Klima Aldaketa Nafarroan - PCSitna
LIFE-IP NAdapta-CC proiektua zortzi urteko egitasmoa da (2017-2025). Nafarroako Gobernuko Ingurumenak koordinatzen du, Europar Batasunarekin batera finantzatzen da, eta ardatz du Nafarroa nola egokitu klima aldaketara. Proiektuak 50 ekintza baino gehiago biltzen ditu, sei arlo oso desberdinetan: tokiko monitorizazioa eta ekintza klimatikoa; ura; basoak; nekazaritza eta abeltzaintza; osasuna; eta paisaia, azpiegiturak eta lurralde-plangintza. Gainera, badu beste lan bat ere, zeharkakoa eta horizontala, honako gai hauei lotutakoa: prestakuntza, sentsibilizazioa, komunikazioa, sareak eta emaitzen zabalkundea. Lan horrek lotura zuzena du klima-aldaketaren aurka borrokatzeko konpromisoarekin, zeina ezarria baitago Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orrian (HCCN - KLINa). Informazio gehiago hemen: www.lifenadapta.navarra.es
Klima-aldaketaren ondorioak monitorizatzeko atalaren barrenean, NASUVINSArekin elkarlanean eta Nafarroako Gobernuko zenbait unitate teknikoren eta ente instrumentalen parte hartzearekin, klima-aldaketara egokitzeari buruzko hainbat adierazle ezarri dira. Adierazle horiek inpaktu-kateetan daude antolatuta, eta inpaktu-kate horietako bakoitza, aldi berean, lau helburu hauetan egituratu da:
- Arriskuaren ezaugarriak zehaztea
- Esposizioa eta zaurgarritasuna
- Inpaktuak monitorizatzea
- Egokitzapen-neurriak
Lan horri esker, proiektua monitorizatzeko atari bat dago, honako helbide honetan eskuragarri: https://monitoring.lifenadapta.eu/ Gaur egun, 123 adierazleri buruzko informazioa ematen du. Adierazle horietatik guztietatik, eta informazio geografikoa denez, 19 hautatu dira, IDENAn modu errazago, eskuragarriago eta erabilgarriagoan erakusteko.
19 adierazle horiek arriskuaren ezaugarriekin lotuta daude. Haien bidez jakin daiteke nola aldatu den Nafarroako klima eta nola alda daitekeen etorkizunean, ereduak aplikatuz. Horregatik, kontuan hartu behar da ziurgabetasun maila bat duela. Hala, aldagai bakoitzerako, benetako informazioa (behatutakoa) erakusten da, 1961-1990 eta 1991-2019 aldietakoa; horrez gain, aurreikusitako informazioa (proiektatua) ere ematen da, 2021-2050 eta 2051-2080 aldiei dagokiena. Informazio hori TECNALIAren klima-agertokien eredu baten arabera lortu da, RCP8.5 emisio-agertokian. Agertoki hori da okerrena, non berotegi-efektuko gasen isurketek XXI. mende osoan gora egiten jarraitzen baitute.
76 geruza berri dira, eta esteka honetan laburbiltzen dira: https://geoportal.navarra.es/es/cambio-climatico
