Etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak 2024. urterako, diru-sarrera aski ez izateagatik pilatuta bizi diren familia gurasobakarrentzat eta bestelako familientzat

Oinarrizko informazioa

  • Diru-sarrera aski ez izateagatik pilatuta bizi diren familia gurasobakarrak (familia gurasobakar direla frogatzen duen txartela indarrean izan behar dute eskaera egiteko unean).
  • Kide hauek osatuak diren familia unitateak, baldin eta pilatuta bizi badira diru-sarrera aski ez izateagatik: eskatzailea, ezkontza harreman baten ondorioz edo antzeko afektibotasun harreman baten ondorioz harekin bizi den pertsona, eta adingabeko seme-alabak, edo, mendekotasuna nahiz %33tik gorako desgaitasuna izanik, eskatzailearen kargura dauden seme-alabak.

Pilatuta bizi diren familiatzat hartuko dira logela bakarrean bizi behar dutenak.

Baldintzak:

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dagoen etxebizitza bat alokatzeko aurrekontratua edo kontratua izatea, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarri bezala formalizatua.

2. Alokairuagatik ordaindu beharreko errenta eguneratua 7.800 eurokoa edo txikiagoa izatea urtean (gehienez, 650 euro hilean). Ondorio horietarako, ordaindu beharreko errentaren zenbatekoa zehazteko ez dira kontuan hartuko maizterrak kontratuan bere gain hartzen dituen gainerako betebehar ekonomikoak, adibidez, erkidegoaren gastuak, zerbitzu eta hornidura gastuak, tasak eta zergak.

3. Laguntzaren onuradun diren pertsonen ohiko bizitoki iraunkorra izatea alokatutako edo alokatu beharreko etxebizitza.

4. Alokatutako etxebizitzan ohiko bizitoki iraunkorra duten edo izanen duten pertsonen diru-sarreren batura honako hau izatea (pertsona horiek errentamendu kontratuaren titularrak izan ala ez):

Bi lagunek osatutako familia unitateak

7.800 eurotik gorakoa eta 19.320 eurotik beherakoa (urteko OAEAP halako 2,3; 14 ordainketatan)

Hiru lagunek osatutako familia unitateak

7.800 eurotik gorakoa eta 21,0000 eurotik beherakoa (urteko OAEAP halako 2,5; 14 ordainketatan)

Lau lagunek edo gehiagok osatutako familia unitateak

7.800 eurotik gorakoa eta 23.100 eurotik beherakoa (urteko OAEAP halako 2,75; 14 ordainketatan)


5. Laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren familia unitate eskatzaileko kide guztiak alokatutako etxebizitzan elkarrekin bizitzea.

6. Familia unitate eskatzaileko kide guztiak Nafarroako Foru Komunitateko herriren batean erroldatuta egotea urtebeteko antzinatasunarekin, gutxienez.

7. Familia unitate eskatzailea pilatuta bizitzea.

 

Onuradunek zenbait betebehar izanen dituzte:

  • Onuradunek laguntza hartzea eragiten duen alokairuaren xedeko etxebizitzan bizi beharko dute benetan laguntzak hartzen duen aldian, gutxienez.
  • Dena den, arrazoi justifikatuak direla-eta, onuradunek etxebizitza uzten badute, inguruabar horren berri eman beharko diote Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari 30 egun baliodun lehenago, gutxienez, behar diren ondorioak izan ditzan.
  • Onuradunek beren etxebizitzaren alokairuaren truke ordaindu behar duten urteko errentatik diruz laguntzen ez den ehunekoa ordaindu, eta ordainketa hori egin izana justifikatu beharko dute sei hilean behin, bankuko frogagiriaren bidez.
  • Laguntzen onuradunek, haiek jasotzeko baldintzetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman beharko diote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari, aldaketa izan eta 15 egun balioduneko epean.
  • Onuradunek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak egiten dituen kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta kudeaketa organoak edo beste organo eskudun batzuek, indarra duen araudiarekin bat, eskatzen dizkieten agiriak eman.
  • Onartutako laguntzak itzultzea, 17. oinarrian ezarri bezala, laguntza oinarritu zuen jarduera betetzen ez bada edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan.
  • Laguntzaren xede den alokairu kontratua sinatzea hilabeteko epean, laguntza emateko ebazpena ematen denetik zenbatuta. 

 

Laguntzen zenbatekoa:

  • Laguntza hauen zenbatekoa izanen da urte bakoitzean deialdia eta baimendutako gastua onesten dituen foru aginduan ezartzen dena. Dena den, ezin izanen da honako zenbateko hauek baino txikiagoa izan:
    • Guraso batek eta haren ardurapeko pertsona batek osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio oinarria IPREMa halako 2,3 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %60, eta urtean gehienez 4.680 euro etxebizitzako.
    • Guraso batek eta haren ardurapeko bi pertsonak osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio oinarria IPREMa halako 2,5 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %70, eta urtean gehienez 5.460 euro etxebizitzako.
    • Guraso batek eta haren ardurapeko hiru pertsonak edo gehiagok osatutako familia unitateak, laguntza eskatzen duen familia unitatearen errentaren likidazio oinarria IPREMa halako 2,75 baino handiagoa ez dutenak: beren ohiko bizileku iraunkorraren alokairuagatik ordaindu behar duten urteko errentaren %80, eta urtean gehienez 6.240 euro etxebizitzako.
  • Laguntza eskatzen duen familia unitatearen errenta kalkulatzeko, kontuan hartuko da laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen diren pertsona guztien errentaren gaineko zergaren aitorpenetan adierazitako likidazio-oinarrien eta errenta salbuetsien batura; zehazki, aurkezpen epea mugaeguneratuta duen azken aldiari dagozkion aitorpenak hartuko dira kontuan.

 

Laguntzaren iraupena:

Etxebizitza alokatzeko laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubidea izanen da.

Laguntza ekonomikoa 12 hilabeterako emanen da, gehienez. Hala ere, deskribatutako egoeran egoteagatik laguntza ekonomikoa jaso zuen onuradunak dir-laguntza eskatzen ahalko du berriro eta epe berdinerako, baldintzak betetzen jarraitzen baldin badu, babestutako edo Alokairu-poltsari edo Etxebizitza Sozialen Foru Funtsari atxikitako etxebizitza bat benetan adjudikatu eta eman arte edo ondoz ondoko hiru urteetako gehieneko epea bete arte.

Salbuespenez, laugarren urtean ere dirulaguntza jasotzeko eskaera aurkezten ahalko da, eskatutako betebeharrak betetzen badira. Kasu horretan, betiere, nahitaezkoa izanen da Etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeek txosten arrazoitua aurkeztea, baldin eta talde horiek kasuko familiarekin esku hartzen ari badira eta familiaren egoera zehatza ezagutzen badute, edo, Etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeak garatuak ez dauden eskualdeetan, kasuan kasuko eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuen txosten arrazoitua.

Dokumentazioa:

Eskabidea behar bezala betea eta izenpetua, eta honako agiri hauek atxikirik dituela:

  • Familia gurasobakarraren titulua edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren titulua.
  • Familia ugariaren tituluaren fotokopia, hala badagokio.
  • Familia unitateko kideen indarreko NANaren edo AIZren fotokopia, baldin eta familia gurasobakar gisa eta/edo familia ugari gisa aitortua ez badago
  • Familia liburuaren fotokopia edo kideak familia unitateko kide direla frogatzen duen antzeko agiriarena, baldin eta familia gurasobakar gisa eta/edo familia ugari gisa aitortua ez badago.
  • Harrera-egoeran edo tutoretzapean diren 18 eta 25 urte arteko seme-alaben kasuan, deialdiaren ondorioetarako familia unitatearen parte badira, lan bizitzaren ziurtagiria eta diru-sarreren frogagiria, lan egiten badute, edo bestela, aitorpen bat, adierazten duena ez dutela lanik egiten edo, aparteko pagak barne, IPREM adierazletik gorako diru-sarrerarik ez dutela jasotzen.
  • Harrera-egoeran edo tutoretzapean diren 18 eta 25 urte arteko seme-alaben kasuan, deialdiaren ondorioetarako familia unitatearen parte badira, ikasten ari direla justifikatzen duen matrikularen fotokopia aurkeztu beharko da (ikasketa arautuak: DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, unibertsitatea eta abar; kurtsoaren egutegia eta ordutegia).
  • Familia unitatean %33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortua duten pertsonak izanez gero, eta aitorpen hori Nafarroa ez den beste autonomia erkidego batean egin bada, desgaitasunaren aitorpenaren fotokopia.
  • Familia unitateko kide guztiak elkarrekin bizi direla frogatzen duen erroldatze eta/edo bizikidetza ziurtagiria, gehienez ere bi hilabete lehenago luzatua. 
  • Eskatzaileak seme-alabaren bat baldin badu harrera-egoeran edo legezko tutoretzapean, harrera-familiarentzako harrera eratzen duen ebazpenaren fotokopia, eta/edo legezko tutoretzaren dokumentazio judiziala.
  • Onuradunak sinatutako idazkia, non baimena ematen duen laguntza etxebizitzaren errentatzaileari ordaintzeko.
  • Laguntza errentatzaileari transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.
  • Familia unitateari helburu bererako ematen ahal zaizkion laguntza ekonomiko gehiago ez jasotzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
  • Erabiltzen ari den eta eskatutako laguntza ekonomikoaren xede den etxebizitzaren alokairu kontratua edo aurrekontratua, Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legean ezarri bezala formalizatua. Etxebizitzaren katastro erreferentzia edo onesten diren prozedura telematikoen bidez eskuratutako katastro ziurtagiri elektronikoa agertu beharko du, edo entitate edo zerbitzu arduradunak horretarako emandako ziurtagiri edo beste frogagiri bat.
  • Etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeek egindako txosten soziala, edo, etxebizitzaren esparruko gizarteratze taldeak garatuak ez dauden eskualdeetan, kasuan kasuko eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuek egindakoa, non egiaztatuko baita familia unitate eskatzailea pilatuta bizi dela.
  • 67/2024 Foru Agindua, familia gurasobakarrei eta diru-sarrera nahikorik ez duten beste familia batzuei etxebizitza alokatzen laguntzeko 2024. urterako deialdia onetsi, eta horretarako gastua baimentzen duena.
  • 175/2021 Foru Agindua, ordainketa bakarreko laguntza ekonomiko batzuen oinarri arautzaileak onesten dituena 2021-2024 urteetarako, diru-sarrera nahikorik ez duten familia gurasobakarrei eta beste familia mota batzuei etxebizitzak alokatzen laguntzeko.
Harremanetan jartzeko

Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza
Familiaren Atala
Abejeras kalea, 1
31007 Iruña
Telefonoa: 848 42 12 58
Posta elektronikoa: familia@navarra.es

Oharra: orrialde honen edukia informazio hutsa da; baldintzak dagokion araudian argitaratutakoak dira.