Ezagutu zer abantaila ekonomiko eta fiskal dauden zure etxebizitza hutsa alokairuan lagatzeagatik, eta nolako bermeak eskaintzen dizkizun Nafarroako Gobernuak Nasuvinsaren bidez. Eskatu hitzordua lagapena egiteko. Gainera, lau hilabeteko errentaren baliokidea den dirulaguntza jaso dezakezu
Lehentasunez, beren jabetzako etxebizitza bat lagatzen duten pertsona fisikoak.
Deskribapena keyboard_arrow_down
Nasuvinsak (Navarra de Suelo Industrial) jasotzen du etxebizitza hutsen lagapena; hots, etxebizitzaz arduratzen den Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoak. Ondoren, alokairuan eskaintzen ditu, prezio mugatuekin. Kontratua bukatutakoan, egoera onean itzultzen dizkio jabeari.
Bermatzen du hileko errenta alokairu-aldi guztian kobratuko dela. Kontsultatu hemen aurtengo prezioak. Jabeak lortutako irabaziak % 70etik % 90era bitarteko murrizketa du Ogasunean.
Jabearentzako bermeak
Hileko errenta garaiz kobratzea.
Etxebizitza egoera onean itzultzen da kontratua bukatutakoan.
Nasuvinsak etxebizitzaren arrisku anitzeko asegurua kontratatzen du, edukitzaileari (etxebizitzaren egitura eta elementu finkoak) eragiten diona.
Nasuvinsak komunitate-gastuak ordaintzen dizkio jabeari, hilean 50 euro gehienez.
Nasuvinsak energia-efizientziaren ziurtagiria tramitatzen eta ordaintzen du.
22.500 euro arteko finantzaketa ematen da, interesik gabe, etxebizitza egokitzeko.
Jabeak eskatuta, Nasuvinsa arduratzen da etxebizitza alokairuen poltsaren programan sartzeko beharrezkoak diren izapide burokratikoez eta egokitzapen-lanez.
Lau hileko dirulaguntza
Alokatutako etxebizitzengatik dirulaguntza jasoko da, alokairuaren errentaren lau hilabeteren baliokidea.
Laguntza hori berariaz eskatu behar da. Tramite-fitxa honetan eskatu daiteke, Tramitazioa atalean.
Programaren baldintzak
Etxebizitza lagatzeko kontratuak 7 urte eta 6 hilabete iraunen du.
Alokairuaren hileko errenta etxebizitzaren egoeraren eta tamainaren arabera finkatzen da. Prezioak, gehienez, honako hauek hartuko ditu: 90 m²-ko azalera, garaje-plaza bat eta 15 m²-ko trasteleku bat.
Nasuvinsak hilero ordainduko dio errenta jabeari, etxebizitzan interesa duen norbaitekin errentamendu-kontratua formalizatzen denetik aurrera.
Jabeak bere gain hartu beharko du hondakinen tasa, Nasuvinsak etxebizitza alokatu arte.
Udal-kontribuzioa (ondasun higiezinen gaineko zerga) jabeak ordaindu behar du.
Lehen 3 hilabeteetan alokatu ezean, etxebizitza jabeari itzuliko zaio.
Pertsona fisikoen jabetzako etxebizitzak lehenesten dira. Etxebizitzak hiru jabe baino gehiago baditu, Nasuvinsaren aurrean ariko den ordezkaria izendatu behar da.
Halaber, SAREBen (krisialdian esku-hartzeen xede izandako bankuen higiezin-aktiboak kudeatzeko eratutako sozietatea) jabetzako etxebizitzak sartzen ahal dira programan, baita edozein administrazio publikoren jabetzakoak ere. Erakunde horiek etxebizitzak eskuratuak izanen dituzte hipoteka-kreditu bat ordainean emanez edo hipoteka subrogatuz.
Lagatako etxebizitzaren baldintzak:
Etxebizitzan inor ez bizitzea. Ezin du erroldatzerik indarrean izan.
Etxebizitza ezin da familia bakarreko etxebizitza izan, eta ezin du 4 logela baino gehiago izan, ezta 110 metro koadro baino gehiagoko azalera erabilgarria ere, salbuespenak salbuespen.
Hornidura nagusiak alta emanda edukitzea: argia, ura eta gasa.
Sukaldeak eskatzen den oinarrizko ekipamendua eduki behar du: harraska, bitrozeramikazko edo indukziozko plaka, ke-kanpaia, sukalde-gainekoa, altzari altuak eta baxuak, eta hozkailurako eta garbigailurako harguneak eta tarteak. Jabea izanen da etxebizitzan utzi nahi dituen bestelako altzarien egoeraren erantzule.
Komunitatearen asegurua eduki behar du.
Jabearentzako onura fiskalak:
% 90 murrizten da errentamenduaren mozkinen gaineko zerga, baldin eta lagatako etxebizitza merkatu tentsionatuko zona batean badago. Ogasunari etekinen % 10 bakarrik ordainduko zaio, etekin garbiak kontuan hartuta, hau da, gastuak deskontatuta. 21 udalerri hauek deklaratu dira merkatu tentsionatuko zona.
Nafarroako gainerako eremuetan dauden etxebizitzen kasuetan, murrizketa % 70ekoa da. Hau da, Nafarroako Foru Ogasunak mozkinen % 30 hartuko ditu soilik kontuan.
Etxebizitza alokatzeagatiko diru-sarreretatik, jabeak honako hauek deskontatzen ahalko ditu ondorio fiskaletarako:
Interes-gastuak, etxebizitza erosteko inbertitutako kapitalarengatikoak.
Etxebizitza erosteko kostuaren amortizazioa.
Nafarroakoak edo estatukoak ez diren zergak.
Nafarroako edo estatuko zenbait tasa.
Kontserbazio- edo konponketa-gastuak, eta berokuntza, igogailua edo antzeko elementuak ordezteko gastuak.
Administrazio- eta atezaintza-gastuak, edo gisa berekoak.
Interesak, mailegurik egonez gero.
Aseguruak.
Aurkeztu beharreko agiriak keyboard_arrow_down
Prozesua hasteko dokumentazioa (hitzordua eskatuta)
Etxebizitzaren titular guztien indarreko NANaren fotokopia, edo identifikazio-agiri baliokide batena.
Etxebizitzaren titularrak agertzen diren banku-kontuaren fotokopia.
Indarreko bizigarritasun-zedularen fotokopia (etxebizitza librea) edo behin betiko kalifikazioaren espediente indarduna (etxebizitza babestua).
Jabetza-erregistroaren ohar soil eguneratua
Etxebizitzako gela guztien argazki-erreportajea.
2 giltza sorta oso.
Errolda-ziurtagiri negatiboa
Komunitate-gastuak: hileko zenbatekoa justifikatzen duen ordainagiria edo administratzailearen ziurtagiria. Berokuntzaren eta/edo etxeko ur beroaren sistema zentrala bada, higiezinaren administratzaileak emandako ziurtagiria, hileko zenbatekoa jasotzen duena.
Horniduren azken faktura (argia, ura eta gasa).
Berokuntzaren eta/edo etxeko ur beroaren sistema zentrala bada, higiezinaren administratzaileak emandako ziurtagiria, hileko zenbatekoa jasotzen duena.
Jabeak ezin badu lagapen-kontratua sinatu, notario-ahalordearen eta ordezkariaren identifikazio-agiriaren fotokopiak aurkeztu behar dira.
Etxebizitza jabe batena baino gehiagorena bada, lagapen-kontratua jabe guztiek edo bakar batek sinatu dezakete. Bakar batek sinatuz gero, baimen-agiri pribatu bat aurkeztu behar da, jabekide guztien adostasuna jasotzen duena.
Inbentarioa egin ondoko dokumentazioa
Gas-galdara indibidualaren urteko berrikuspen eguneratua.
Gas-instalazioaren ziurtagiria, indarrean dagoen araudia betetzen duena – IRG 3/3 jatorrizkoak.
Etxebizitzaren buletin elektrikoa, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak ikus-onetsia.
Kontratua sinatzean aurkeztu beharreko dokumentazioa
Hornidurak bajan eman izanaren agiria (argia, ura eta gasa).
Araudia keyboard_arrow_down
Alokairu-poltsaren programari buruzko arauak
619/2025 Ebazpena, aldatzen duena 601/2025 Ebazpena, Alokairu Poltsarako etxebizitzak eskaintzeagatik 2026an ordainduko diren prezioak finkatzen dituena.
9/2025 Foru Legea, Etxebizitza Ordainerraza Izateko Eskubideari buruzkoa.
20/2022 Foru Legea, Babestutako etxebizitza ordainerrazen parke bat Nafarroako Foru Komunitatean sustatzekoa.