Castellano | Euskara | Français | English
(2010eko 155. NAOn argitaratua, abenduaren 22an)
Atarikoa
Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak, ekainaren 11ko 725/2010 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatean 2011ko jaiegun ordainduak, errekuperatu ezinezkoak, zein izanen diren erabaki ondoren, bidezkoa da langile horien 2011ko aste barreneko jaien egutegia eta haien lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketa onestea, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuak ezarritako urteko lanordu kopuruaren arabera.
Horrenbestez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Jaiegunak zehaztea.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek aste barreneko jaiegun hauek izanen dituzte 2011n:
Urtarrilaren 1a: Urteberri.
Urtarrilaren 6a: Jaunaren Agerkundea.
Apirilaren 21a: Ostegun Santua.
Apirilaren 22a: Ostiral Santua.
Apirilaren 25a: Pazko Biharamuna.
Uztailaren 6a: San Fermin bezpera. 12:00etatik aurrera jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.
Uztailaren 7a, 8a eta 9a: Sanferminak. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.
Uztailaren 25a: Santiago Eguna.
Abuztuaren 15a: Abuztuko Andre Maria.
Urriaren 12a: Espainiako Festa Nazionala.
Azaroaren 1a: Domu Santu.
Azaroaren 29a: San Saturnino. Jai izanen dute Iruñean lan egiten dutenek.
Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa, Nafarroaren Eguna.
Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.
Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.
Abenduaren 26a: Eguberri biharamuna.
2. Iruñean lan egiten ez dutenek jai izanen dute, lan egiten duteneko herriko festak direla eta, horiek hasten diren eguneko 12:00etatik aurrera, eta hurrengo lau egunak, betiere festak lehenago amaitzen ez badira. Halaber, jaiegun izanen da Nafarroako herrietako festen 2011ko Ebazpenean adierazten den tokiko festaren eguna, betiere egun hori ez badator bat herriko festak direla-eta egonen diren jaiegunekin.
2. artikulua. Urteko lanorduen banaketa.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan urteko lanorduen kopurua 1.592koa izanen da eta honela banatuko da:
1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Nahitaez aritu beharko da 8:00etatik 15:00ak arte; gainerako 20 minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:40tik 8:00ak arte eta 15:00etatik 15:20 arte.
2. Artikulu honetan ezarritako urteko lanorduen banaketa doitzeko, foru agindu honen 2.1 artikuluan aipatutako lanaldia duten langileek murrizketa hauek izanen dituzte, Iruñean arituz gero:
a) Uztailaren 11a, 12a, 13a eta 14a: Sanferminak. Ordutegi finkoa: 8:40tik 13:15era.
3. Artikulu honetan ezarritako urteko lanorduen banaketa doitzeko, foru agindu honen 2.1 artikuluan aipatutako lanaldia izanik, Iruñean lan egiten ez duten langileek murrizketa hauek izanen dituzte:
a) 28 ordu eta 40 minutu, norberaren herriko festetan, kasu bakoitzaren arabera banatzekoak. Murrizketa honek Iruñean diharduten langileei dagokienak bezainbat ordu egiten du.
b) 7 ordu eta 20 minutu, baldin eta tokiko festatzat jo den eguna bat baldin badator herriko jaiak direla-eta jaitzat jo diren egunekin, kasu bakoitzaren arabera hartzekoak. Murrizketa honek Iruñean diharduten langileei dagokienak bezainbat ordu egiten du.
4. Artikulu honetako aurreko ataletan ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuko beharrak direla-eta lanaldi berezia edo ordu konpentsazioren bat dutenei (lana txandaka, gauez, etab.), ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek lan egutegi berezia izanen baitute.
Urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarritakoa ez bezalako erregimena dagoen kasuetan, lan egutegi berezi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, dagokion mahai orokorrean edo sektorialean negoziatu ondoren.
5. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, zenbait kasu edo administrazio unitatetan artikulu honetako lan ordutegia ez-bezalakoa izatea baimen dezake, goiko atalean aipatutako mahai orokorrarekin edo sektorialekin negoziatu ondoren eta, betiere, ezarritako urteko lanordu kopurua errespetatzen bada.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.