LURRALDEA - CIN - Bertiz

Lurraldea

Bertizko Jaurerria Baztan-Bidasoa arroaren parte da. Ibar kantauriar horietan, tenperatura leunek, etengabeko euriek eta ohiko lainoek oihan sarriz betetako paisaia sortu dute, eta horien artean larre eta soroak daude.

Baztan-Bidasoan gizakia bizi zen jada duela milaka urte, Baztango gailurretan ageri diren Neolitiko eta Burdin Aroko monumentu megalitiko ugariek frogatzen duten moduan. Erdi Aroan, paraje horiek leinu eta jauntxo gerrarien toki izan ziren, eta besteak beste Donamariako eta Iruritako dorreak eraiki zituzten. Bertako harlandu gorri bereziko eraikin ederren artean, badira elizak, XVIII. mendeko jauregiak eta Amerikan aberastu ziren indianoen etxeak.

Nolanahi ere, ibar horietako eraikin tradizionalak etxe eta bordak dira, eta mendeetan zehar ardi latxen, behien eta txerrien hazkuntzan eta artoaren, patataren eta babarrunen laborantza txikian oinarritutako ekonomiaren zutabeak izan dira. Nekazaritza eta abeltzaintza jardueraz gain, metalaren industria ere badago, antzinako burdinolen ondorengo gisa, baita turismoa ere.

Egunez egun, geroz eta bisitari gehiago etortzen da bertara, margolari eta euskarazko zein gaztelaniazko literatoen inspirazio iturri izan diren paisaia idiliko eta magikoek erakarrita, baita janak ere, hala nola gazta bikaina, gaztanbera, patea, haragia eta Bidasoko amuarraina.

Informazio gehiago lortzeko sartu webgunean: turismo bulegoa