FAQ - Nafarroako Artxibo Nagusia



Ohiko galderak
Artxiboari, dokumentuen kontsultari eta ikerketa-gaiei buruzko ohiko galderen zerrenda
Artxiboari buruzkoak
Nafarroako Gobernuaren mendeko artxibo publiko bat da, eta Nafarroako erresumako eta probintziako erakunde zaharretako dokumentazioa zaintzen du; gainera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko artxibo historikoa ere bada.
AGNko kontsulta-gela astelehenetik ostiralera 9:00etatik 15:00etara egoten da irekita, eta astearte, asteazken eta ostegunetan, 9:00etatik 17:00etara. Bestalde, AGNko irakurketa-gelako kontsulta-zerbitzua astelehenetik ostiralera erabil daiteke, 9:00etatik 15:00etara. Kasu guztietan, ixteko ordua baino ordu-erdi lehenago ez da ateratzen dokumentazio gehiago aretoetan, eta azken 15 minutuetan, erabilitako dokumentazioa gordailuetara itzuli behar da. Gainera, sarbide librea duten eraikineko eremuak (erakusketa-gela, patioa eta ataria) 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara irekitzen dira asteko egun guztietan, baita asteburuetan eta jaiegunetan ere.
Zaintzen duen dokumentazioa modu presentzialean kontsultatzeko zerbitzua ematen du AGNk kontsulta-gelan eta irakurketa-gelan. Horren osagarri, erreprografia-zerbitzua du AGNk, herritarrek errazago egin ditzaten kontsultatutako dokumentuen erreprodukzioak, hala eskatzen dutenean. Halaber, informazio-eta erreferentzia-zerbitzu bat ere eskaintzen du AGNk (aurrez aurrekoa eta posta elektroniko bidez), herritarrak eta ikertzaileak orientatzeko, zaintzen dituen dokumentu-funtsen irismenari buruz eta dituen deskribapen-tresnen erabilerari buruz; beharrezkoa bada, beste artxibo batzuen erreferentzia ere ematen die. Gainera, Nafarroako dokumentu-ondarearen zabalkundea bultzatzen du AGNk. Horretarako, historiari, kulturari eta ondareari buruzko gaien erakusketak, jarduerak eta hitzaldiak antolatzen ditu bere kabuz eta beste erakunde batzuekin lankidetzan. Ekitaldi-aretoa eta erakusketa-gela erabiltzen ditu ekimen horietarako.
AGNk 32 lan-mahai indibidualeko eta ekipo informatikoz hornitutako 8 toki dituen kontsulta-gela bat du. Horrez gainera, liburutegi bat ere badu, zeinaren irakurketa-gelak 30 toki indibidual, ekipamendu informatikoz hornitutako tokiak, mikrofilm-irakurgailuak, etab. baititu. Mahai guztiek dute hargune elektrikoa, eta wifi-sarea dago bi aretoetan. Arduradunak izaten dira etengabe, erabiltzaileei laguntzeko.
Edozein herritarrek erabil ditzake AGN eta haren zerbitzuak (16 urtetik beherakoek heldu batekin batera egon beharko dute). Herritar batek AGNren zerbitzuak lehenengoz erabili nahi dituenean, erregistratu eta alta eman behar du erabiltzaile gisa. Horretarako, "Erabiltzailearen izen-emate eskaera" bete beharko du, eta NANa edo legezko dokumentu baliokide bat erakutsiz identifikatu. Alta ematen duen erabiltzaile bakoitzari ikertzaile-zenbaki bat ematen zaio. Zenbaki hori erabiltzen da, hain zuzen, erabiltzaileak ikusi nahi dituen dokumentuen eta egin nahi dituen erreprodukzioen eskaerak izapidetzeko. Erabiltzaileek AGNren erabiltzaile-txartel fisikoa jasotzeko aukera dute. Horretarako, argazki bat ekarri beharko dute, NANeko argazkien tamainakoa. Txartel hori izatea ez da ezinbestekoa AGNn sartzeko edo hango zerbitzuak erabiltzeko. Behin erabiltzaile gisa erregistratu ondotik, NANa edo legezko dokumentu baliokide bat erakutsiz sartu ahal izanen da. Txartelak aukera ematen du bizkorrago identifikatzeko AGNn sartzeko eta dokumentuen eta erreprodukzioen eskabideak izapidetzeko garaian. Horregatik gomendatzen zaie txartela eskuratzea ohiko erabiltzaileei eta AGNra askotan joateko asmoa dutenei.
Bai, Nafarroako artxibo historikoa denez, AGNk transferentziak jasotzen ditu aldian behin zenbait administraziotatik, bai eta notario-protokoloak ere, 100 urte betetzen dituztenean. Halaber, dokumentuak AGNn uztea erabakitzen duten Nafarroako erakundeen dokumentazioa ere jasotzen du. Azkenik, partikularrek emandako dokumentazioa era hartzen du.
Bai. AGNk, Nafarroako dokumentu-ondarearen bermatzaile gisa, pertsonen, familien, enpresen, elkarteen eta beste erakunde batzuen dokumentazio-dohaintzak onartzen ditu. Ikerketarako garrantzia izan dezakeela iruditzen zaizun dokumentazioa edo dokumentu-ondaretzat jotako dokumentazioa eman nahi baduzu, harremanetan jar zaitezke AGNko zuzendaritzarekin, eta dohaintzan ematea eskaini. AGNk dokumentazioa baloratuko du, eta onartzea erabakitzen badu, barne hartuko du zaintzen dituen dokumentu-funtsetan.
Bai. Iruñeko errege-erreginen jauregian dagoenez, eta esanahi bereziko eraikin historikoa denez, areto batzuk herritar guztiei irekita daude: ataria —Iruñea historikoko monumentuen maketa dago han—, patioa, hormarteko galeriak eta kripta, zeinean erakusketa-gela baitago. Gainera, Artxiboen Nazioarteko Egunean (ekainaren 9a) eta beste efemeride batzuetan, AGNk jardunaldi irekiak eta eraikin guztian zeharreko bisita gidatuak antolatzen ditu, herritar guztientzat. Horrez gainera, hezkuntza-, gizarte- eta kultura-erakundeek taldeentzako bisita gidatuak hitzartu ditzakete AGNrekin.
Dokumentuen kontsultari buruzkoak
Bai, AGNk baditu sarbideari eta dokumentuak kontsultatzeari eta erreproduzitzeari buruzko barne-arau batzuk, 2013an onetsiak. Eskura daude Artxiboko sarreran eta haren webgunean. Jarraibide horietan, xehetasunez azaltzen da zer baldintza dauden aretoetan sartzeko, nola eskatu behar diren dokumentuen kontsultak eta erreprodukzioak eta haien irismenak eta mugak.
AGNk zaindutako dokumentu-funtsak Funtsen eta Bildumen Antolamendu Koadroan jasotzen dira; kontsulta-gelan dauden ekipamendu informatikoz hornitutako tokietan kontsultatu daiteke koadroa. Gainera, 1997an argitaratu zen Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Gidak eta AGNren webguneak bere dokumentu-funtsei eta -bildumei buruzko informazioa eskaintzen dute. Zaindutako dokumentu-funtsak zer dokumentuk osatzen dituzten jakiteko aukera ematen duten inbentarioak eta katalogoak ere badaude, eskuzkoak eta inprimatuak. Kontsulta-gelan daude, erabiltzaileen eskura.
AGNko Liburutegiko bilduma Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektiboan barne hartuta dago, liburutegi espezializatuei buruzko 2. apartatuan; horrenbestez, haren OPACa eskuragai dago online, eta edozein erabiltzailek jo dezake hartara etxetik edota Interneterako sarbidea duen edozein tokitatik. Edonola ere, Liburutegiko irakurketa-gelan ekipamendu informatikoz hornitutako 4 toki daude erabiltzaileen eskura, katalogoan sartu nahi badute ere.
Ez. Liburutegiaren funtzio nagusia da AGNko erabiltzaileen ikerketan eta bertako teknikarien lan artxibistikoetan laguntzea. Horrenbestez, ezinbestekoa da liburuak berehala eskuratu ahal izatea; horregatik ezin dira liburuak etxera eraman maileguan.
Bai. Nafarroako Gobernuko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak funtzionamenduan jarri zuen 2012an Artxibo Irekia web-biltegia, Nafarroako dokumentu-ondarea zabaltzeko kanal gisa; biltegi horretan, zaintzen duten dokumentazioaren parte baten kopia digitala iraultzen dute Nafarroako artxiboek. AGNk aldian-aldian laguntzen du ekimenean, eta dokumentu-multzo batzuen datu deskribatzaileak eta kopia digitalak argitaratzen ditu atari horretan. Hala, kontsulta-gelan kontsultatzeaz gainera, Internet bidez ere eskuratu daitezke. Modu berean, AGNko Liburutegiko bildumaren parte bat digitalizatu egin da, eta Nafarroako Liburutegi Digitalean (BINADI) eta Prentsa Historikoaren Liburutegi Birtualean sartu da, eta Internet bidez kontsultatu daiteke.
Bai, herritarrek dokumentaziorako irispidea izateko duten eskubideak berekin dakar haien kopia eskatzeko eskubidea; legez ezarritako tasak ordaindu beharko dira aldez aurretik. AGNk erreprografia-zerbitzu bat du horretarako: kopiak paperean edo euskarri digitalean ematen ditu, sarbideari eta dokumentuak kontsultatzeari eta erreproduzitzeari buruzko barne-arauei jarraikiz. Dokumentazioa behar bezala kontserbatze aldera, koadernatutako dokumentuak eta 1840 baino lehenagokoak euskarri digitalean erreproduzitzen dira, eta, oro har, instalazio-unitate osoen kopia eskatzeko aukera baztertzen da.
Bai; Iruñetik gertu bizi ez diren ikertzaileen lana errazteko, AGNk dokumentuak erreproduzitzeko eskabide ez-presentzialak izapidetzen ditu. Kasu horietan, artxibozainek ezin dute egin erabiltzaileen ikerketa-lana. Beraz, eskabide ez-presentziala artatu ahal izateko, eskatzaileak zehaztasunez eta modu indibidualizatuan identifikatu beharko d(it)u (katalogo-zenbakiarekin eta/edo dokumentua aurkitzeko funtsezko datuekin) erreproduzitu nahi d(it)uen dokumentua(k). Bide hori erabiliz erreprodukzioak eskatzen dituzten erabiltzaileei alta emanen zaie erabiltzaile gisa, artean ez badira erabiltzaile. Horretarako, "Erabiltzailearen izen-emate eskaera" beteta bidali beharko dute, eta, horren ondotik, erreprografia-eskabideak bidali ahal izanen dituzte "Erreprografia eskaera" formularioaren bidez.
Artxiboak erabiltzaileei lagatzen dizkien erreprodukzioak erabilera pribaturako baino ez dira, eta ikerketa historikoak, zientifikoak edo kulturalak egitea baino ez dute xede. Emandako erreprodukzio digitalak zuzenean argitaratu edo erakutsi nahi badira, zuzenean eskatu behar zaio AGNko zuzendaritzari, eta horretarako baimena emanen du, betiere argitaratzeko eskubideetarako legez ezarritako tasak ordaintzen badira aldez aurretik.
Edozein lan zientifikotan edo argitalpenetan AGNk zaindutako dokumentazioa aipatzen denean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia izena edo AGN akronimoa jarri beharko da, eta, ondotik, dokumentua zer funtsetakoa edo bildumatakoa den eta katalogo-zenbaki artxibistikoa adierazi beharko dira.
Ikerketa-gaiei buruzkoak
Lehenik eta behin, tokiko historiari buruzko edozein ikerketa hasi aurretik, gomendatzen da gaiari buruz argitaratutako bibliografia aztertzea eta ikerketaren helburu diren tokiko udal- eta parrokia-artxiboetako dokumentazioa kontsultatzea. Izan ere, iturri garrantzitsuak dira, eta lan-denbora asko aurreztu daiteke. Nafarroako herriei buruzko dokumentu ugari daude AGNn, baina aurkitzen zaila izan daiteke, zenbait funtsetan banatuta baitago. Horregatik, garrantzitsua da bilaketa mugatzea, ikerketaren helburuaren eta garaiaren arabera. Dokumentu-funts eta -sail hauek aztertu ahal izanen dira:
- Kontuen Ganbera: tokiko foruei, erregaliei eta dohaintzei buruzko dokumentazio zaharrena gordetzen du, bai eta kontu-liburuen eta su-liburuen sail garrantzitsuak ere.
- Erresuma: gaien arabera antolatuta dago dokumentazioa, hala nola biztanleriaren eta lur-ondasunen estatistika, gerra, bideak eta mendiak.
- Errege-auzitegiak: Errege Kontseiluaren eta Gorte Nagusiaren aurrean hasitako auziak, XVI. mendetik 1836ra bitartekoak. Herriei buruzko auziek askotariko dokumentazio interesgarria jaso dezakete; besteak beste, ordenantzak, mugaketak, paramentuak, herri-lurrak erabiltzeko hitzarmenak, herrien arteko akordioak eta partikularren bestelako datuak. Datu-basean jasotzen da dokumentu-unitate bakoitzaren edukiaren deskribapena; horri esker, bilaketak egin daitezke deituren, herrien eta gaien arabera, besteak beste.
- Notario-funtsak: ehun urtetik gora dituzte; Nafarroa guztiko eskriturak daude, Erriberako merindadekoak izan ezik, XV. mendetik aurrerakoak. Funtsezkoak dira toponimiari, familiei, kontzeju-errentamenduei, obrei, baselizei, ondasunei, jabetzei eta abarrei buruzko alderdiak ezagutzeko.
- Herrietako kontuak: XVI. eta XIX. mendeak bitarteko dokumentuak dira, Errege Kontseiluak sortuak udalerrietako ondasunen administrazioa ikuskatzeko lanean. Hona hemen adibide batzuk: kontuak berresteko espedienteak, kargu-izendapenak eta komunalen luberritzeak. Baliabide ona dira ondasunei eta errentei, arielei eta alokairuei, obrei, ordenantzei, maisuei, zirujauei, elizetako mantentze-lanei, iturriei, ureztalurrei eta bestelakoei buruzko informazioa lortzeko.
- Nafarroako Foru eta Probintzia Diputazioa: probintziaren administrazioari buruzko 1836tik 1984ra bitarteko dokumentazioa da; toki-administrazioak askotan aipatzen dira, batez ere, udal-kontu eta -obrei dagokienez.
- Ogasun Ordezkaritza: XIX. mendeko Desamortizazioan sortutako informazioa da, eta barne hartzen dira elizaren jabetzen salmenta-espedienteak, herri-ondasunak, ongintza, etab.
- Kleroa: XIX. mendean desamortizatutako parrokien, komentuen eta monasterioen dokumentazioa; erakunde horiek beren historian zehar izandako ondasunei eta jabetzei buruzko dokumentuak dira gehienak.
- Kartografia: zenbait jatorritako mapen eta planoen bilduma.
Herri bateko etxeei buruzko informazioa jasotzen duen dokumentazioa funts hauetan aurkitu daiteke nagusiki:
-
Notario-funtsak: XVI. mendetik aurrerako eskriturak, ehun urtetik gorakoak. Informazio zehatza eman dezakete ezkontza-kontratuetan eta testamentuetan, salerosketa-kontratuetan, obra-kontratuetan eta bestelako dokumentuetan. Protokoloen oinarrizko antolamendua notariotzaren araberakoa da, eta, haren barruan, notarioaren eta urtearen araberakoa. Kasu gehienetan, eskritura bat aurkitzeko, notariotza gehienek gorde dituzten urteen araberako eskritura-aurkibide edo -inbentarioetara jo daiteke.
-
Errege-auzitegiak: Errege Kontseiluaren eta Gorte Nagusiaren aurrean hasitako auziak, XVI. mendetik 1836ra bitartekoak. Datu-basean jasotzen da dokumentu-unitate bakoitzaren edukiaren deskribapena; horri esker, bilaketak egin daitezke deituren, herrien eta gaien arabera, besteak beste. Toki bateko etxeen historiari dagokionez, interesgarriak izaten dira termino jakinen eta herentzia-prozesuen araberako bilaketak.
-
Biztanleei buruzko iturriak: lur-neurketak eta 1607-1612 aldiko erresumako aberastasunak neurtzeko auzian informazio garrantzitsua aurkitu daiteke; adibidez, etxeen izenak, jabearenak eta gainerako biztanleenak.
-
Erresuma: Gerrako paper-sorten artean, Nafarroako mendialdeko herriek frantsesen 1794-1795eko inbasioan jasandako kalteak jasotzeko 1796an egin zituzten erroldetan etxeen izenak aipatzen dira batzuetan.
AGNk, Nafarroako Foru eta Probintzia Diputazioaren dokumentu-funtsaren barruan, Nafarroako katastro-dokumentazio historikoaren parte bat zaintzen du —ez dago indarrean—. Dokumentazio horren (testuak eta dokumentazio grafikoa) kronologia XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen lehen erdia bitartekoa da, eta landa-lurreko ondasunen katastroari dagokio batez ere, ez hiri-lurrekoari. Gainera, katastro-informazio historikoa ere zaintzen da Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen Zerbitzuko Lur-ondasunen Artxibo Historikoan; erakunde hori arduratzen da, halaber, Lur-ondasunen Zerga Erregistroa osatzen duen indarreko katastro-dokumentazioaz: https://www.navarra.es/eu/ogasuna/lur-ondasunak
Lehenik eta behin, familia-genealogia bat egiteko, egokiena da erregistro zibilera eta sakramentu-liburuetara jotzea; elizbarrutiko artxiboetan (Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa eta Tuterako Elizaren Artxiboak) eta parrokietan zaintzen dira. Baliabide egokia dira, gure arbasoen jaiotzari, ezkontzari eta heriotzari buruzko informazio zehatza dutelako. Iturri horiek aztertu eta gure familiako kide jakin batzuk bizi izan ziren datei eta herriei buruzko datu fidagarriak aztertu ondotik, AGNk badu informazio osa dezakeen dokumentazioa, funts hauetan:
- Errege-auzitegiak: Errege Kontseiluaren eta Gorte Nagusiaren aurrean hasitako auziak, XVI. mendetik 1836ra bitartekoak; informazio genealogikoa ematen dute kaparetasunari eta testamentuei lotutako auzien bidez. Datu-basean jasotzen da dokumentu-unitate bakoitzaren edukiaren deskribapena; horri esker, bilaketak egin daitezke deituren, herrien eta gaien arabera, besteak beste.
- Notario-funtsak: ehun urtetik gorako eskriturak, XV. mendetik aurrerakoak. Nafarroa guztiko eskriturak daude, Tuterako merindadekoak izan ezik. Gomendagarria da arbasoen jatorriko herritik gertuen dagoen notariotzan zentratzea ikerketa, eta informazio gehien jasotzen duten dokumentuak aztertzea, hala nola ezkontza-itunak eta oinordetzei dagozkienak (testamentuak, dohaintzak eta maiorazkoak). Haiek aurkitzeko, gomendatzen da notario bakoitzaren eskritura-aurkibideak eta -inbentarioak kontsultatzea. -Biztanleei buruzko iturriak: informazio estatistikoa ematen dute dokumentu askok; biztanle-talde eta herri jakin batzuei buruzko informazioa aurkitu daiteke haietan. Erresuma-Gerra, Errege Kontseilua eta beste funts batzuetan, XVII. mendetik XIX. mendera bitarteko armagizonen izen-emateak gordetzen dira. Biztanleriari buruzko informazioari dagokionez, zehatzagoa da Hautesle-erroldaren Probintzia Batzordearen 1867tik aurrerako hautesle-erroldako dokumentazioa. Bestalde, genealogista-elkarteak ere badaude; haiekin harremanetan jar gaitezke haien esperientzia ezagutzeko, eta haien webguneetan dituzten lanak kontsultatzeko.
Nafarroako Inklusa zaharraren dokumentazioa AGNren eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Politikako Departamentuaren artean banatuta dago. AGNn gordetzen den informazioa kontabilitateari buruzkoa da nagusiki, eta oso gutxitan izaten da jasotako haurren datu biografiko indibidualen bat.
Erakundean hartutako norbanakoei buruzko informazio mugatua baino ez da gordetzen, eta aldi kronologiko oso zehatzetarako: umezurtzak (1835-1892), inudeak (1850-1900), edoskitzeak (1853-1899), bataioak (1855-1882) eta ezkontzeko baimenak (1853-1884). Gainerako dokumentazioa, XX. mendeari dagokiona bereziki, Nafarroako Artxibo Garaikideak gordetzen du oraindik; informazio espezifikoa jasotzeko, haien langileekin harremanetan jarri behar da.
AGNk funts hauetan zaintzen du gaiari buruzko dokumentazioa:
-
Nafarroako Foru eta Probintzia Diputazioa: maisu-maistren garbiketari eta Diputazioko bertako funtzionarioen garbiketari buruzko espedienteak gordetzen ditu, besteak beste.
-
Erantzukizun Politikoen Eskualde Auzitegia: auzitegiak erantzukizun politikoei buruzko kausetan emandako epaien liburuak eta prozesu horien izapidetze-espedienteak gordetzen dira.
-
Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak: epaitegi horietako bakoitzeko gobernu-atalean daude fusilatuen epez kanpoko heriotza-inskripzioen espedienteak, familiek erregistroan hala jasotzeko eskatu zituztenenak.
Bai, AGNk zaintzen dituen dokumentu-funts batzuen artean —besteak beste, Kontuen Ganberarena, Erregeordetzarena, Errege-auzitegienak eta Nafarroako Foru eta Probintzia Diputazioarenak— baliteke herrietatik erakunde horietara bidalitako dokumentuak izatea, udalerriko armarria estanpatuta edo armarriaren zigilu eta guzti. Halaber, AGNko Liburutegian badaude Erdi Aroko kontzejuen zigiluei eta tokiko armarri heraldikoei buruzko zenbait obra eta inbentario. Edonola ere, tokiko heraldikari buruzko ikerketa orok dagokion udal- edo kontzeju-artxiboan hasi behar du, informazio hori han aurkitzea baita probableena.
Familia bati armarri propio bat erabiltzeko baimena eman edo aitortu zitzaion jakiteko, azterketa genealogiko eta historiko bat egin behar da, harik eta jakin arte auzitegi edo agintaritza batek armarri horren erabilera legez eman zion oinordeko baten ondorengoak garen. Batzuek uste dute deitura eta familia guztiek dutela armarri propioa, baina ez da egia. Agintariek eta auzitegiek pertsona jakin batzuei bakarrik ematen zizkieten armarriak erabiltzeko erregaliak, nobleziaren eta kaparetasunaren erakusgarri gisa; horretarako, leinu jakin bekoak zirela frogatu behar zuten aldez aurretik. Azterketa genealogiko eta historiko hori egin ahal izateko, AGNk eta hango liburutegiak Nafarroako errege-auzitegi zaharren dokumentu-funtsak ditu, bai eta zenbait noblezia- eta heraldika-katalogo ere.
AGNn argazki-dokumentazio zabala dago, Nafarroari buruzko hainbat alderdiri buruzko errepertorio bisuala lortzeko aukera ematen duena; bereziki, XX. mendeari dagokion dokumentazioaz ari gara. Erakundeen eta partikularren funts hauetako argazkiak nabarmentzen dira:
-
Nafarroako Foru eta Probintzia Diputazioa: korporazio zaharraren protokolozko ekitaldien argazkiak eta zenbait erreportaje gordetzen ditu; adibidez, Bideen Zuzendaritzak probintziako obren jarraipen gisa egindakoak. Alerik zaharrenak 1867koak dira, baina argazki gehienak 1930. eta 1984. urteen artean eginda daude. Aipatzeko modukoak dira Sevillako 1929ko Erakusketa Iberoamerikarrerako egindako ikuspegi estereoskopikoak eta 1916 eta 1932 bitartean Bartzelonako Arxiu Mas etxeari eskatu zitzaizkion Nafarroako ondare artistikoari buruzko argazkien multzo esanguratsua.
-
Nafarroako Monumentu Batzordea: bere argazkiek, XIX. mendearen amaieratik 1930eko hamarkadara bitartean eginak, erakundearen ondare kulturala babesteko funtzioarekin dute zerikusia; hala, Nafarroako monumentuei buruzko argazki ugari daude, baina tokiko jantzi tradizionalei buruzko erreportajeak ere badaude.
-
Julio Altadill: beirazko plaketan egin zituen argazki gehienak (XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera bitartekoak) familiari buruzkoak dira.
-
José Galle: Nafarroako XX. mendeko argazkilari nagusietako bat izan zen; Nafarroako eguneroko bizimodua eta bizitza soziala jasotzen dituzte haren argazkiek (1940 eta 1960 bitartean eginak).
-
Diego Quiroga y Losada, Santa María del Villarko markesa: XX. mendearen lehenengo erdiko argazkilari garrantzitsuenetariko bat da Espainian; gerra zibilean suntsitutako eskualdeetako irudiak, ondareari eta paisaiari buruzkoak eta Espainiako eskualde ugaritako (barne dela Nafarroa) etnografiari buruzko obrak ditu.
-
José Velasco: Garraldako eguneroko bizimoduaren hainbat alderdi jasotzen dituzte 1930 eta 1960 bitartean beirazko plaketan egin zituen argazkiek.
-
José Lucea: Nafarroako elizetako kanpandorreei buruzko argazkiak, 1950 eta 1960 bitartean eginak.
-
Miguel Echagüe: Nafarroako ikuspegi turistikoak eta paisaia- eta monumentu-ikuspegiak jasotzen dituzten antzinako postalen bilduma.
-
Postalak: aurreko bildumaz gainera, Sevillako 1929ko Erakusketa Iberoamerikarrerako enkargatu ziren “Nafarroa artistikoa” postal-blokak eta Nafarroari buruzko zenbait edizio ere gordetzen dira.
Nafarroako udalerri gehienetan ez dago artxibozainik. Beraz, udal- edo kontzeju-artxibo batean zer dokumentazio dagoen jakiteko, dagokion udalera edo kontzejura jo behar da, eta artxiboaz arduratzen den pertsonarekin harremanetan jarri; gehienetan, idazkaria izan ohi da. Edozein modutan, azken hamarkadetan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza-programari esker antolatu diren udal- eta kontzeju-artxiboetako dokumentazioaren inbentarioak baditu AGNk.