INGURUNEA - CIN - Bertiz

Bertizko Jaurerriko

Parke Naturala

Nafarroa Atlantikoan, euri iraunkorraren eta paisaia beti berdearen lurraldean, Bertizko Jaurerria dago: 2.040 hektareako parke natural bat da, eta oihan zabal batek, XIX. mendearen amaieran sortutako lorategi bitxi batek eta eraikin berezi eta tradizionalek osatzen dute.

Jaurerriaren lehen erreferentzia 1392. urtekoa da, Pedro Miguel Bertizi baitzegokion. Geroztik, espazioa finka pribatua izan da ia beti, eta ondorioz oihanean ez da egon ustiapen intentsiborik. Horri esker, Bertizek Nafarroako eta Europa hegoaldeko pagadi ikusgarrienetako eta hobekien kontserbatuenetako bat du. Zuhaitz helduek eta hildako egurrak okilentzako, saguzarrentzako eta intsektuentzako paradisu bat osatzen dute. Oihanean barneratuta, mendi magaletan, ura jauzika dabil erreketan. Diotenez, bertan bizi dira Jaurerriaren armarria apaintzen duten lamia misteriotsuak.

1898an, Pedro Ciga eta Dorotea Fernández senar-emazteek tokia erosi zuten, Bidasoaren ondoko jauregi zaharra berreraiki zuten, Aizkolegi mendiaren gailurreko jauregia eraiki zuten eta lorategiari forma eman zioten. Zenbait tokitatik ekarritako landare exotikoekin eta iturri, urmael eta estalpe berriekin apaindu zuten, eta horrek kutsu erromantiko eta modernista eman zion. Hala ere, oihana eraberritu eta kontserbatzen aritu ziren. 1949an, Pedro Cigak, testamentuaren bidez, Nafarroari eta haren izenean Foru Aldundiari utzi zion Jaurerria, eta eskatu zion hura zaintzeko, ezaugarri naturalak aldatu gabe. Balio natural eta historiko handiak zaintzeko, Nafarroako Gobernuak Jaurerria parke natural izendatu zuen 1984an.

1984an parke natural izendatu zutenetik, “Bertizko Jaurerriaren” kudeaketa honako hauetan oinarritu da funtsean: paisaiaren eta haren osagaien kontserbazioan, ekosistemen egonkortasuna eta biodibertsitatea mantentzean, hezkuntza jarduerak egitean eta ekosistema naturalen ikerketa sustatzean. Nafarroako oihan ondarearen “Bertizko Jaurerria” finkak oihangintza jasangarriaren ziurtagiria du (PEFC sistema).

Ezagutu Nafarroako naturagune guztiak