galdera eginik, oro harko eta berariazko informazioa ateratzea.
Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ikaslea zenbateraino gai den komunikabideetako programa arruntenetan zabaltzen diren mezuak ulertu eta interpretatzeko, hala nola berriak, dibulgazio eta iritzi programak, debateak eta argudiozko trama duten programak, inoizka ikaskideei edo irakasleari kontsulta eginaz. Horrez gain, aurrez aipatutako alderdiak berariaz noraino ulertzen diren neurtu nahi da.
3.-Erreztasunez parte hartzea berezko solasaldietan eta ikaslearentzat interesa duten gaiei buruz aurrez prestatutako kontaera, azalpen, argudio eta debateetan, curriculumaren beste arlo batzuekin edo alderdi sozial eta kulturalekin lotuak, egoerak behar dituen komunikazio estrategia eta diskurtsu mota erabiliz.
Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ikaslea zenbateraino gai den bere ideiak argi azaltzeko, batetik, eta, bestetik, elkar eragitean egoki erreakzionatu eta diskurtsuari aurrera eragiteko (hitz-trukeak hasiaz, argudiatuz, galderak eginaz, esangura negoziatuz...), diskurtsu ulergarri eta egoerarentzat nahiz komunikazio asmoarentzat egokiak sortuaz.
4.-Nork bere gain, hiztegia lagun, testu idatzietatik informazioa ateratzea (egunkari, kazeta, kontaera eta dibulgazio liburuetatik hartuta), informazioa delarik gaurko berriei, kulturari eta curriculumaren beste arloen inguruko edo etorkizuneko ikasketen gaiei buruzkoa.
Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ikaslea zenbateraino gai den euskarazko testu idatzi interes orokorreko edo dibulgazioakoak ulertzeko, eta ulertu ere, behar bezain zehatz eta xehero informazio hori kritikoki erabili, berritxuratu eta norbere hitz-aldietan, ahozko nahiz idatzizko, erabiltzeko.
5.-Hiztegia eta beste kontsulta liburu batzuk lagun, askotariko literatur testuak irakurtzea (eleberriak, poesia, teatroa...), ikaslearen interesekin lotuak, eta eginkizun berariazko baten bidez frogatzea testuak ulertu direla.
Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ikaslea zenbateraino gai den testu sinpleetan egilearen mezua, haren estiloaren ezaugarri orokorrak eta haren testuinguru soziokulturala interpretatzeko.
6.-Behar den kontsulta materiala erabiliz, edukiak ongi pentsatuz aukeratu eta landu beharreko testu idatziak idaztea, hizkuntzaren zuzentasuna, barne-lotura eta egokitasuna begiratuz.
Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ikaslea zenbateraino gai den ideak idatziz, testu-zuzentasunarekin eta helburu zehatz baten mesedetan mamitzeko; testu ahozko, idatzizko eta ikustezkoetatik ateratako informazioak eta argudioak kritikoki iruzkindu eta baloratzea, behar den laguntza bibliografikoa erabiliz (hiztegia, entziklopedia, prentsa espezializatua...).
7.-Beretu dituzten ezagupen linguistiko, soziolinguistiko, estrategiko eta diskurtsiboak jakinaren gainean erabiltzea, ikastearen beregaintasuna sendotzen duten norbere burua zuzentzeko mekanismoak hertsiki aplikatuz.
Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ikasleak zenbateraino egiten duen aurrera heldutasun sintaktiko handiagoko egiturak erabiltzen, lexikoa aberasten, ezaugarri fonologikoak hobetzen, ortografian, eta komunikazioa aisatzeko moduko komunikazio gaitasunaren alderdi guztietan. baloratu eginen da, halaber, ikaslea zenbateraino gai den bere produkzioak eta bere ikaskideenak ere zuzentzeko, ahozkoak nahiz idatzizkoak.
8.-Ikasleak bere oldez erabiltzea beretu dituen ikaste estrategiak: askotariko hiztegiak begiratzea, gramatikak eta beste iturriak erabiltzea, komunikazioak edo hizkuntz sisteman eta medio soziokulturalean sakontzeak sortarazten dituzten problema berriak konpontzeko.
Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ikaslea zenbateraino gai den aurreko ikasteetan erabili dituen estrategia eta trebetasunak ikaste egoera berrietara aldatzeko eta berak bere ikas prozesua eraikitzen hartu behar duen papera baloratzeko: erabakiak hartu, ohartu, hipotesiak itxuratu eta egokitzea, eta bere aurrerabidea ahalik eta beregainen ebaluatzea.