(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Irakaskuntzak :
    • Batxilergoa :
      • 88/2002 Foru Agindua, martxoaren 26koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko Erlijio Katolikoa irakasgaiaren curriculuma argitara ematea onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

88/2002 Foru Agindua, martxoaren 26koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko Erlijio Katolikoa irakasgaiaren curriculuma argitara ematea onesten duena

 

(2002ko 49. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 22an)

Atarikoa

Hezkuntza Administrazioei dagokie Batxilergoko curriculuma ezartzea haien eskumeneko lurralde esparruan; curriculum horrek, edozein kasutan, urriaren 2ko 1178/1992 Errege Dekretuan (abenduaren 29ko 3474/2000 Errege Dekretuak aldatuan) ezarritako gutxieneko irakaskuntzak bildu behar ditu.

Erlijio Katolikoaren curriculumari dagokionez, Erlijioaren irakaskuntza arautzen duen abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluak zehazten du elizaren hierarkiari dagokiola Erlijio Katolikoaren curriculuma ezartzea.

Horrenbestez, Iruña eta Tuterako Artzapezpikutzak Batxilergoko Erlijio Katolikoaren curriculuma aurkeztu du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Horiek horrela, 2438/1994 Errege Dekretuko azken xedapenetako bigarrenak eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2. b) eta c) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, agindu dut:

Lehena

Batxilergoko Erlijio Katolikoaren curriculuma, eskumena duen elizako agintaritzak proposaturikoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko baimena ematea. Curriculum hori Foru Agindu honen eraskinean ageri da.

Bigarrena

Foru Agindu hau igortzea Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Hezkuntza Berriztapenaren Atalera eta Iruñeko Artzapezpikutzara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak uztailaren 28an emandako 302/1997 Foru Agindua indarrik gabe uztea. Haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Batxilergoko Erlijio Katolikoaren curriculuma argitara ematea onetsi zen.

Laugarrena

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2002-2003 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.

ERANSKINA. Batxilergoko Erlijio Katolikoaren Curriculuma

Sarrera

Batxilergoan, erlijio katolikoaren oinarrizko xedea irakaskuntza hori hautatu duten ikasleei sintesi kristaua eskaintzea da, beren heziketa erlijiosoaren oinarria jartzeko eta heldutasun pertsonala lortzen lagunduko duten printzipio, balio eta jarrerak eskaintzeko. Pertsonaren duintasunaren funtsezko baliotik abiatuta, gizakiak hobetzeko konpromisora eramaten du fedearen logikak, askatasunaren, justiziaren, bakearen eta maitasunean oinarrituriko senidetasunaren aldeko aukera garbia eginez. Ikasleek ikasi ahalko dute Jesukristo maitasunari eta bizikidetasunari buruzko moral kristauaren oinarria dela.

Hezkuntza tarte honetan Erlijio eta Moral Katolikoaren irakaskuntza, bere egitura epistemologikoari dagokionez, Erlijioaren Zientziez aritzean aintzat hartzen den zientifikotasunari lotzen zaio. Helburuek, edukiek eta metodologia zientifiko teologikoak, Batxilergoko curriculumerako egokiak izateaz gainera, curriculum horren gainerako jakintzekin erlazio emankorra izateko aukera eskaintzen dute. Are gehiago, kulturarekin izaten den harremana ere etapa honetako beste helburu nagusi bat da eta, horren bitartez, gaur egungo munduak ikasleei sortzen dizkien arazo eta galderei eman beharreko erantzunetan txertatzen da mezu kristauaren orientazioa.

Helburuak

Irakasgai honek ikasleei honako gaitasun hauek garatzen lagundu behar die:

a) Erlijioaren gertakariaren garrantzia eta unibertsaltasuna ikustea kultura ezberdinetan, eta arreta berezia jartzea erlijio kristauaren gertakariak eta tradizio kultural eta erlijioso ezberdinen balioek duten garrantzian eta esanahian.

b) Fede kristauaren funtsezko edukien sintesi eguneratua garatzea.

c) Jainkoak bere irudi eta antzera sortutako gizakiaren duintasunaren zentzua, bere transzendentzia, biziaren balioa eta gizakiengan duen agerpena aztertzea.

d) Fedearen eta kulturaren arteko hartu emana eta batak besteari egiten dion ekarpena sakonago aztertzea.

e) Eliza katolikoaren doktrina sozialaren oinarrizko elementuak ezagutzen hastea, munduko errealitate sozioekonomiko eta kulturala aztertu eta interpretatu ahal izateko.

f) Gizakiaren alderdi etikoa baloratzea mezu kristauaren argitan, bizitzan eta gizartearen eraldaketan era aktibo eta arduratsuan parte hartzeko.

g) Kristautasunaren eta gainerako erlijioen balioak zein diren ikusi eta gaur egungo humanismoen balioekin alderatzea.

h) Bestelako kultura, pentsaera eta mundu-ikuskera duten pertsonekiko begirune, balorazio eta elkarrizketaren aldeko jarrera izatea, demokraziaren, giza eskubideen eta kultur heterogeneotasunaren aldeko estimua handitzeko eta bizikidetasun soziala baketsua eta adiskidetasunezkoa izan dadin.

i) Munduko ondarea aberasten duten arte erlijiosoaren adierazpenen aurrean ezagutza, sentsibilitatea eta gustua garatzea.

j) Giza jardueraren zentzu integralaz ohartzea, duintasunaren agerpena den aldetik, eta irizpide kristauak laneko jarduerari aplikatzea.

Edukiak

1.-Gizakiaren alderdi erlijiosoa eta horren adierazpenak. Erlijioaren gertakaria Espainiako Konstituzioan.

2.-Jainkoari buruzko lengoaiak gaur egun, komunikabideetan bereziki. Transzendentziaren zentzua.

3.-Erlijio monoteista nagusiak eta kristautasuna. Jainkoa eta gizakia.

4.-Gaur egun kristauak ez diren humanismoak. Laikotasuna eta "erlijio zibila".

5.-Jainkoari buruzko jarrera ezberdinen azterketa konparatua. Sinesmen eza eta horren formak. Fedea ateismoaren eta axolagabetasunaren aurrean. GS.19,20,21. Materialismoa, agnostizismoa, ateismoa. Erlijioaren aurreko axolagabetasuna.

6.-Humanismo kristaua bizitzaren zentzuaren erantzun gisa: pentsalari kristau nagusiak.

7.-Fedearen ekarpena gaurko munduan zientziak eta teknikak gizakiari buruz egiten dituzten planteamenduei. Askatasuna eta erantzukizuna.

8.-Transzendentziaren zentzua eta zentzu kristaua arte plastikoetan. Artea, fedearen pedagogia gisa.

9.-Erlijioaren gertakaria eta komunikabideetan duen agerpena. Tolerantzia, askatasuna eta erlijio aniztasuna.

10.-Jesukristo, Jainkoa eta gizakia; pazkoko misterioaren bidez gizakia -Jainkoaren irudi eta antzera sortua- salbatzeko proiektu jainkotiarra. Jainkoaren maitasunetik sortzen den gizaki berriak Jainkoaren Erreinuarekin batera lan egiten du eta bertan integratzen da. Jainkoaren Erreinuaren balioak.

11.-Jesukristok egin eta eskainitako salbamena. Betetasuna eta betiko bizitza. Heriotzondoari buruzko gaur egungo jarrerak.

12.-Jainkoaren salbamenerako eskaintzaren aurrean gizakiak ematen duen erantzuna. Jesukristori segitzea. Fedea eta maitasuna.

13.-Kristau bizitzak konpromiso pertsonal gisa dituen dimentsioak. Elizan eta beste erakunde batzuetan egiten den borondatezko lana.

14.-Eliza eta gizartea. Katolikoak bizitza publikoan. Politika eta erlijioa. Erlijio askatasuna. Tolerantzia eta aniztasuna. Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak.

15.-Elizaren doktrina sozialaren printzipioak eta oinarriak. Entziklika sozialen edukia ezagutzea. Lan munduan aplikatzea. Lan harremana. Eskubideak eta betebeharrak.

16.-Kristau fedea eta etika. Etika publikoaren eta etika pribatuaren arteko lotura estua.

17.-Jainkoaren Erreinua, jada bertaratua, betetasunera iritsiko da. Bakearen eraikuntzako eta maitasunaren zibilizazioko giza eta ebanjelio oinarria.

Ebaluazio irizpideak

1. Mezu kristauaren funtsezko edukiak sintetizatzea Elizaren iturri bibliko eta doktrinalei dagokienez, eta Jainkoaren Erreinuaren eta gizaki berriaren balio nagusiak deskribatzea.

2. Erlijioek eta humanismoek gizakiari eta bere bizitzaren zentzuari buruz eman dituzten erantzunak eta fede katolikoak ematen duena deskribatzea.

3. Gaur egungo gizartean nagusi diren balio eta kontrabalioez ohartzea, moral kristauaren funtsezko balioak deskribatzea eta gaur egun balio kristauekin bizitzeak -eta Ebajenlioak dioenaren arabera jokatzeak- ekartzen dituen gatazkak aztertzea sexualitatearen arloan, bizitzaren balorazioan eta arlo sozialean.

4. Garrantzizko gertaera edo/eta arazo sozial bat identifikatu, behatu eta deskribatzea, komunikabideetan horri buruzko informazioa eskuratzea eta irizpide moral kristauen argitan baloratzea.

5. Arte eta kultur agerpen batzuk aztertzea, eta horien erlijiotasunaren adierazpena deskribatzen jakitea.

6. Ikasitako eduki nagusiekin loturik dauden gaur egungo gai edo gertaerei buruzko eztabaidetan parte hartzea, eta norberaren usteak besteek dituztenekin eta Erlijio eta Moral Katolikoarenekin alderatzea.

7. Lan munduko harremanei printzipio kristauak aplikatzen jakitea, laneko duintasunaren, askatasunaren, eskubideen eta betebeharren oinarri izateko; printzipio horiek gaurko munduan ageri diren sistema ekonomikoekin eta mundu-ikuskerekin erlazionatzea.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa