Castellano | Euskara | Français | English
3349/2008 EBAZPENA, ABENDUAREN 11KOA, HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUKO ZUZENDARIAK EMANA, BORONDATEZKO ERRETIROA AURRETIAZ HARTZEKO 2009. URTEAN AURKEZTEN DIREN ESKAEREI UKO EGITEKO EPEA FINKATZEN DUENA, HEZKUNTZARI BURUZKO LEGE ORGANIKOAREN BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORREAN EZARRITAKOARI JARRAIKIZ.
(2009ko 10. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 23an)
Atarikoa
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (106. "Estatuko Aldizkari Ofiziala", maiatzaren 4koa), bigarren xedapen iragankorraren lehenbiziko atalean ezartzen duenez, lege beraren zazpigarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen irakasleen kidegoetako funtzionarioek eta 1992. urteko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 31/1991 Legearen bosgarren xedapen iragankorrak aipatzen dituen iraungitzeko kidegoetako funtzionarioek, estatuko klase pasiboen araubidearen aplikazio esparruaren barrenean badaude, borondatezko erretiroa aurretiaz hartzen ahalko dute, lege hori gauzatzeko prozesua lehenbiziko xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera bukatzen den eguna bitarte, betiere baldintza batzuk betez gero.
Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrak ezartzen du eskaera kasuan kasuko erretiro organoari bidali behar zaiola, borondatezko erretiroa hartu nahi den urteko lehenbiziko bi hilabeteetan. Erretiroak eskaera egin den urteko abuztuaren 31tik aurrera izanen ditu ondorioak.
Erretiro eskaeren tramiteak erretiro organo eskudunean behar bezala egitearren, bidezkoa da borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko 2009. urtean aurkezten diren eskaerei uko egiteko epe bat finkatzea, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez, Hezkuntzako kontseilariari esleitu zitzaion Foru Diputazioko eskubide pasiboen bahituretxean ez dauden langileek erretiratzeko eta jardunean segitzeko aurkezturiko eskaerak tramitatzeko ardura.
Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19an eman 155/2007 Ebazpenak eskuordetutako eskudantziak erabiliz, ebatzi dut:
1. Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz, borondatezko erretiroa aurretiaz hartzeko 2009. urtean aurkezten diren eskaerei uko egiteko azken eguna finkatzea, hots, 2009ko martxoaren 31.
2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Idazkaritza Tekniko Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketarako Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.