(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ikasleak :
    • Ebaluazioa :
      • 91/2008 Foru Agindua, ekainaren 12koa, Hezkuntza kontseilariak emana, musikako lanbide ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa, sustapena eta titulazioa arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

91/2008 Foru Agindua, ekainaren 12koa, Hezkuntza kontseilariak emana, musikako lanbide ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa, sustapena eta titulazioa arautzen dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2008ko 82. NAOn argitaratua, uztailaren 4an. Aldaketak: 32/2011 Foru Agindua, martxoaren 4koa)

Atarikoa

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak musikako lanbide ikasketak barne hartzen ditu, arte ikasketen artean. Sei mailako gradu batean antolatuta daude eta, haien bidez, ikasleei kalitatezko arte prestakuntza eman nahi zaie eta musikaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatu nahi da.

Ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez ezarritako hezkuntza sistemaren antolaketa berria aplikatzeko egutegia ezartzen duenak, 21. artikuluan xedatzen duenez, 2007-2008 ikasturtean arteko lanbide ikasketetako lehenbiziko lau mailak ezarri ziren eta iraungi ziren Hezkuntza sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren bidez arautzen diren erdi mailako musika ikasketetako lehenbiziko bi zikloak. Era berean, errege dekretu horrek arteko lanbide ikasketetako bosgarren eta seigarren mailak ezartzea eta urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren bidez arautzen diren erdi mailako musika ikasketetako hirugarren zikloa iraungitzea ezarri zuen, 2008-2009 ikasturterako.

Abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak finkatu ziren.

Halaber, martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuak musikako lanbide ikasketen curriculuma ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitaterako.

Aurrekoa garatzeko, beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuak ikasketa horien ebaluazio, sustapen eta titulazio arauak finkatzea.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak aldeko txostena aurkeztu du, musikako lanbide ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa, sustapena eta titulazioa arautzea helburu duen foru agindu hau onets dadin.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen helburua musikako lanbide ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa, sustapena eta titulazioa arautzea da, baita ikasketa horien ebaluazio, sustapen eta titulazioan erabili beharreko agiri ofizialak ere.

2. Foru agindu hau aplikagarria izango da musikako lanbide ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu baimenduetan.

2. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ebaluazioaren helburua ikasleen ikaskuntza baloratzea da, hezkuntza helburuen lorpena, ikasleen gaitasunak eta ikaskuntza prozesuan egindako lana eta ahalegina aintzat hartuta.

2. Musikako lanbide ikasketetako ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa pertsonalizatua, jarraitua eta bereizia izango da, irakasgai ezberdinen arabera.

3. Ebaluazioak martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuan araututako musikako lanbide ikasketen curriculumaren elementu ezberdinak hartuko ditu kontuan.

4. Departamentu didaktikoek ikasleen trebetasun artistikoak eta teknikoak ebaluatzeko irizpideak eta prozedurak ezarriko dituzte, baita kalifikazio irizpideak ere, irakasgai ezberdinen programazioan. Irakasgaien ebaluazio irizpideak oinarrizko erreferentziak izango dira, helburuen lorpen maila baloratzeko.

5. Ebaluazio saioetan irakasgai ezberdinen kalifikazioak bilduko dira eta honako helburu hauek dauzkate, besteak beste: ikaskuntza prozesua baloratzea, emaitza akademikoak eta taldearen funtzionamendua aztertzea, aurreko ebaluazio saioetan hartutako erabakiak berraztertzea eta bidezko erabakiak hartzea. Irakasleek, bai ikasleen ikaskuntza, bai irakaskuntza prozesuak eta beren irakaslana ebaluatuko dituzte.

6. Ebaluazio prozesuak curriculumaren errefortzu eta aberaste neurriak hartzea ekarriko du, horiek behar dituzten ikasleentzat.

3. artikulua. Ebaluazio prozesua.

1. Maila bakoitzean, irakasleek ikasleen ikaskuntzaren etengabeko ebaluazio prozesua aplikatuko dute, behaketa sistematiko, informazio erregistro, berariazko proba edo beste mekanismo batzuen aplikazioaren bidez, irakasgai bakoitzaren berezko ezaugarrien arabera. Prozesu horrek ikasleak curriculuma osatzen duten irakasgai ezberdinetarako antolatu diren eskola eta jardueretara joatea eskatuko du.

2. Ikasle baten edo ikasle talde baten irakasle taldeak, tutoreak koordinatzen duenak, ebaluazio saioak egingo ditu, ikasleen ikaskuntza baloratzeko eta beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko.

3. Talde bakoitzaren tutorea izango da ebaluazio saioak zuzentzen dituena eta saioak arautzen dituen araudia betetzen dela bermatzen duena, ikasketaburuak koordinatuta.

4. Irakasgai bakoitzeko irakaslea izango da kalifikazioak erabakitzen dituena. Ikasle zehatz bati eragiten dioten gainerako erabakiak hari eskola ematen dioten irakasleak ados egonda hartuko dira.

5. Ikasturte bakoitzean hiru ebaluazio saio -bat hiruhileko bakoitzaren amaieran-, gutxienez, egingo dira eskola aldian; dena den, hiruhilekoaren amaierako ebaluazioa eta ikasleen ohiko amaierako ebaluazioa batera egin daitezke. Tutoreak hiruhilekoko ebaluazioari buruzko informazioa jasoko du aktan.

6. Ikasturtea amaitutakoan, amaierako ebaluazio saioak egingo dira: ohikoa ekainean eta ohiz kanpokoa, aldiz, Hezkuntza Departamentuak zehazten dituen egunetan eta baldintzak errespetatuta. Amaierako ebaluazio saioak ebaluazio prozesua baloratzen duen laburpentzat joko dira eta, ikasturteko irakasgaien eta gainditu gabeko irakasgaien kalifikazioak ez ezik, sustapen eta titulazioari buruzko erabakiak ere bilduko dituzte.

7. Ohiko amaierako ebaluazioan irakasgai guztiak gainditzen ez dituzten ikasleak ohiz kanpoko probara aurkez daitezke, foru agindu honen 4. artikuluaren 3. eta 4. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera.

8. Ohiz kanpoko proba egin ondoren, ohiz kanpoko amaierako ebaluazio saioa egingo da, proba horren emaitzak bildu, eta emaitza horiek sustapen eta titulazioaren arloan sortzen dituzten erabakiak hartzeko.

9. Ohiko zein ohiz kanpoko amaierako ebaluazio saioen emaitzak amaierako ebaluazioaren aktetan idatziko dira.

10. Tutoreak hiruhilekoko zein amaierako ebaluazio prozesuaren emaitzen berri emango die ikasleei edo haien legezko ordezkariei, kalifikazioak, sustapena eta titulazioa adierazita. Hori guztia ikastetxeak zehazten duen formatuan egingo du.

4. artikulua. Ebaluazioaren emaitzak.

1. Irakasgai ezberdinen ebaluazioaren emaitzak 1 eta 10 bitarteko zenbakien bidez adieraziko dira, hamartarrik gabe. Bosteko eta goragoko kalifikazioak positiboak izango dira eta bostetik beherakoak, berriz, negatiboak.

2. Curriculuma osatzen duten irakasgai ezberdinen ebaluazioaren emaitzak ebaluazioaren aktetan, kalifikazio liburuan eta ikaslearen ikasketa-espediente pertsonalean idatziko dira.

3. Ikasle bat irakasgaien ohiz kanpoko probara aurkezten ez denean, ohiko amaierako ebaluazioan irakasgai horretan lortu duen kalifikazioa eta alboan EA (Ez aurkeztua) siglak idatziko dira ebaluazio agirietan. Ondore guztietarako, kalifikazio hori negatiboa izango da.

4. Ahoz zein musika-tresnez taldean egindako irakasgaitzat joko dira Orkestra, Banda, Ganbera Musika, Taldea eta Abesbatza eta horien amaierako kalifikazioa ekainean ebaluazio agirietan idazten den etengabeko ebaluazioaren emaitza izango da. Amaierako kalifikazio hori negatiboa bada, hori ebaluazio horren agiri guztietan islatuko da, ohiz kanpoko probari dagokion atalean.

5. Irakasgai baten edukia aurreko mailetako beste irakasgai baten jarraipena denean, bere kalifikazioa aurreko irakasgaia gainditzearen baldintzapean egongo da. Aurreko irakasgaiaren kalifikazioa negatiboa bada, haren jarraipena den irakasgaiari zenbakizko kalifikazio txikiena eman, eta MEG (Mailakako Edukiagatik Gainditzeko) siglak idatziko dira. Ondore guztietarako, kalifikazio hori negatiboa izango da.

6. Espezialitate bat egitean, Akonpainamendua, Analisia, Harmonia, Abesbatza, Musikaren historia, Musika hizkuntza eta Piano osagarria irakasgaietan lortutako kalifikazioa baliozkoa izango da, ikasle berak egindako gainerako espezialitateetarako. Beste espezialitate batzuei dagozkien ebaluazio agirietan, irakasgai horiek gainditutzat joko dira, lehenengo espezialitatean adierazitako kalifikazio berdinarekin.

5. artikulua. Ebaluazio agiriak.

1. Ebaluazio prozesuaren berezko informazioa ebaluazio agirietan jasoko da.

2. Musikako lanbide ikasketen ebaluazio agiriak ondokoak dira:

-Ikasketa-espedientea

-Ebaluazio aktak

-Kalifikazio liburua

-Banakako ebaluazio txostena

3. Ebaluazio agiriek ikasketak arautzen dituen araua adierazi beharko dute. Halaber, kasuan kasu bidezkoak diren pertsonen sinadura frogagarriak agertu behar dituzte, sinatzailearen lanpostua eta izen-abizenak adierazita.

4. Ebaluazio agirien edukia foru agindu honen I. eranskinean ezarritakoa izango da.

6. artikulua. Ebaluazio agiriak betetzea eta zaintzea.

1. Ikaslearen matrikula egin ondoren, ikastetxeko idazkariak ikasketa-espedientea irekiko du.

2. Tutoreak ikasturte bakoitzeko amaierako ebaluazioen emaitzak eta sustapen eta titulazioari buruz hartutako erabakiak aktetan agertzeko ardura izango du. Aktak tutoreak eta irakasgaiak ematen dituzten irakasleek sinatuko dituzte, ikastetxeko Zuzendaritzak ontzat emanda.

3. Amaierako ebaluazio aktetan jasotako informazioa ikasketa-espedientean eta kalifikazio liburuan islatuko da, idazkariaren ardurapean eta Zuzendaritzak ontzat emanda.

4. Espezialitate bakoitzeko kalifikazio liburu bat beteko da.

5. Banakako ebaluazio txostena ikaslea matrikulatuta dagoen mailako tutoreak egingo du, irakasgai ezberdinetako irakasleek emandako datuetatik aurrera eta Zuzendaritzak ontzat emanda.

6. Ebaluazio agirietan bildutako datuak artxibatu eta zaintzeko ardura idazkariari dagokio eta ikastetxean gordeko dira, hori zabalik dagoen bitartean. Hezkuntza Departamentuak neurri egokiak ezarriko ditu, ikastetxea itxiz gerohoriek gorde edo lekualdatzeko.

7. artikulua. Sustapena.

1. Ikasturte bakoitza amaitutakoan, taldearen irakasle taldeak sustapenari buruzko erabakia hartuko du, ekaineko ohiko bileran edo ohiz kanpokoan.

2. Ohiko amaierako ebaluazioan, hurrengo mailara pasatuko dira une horretara arte egindako irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleak bakarrik.

3. Ohiz kanpoko amaierako ebaluazioan, hurrengo mailara pasatuko dira une horretara arte egindako irakasgai guztiak gainditu dituzten ikasleak edo une horretara arte egindako irakasgai guztietatik bietan, gehienez, ebaluazio negatiboa daukatenak.

4. Ikasleak maila osoa errepikatu eta aurreko urteetako gainditu gabeko irakasgaiak errekuperatu beharko ditu, ohiz kanpoko proba egin ondoren, hiru irakasgaitan edo gehiagotan kalifikazio negatiboa atera badu. Seigarren mailaren amaieran irakasgai batean edo bitan kalifikazio negatiboa daukaten ikasleek ez dute maila osoa errepikatu beharko, gainditu gabeko irakasgaiak baizik.

5. Gainditu gabeko irakasgaia musika-tresna jotzen edo kantuan aritzekoa bada, irakasgai horren errekuperazioa hurrengo mailako eskoletan egingo da, hurrengo mailan halako eskolarik izanez gero. Gainerako kasuetan, ikasleek aurreko mailan gainditu gabeko irakasgaietako eskoletara joan beharko dute.

8. artikulua. Eman beharreko denbora.

1. Musikako lanbide ikasketen barnean, ikasleak birritan errepikatu ahal izango du, gehienez, eta maila bera, behin baino ez. Aurreko mailetan errepikatu ez badu, seigarren maila birritan errepikatu ahal izango du, salbuespen gisa.

2. Interesdunak eskatu ondoren, Hezkuntza Departamentuak urtebetez luzatu ahal izango du eman beharreko denbora, ikaslea gaixorik edo antzeko egoera batean egon bada. Ondore horretarako, Zuzendaritzak eskaera, tutorearen txostena eta ikaslearen ikasketa-egiaztagiria bidaliko dizkio Hezkuntza Departamentuari. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak txostena egin ondoren, Hezkuntza Departamentuak eskaera ebatziko du.

9. artikulua. Lekualdaketa.

1. Ikasturtea amaitu ondoren, ikasten jarraitzeko ikasle bat beste ikastetxe batera lekualdatzen denean, destinoko ikastetxeak eskatuta, jatorriko ikastetxeak kalifikazio liburua/liburuak bidaliko dio/dizkio eta eginbidean adieraziko du kalifikazio horiek bat datozela ikastetxean dauden ebaluazio aktekin.

2. Lekualdaketa ikasturtea amaitu gabe egiten bada, destinoko ikastetxeak eskatuta, jatorriko ikastetxeak kalifikazio liburua/liburuak bidaliko dio/dizkio, baita banakako ebaluazio txostena ere.

3. Ikastetxe hartzaileak ikasketa-espedientea irekiko du eta kalifikazio liburuaren datuak gehituko dizkio horri.

4. Ikaslearen matrikulazioa behin betiko bihurtuko da, behar bezala beteta dagoen kalifikazio liburua jaso ondoren.

10. artikulua. Titulazioa.

1. Musikako lanbide ikasketen espezialitate bati dagozkion irakasgai guztiak gainditzen dituzten ikasleek musikako lanbide titulua jasoko dute. Egin duten espezialitatea titulu horretan ageriko da.

2. Zuzeneko ikasketak egin ez dituzten edo ikasketak zuzenean osatu ez dituzten ikasleek ere musikako lanbide titulua jaso ahal izango dute dagokion espezialitatean proba bat gaindituz, Hezkuntza Departamentuak zehazten dituen ezaugarri eta baldintzen arabera.

3. Musikako lanbide tituluan agertu beharko dira, bai ikaslearen identifikazio datuak, bai egindako ikasketei buruzko informazioa.

Ikaslearen identifikazio datuak honako hauek izango dira, gutxienez: izena, abizenak, NANa eta jaiotze data eta lekua (herria, probintzia eta herrialdea).

Egindako ikasketei buruzko informazio datuak ondokoak izango dira, gutxienez: curriculuma ezartzen duen araua, ikasketen amaiera urtea eta egindako espezialitatea.

4. Ikasketak gainditu ondoren, ikasleari kalifikazio liburua emango zaio eta bertan bidezko eginbidea agertuko da; horren kopia gordeko da ikaslearen espedientean.

5. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculuma ezarri duen martxoaren 19ko 21/2007 Foru Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, musikako lanbide ikasketak amaitzen dituzten ikasleek Batxilergoko titulua jasoko dute, batxilergoko irakasgai komunak gainditzen badituzte, nahiz eta arteen batxilergoa -arte eszeniko, musika eta dantzaren berariazko arloa- egin ez duten.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Ebaluazio prozesuaren ikuskapena.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesuaren garapena aholkatu eta ikuskatzea eta ikastetxeei hori hobetzen laguntzen duten beharrezko neurriak hartzea proposatzea.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Ebaluazio datuen tratamendu elektronikoa.

Musikako lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeek formatu elektronikoan artxibatuko dituzte foru agindu honetan adierazitako ebaluazio datuak, datu horien bilketa eta agerpena bermatu, eta ondoren tratatzeko aukera emateko moduan.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Baliozkotzeak.

Musikako lanbide ikasketen eta bigarren hezkuntzako ikasketen artean egon daitezkeen baliozkotzeak Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirol Ministerioak estatu osorako eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremurako horri buruz zehazten dutenari atxikiko zaizkio.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Ikasleen datu pertsonalak.

Ikasleen datu pertsonalak eskuratu, ikastetxeek datu horiek elkarri laga eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden legeetan xedatutakoari eta, nolanahi ere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

Lehenengo Xedapen Iragankorra. Musikako erdi mailako ikasketetatik datozen ikasleen kalifikazio liburua eta ikasketa-espedientea irekitzea.

Ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuak ezarri duen hezkuntza sistemaren antolaketa berria aplikatzeko egutegian ezarritakoaren arabera, musikako erdi mailako ikasketak egin dituzten eta musikako lanbide ikasketetan ikasten jarraitzen duten ikasleen kasuan, honela jokatuko da:

1. Musikako erdi mailako ikazketetan kalifikazio liburua itxiko da izapide batez, II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera, eta bete gabeko orrialdeak lerro diagonal batez baliogabetuko dira.

2. Musikako lanbide ikasketen kalifikazio liburua irekiko da, bidezko espezialitatean eta mailan, eta bertan adieraziko da ikaslea Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren aurreko ikasketa-planetatik datorrela.

3. Bi kalifikazio liburuak batera zaindu eta lekualdatuko dira eta ikasleari emango zaizkio, ikasleak dagokion espezialitatean musikako lanbide titulua jasotzen duenean.

4. Musikako lanbide ikasketen ikasketa-espedientea irekiko da eta horri aurretik egindako musikako erdi mailako ikasketen datuak gehituko zaizkio.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Gainditu ez diren eta musikako erdi mailako ikasketei dagozkien irakasgaien ebaluazioa.

Musikako erdi mailako ikasketei dagokien irakasgai bat gainditu gabe musikako lanbide ikasketetan sartzen diren ikasleek irakasgai hori errekuperatu beharko dute, foru agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, irakasgaia antolaketa berriaren curriculumaren barnean ez badago, errekuperazioa aurreko curriculumaren arabera egingo da. Horretarako, ikastetxeak hezkuntza arretako neurri egokiak hartuko ditu.

Hirugarren Xedapen Iragankorra. Musikako erdi mailako ikasketetatik datozen ikasleek eman beharreko denbora.

Musikako erdi mailako ikasketetatik datozen ikasleentzat, foru agindu honen 8. artikuluan ezarritako musikako lanbide ikasketetan eman beharreko gehieneko denbora bi ikasketa motetan egindako ikasturte eta maila guztiak kontuan hartuta aplikatuko da.

Laugarren Xedapen Iragankorra. Azaroaren 28ko 638/1995 Foru Aginduaren aplikagarritasuna.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren aplikatzeko egutegia ezartzen duen ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, musikako lanbide ikasketen antolaketa berria ezarri arte, aplikagarria izango da, urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera ezarritako ikasketen musikako erdi maila egiten duten ikasleen ebaluazio eta kalifikazioari buruz Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilariak azaroaren 28an emandako 638/1995 Foru Aginduan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetutako arauak.

Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren arabera ezarritako ikasketen musikako erdi maila Nafarroako Foru Komunitatean egiten duten ikasleen ebaluazio eta kalifikazioari buruz Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilariak azaroaren 28an emandako 638/1995 Foru Agindua eta foru agindu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak indarrik gabe geratuko dira.

Lehenengo Azken Xedapena. Garapenerako gaikuntza.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari baimena emango zaio, foru agindu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Bigarren Xedapena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

1. Ikasleen ikasketa-espedientean agertu beharko dira, bai ikastetxearen datuak eta datu administratiboak, bai ikaslearen identifikazio datuak, bai ebaluazio prozesuari buruzko informazioa.

Ikastetxearen datuak eta datu administratiboak honako hauek izango dira:

-Ikastetxearen izena eta kodea, titulartasuna, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia.

-Matrikula eguna, espediente zenbakia eta espezialitatea edo espezialitateak, kalifikazio liburuaren seriea eta zenbakia adierazita.

Ikaslearen identifikazio datuak honako hauek izango dira, gutxienez:

-Abizenak, izena, NANa edo agiri baliokidea eta sexua.

-Posta-helbidea, telefono-zenbakia, jaiotze data eta lekua (herria, probintzia eta herrialdea).

-Araututako musika ikasketak zein ikastetxetan egin dituen aurretik.

-Era berean, adingabeak badira, legezko ordezkarien izena eta abizenak adierazi beharko dira, baita haien identifikazio agiriak eta telefono-zenbakiak ere.

Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak honako hauek izango dira, gutxienez:

-Sarrera proban lortutako kalifikazioa, data, ikastetxea, espezialitatea eta zein mailatan sartuko den adierazita; horren ezean, aurreko ikasketa-planetatik datorrela adierazita.

-Aurretik egindako musika ikasketen zerrenda, espezialitatea, egindako mailak, ikastetxea, herria, probintzia eta ikasturtea adierazita.

-Musikako lanbide ikasketetako maila ezberdinetako ebaluazioaren emaitzak: espezialitatea, maila, irakasgaien zerrenda, ikasturtea, ohiko deialdian lortutako kalifikazioa, ohiz kanpoko deialdian lortutako kalifikazioa eta sustapen eta titulazioari buruzko erabakia eta data.

-Musikako lanbide ikasketetan lortutako batez besteko nota, espezialitatea adierazita.

-Ikasleari kalifikazio liburua noiz eman zaion. Musikako lanbide titulua noiz eskatu eta noiz eman zen, espezialitatea adierazita.

-Ikastetxea aldatzeari buruzko datuak: lekualdaketa eguna eta jatorriko zein destinoko ikastetxeen izena, kodea, titulartasuna, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia.

Era berean, bidezkoa denean, hurrengo aldeei buruzko dokumentazioa erantsiko zaio espedienteari: curriculumean egindako egokitzapenak, matrikularen ezeztapena, maila batean baino gehiagotan matrikula handitzea, espezialitateak batera egitea, eman beharreko denbora urtebetez luzatzea eta ikaslearen ebaluazio prozesuari eragin diezaioketen kontu guztiak.

2. Ohiko edo ohiz kanpoko amaierako ebaluazio aktak ikastetxearen identifikazio datuak, taldearen identifikazio datuak eta ebaluazioaren emaitzari buruzko informazioa barne hartuko ditu.

Ikastetxearen identifikazio datuak honako hauek izango dira, gutxienez: ikastetxearen izena eta kodea, titulartasuna, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia.

Taldearen identifikazio datuak honako hauek izango dira, gutxienez: ikasturtea, maila, taldea, taldea osatzen duten ikasleen izen zerrenda eta egindako espezialitatea.

Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak honako hauek izango dira, gutxienez: ohiko edo ohiz kanpoko amaierako ebaluazioaren irakasgai bakoitzeko emaitzak -aurreko mailetan gainditu ez diren irakasgaiak barne- eta sustapen eta titulazioari buruzko erabakiak.

3. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak kalifikazio liburua argitaratuko du eta liburu hori Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak finkatu zituen abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuak ezarritakoari atxikiko zaio. Nolanahi ere, kalifikazio liburua espezialitate bakarrari buruzkoa izango da eta honako hauek barne hartu beharko ditu: ikaslearen identifikazio datuak, musikako lanbide ikasketetan espezialitate horretan eskolatzeari buruzko informazioa, deialdi bakoitzean lortutako kalifikazioak eta ikasketak egin direneko ikastetxearen/ikastetxeen identifikazio datuak. Halaber, espezialitate horretako ikasketak amaitutakoan, lortutako batez besteko nota, musikako lanbide titulua noiz eskatu den eta ikasleari kalifikazio liburua noiz eman zaion adieraziko dira bertan, baita egokitzat jotzen diren ohar guztiak ere.

4. Banakako ebaluazio txostenak ikaskuntza prozesuak jarraitzeko beharrezkoa den informazioa bilduko du. Dena den, jatorriko ikastetxearen identifikazio datuak, ikaslearen identifikazio datuak eta zati bateko ebaluazio prozesuari buruzko informazioa agertuko ditu.

Jatorriko ikastetxearen identifikazio datuak honako hauek izango dira, gutxienez: ikastetxearen izena eta kodea, titulartasuna, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia.

Ikaslearen identifikazio datuak honako hauek izango dira, gutxienez: abizenak, izena eta NANa edo agiri baliokidea.

Zati bateko ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak honako hauek izango dira, gutxienez: matrikulan adierazitako espezialitatea eta maila -bidezkoa denean, gainditu gabe dauden irakasgaiak barne-, egiten diren irakasgaien zerrenda, unera arte egin diren ebaluazioen zati bateko emaitzak eta ikaslearen ikaskuntza prozesuaren gainean egokitzat jotzen diren ohar guztiak, baita, hala denean, hartutako neurriak ere.

II. ERANSKINA

Eginbidea, ................................................. ikaslearen musikako erdi mailako ikasketetako kalifikazio liburu hau ..................... (e)(a)n ixten dela jakinarazteko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak finkatu zituen abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, musikako lanbide ikasketetako kalifikazio liburua irekiko baita.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa