Aurretiazko Borondateen Agiriak aukera ematen digu idatziz uzteko zer osasun zainketa jaso nahi ditugun, baldin eta ezin badugu gure borondatea adierazi. Hala, osasun taldeek gure nahien berri izanen dute, eta horrek erabakiak hartzen lagunduko die.
Aurretiazko Borondateen Agiria bizitzako edozein unetan egiten ahal da, eta nahi denean bertan beheiti uzten ahal da, edo aitzinekoaren ordez lehentasun berriak jasotzen dituena erregistratu.
Agiria idaztea erabakitzen baduzu, komeni da osasun arloko langileekin mintzatzea, bai eta senide edo hurbilekoekin ere, jakin dezaten zein den zure nahia. Erabakitzen duzunean zer zainketa jaso nahi zenituzkeen bizitzaren bukaeran edo zerbaitegatik zure gaitasun psikiko edo fisikoa larriki mugatuak geldituz gero, idatziz jaso behar duzu zer jarraibide bete behar dituzten zuri arreta ematen dizuten osasun langileek.
Adibidez, zehazten ahal duzu tratamendu jakin batzuk onartu edo baztertu egiten dituzun osasun egoera zehatz batzuetan, edo jarraibideak ematen ahal dituzu jaso nahi dituzun ala, kontrakoa, jaso nahi ez dituzun tratamenduei edo zainketei buruz (zainketa aringarriak, organoak ematea, eutanasia).
Gainera, nahi izanez gero, ordezkari bat edo bi adierazten ahal dituzu zure aurretiazko borondateen agirian. Konfiantzazko pertsonak izaten dira, 18 urtetik goitikoak, eta haien eginkizuna da osasun taldearekin solaskide gisa aritzea, zure borondatea adierazi ezin duzunean. Ordezkariak izendatu behar badituzu, ordezkari horiek onarpena sinatu behar dute.
Orrialde honetako “Dokumentazioa” atalean, baduzu Aurretiazko Borondateen Agiriaren eredu orientagarri bat, zuk nahi bezala pertsonalizatzeko. Norberak bere dokumentua idatz dezake, egoki deritzona adierazteko. Zernahi adieraz daiteke, baina araudiak baimendutako osasun jarraibideak soilik hartuko dira kontuan.
Gainera, idatzi ondoren, nahitaezkoa da hiru figura hauetakoren batek zure aurretiazko borondateen agiria balioztatzea eta berrestea modu askean eta inork derrigortu gabe ari zarela:
- Lekukoak: adinez nagusiak diren hiru pertsona lekuko gisa ariko dira eta egiaztatuko dute zure aurretiazko borondateen agiria. Pertsona horietako bik, gutxienez, ez dute bigarren maila baino hurbilagoko familia harremanik izan behar zurekin, ez eta ondare harremanik ere.
- Notarioa
- Gizarte langilea: izan daiteke zure osasun zentrokoa edo Osasun arloko Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzukoa (batez ere Osasunbidera atxikiak ez daudenentzat).
Agiria balioztatu ondoren, erregistratu egin behar duzu:
- Dokumentua modu autonomoan erregistratu nahi baduzu, izan online (orri honetako “Tramitazioa” atalaren bidez) edo aurrez aurre Nafarroako Gobernuaren erregistro edo arreta bulegoren batean, zure aurretiazko borondateen agiria bi figura hauetako batek balioztatu beharko du:
- Dokumentua erregistratzeko laguntza behar baduzu, hitzordua eskatzen ahal duzu zure osasun zentroko gizarte langilearekin, edo bertzela Osasun arloko Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko batekin (batez ere Osasunbidera atxikiak ez daudenentzat). Han, osasun langileek agiria egiaztatuko dute eta erregistrora igoko dizute.
Organoak ematearen gaineko informazioa
- Organoak eta/edo ehunak transplantatzeko: Organoak emateari buruzko informazioa kontsultatzea. Harremanetan jartzen ahal zara Nafarroako Transplanteen Koordinazio Autonomikorako Bulegoarekin telefonoz (848 42 28 94) edo posta elektronikoz: ctraspna@navarra.es.
- Ikerketarako: gorputza zientziari ematea ez da aurretiazko borondateen agiriaren helburua, baina hori bada zure asmoa, honako hauetan aurkituko duzu informazio gehiago: