Egoitza - Nafarroako Artxibo Nagusia

Egoitza

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Iruñeko errege-erreginen jauregi izan zenean du egoitza. XII. mendearen amaieran eraiki zen, Antso VI.a Jakitunaren erregealdian. Handik zortzi mendera, Nafarroako Gobernuak Rafael Moneori eskatu zion hura birgaitzeko proiektua, artxibo berrirako egokitzeko.

Iruñeko errege-erreginen jauregia

Eraikinak Antso VI. Jakitunaren erregealdian du jatorria, XII. mendearen bukaeran. Garai hartakoa da jatorrizko eraikinaren zatirik kontserbatuena, ganga-formako kripta, estilo protogotikoan eraikia; gaur egun erakusketa-gela izateko gaituta dago.

Zazpi mendez, Iruñeko gotzainen bizileku izan zen garaian izan ezik, jauregia Nafarroako botere publikoaren egoitza izan da beti: lehenik, Nafarroako errege-erreginena, eta, 1520tik aurrera (erresumaren 1512ko konkistaren ondotik), gobernatzaileena eta erregeordeena. 1840an erregeordearen figura ezabatu ondotik, eraikink probintziako agintari militar gorenak hartu zituen, Kapitaintza Nagusi egoitza gisa 1893 arte, eta gero Gobernu Militar gisa, 1971 arte.

Zenbait urtez abandonatuta egon ondoren, XX. mendearen amaieran, Nafarroako Gobernuak eraikina eskuratu eta Rafael Moneo arkitektoari birgaitzeko eskatu zion, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren egoitza izateko. 2003an inauguratu zen erabilera berri horrekin. Instalazio berriak 2004ko maiatzaren 17an ireki zitzaizkien ikertzaileei.

Artxiboaren instalazio berriak

Eraikinaren instalazio modernoetan jasotzen dira dokumentazioa zaintzera, tratamendu artxibistikoa ematera eta zabaltzera bideratutako zerbitzu guztiak.

XII. mendeko jatorrizko eraikinaren zati iraunkorra beiraz eta lorategiz hornitutako klaustro zentral baten inguruan antolatzen da. Klaustro hori arma-patioa izan zen garai batean eta haren inguruan antolatzen dira herritarrentzako sabride publikoa duten eremuak: kontsulta-gela eta liburutegi osagarria, hitzaldi-aretoa eta erakusketa-gelak osatzen dute; kontsulta-gelak 40 ikertzailerentzako lekua du, eta liburutegi osagarriak, 30 ikertzailerentzako lekua.

Horren guztiaren aurrez aurre, eraikuntza berri batean, barne-lanerako erabilera teknikoko aretoak daude, funtsak katalogatzeko, zaharberritzeko eta digitalizatzeko erabiltzen direnak. Dokumentuak gordetzeko dorreak ixten du patioa. Jauregi-multzoaren omenaldi-dorre gisa diseinatua da, 10 altuerakoa, eta 3 dokumentu-biltegi ditu solairu bakoitzeko; horri esker, 40.000 metro lineal apalategi daude AGNren dokumentu-funts aberatsak gordetzeko.

Pie de pagina general