Castellano | Euskara | Français | English
191/2008 FORU AGINDUA, abenduaren 4koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan batxilergoko ikasketak egiten ari diren ikasleak ebaluatu, hurrengo mailara igaro eta haiei tituluak emateko arauak ezartzen dituena
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2009ko 10. NAOn argitaratua, urtarrilaren 23an. Aldaketak: 123/2009 Foru Agindua, uztailaren 1ean)
Atarikoa
Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendariak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan batxilergoko ikasketak egiten ari diren ikasleak ebaluatu, hurrengo mailara igaro eta haiei tituluak emateko arauak ezartzen dituen foru agindu hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du.
Curriculum berria ezarri denetik, ebaluazioa beste ikuspuntu batetik egin behar da, hots, curriculumaren izaera malgua eta ikastetxeen autonomia pedagogikoa kontuan hartuz eta, aldi berean, ikasleen hezkuntza eta ikasketa emaitzak eta ikastetxeen irakaskuntzaren kalitatea hobetzen laguntzeko tresna bezala.
Ebaluazioak etapa honetako hezkuntza arloko helburuetan adierazitako gaitasunak eskuratzen lagundu behar die ikasleei. Horregatik, etaparen eta ikasgaien helburuak eta, orobat, haiek ebaluatzeko irizpideak dira ebaluazio prozesuaren erreferente egokienak.
Ebaluazioak, lorpenen eta aurrerapenen berri ematen duenez, ikasleari laguntzen dio bere gabeziak gainditzen eta bere gaitasunak garatzen. Ebaluazioak lagundu behar du nork bere buruari errendimendu handiko asmoak ezartzen eta ahalegintzearen, hobetzearen eta, ikasketei dagokienez, bere burua behartzearen aldeko jarrerak hartzen.
Hasierako ebaluaziotik arautzen den ebaluazio prozesuak etenik gabekoa behar du eta batez ere jarduera hezitzaile bat izan behar du. Ebaluazioa etengabea denez ikaslearen hezkuntza prozesuaren segimendu iraunkorra egin behar da.
Ebaluazioa arloz arlo egin behar da, baina izaera bateratzailea galdu gabe. Horregatik, etapako helburuak beti hartu behar dira aintzat.
Foru agindu honen berrikuntza nabarmenenak hauek dira: maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretuaren 20. artikuluan aipatzen den araubide bereziko matrikula eta ebaluazioa egiteko baldintzak finkatzen dira eta aukera ematen da bigarren maila bukatutakoan ebaluazio negatiboa izan duten ikasgaietan besterik ez matrikulatzeko.
Ebaluazioaren erregistroari dagokionez, bi agiri berri daude: Batxilergoko ikasketen historiala eta lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala, eta Batxilergoko kalifikazio-liburua desagertzen da. Gainera, akta mota berri bat ezarri da araubide bereziko matrikula egin duten bigarren mailako ikasleen irakasgaientzat, hala deialdi arrunterako nola deialdi berezirako.
Foru agindu hau prestatzeko arau hauetan ezarritakoa hartu da kontuan: azaroaren 2ko 1467/2007 Errege Dekretua, Batxilergoaren egitura ezarri eta haren gutxieneko ikasketak finkatzen dituena; maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoko ikasketen egitura eta curriculuma ezartzen dituena; Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 14ko 66/2008 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoaren egitura garatu, haren antolaketa arautu, ordutegia finkatu eta aukerako irakasgaien curriculuma onesten duena; eta Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 4ko 119/2008 Foru Agindua, helduentzako batxilergoko ikasketak araubide presentzialean eta urrutiko araubidean ematea arautu eta antolatzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
Foru agindu honen helburua Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan batxilergoko ikasketak egiten ari diren ikasleak ebaluatu, hurrengo mailara igaro eta haiei tituluak emateko arauak ezartzea da.
2. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.
1. Ebaluazioaren helburua ikasleen ikaskuntza prozesua baloratzea da, Batxilergoko helburu orokorrak eta irakasgai bakoitzaren helburu partikularrak lortu ote diren aztertuz eta ikaslearen dedikazioa, ahalegina eta eskola errendimendua aintzat hartzen dela bermatuz.
2. Batxilergoko ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa etengabea izanen da, arloz arlokoa, eta betiere batxilergoko curriculumaren alderdi guztiak aintzat hartuz, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretuan eta maiatzaren 14ko 66/2008 Foru Aginduan araututakoari jarraikiz.
3. Kurtsoa bukatuta, irakasgai bakoitzeko irakasleak erabakiko du ikasleak irakasgaiaren helburuak lortu ote dituen, eta zenbateraino, eta horren arabera, irakasgaiaren nota jarriko du. Helburuak lortu ote dituen baloratzeko erreferentzia nagusia ebaluazio irizpideak izanen dira.
4. Koordinazio didaktikorako departamentuen programazioetan, helburuak, edukiak, ebaluazio irizpideak, ebaluazio tresnak eta kalifikazio irizpideak jasotzeaz gainera, irakasgai bakoitzean kalifikazio positiboa lortzeko behar diren gutxieneko eskakizunak ere agertuko dira.
5. Irakasle taldeak, irakasle tutorearen koordinaziopean, ikasleak irakasgai guztietan izandako bilakaera eta haren heldutasun akademikoa baloratuko ditu, batxilergoko helburuei erreparatuta, eta etapa bukatutakoan, ondoko ikasketetan aurrera egiteko dituen aukerak ere.
6. Ebaluazioak, orobat, laguntza pedagogikoa egokitzeko eta, horrenbestez, heldutasun prozesuan aurrera egiteko balioko du. Beharrezkoa izanez gero, horretarako errefortzu-neurriak eta tutore-lana ezarriko dira.
7. Irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesua eta norberaren irakaslana baloratuko dituzte. Horretarako, ikasleek etengabeko ebaluazioan lortutako emaitzak erabiliko dituzte, besteak beste.
8. Batxilergoan, eguneko araubide ofizialean, lau urtez egoten ahal da gehienez.
3. artikulua. Kalifikazioen eskala.
1. Kalifikazioa ikasleari eskala baten araberako kategoria bat emateko ekintza da, ebaluazio prozesuaren emaitzen arabera.
2. Ebaluazio prozesua gauzatzeko kalifikazio eskala, bai ebaluazio partzialetan nola azkenekoetan, zerotik hamarrera bitartekoa izanen da, zenbaki hamartarrik gabe. Bostetik beherako kalifikazioak negatibotzat hartzen dira eta gainerakoak, berriz, positibotzat.
4. artikulua. Irakasle taldea.
1. Ebaluazio prozesuaren arduraduna ikastaldeko irakasle taldea edo ebaluazio batzordea da. Bertan ikasle bakoitzaren irakasleek parte hartzen dute.
2. Ebaluazio bilerak zuzentzea eta arauak betetzen direla bermatzea ikastaldeko tutoreari dagokio, orientazio arloko arduradunen aholkuei jarraikiz eta ikasketaburuaren koordinaziopean.
5. artikulua. Hasierako ebaluazioa.
1. Ikastetxeek hasierako ebaluazioa egin dezakete ikasmaila bakoitzeko ikasleen abiapuntuko maila zein den jakiteko eta, behar izanez gero, behar diren neurri pedagogikoak hartzeko.
2. Lehenengo mailako ikasleen kasuan, hasierako ebaluazioan kontuan hartuko da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako azken ebaluazioaren txostena, helburuko ikastetxeak eskaturik jatorrizko ikastetxeak bidali beharko duena. Bi ikastetxe horiek "Educa" aplikazio informatikoa erabiltzen badute, txostena tresna horren bidez eskuratzen ahalko da.
6. artikulua. Etengabeko ebaluazioa.
1. Ikasturtearen hasieran, irakasleak ondoko hauei buruzko informazioa emanen die ikasleei: helburuak, edukiak, ebaluazio irizpideak, ebaluaziorako baliabideak, kalifikatzeko eta errekuperatzeko irizpideak eta, orobat, irakasgai bakoitzaren gutxieneko eskakizunak, hala ikasmaila horretakoak nola berreskuratzeko dituzten irakasgaietakoak.
2. Informazio hori gurasoei edo legezko arduradunei ere jakinaraziko zaie, ikasturtearen hasierako taldeko bileran edo ikastetxeak erabakitzen dituen bideak erabiliz.
3. Etapako maila bakoitzean, uneoro, irakasleak ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuari buruzko informazioa jasoko du, behaketa sistematikoaren bidez, lanak baloratuz, proba berariazkoen bidez edo beste prozedura batzuen bitartez, prozesu hori etapa osoan erabil dadin.
4. Ikastetxeek hasierako ebaluazioa egin ala ez egin, hiru hilean behin ebaluazio bilera bat eginen dute. Bilera horien helburua da ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesua, haien ikasketa emaitza eta taldearen jokabidea aztertzea eta behar diren erabakiak hartzea, hala taldean nola banakakoak, ikaslearen aurrerapen egokia errazteko. Era berean, aurreko ebaluazio bileretan hartutako erabakien balorazioa eginen da.
5. Bilera horietan, etengabeko ebaluazioaren ikuspegia galdu gabe, irakasle bakoitzak erabakiko du ikasle bakoitzak bere irakasgaian izanen duen kalifikazioa. Hala badagokio, ikaslearen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak erantsiko dira. Hiru hilean behingo ebaluazioari buruzko informazioa ikasketa espedientean sartuko da, irakasle tutorearen ardurapean.
6. Aurreko puntuan adierazitako ebaluazio bilera bakoitza bukatutakoan, tutoreak ikaslearen familiei edo legezko arduradunei, edo ikasleei beraiei adin nagusiak badira, haien errendimenduaren berri emanen die, banakako ebaluazio txostenaren bidez. Informazio hori gurasoekin edo legezko ordezkariekin egiten diren banakako elkarrizketetan osatzen ahalko da. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak txosten horren edukia finkatzen ahalko du.
7. Koordinazio didaktikoko departamentuek beren programazioetan adieraziko dute nola txertatuko diren ebaluazio-errekuperazio prozesuak etengabeko ebaluazioaren esparruan.
7. artikulua. Azken ebaluazioa, arrunta eta berezia.
1. Irakasgai bakoitzaren azken ebaluazioa, hala deialdi arruntetan nola berezietan, ikasmaila osoko ebaluazio prozesuaren laburpen gisakoa izanen da.
2. Azken ebaluazio arrunta egiteko bileran, kalifikazioak erabaki ondoren, ebaluazio akta arrunta itxiko da. Ebaluazio bilera hori hirugarren hiruhilekoan egin beharrekoarekin batera egin daiteke.
3. Etengabeko ebaluazio prozesuan irakasgai guztiak gainditzen ez dituzten ikasleak gainditu gabe utzi dituzten irakasgaien proba berezira aurkezten ahalko dira. Ikaslea proba horretara aurkezten ez bada EA siglen bidez adieraziko da (ez aurkeztua). Ondorio guztietarako, EA kalifikazioa negatiboa izanen da. Espedientearen batez besteko nota kalkulatzeko, lortutako azkeneko zenbakizko kalifikazioa hartuko da aintzat. Proba berezietan lortutako kalifikazioak jarri ondoren, azken ebaluazio bereziaren akta itxiko da.
4. Gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleak gainditu gabeko irakasgaiak ebaluatzeko bileran ebaluatu eta kalifikatuko dira, azken ebaluazio arruntaren eta, halakorik bada, bereziaren bilera egin baino lehen. Gainditu gabeko irakasgaien akta arrunt eta berezietan aurreko ikasmailetatik gainditu gabe dauden irakasgaien kalifikazioak jasoko dira eta, hurrenez hurren, azkeneko akta arrunt eta bereziak egin aurretik itxiko dira.
8. artikulua. Ebaluazio agiriak.
1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio agirietan jasoko da.
2. Hauek dira ebaluazio agiriak:
-Ikasketa espedientea.
-Ebaluazio txostena.
-Azken ebaluazio arruntaren akta.
-Azken ebaluazio bereziaren akta.
-Gainditu gabeko irakasgaien ebaluazio arruntaren akta.
-Gainditu gabeko irakasgaien ebaluazio bereziaren akta.
-Azken ebaluazio arruntaren akta, araubide berezikoa.
-Azken ebaluazio bereziaren akta, araubide berezikoa.
-Ikasleen azken ebaluazioko emaitzen laburpena.
-Batxilergoko ikasketen historiala.
-Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala.
3. Ebaluazio agiri horien edukia foru agindu honen I. eranskinean ezartzen da.
4. Interesdunek eskatuta, ikastetxeek ikasketa ziurtagiriak egiten ahalko dituzte, noiznahi, bertan egindako irakasgaiak eta lortutako kalifikazioak agerrarazteko. Ziurtagiri horiek idazkariak sinatu eta zuzendaritzak ikus-onetsi beharko ditu.
9. artikulua. Agiriak bete eta gordetzea.
1. Ikasleak matrikula egin ondoren, ikastetxeko idazkaritzak ikasketa espedientea irekiko du.
2. Ikasmaila bakoitzeko ebaluazioen emaitzak eta hartutako erabakiak ikasketa espedientean erregistratzeko ardura tutoreari dagokio. Ikasketa espedientetik abiatuta, azken ebaluazio arruntaren eta bereziaren aktak eginen dira.
Gainditu gabeko irakasgaiak erregistratzearen ardura ikastetxeko idazkariari dagokio. Erregistro horretatik abiatuta eginen dira gainditu gabeko irakasgaien aktak.
3. Bigarren mailako ikasleen aktetan foru agindu honen 17. artikuluan adierazitako betebeharrak betetzen dituztenei batxiler-titulua emateko proposamena jasoko da.
4. Aktak, tutoreaz gainera, ebaluazio batzordea osatzen duten irakasle guztiek ere sinatuko dituzte, eta ikastetxeko zuzendariaren ikus-onespena eta ikastetxeko zigilua jarriko zaizkie. Sinaduren ondoan, sinatzailearen izen-deiturak, kargua edo irakaslana eta eguna adieraziko dira. Ikastetxe pribatuek, Bigarren Hezkuntzako zein instituturi atxikita dauden, hari bidaliko diote akta guztien kopia bat.
5. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ezartzen duen epean, eta edukiari eta prozedurari dagokienez hark finkatzen duena betez, ikasleen azken ebaluazioaren emaitzen laburpena igorriko da.
6. Ebaluazio agirietako datuak artxibatu eta gordetzeko ardura ikastetxeko idazkariari dagokio. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek zaindu edo lekualdatzeko, ikastetxea desagertuz gero.
10. artikulua. Hurrengo mailara igarotzea.
1. Lehenengo mailaren azken ebaluazio arrunta egiteko bileran, ebaluazio batzordeak eta ikastaldeko irakasleen taldeak erabakiko du lehenengo mailako irakasgai guzti-guztiak gainditu dituzten ikasleak bigarren mailara igarotzea, ez beste inor.
2. Lehenengo mailaren azken ebaluazio berezia egiteko bileran, erabakiko da bigarren mailara igarotzea irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleak eta gehienez bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa izan dutenak.
3. Irakasgai guztiak gainditu gabe bigarren mailara igarotzen direnek lehenengo mailan gainditu gabe dituzten irakasgaietan ere matrikulatu beharko dute. Koordinazio didaktikoko departamentuek gainditu gabeko irakasgaiak ebaluatu eta errekuperatzeko jarduerak antolatuko dituzte.
11. artikulua. Lehenengo maila errepikatzea.
1. Bigarren mailara igarotzen ez diren ikasleek beste ikasturte bat egon beharko dute lehenengo mailan. Ebaluazio negatiboa lortu duten irakasgaien kopurua lautik gorakoa bada, lehenengo maila oso-osorik egin beharko dute berriro.
2. Bigarren mailara igarotzen ez diren ikasleek ebaluazio negatiboa hiru edo lau irakasgaitan lortu badute, kurtso osoa errepikatzen ahal dute edo araubide berezian matrikulatzen ahal dira, hau da, ebaluazio negatiboa izan duten lehenengo mailako irakasgaiak eta bigarren mailako bi edo hiru irakasgai hartuz.
3. Matrikula egiten denean adingabeak diren ikasleek, eskolaratzeko araubide berezia aukeratu nahi izanez gero, gurasoen edo tutoreen baimena beharko dute.
12. artikulua. Araubide bereziko matrikula.
1. Eskolaratzeko araubide berezia aukeratzen duten ikasleak lehenengo mailan gainditu gabe dituzten irakasgaietan eta, baldintzapean, bigarren mailako bi edo hiru irakasgaitan matrikulatuko dira.
2. Bigarren mailako irakasgaietan ezin izanen da eskatu gainditu gabe dauden lehenengo mailako irakasgaietan sartuta dauden ezaupideak, foru agindu honen 15.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. Ikastetxea, ahal duen neurrian, saiatuko da lehenengo eta bigarren mailako irakasgaien ordutegiak antolatzen, bi mailetako eskola guztietara joateko aukera izan dadin. Horretarako, baldintzapeko matrikula bigarren mailako zein irakasgaitan eginen den lehentasunez finkatzen ahalko du.
4. Eskola guztietara joaterik ez badago, ikasleari eta/edo familiari orientazioa eman ondoren, ikastetxeko zuzendaritzak ahalmena izanen du beste egoera batzuetako matrikula baimentzeko. Kasu horretan, irakastordu guztiak betetzeko aukera ematen duten irakasgaien matrikula lehenetsiko da, lehenengo mailakoak eta bigarrenekoak hartuta. Irakasgairen baten irakastordu guztietara joaterik ez duten ikasleentzat koordinazio didaktikoko departamentuek irakasgai horien segimendua eta ebaluazioa egiteko jarduerak antolatuko dituzte.
5. Aparteko kasuetan, zuzendaritzak baimen dezake bigarren mailako irakasgairen bat helduentzako batxilergoko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan egitea, bertaratu beharreko araubidean (gaueko txandan) edo urrutiko araubidean, betiere ikastetxean irakasgai horien eskola guztietara joaterik ez badago. Hala ere, ikasle horien erreferentziazko ikastetxea lehenengo mailako irakasgaiak egiteko matrikulatu zeneko bera izanen da. Ikasturtea bukatutakoan, helduentzako batxilergoko ikasketak ematen dituen ikastetxeko ikasketaburuak jatorrizko ikastetxeko ikasketaburuari igorriko dio azken ebaluazioaren emaitza, ebaluazio agirietan sar dezan.
13. artikulua. Azken kalifikazioa araubide berezian.
1. Ikasturtea bukatuta, bigarren mailara igarotzeko moduan egon beharko du ikasleak, ikasmaila horretako irakasgaiak kalifikatu ahal izateko.
2. Lehenbizi, lehenengo mailako irakasgaiak kalifikatuko dira. Kalifikazio negatiboa lehenengo mailako irakasgaietatik bitan edo gutxiagotan lortuz gero, ikaslea baldintzapean matrikulatuta dagoeneko bigarren mailako irakasgai guztiak kalifikatuko dira. Kalifikazio negatiboa duten lehen mailako irakasgaiak bi baino gehiago badira, bigarren mailako irakasgaietan KG (kalifikatu gabe) adieraziko da ebaluazio agirietan.
3. Araubide berezi honetan matrikulatzen diren ikasleak bi aktatan agertuko dira: lehenengo mailako azken ebaluazioaren aktan, non lehenengo mailako irakasgaien azken ebaluazioaren emaitzak jasoko baitira, eta bigarren mailako irakasgaien araubide bereziko azken ebaluazioaren aktan, non bigarren mailako irakasgaien azken ebaluazioaren emaitzak jasoko baitira.
14. artikulua. Beste urte bat ematea bigarren mailan.
1. Bigarren maila bukatutakoan irakasgai batzuetan ebaluazio negatiboa lortzen duten ikasleak irakasgai horietan bakarrik matrikulatzen ahalko dira, gainditu dituztenak berriro egin beharra izan gabe.
2. Dena den, ikasleak aukera izanen du, gainditu ez dituen irakasgaietan ez ezik, gaindituak dituen beste batzuetan ere matrikulatzeko berriz. Horrelakoetan, aurrekoan irakasgai horretan lortutako nota bederen gordeko zaio.
15. artikulua. Irakasgaien arteko lehentasuna.
1. Ikasleek ezin izanen dute eduki progresiboa duen bigarren mailako irakasgairik gainditu lehenengo mailan hari dagokion irakasgaian kalifikazio positiboa lortzen ez badute.
2. Horrelakoetan, bigarren mailako irakasgaian ebaluazio agirietan GGP (gainditu gabe progresiboa delako) agertuko da. Ondorio guztietarako, GGP kalifikazioa negatiboa izanen da.
3. Eduki progresiboa duten irakasgaiak hauek izanen dira: izen berarekin irakasten direnak edo, izen ezberdina izan arren, lehenengo mailako irakasgai batekin alderatuta, haren edukiak erabat edo partez progresiboak direnak. Foru agindu honen II. eranskinean agertzen da, bi ikasmailetan ezberdina izan arren, eduki progresiboa duten irakasgaien zerrenda.
16. artikulua. Ikasleen lekualdatzea.
1. Ikasturtea bukatuta, ikasle bat beste ikastetxe batera joaten bada ikasten segitzeko, destinoko ikastetxeak eskatuz gero, jatorrizko ikastetxeak Batxilergoko ikasketen historiala igorriko dio destinokoari.
2. Lekualdatzea ikasturtea bukatu baino lehen egiten bada, jatorrizko ikastetxeak, Batxilergoko ikasketen historialaz gainera, ikaslearen lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala igorriko dio destinoko ikastetxeari, betiere horrek eskatuz gero, hori guztia ikaslea ikastetxe berrian hobeki integra dadin eta ikaskuntza prozesuari jarraipena emateko. Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala, ikaslea zein taldetan sartzen den, hango tutorearen eskura jarriko da.
3. Azken ebaluazio arruntaren eta azken ebaluazio bereziaren artean ez da lekualdatzerik onartuko.
4. Artikulu honetako 1. eta 2. puntuetan aipatzen den informazioa jasotzeko, "Educa" aplikazio informatikoa edo beste baliabide batzuk erabili daitezke.
17. artikulua. Batxiler-titulua.
1. Batxilergoaren edozein modalitatetako ikasketak behar bezala egiten dituztenek Batxiler-titulua jasoko dute. Titulu horrek lan eta ikasketa ondorioak ditu.
2. Batxiler-titulua jasotzeko, ebaluazio positiboa beharko da Batxilergoko bi ikasmailetako irakasgai guztietan.
3. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 50.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, musika eta dantzako lanbide ikasketak gainditzen dituzten ikasleek Batxiler-titulua lortuko dute batxilergoko irakasgai komunetan kalifikazio positiboa lortzen badute. Batxiler-titulua ikasle horiei luzatzeko proposamena batxilergoko irakasgai komunak bukatu ditueneko ikastetxeak eginen du.
4. Batxiler-tituluak goragoko hezkuntzako edozein ikasketa egiteko aukera emanen du, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
18. artikulua. Batxilergoko ikasketen historiala ematea.
Batxiler-titulua lortzen duten ikasleei Batxilergoko ikasketen historiala emanen zaie, inprimaki ofizialean. Historiala zuzendariaren ikus-onespena izanen du eta egindako ikasketak frogatzeko balioko du.
19. artikulua. Batxilergoko batez besteko azkeneko nota.
1. Irakasgai guztiak gaindituz gero, Batxilergoko batez besteko azkeneko nota kalkulatuko da, gainditutako irakasgai guztien kalifikazioaren batez besteko aritmetikoa eginez, ehunenetan biribildua. Goitik eta beheitik distantzia bera baldin badago, goitik biribilduko da.
2. Erlijio ikasketak egiten dituzten ikasleen kasuan, batxilergoko batez besteko nota irakasgai horren nota kontuan harturik kalkulatuko da. Dena dela, ikasle guztientzat berdintasunaren eta lehia librearen printzipioak bermatzeko, erlijio irakaskuntzen ebaluazioetan lortutako kalifikazioak ez dira kontuan hartuko espediente akademikoen arteko lehia dagoen deialdietan, ez eta ikasleek goi mailako irakaskuntzako ikasketak egiteko batez besteko kalifikazioa lortzeko ere, eskatzaileen arteko hautapena egiteko horretara jotzea beharrezkoa denean.
3.
20. artikulua. Ohorezko matrikula.
1. Bigarren mailan, irakasle taldeek "ohorezko matrikula" bat eman dezakete 20 ikasleko edo 15 ikasletik gorako zatiki bakoitzeko. Ohorezko matrikula lortzen duten ikasleek 9ko edo goragoko batez besteko azken nota izan beharko dute bigarren mailan eta ikasturte bakar batean gainditu beharko dute kurtso hori.
2. "Ohorezko matrikula" ikasleen ebaluazio agirietan azalduko da, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan egiten diren goi mailako ikasketen lehenengo ikasturtean ikasketa zerbitzuen prezio publikoak ordaintzetik salbuestea ekarriko du.
21. artikulua. Matrikula baliogabetzea.
1. Batxilergoa egiten ari diren ikasleek zilegi dute ikasketa espedientea dagoen ikastetxeko zuzendaritzari matrikula baliogabetzeko eskatzea, hauetako inguruabarren bat gertatu dela frogatzen badute agiri bidez eta dudarik gabe:
-Eritasun fisiko nahiz psikiko luzea izatea.
-Lanpostu bat eskuratu izana.
-Familiako beharkizunak izatea.
-Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk.
2. Eskaerak apirilaren 30erako egin beharko dira eta, ikaslearen irakasle taldeari entzun ondoren, ikastetxeko zuzendariak eskaera ebatzi eta matrikula baliogabetzeko baimena emanen du, baldin eta aipatu arrazoi horietako bat frogatzen bada eta, hori dela kausa, ezinezkoa izan bada eskatzailea eskolara normalki joatea eta etengabeko ebaluazioaren bidez haren kalifikazioa egitea.
3. Matrikula baliogabetzeko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da eta kontuan hartuko da baliogabetze horrek baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen duela eragina. Horrelako kasuetan, ikasturte hori ez da kontuan hartuko irakaskuntza horietan egoteko gehieneko epea kontatzean. Matrikula baliogabetzen duten batxilergoko ikasleak beharturik daude hurrengo ikasturtean berriz matrikulatzera. Horrela egin ezean, ikasle ofizial gisa dagozkien eskubide guztiak galduko dituzte.
Lehen Xedapen Gehigarria. Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesua gainbegiratzea eta ikastetxeei proposatzea hura zuzentzeko behar diren neurriak hartzea.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Ebaluazio agiriak baliabide elektronikoen bidez betetzea.
Ikastetxe publiko eta pribatuek baliabide elektronikoen bidez beteko dituzte foru agindu honetan aipatzen diren ebaluazio agiri ofizialak, dela "Educa" aplikazio informatikoaren bidez, dela datuak formatu bateragarri batean jasotzea ahalbidetzen duen beste aplikazio baten bidez.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Erlijio ikasketak.
1. Erlijio katolikoaren ikasketen ebaluazioa etapako gainerako irakasgaien ebaluazioa egiten den bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen ditu. Estatuarekin lankidetza hitzarmenak sinatu dituzten gainerako konfesio erlijiosoen ikasketen ebaluazioa hitzarmen horietan ezarritakoari lotuko zaio.
2. Ikastetxeak erabaki baldin badu ikasketa horien curriculuma bi ikasturteetan ematea, azken kalifikazioa curriculuma bukatzen denean emanen da, hots, bigarren maila bukatutakoan.
Laugarren Xedapen Gehigarria. Hezkuntza-arreta.
Erlijio ikasketak egitea aukeratzen ez duten ikasleendako hezkuntza-arreta ez da ebaluatuko eta ebaluazio agirietan ez da horren berri jasoko.
Bosgarren Xedapen Gehigarria. Helduen hezkuntza.
Foru agindu honetan araututakoa Hezkuntzako kontseilariak abuztuaren 4an emandako 119/2008 Foru Aginduan araututako helduendako Batxilergoko ikasketak egiten dituzten ikasleei ere aplikatuko zaie, deusetan galarazi gabe haien egoera berezira egokitu behar izatea eta xedapen honen hurrengo puntuotan ezarritakoa:
a) Aitari, amari edo legezko ordezkariei buruz egindako aipamen guztiak, ikasleari berari buruzkoak direla ulertuko da.
b) Helduendako batxilergoko ikasketak bertaratu beharreko araubidean edo urrutiko araubidean egiten dituzten ikasleek ez dituzte berriz egin beharko araubide horietatik edozeinetan gainditutako irakasgaiak.
c) Kontuan harturik ikasleak bi mailetako irakasgai solteetan matrikula daitezkeela, lehenengo mailako azken ebaluazioaren aktetan ez da adieraziko ikasleak bigarren mailara igarotzeari buruzko erabakia.
d) Helduendako batxilergoan matrikulatzen diren ikasleei, goizeko txandako ikasle ofizialei ez bezala, ez zaie lau urteko gehieneko epea ezarriko hura gainditzeko.
Seigarren Xedapen Gehigarria. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak.
1. Entzumen, ikusmen edo mugimen arazo larrien ondorioz edo beste ezgaitasun baten ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, behar bezala frogatutako ohiz kanpoko inguruabarrengatik hala egitea gomendagarria denean, zilegi izanen da neurri hauek hartzea:
-Sartzeko curriculum egokitzapenak eta curriculum egokitzapen garrantzitsuak.
-Batxilergoko bi mailak egitea curriculuma osatzen duten irakasgaiak multzokatuz. Neurri hori osasun arazo larriak dituzten ikasleei eskaintzen ahalko zaie.
2. Ikasle horien ebaluazioa foru agindu honetan arautu bezala eginen da, baina kontuan harturik, hala badagokio, irakasgai batzuetan ezarritako curriculum egokitzapenak.
3. Era berean, deitzen diren proba berariazkoetan, baliabideak eta, behar izanez gero, denborak eta laguntzak egokituko dira, ikasle horiek behar bezala ebaluatzea bermatzeko moduan.
Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Ikaslearen datu pertsonalak.
Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokionez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Erantzukizunaz salbuestea.
Foru agindu honen 12. eta 14. artikuluetan aipatzen diren ikasleek, edo adingabeak badira, haien guraso edo legezko ordezkariek, matrikula egitean agiri bat sinatu beharko dute, eskolarik gabeko tarteetan ikastetxetik ateratzea erabakiz gero, gerta litezkeen erantzukizun guztietatik salbuesteko ikastetxea.
Lehen Xedapen Iragankorra. Ebaluazio agiriak baliabide elektronikoen bidez betetzea.
Ikastetxeek kudeaketa "Educa" aplikazioaren bidez egiteko sarbiderik ez duten bitartean, ebaluazio agiriak prestatzeko dituzten sistemak egokitu beharko dituzte, foru agindu honen aplikazioaren ondoriozko datuak bildu eta jasotzen direla bermatzeko.
Bigarren Xedapen Iragankorra. Bigarren mailaren ebaluazioa egitea 2008-2009 ikasturtean.
1. 2008-2009 ikasturtean batxilergoko bigarren mailako ikasleen ebaluazioa Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren maiatzaren 9ko 151/2002 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz eginen da, horren bidez arauak eman baitziren Batxilergoa Nafarroako Foru Komunitatean egiten duten ikasleak ebaluatu eta kalifikatzeko.
Hirugarren Xedapen Iragankorra. Batxilergoko kalifikazio-liburua.
1. Batxilergoko kalifikazio-liburua duen ikasle bat ikastetxez lekualdatzen bada, jatorrizko ikastetxeak destinoko ikastetxeari bidaliko dio liburua, batxilergoko ikasketen historialarekin batera. Lekualdatzea ikasturtea bukatu baino lehen egiten bada, gainera, lekualdaketaren txostena ere bidaliko dio.
2. Batxilergoko kalifikazio-liburua duen ikasleak, batxiler-titulua lortuz gero, batera emanen zaizkio liburua eta batxilergoko ikasketen historiala.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako arauak.
1. Indarrik gabe utzi da Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren maiatzaren 9ko 151/2002 Foru Agindua, Batxilergoa Nafarroako Foru Komunitatean egiten duten ikasleen ebaluazioari eta kalifikazioari buruzkoa.
2. Indarrik gabe utzi dira, orobat, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA
1. Ikaslearen ikasketa espedientean ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, hala nola espedientea luzatzen duen ikastetxearen datuak.
Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: espediente zenbakia, abizenak, izena, NANaren edo agiri baliokide baten zenbakia, helbidea, posta kodea, herria, probintzia, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea eta zein ikastetxetan egon den eskolatua, hala nola datu mediko eta psikopedagogikorik nabarmenenak. Horrez gainera, aitaren, amaren edo legezko ordezkariaren izen-abizenak eta haien identifikazio agiriak eta telefonoak jasoko dira.
Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: etapa, etapako ikasmaila, hizkuntza eredua, ikasketa horiek arautzen dituen araua, irakasgaien zerrenda, atzerriko zein hizkuntzatan ikasten den, bidezkoa bada, ikastetxearen izena, hasierako ebaluazioari buruzko erabakiak, ebaluazio partzialen kalifikazioa, deialdi arrunteko kalifikazioa, deialdi bereziko kalifikazioa, hurrengo mailara igarotzeari eta titulua emateari buruzko erabakia eta horren data, adimen gaitasun handia duten ikasleendako edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleendako hartutako neurriei buruzko informazioa, eta, orobat, Batxilergoko ikasketen historiala ikasleari eman zaion eguna. Ikasleak Batxilergoko kalifikazio-liburua izan badu, liburuaren seriea eta zenbakia jaso beharko dira.
Ikastetxe bidaltzailearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.
2. Ebaluazio txostenean ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: abizenak, izena, NANaren edo balio bereko agiriaren zenbakia, egiten ari den etapa, hizkuntza eredua, ikasmaila eta taldea.
Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: egungo ebaluazioa, irakasgaien zerrenda eta horietako bakoitzaren kalifikazioa, hala nola aurreko ebaluazioetan izandakoa. Horrez gainera, ikasketa prozesuari buruzko oharrak, eskolako hutsegiteen eta diziplina hutsegiteen laburpena eta, azken ebaluazioaren kasuan, hurrengo mailara igarotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia jasoko dira.
3. Azken ebaluazio arruntaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jasoko dira.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen zerrenda izenduna, irakasgai bakoitzaren ohiko azken ebaluazioaren emaitzak eta hurrengo mailara igarotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia.
4. Azken ebaluazio bereziaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jasoko dira.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen zerrenda izenduna, irakasgai bakoitzaren azken ebaluazio bereziaren emaitzak eta hurrengo mailara igarotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia.
5. Gainditu gabeko irakasgaien ebaluazio arruntaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldearen identifikazio datuak jasoko dira.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, hizkuntza eredua, taldea osatzen duten ikasleen zerrenda izenduna eta, ikasle bakoitzari dagokionez, aurreko ikasturtean gainditu gabe dituen irakasgaien zerrenda eta horien kalifikazioa.
6. Gainditu gabeko irakasgaien ebaluazio bereziaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldearen identifikazio datuak jasoko dira.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, hizkuntza eredua, ikasmaila, taldea osatzen duten ikasleen zerrenda izenduna eta, ikasle bakoitzari dagokionez, aurreko ikasturtean gainditu gabe dituen irakasgaien zerrenda eta horien kalifikazioa.
7. Azken ebaluazio arruntaren aktan, araubide berezikoan, ikastetxearen identifikazio datuak eta araubide horretan bigarren mailan matrikulatuta dauden ikasleen identifikazio datuak jasoko dira.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen zerrenda izenduna eta, bigarren mailako zein irakasgaitan dagoen matrikulatuta, haien ohiko azken ebaluazioaren emaitzak.
8. Azken ebaluazio bereziaren aktan, araubide berezikoan, ikastetxearen identifikazio datuak eta araubide horretan bigarren mailan matrikulatuta dauden ikasleen identifikazio datuak jasoko dira.
Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.
Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen zerrenda izenduna eta, bigarren mailako zein irakasgaitan dagoen matrikulatuta, haien azken ebaluazio bereziaren emaitzak.
9. Batxilergoko ikasketen historiala inprimaki ofizialean jasoko da, zuzendariaren ikus-onespena izanen du eta egindako ikasketen frogagiritzat hartuko da. Ikasketen historialean ikaslearen identifikazio datuak, etapa horretako eskolatzearen inguruko informazioa eta agiria luzatzen duen ikastetxearen identifikazio datuak jasoko dira.
Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: abizenak, izena, NANaren edo balio bereko agiriaren zenbakia, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoen edo tutoreen izenak eta, etapa honetan matrikulatuta egon den ikastetxe bakoitzari dagokionez, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria eta ikastetxean izan duen alta-eguna eta baja-eguna.
Eskolatzeari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, hizkuntza eredua, curriculuma finkatzen duen araua, etapako ikasmaila, irakasgaien zerrenda, atzerriko zein hizkuntzatan ikasten den, bidezkoa bada, deialdi bakoitzean lortutako kalifikazioa, deialdi bakoitzean egindako irakasgaiak eta dagokien kalifikazioa, hurrengo mailara igarotzeari eta titulua emateari buruzko erabakia, hala nola erabaki horiek zein egunetan hartu diren. Era berean, batxilergoko batez besteko nota jasoko da.
Ikastetxe bidaltzailearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea, herria eta zuzendariaren ikus-onespena.
10. Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala ikaslea ikasturtea bukatu aurretik beste ikastetxe batera lekualdatzen den kasuetan egiten den agiria da eta bertan ikaslearen ikaskuntza prozesuari jarraipena emateko behar den informazioa biltzen da. Ikaslearen identifikazio datuak, jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak eta ebaluazio partzialaren prozesuari buruzko informazioa jasoko dira bertan.
Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, erregistro zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.
Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, abizenak eta NANaren edo balio bereko agiri baten zenbakia.
Ebaluazio partzialaren prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: etapa, hizkuntza eredua, curriculuma ezartzen duen araua eta ikasmaila, hala nola irakasgaien zerrenda eta lortutako kalifikazio partzialak.
II. ERANSKINA. Bi ikasmailatan izen ezberdina izanik ere, eduki progresiboa duten irakasgaiak
1. MAILAKO IRAKASGAIA |
2. MAILAKO IRAKASGAIA |
-Biologia eta geologia. |
-Biologia |
-Biologia eta geologia. |
-Geologia |
-Biologia eta geologia. |
-Lurraren eta ingurumenaren zientziak |
-Fisika eta kimika. |
-Kimika. |
-Fisika eta kimika. |
-Fisika |
-Fisika eta kimika. |
-Elektroteknia. |
-Fisika eta kimika |
-Mekanika. |