Federazioen zuzendaritza-batzordeen erregistroa

Federazioen lehenbiziko zuzendaritza batzordearen osaera eta ondoko aldaketak inskribatzeko

Oinarrizko informazioa

Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako federazioak, konfederazioak edo elkarteen batasunak.

  • Zuzendaritza-batzordea da federazioaren/konfederazioaren interesak ordezkatzen eta kudeatzen dituen ordezkaritza-organoa, eta batzar orokorraren xedapenen eta ildoen arabera jarduten du. Bazkideak diren erakundeak baizik ezin dira izan zuzendaritza-batzordeko kide; hau da:
    • Federazio edo batasun batean, hura osatzen duten elkarteak.
    • Konfederazio batean, hura osatzen duten federazioak.
  • Zuzendaritza-batzordea osatzen duten erakundeen aldaketa guztiak inskribatu egin behar dira, baita batzordean erakundeen ordezkari diren pertsona fisikoen aldaketak ere.
  • Federazioaren/konfederazioaren batzar orokorrak egiten duen lehenbiziko bilkuran hautatuko da lehenbiziko zuzendaritza-batzordea, eta horrek behin-behineko gobernu-organoa ordezkatuko du, zeinaren kideak federazioa/konfederazioa eratu zenean izendatu baitziren eta eraketa-aktan jaso.
  • Inskripzio-eskaera eginen da zuzendaritza-batzordeko kideak modu demokratikoan hautatu edo izendatu ondoren, eta prozesu hori estatutuetan ezarritakoaren arabera eginen da.
  • Gainera, zuzendaritza-batzordeen agintaldietan haien osaera aldatzen duen edozein gorabehera inskribatzeko eskatu beharko da.
  • Inskripzio horren helburua da ezagutaraztea zein pertsona juridikok osatzen duen une oro zuzendaritza-batzordea eta zer kargu betetzen duen horietako bakoitzak, bai eta organo horretan zein pertsona fisikok ordezkatzen dituen ere.

Prozeduraren urratsak:

  • Eskaera: urtarrilaren 25eko 3/2023 Foru Dekretuaren 14.etik 19.era bitarteko artikuluetan eta 23. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.
  • Epea: inskripzioa eskatzeko epea hilabetekoa da, eta kontatzen hasiko da hautapen- edo izendapen-erabakiaren egunetik hasita, edo ordezkaritza-organoaren osaeran funtsezko aldaketa gertatu zenetik hasita. Eskabideak epez kanpo aurkezten direnean, erregistroak federazioari/konfederazioari eskatzen ahalko dio ziurtagiri bat aurkezteko, datuetan izandako aldaketa indarrean dela berresteko.
  • Dokumentazioaren baliozkotasuna: jatorrizko dokumentazioaren kopia eskaneatuak aurkezten ahalko dira, erregistroan kalifikatzeko. Aurkeztutako dokumentazioa ontzat eman ondoren, behar diren jatorrizko dokumentuak aurkezteko eskatuko da.
  • Eskabidea aztertzea: erregistroak eskabideak eta erantsitako dokumentazioa aztertuko ditu, dokumentu inskribagarrien kanpoko formaren legezkotasuna kalifikatuko du, bai eta haien baliozkotasun materiala ere, haietatik eta, hala badagokio, erregistroko idazpenetatik ondorioztatzen denaren arabera, eta egiaztatuko du betetzen direla 1/2002 Lege Organikoan, 3/2023 Foru Dekretuan eta estatutuetan ezarritako baldintzak.
  • Eskabideko akatsak zuzentzea: eskabideek baldintzak betetzen ez badituzte, federazioari/konfederazioari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko, edo aurkeztutako dokumentazioarekin aurkeztu beharrekoak erantsi edo zuzentzeko.
  • Eskaera ebaztea: inskripzio-eskaera ebazteko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera hori foru administrazio publikoko erregistroan sartzen denetik hasita.
  • Ebazpena epe barruan ez ebaztea: inskribatzeko prozeduraren epea iraganik, ebazpen espresuaren jakinarazpenik ez badago, inskripzio-eskaera onartu dela ulertuko da.
  • Errekurtsoak: ebazpenak inskripzioa atzera botatzen badu, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da lehendakaritzaren arloan eskumena duen departamentuaren titularrari zuzendua, ebazpen hori jakinarazi eta hilabeteko epean.

1. Eskabide orokorra, sinatua. Eskabidean federazioaren/konfederazioaren izena, helbidea eta harremanetarako datuak adierazi beharko dira, bai eta eskabidearekin batera aurkeztutako agirien zerrenda ere.

2. Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez dokumentuen kopia eskaneatuak aurkezten badira, digitalki sinatutako Ziurtagiria ere eman beharko da. Ziurtagiri hori sinatu beharko du federazioan/konfederazioan ahalmen hori duenak (eskuarki, idazkariak), edo haren buruak, elkartearen ordezkari gisa. Bertan adierazi beharko da (sinatzen duenaren erantzukizunpean) aurkeztutako dokumentuak erakundearen esku dauden jatorrizkoen kopia zehatzak direla.

3. Agiriak: eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

  • Batzar orokorraren Ziurtagiria edo akta, non adieraziko baita:
    • Hautapen- edo izendapen-erabakia eta haren data.
    • Onetsi dela bat etorriz estatutuetan erabakiak hartzeko ezartzen diren baldintzekin.
    • Sartzen diren kideak eta, halakorik bada, irteten direnak, bai eta beren gain hartzen dituzten karguak ere, honako datu hauek adierazita:
      • Sartzen diren erakundeei dagokienez, izena eta haien ordezkari gisa jardungo duten pertsona fisikoen nortasunaren datuak. Pertsona horiek, sinaduraren bidez, kargua onartzen dutela egiaztatuko dute.
      • Irteten diren erakundeei dagokienez, inskribatutako ordezkarien sinaduren bidez egiaztatuko dute eginkizunak betetzeari utzi diotela. Ezin bada aurkeztu sinaduraren bat, inguruabar horren justifikazioa aurkeztu beharko da.
    • Aurreko sinadura horiez gain, federazioa/konfederazioa ordezkatzeko eta ziurtagiriak egiteko ahalmena dutenek akta edo ziurtagiria sinatuko dute.
  • Kargua uzten duen zuzendaritza-batzordea edo haren aurrekoak inskribatuta ez badaude, eta erregistro-publikotasunaren koherentzia bermatu dadin, Segidako traktuaren ziurtagiria aurkeztu behar da, eta hartan adierazi zer zuzendaritza-batzorde egon diren, erregistratu zen azkeneko batzordetik orain erregistratu nahi denaren aurreko batzordera arte; azaldu behar da zuzendaritza-batzorde horietako bakoitzaren osaera eta batzar orokorrak zein datatan hautatu zituen.

Tramitazioa

Honako egiaztagiri hauek erabil daitezke:

  • Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa
  • Cl@ve

Tramitatzeko beste modu batzuk:

Nafarroako Gobernuaren erregistro eta arreta bulegoetan ere aurkez dezakezu, baita  39/2015 Legean aurreikusitako beste edozein lekutan ere.

Harremanetan jartzeko

Elkarteen, Fundazioen eta Lanbide Elkargoen Bulegoa
Karlos III.a etorbidea 2, behea
31002 Iruña
Telefonoak: 848 426 645 / 848 425 136
Posta elektronikoa: asociaciones@navarra.es

Ondoko administrazio prozedurari lotuta dago tramitea:

Registro de las juntas directivas de las asociaciones o federaciones

Oharra: orrialde honen edukia informazio hutsa da; baldintzak dagokion araudian argitaratutakoak dira.